Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-09-04 17:20:17
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2002-04-14 -- 1849.zenb

Pilar Iparragirre

Pil-pilean zegoen gaia, ezbairik gabe, eta ZERUKO ARGIAk "Irakaskintza"ri eskaintzen zion bere editoriala, bere irakurlego guztia ohartu zedin honetaz: "Estaduak ondo zaitu ohi duen soroa dugu irakaskintzaren soro au. Iñork ez du utzi nahi izaten besteren esku eginkizun au. Eskutik eta soka motzetik eduki nahi dan zerbait dugu. Zer ikusi aundia duen alderdia dugu gizartearen aldaketan edo iraupenean. Ortik gobernu bakoitzaren arreta eta ardura landa ori zaitzeko. Eta ortik, bere ardurapetik aldendu ditezkean guztiak, desegiteko arrixkua". Alegia izerdi askoren ondorioz martxan jarria zen ikastolak ere jasan zezakeela erasorik...


HIL EDO BIZIKO BORROKA

Gobernuen aldetik jokaera maltzurra espero ez zuen euskaldun gutxi behar zuen orduan, baina halere ez zitzaion gaizki etorriko zenbait gauza gogoratzea.
"Nabarmena litzake au guzia legez debekatzea. Eziñezkoa gaiñera. Baiña nolatan iraun diru-laguntzarik gabe? Nola bete legearen eskakizun guziak? Nola eutsi ikastetxeei? Nola ordaindu irakasleei? Lehendik lan ortan ari ziran askok itxi dituzte beren ikastetxeak. Ez da arritzeko", zioen editorialak. Gero, negar egiteak ezer gutxirako balio zezakeela erabakiz, baikor ekiten zion bere deiari:
"Aurrera egiteko asmoz dago gure Erria. Jabetu da ikastolen garrantziaz. Il edo biziko burruka du. Ikastolen bidez salba ditzake Erri onek, bere nortasuna, bere izaera, bere izkuntza, bere kultura eta abar. Eta ez da berriketa, au guztia, Euskal Erria salbatu nahiko lukeen edonorentzat. Eta ezin uka, gure egoeran, besterik gabe ere jokabide iraultzaillea denik. Atzerakoi izan nahi ez duen guztiak onartu beharra dauka egia au".


IKASTOLARI BURUZ HITZ BI

Editorialetan hitzak neurtu behar izaten dira, ordea, eta arazo hark zehaztasun gehiago eskatzen zuen. Gauzak horrela, "Irakaskintza" editorialaren aldamenean, Aurtiz izenpetzen zuen norbaiten "Ikastolari buruz hitz bi (Lahen Partea)" argitaratu zuen Z. ARGIAk, beharrezkoak jotako azalpen guztiak eskainiz.
"Dakikezuenez, ikastolak une larri bat pasatzen ari dira. Lege Berria dela eta, lehen baino mila oztopo gehiago salbatu beharko dituzte, bizi ahal izateko", zioen Aurtizek. Nonbait Heziera Lege Berria indarrean jarri berri zuen Espainiako gobernuak. Eta lege horrek, hiru maila nagusi bereizten zituen heziketan. Lehen maila, "Eskola Aurreko Heziera", haurrak sei urte bete artekoa, aurrerantzean ere dohakoa izango zen guzientzat. Bigarren maila, "Oinarrizko Heziera Jenerala", sei urtetik hamairu bitartekoei ematen zitzaiena, ez zen ordaindu beharko ere, Lege Berriaren 2-1 artikuluak horrela adierazten zuenez: "La Enseñanza General Básica será obligatoria y gratuita para todos los españoles". Tripako mina gora behera, hura ere doan.
Arazoa, hirugarren maila edo Batxileratoan zegoen, antza denez. Hiru ikastaro zituen, 14 urtetik 16ra bitartekoentzat, eta Aurtizek zioenez, "hau da problema. Zentro estataletan heziketa dohan ematen bada, eta ikastoletan, ostera, ordaindu behar bada, ikastolak nola biziko dira? Ikastoletara nortzuk joanen dira? Kontzientziatuak? Baina herri baten heziketak (eta heziketa hori ikastolaren bidez izan dedila nahi dugu) guztientzat izan behar du. Beraz, nahiko garbi dago, gratuitateko estatus hori lortu behar dela".


BALDINTZA GOGORRAK

Nolanahi ere, heziketa ordaindu behar ez izateko, baldintza batzuk bete beharko zituen ikastolak. Nolakoak?
"Baldintza hauk era askotakoak dira", azaltzen zuen Aurtizek. "Gogorrena, infraestrukturari dagokiona da, zalantzarik gabe. Ona hemen Oinarrizko Heziera Jeneralaren betebeharren programa: Lehen gradoan: irakasteko tokia, 1,50 m2 ikasle bakoitzarentzat. Bigarren gradoan: irakasteko tokia, 1,20 m2 ikasle bakoitzarentzat" gehi "laboratorio bat egiteko toki egokia; areto bat (sala de usos polivalentes), 100 m2; biblioteka bat" eta "lantokiak (talleres) æPudiendo el centro disponer de ellos en sus propios locales o concertarlos con las empresas y desarrollarlos mediante visitas a las mismasÆ; kirolak praktikatzeko tokiak (æpropios o contratadosÆ); jolas tokiak, 3 m2 ikasle bakoitzarentzat; zuzendaritzaren bulegoa; sekretaritzaren bulegoa; irakasleentzako aretoa" eta, jakina, denentzako komunak.
Eskakizun hauen guztien aurrean, Aurtiz ez zen oso baikor agertzen: "Nahiko garbi dagoela uste dut, ikastola guztiek ezingo dituztela halako inbertsioak egin". Eta hori bakarrik balitz! Baina ez izaki. "Ez pentsa, hala ere, hau dela problema bakarra. Badago beste bat ere: irakasleei dagokiena, alegia. Haiei buruz eskatzen diren baldintzak, nahiko gogorrak dira", zioen Aurtizek. Irakaslegoak bere jakintza eman ahal izateko nahitaezkoa izan beharko zuen titulazioaz ari zen. Eta hartan ere, nahikoa erren ikastola! Hala ere, artikuluaren egileak ezbeharren zakutik atera zezakeen berri pozgarriena eskainiz amaitzen zuen bere egitekoa: "Garai honetan eskolak ematen ari diren irakasleei baldintza batzuk baino ez zaizkie eskatzen (ædisposición transitoriaÆ)»...

Daniel Udalaitz

BBVAk hamahiru urtez eduki du aitortu gabeko kontu bat Jersey uharteetako paradisu fiskalean. Antza denez, akzio propioen sorta garrantzitsu bat jarri zuen hasieran, eta gero Argentariaren batzuk gehitu zituen. Zenbaiten iritziz, bankuaren kapitalaren %2,5 inguru da kopuru guztizkoa. Diotenez, tituluek eta beren interesek 225 milioi euro eman dituzte ekitaldiaren buruan. Arduradunez aparte, inork ez daki gauza garbirik, baina kantitatea askoz handiagoa izan daitekeen ustea dabil. Dirudienez, 1987an, garai hartan Banco de Vizcaya erakundea zenak ireki zuen kontua, akzio propioak eskuratzeko eta gerta zekiokeen kontrako operazio bati aurre egiteko, eta gerora Argentariaren akzioak ere erdietsi zituen. Operazio horiek, bestalde, Espainiako Bankuari eta Balio Merkatuen Batzorde Nazionalari jakinarazi gabe egin ziren, nonbait.

Hiru urte igaro eta gero, 2000an, hain zuzen, eman zion BBVAk Espainiako Bankuari arauz kanpoko egoeraren berri. Eta, baieztatzen ari direnaren arabera, jakinarazi ez ezik, araupetu ere egin dute legez kanpoko egoera. Bankuko zuzendaritzak adierazi duenez, kontu sekretuak ez dio kalterik egin "erakundearen ondareari", eta kontua ez dute baliatu "legez kanpoko jardueretarako". Istilu horren harira, IU eta EAJ alderdiak Espainiako Gobernuari galdera bana aurkeztekotan dira, Espainiako Diputatuen Kongresuan. Izan ere, ez du zentzuzkoa ematen, hala Espainiako Bankuak, nola Espainiako Gobernuak, orain arte ezer jakin ez izanak.

ARGIA URTARRILAZ GEROZTIK ARI DA IKERTZEN.

Espainiako Bankuak BBVAren kontrako espediente administratibo bati eman dio hasiera: arau-hauste larria egotzi dio bankuari, 13 urtez Erresuma Batuko Jerseyko paradisu fiskalean kontu ezkutua edukitzeagatik. Harritzekoa eta adierazgarria bada ere, erabaki hori legez kanpoko jardueren berri izan eta 15 hilabetera hartu du, eta, hain zuzen ere, prentsa (ARGIA, adibidez) urtarrilaz geroztik ikertzen hasia zela ondo jabetutakoan, zeren, dirudienez, BBVA erakundean bertan ere oso lagun gutxik ezagutzen zuten "sekretu handia"; gaur egungo administrazio kontseiluko kargudun gehienek ere deus ez zekiten, nonbait. Urtarrilaren bigarren hamabostaldirako, ARGIAkook eskuetan genuen Jersey uharteetako kontu ezkutu horren gaineko hainbat informazio. Hortaz, otsailaren 5ean, elkarrizketa bana eskatu genien ofizialki urtarrila arte BBVAko arduradun nagusi izandako Emilio Ybarra lehendakari eta Pedro Luis Uriarte kontseilari ordezkari dimititu berriei.
ARGIAn genuen informazioaren arabera, Pedro Toledo zenak, Banco de Vizcaya erakundeko lehendakaria izandakoak, eta Emilio Ybarrak, BBVAko lehendakari ohiak, hartu zuten parte, beste kontseilariren bat ere tarteko zutela, paradisu fiskaleko operazioan. Gure informazioetan, Pedro Luis Uriarte kontseilari ordezkaria ez zen ageri erantzule garbi moduan, baina nola Emilio Ybarra eta biak atera baitziren bat-batean eta nola biek aurkeztu baitzuten abenduan dimisio uko ezin eginezkoa, zerikusia bazuela ondorioztatzen zen.
Jakina denez, ia aldi berean utzi zituen karguak dimisioz Angel Corcóstegui jaunak, Banco Santander Central Hispanoko (SCHko) lehendakariorde eta kontseilari ordezkari zenak. Izan ote zuen zerikusirik paradisu fiskaleko BBVAren kontu horren egoerak Corcósteguiren dimisioan? Litekeena da, zeren Pedro Toledoren lankide izan zen Banco de Vizcayan, eta, diotenez, Corcósteguik berak ireki zuen Jerseyko kontua.
Azken bi hilabeteetan, ARGIA aldizkariak behin eta berriz eskatu die elkarrizketa Ybarra eta Uriarte jaunei, informazioa kontrastatzeko. Luzamendutan ibili dira, ordea, eta azkenean ez dute baiezkorik esan. Horrela izanik, eta azken egun hauetan zer argitaratu den ikusita, uste dugu zilegi zaigula orain arte dakiguna azaltzea. Ohartzen gara, esan beharrik ere ez dago, hari luzeko kasua dela eta matazaren muturra bakarrik agertu zaigula oraindik; alabaina, gure informazioan huts, oker edo gezurren bat gertatuta ere, ez dugu uste errudun gu izan gaitezkeenik, ahaleginak eta bi egin baititugu informazioak bete-betean hartzen dituen Ybarra eta Uriarte jaunekin hitz egiteko. Hortaz, gure informazioa argitu, zehaztu edo baztertu ordez elkarrizketa atzeratzen jardun duten horiexek izango dira erantzule bakar. Esan dezagun, gainera, otsailaren hasierako egunetan, guk azaldutakoaz gainera jabetu zirela BBVAko arduradunak zetorkienaz, eta ohartuki orduantxe jarri zirela harremanetan Espainiako Bankuarekin, honelako albiste bat iritzi publikora iriste hutsak izan zezakeen kaltea gutxitzeko.

YBARRAREN ETA URIARTEREN BAT-BATEKO KARGU-UZTEA.

Ybarrak berez 2002ko martxoko Akziodunen Batzar Nagusian utzi nahi zuen BBVAko lehendakaritza. Pedro Luis Uriartek, berriz, jarrai zezakeen kontseilari ordezkari moduan 2005a arte. Batzar Nagusia baino hilabete askotxo lehenago, ordea, 2001eko abenduan, hain zuzen, eta guztiz ezustean, bien dimisioa iragarri zen: batak BBVAko lehendakaritza utzi zuen, besteak administrazio kontseilua, eta, orduko hartan, bien gertuko zuzendaritzako hainbat kargudunek ere utzi zuten postua. Geroxeago, administrazio kontseiluko beste kide batzuek dimititu zuten; besteak beste, Mario Fernándezek, erakundeko legelaritzako arduradunak, eta José Domingo Ampuerok, erakundeko lehendakariordeak. Dena dela, Ybarrak kontseilaritzako kargua ere utzi izana gertatu zen harrigarriena, beharbada, bere familia bankuko akziodun handietakoa izanik, jarrai baitzezakeen administrazio kontseiluan. Orain, Francisco Gonzalez da BBVAko lehendakaria. Ratok eta Aznarrek jarri zuten postuan, eta berak eta bere kideek kontrolatzen dute gaur egun erakunde osoa; erruz ahuldu dute Neguriko familien esku-hartzea.
Nolatan, hain kargu uzte bizkorra? Bada, gure datuen arabera, Jerseyko paradisu fiskaleko kontu sekretuaren edo "B Kutxaren" ondorioz gertatu zen. Edo, zehatzago esanda, epaile bat, Garzon epailea, gorabehera ikertzen hasi zelako. Gure informazioek diotenez, BBVA taldeko goi kargudun batek, Toledo lagun izan zuen batek, kontatu zituen lehenbizi historiaren parte batzuk Neguriko aristokraziaren zenbait ingurutan (ezin jakin oharkabean egin zuen ala, Neguriko familien arteko liskarrak zirela kausa, guztiz ohartuki). Horrelaxe zabaldu omen zen BBVAk milaka milioi pezeta zeuzkala Jersey irletako paradisuan, Pedro Toledo Banco de Vizcayako lehendakaria zen garaian hasi zela operazioa, gero Banco Bilbao Vizcaya (BBV) erakundera pasatu zela guztia eta, azkenik, Banco Bilbao Vizcaya Argentariara (BBVA), eta gertaera horrek eragin omen zuen Ybarraren, Uriarteren eta hauen taldekoen presazko kargu uztea.
Jersey uharteetako ezkutuko funts horiek bankuaren baliabide propioen parte ziren. Itxura denez, BBVAk ez beste batzuek ere jokatzen dute horrela. Beste erakunde batzuek ere ba omen dituzte isil-gordeko kontuak. Zer gertatu da, bada, kasu honetan? Bada, betiere gure datuen arabera, aspalditxo hasi zela Audientzia Nazionaleko Garzon epailea, zuhurtasun handiz, Jerseyko kontua eta BBVAko zenbait exekutiboren bulegoetako kontuak ikertzen, eta mataza ere listen hasi dela.

PUERTO RICORA JOAN ZEN GARZON EPAILEA.

Garzon, lehen esan bezala, bi gorabehera aztertzen ibili da joan deneko aspalditxoan, nahiz eta orain arte erabakirik ez hartu. Batetik, Jerseyko kontua; bestetik, BBVA taldeko Banco Privanzaren beste operazio batzuk. Azkeneko kasuan, kapital ebasioa egozten zaio bankuari, eta zuzendaritzako hiru kideri, berriz, kapital ebasioa eta diru zuritzea, zehazki. Aste Santuan, martxoaren 25ean eta 26an, Puerto Ricon izan da Garzon epailea. Estatu Batuetako Justiziako Departamentuak emandako karta errogatorioa baliatuta, 1989tik 1996 arte Puerto Ricoko lehendakaria izan zen Juan A. Net galdekatu du, eta, hura ez ezik, lehendakariaren kide izandako Kanadako kontsul ohorezkoa eta BBVko hiru enplegatu ohi ere itaundu ditu.
Susmatzen dutenez, Kolonbiako narkotrafikoa du iturri ustez zuria den diru horrek, eta Jersey uharteetako, Kaiman uharteetako, Panamako, Kubako eta Peruko kontuetatik barrena heldutakoa da. Bestalde, BBVk Puerto Ricoko edo Hego Amerikako politikoren bat mesedetu ote zuen jakin edo berretsi nahi dute ikerketaren bidez. Gure iturriek diotenez, goiko susmo horiek baieztatzen badira, egiaztatuta geratuko da, halaber, enbor beraren adarrak direla goikoa eta Garzon bera ikertzen ari den bestea, hots, dagoeneko erakundeak berak ere aitortu duen Jersey uharteetako kontu sekretua. Bi kasuek, beraz, hau da, Jersey uharteetako kontu sekretuak eta BBVA Privanzari dagokionak, zuzenean edo zeharka, baina bete-betean hartzen zituen BBVAko zuzendaritzako goi kargudunak.
Horrenbestez, nola eskandaluzkoa gerta baitzitekeen joan den martxoko BBVAren Batzar Nagusia baino lehenagoko edo Batzarraren garaiko edozein erabaki administratibo edo judizial, arduradunei zuhurrago iruditu zitzaien, zalapartan izanik ere, lehenbailehen alde egitea eta Batzar Nagusian sor zitezkeen iskanbilak saihestea. Azkenean, gainera, hala BBVAko arduradun horiek, nola oraingoek, lortu dute iskanbila Batzarraz geroztikoa izatea, kostu soziala eta politikoa gutxitzea eta dena Aste Santuko eta Pazko Asteko zurrunbiloan baretzea.

ZER EGINGO DU ESPAINIAKO BANKUAK?

Garzonek zer deliberatuko duen alde batera utzita, Espainiako Bankuak ere hartu beharko du erabakiren bat, BBVA erakundearen espediente administratiboari dagokionez. Nola espedientea arrazoia iritzi publikora zabaldu ostekoa baita, are behartuago dago zerbait egitera. Zuzendaritzako 20 bat kide izendatzen omen dira espedientean; besteak beste, Ybarra, Uriarte, Sanchez Asiain, BBVko lehendakari ohia, eta Luis Bastida, BBVAko aktiboen kudeaketako arduraduna. Eta, bi aterabide daude: denboran luze joko duen prozesua abian jartzea edo zigorrak eta isunak ezartzea. Erakundeari jar dakizkioke bere baliabide propioen %1 arteko isunak. Arau-hausleetako bakoitza, berriz, zigor daiteke 60.101 euro arte, baita ezgaitu ere 10 urtez erakunde bereko edo beste bateko zuzendaritzan edo administrazioan kargurik izateko biderik ez duela. Espedientean horrelakorik ageri ez den arren, ezgai daitezke, halaber, Pedro Toledoren, Banco de Vizcayako lehendakariaren eskuineko esku izan zirenak; hala nola, Alfredo Saenz, SCHko kontseilari ordezkaria, eta Francisco Luzon, SCHko zuzendari nagusia.

BBVA AMERIKARENA DA BBVA-REN AKTIBOEN %36,5.

Garai batean, BBVA taldeak apustu ausarta eta sendoa egin zuen Hego Amerikan, eta orain ere lehengoari eutsi nahi dio. Martxoan Bilbon egin zuten Akziodunen azken Batzar Nagusian berretsi zutenez, luzaro iraun nahi dute han, eta orain arte bezain sendo, gainera, zeren merkatu kuota garrantzitsua baitaukate bankuko negoziorako. Hain da axolakoa hango merkatua, non talde osoaren aktiboen %36,5era iristen baita gaur egungo BBVA Amerika: 2001ean, esaterako, 2.363 milioi euroko irabazia izan zuen taldeak, eta horietatik 446 milioi Amerikako erakundetik etorri zitzaizkion. Saneamendu izugarria egin izan ez balute, 1.000 milioiko etekina emango zuen BBVA Amerikak.
BBVA taldeak, 2001. urtearen bukaeran, 7.988 bulego eta 98.588 enplegatu zeuzkan guztira. Amerikan dauka bulego eta enplegatu gehien: 4.161 eta 64.835, hurrenez hurren. Espainian, 3.620 bulego eta 31.686 enplegatu dauzka. Munduko beste herrialdeetan, berriz, 207 bulego eta 2.067 enplegatu.
2001eko abenduaren 31n, 309.246 milioi euroko aktibo totala zeukan BBVA taldeak. Bazkideen baliabideetan, 323.982 milioi euro kudeatu zituen. Zergak ordaindu aurreko irabazi gordinari dagokionez, 3.255 milioi eurokoa izan zuen 2001ean. Irabazi garbian, berriz, 2.363 milioi eurora heldu zen. Bistan denez, bada, 6,25 milioi euro edo 1.000 milioi pezeta baino gehiago irabazi zituen eguneko, 2001. urtean.
Aurtengo urteari, 2002ari gagozkiola, gutxienez %10eko igoera lortu nahi du BBVA taldeak akzio bakoitzaren irabazian, %19tik gorakoa baliabide propioen errentagarritasunean eta %50etik gorako eraginkortasun ratioa izan nahi du. Helburu teoriko horiek betetzera konprometitu zen bederen Francisco Gonzalez, gaurkoz BBVAko lehendakari bakarra, antzina ez dela Bilbon egin zuten Batzar Nagusian.
Euskal erakundeak Hego Amerikan izango duen presentziari dagokionez, BBVAko lehendakari berriak "BBVAren konpromisoa sendoa eta epe luzekoa" dela esan zuen, eta "inguru haren potentzialaren sinesmenean" oinarritutakoa. Aitortu zuen orain "egoera zaila" dagoela han; herrialde guztiak potentzialaz azpitik ari direla hazten, baina gaineratu zuen, nazioarteko ingurua hobetzeko itxaropenari eta kutsadurari aurre egiteko indarrari esker, "badela arrazoizko optimismoa izateko adina motibo". Ez zuen ezkutatu Argentinako egoerak sortutako kezka; alabaina, eragozpenei aurre egiteko gai izango ziren ustea azaldu zuen, nahiz eta hango jardunak "diruzko ahalegina eskatu ekonomiako agente guztiei".
Testuinguru horretan, gogoan izan behar da Hego Amerikan kokatu den leku guztietan atera duela errenta ona BBVA taldeak: bi marka dauzka Mexikon, bat El Salvadorren, bi Panaman, bat Puerto Ricon, bat Venezuelan, bi Kolonbian, bat Brasilen, bi Perun, bat Bolivian, bat Paraguain, bat Uruguain, bi Argentinan eta bi Txilen.
BBVA taldeak, 2001. urtearen hondarrean, 23 milioi bezero zeuzkan Hego Amerikan, 4.161 bulego eta 64.835 enplegatu. Aktibo totalak 113.000 eurora igo zitzaizkion; bezeroen baliabideetan, berriz, 129.000 milioi euro kudeatu zituen inguru hartan. Eta, kantitate horrek Hego Amerikako merkatuko kuota guztizkoaren %11,7 egiten du

Lore Agirrezabal

Euskararen bilakaerak izan duen menderik garrantzitsuena Interneten gorpuztu dute UZEIk eta Euskaltzaindiak. XX. mendean euskaraz argitaratu diren lan guztien artean aukeraketa egin eta, guztira, 6.315 obra zati jaso dituzte. Orain, www.euskaraCorpusa.net gunean guztien eskura jarri dute. Testu horien oinarriak (4.658.036 hitz) osatzen du XX. mendeko euskararen corpusa, eta berau ehun urtean erabili den euskararen erakusgarri eta lekuko da. Ez ordea, ereduzko euskararen adibide. Izan ere, obra-zatiak zozketa bidez, programa estatistikoekin, hautatu dira bestelako irizpiderik gabe eta, beraz, denetariko testuak ikus daitezke; ahozko jardunen transkripzioak, saio liburuak, saio artikuluak, egunkariak, aldizkariak, literatur prosa, bertsoak, administrazio idazkiak eta abar. Gainera, euskalkien arabera ere kontsulta daitezke hitzak, eta nahi izanez gero, garai bakoitzean nola erabili diren ere ikus daiteke lau zatitan banatu baitute mendea: 1900-1939, 1940-1968, 1969-1990 eta 1991-1999. Hortaz, hitz bat euskalki, epe edo testu mota batean edo gehiagotan nola erabili den ikusteko aukera eskaintzen du corpusak.

Esate baterako, "Hala eta guztiz ere" bilatzeko eskatuta 1907ko eta 1983ko ondoko testu zatiak emango dizkigu corpusak beste hainbaten artean. Bakoitzak, gainera, fitxa bat du autorearen, izenburuaren, bildumaren eta argitalpen urtearen berri emateko:
- «Erdaldundua. Badakije orrek. Estakijenari erakutsi bierr jako.
- Euskeria. Errderia be, badakije izkuntza ori egiten dan errijetan, alan da guzti be, asi erriko ikastegian ta gora beti errderia ta erderazko idaztijak erakusten deutses".
"A.- Halaz eta guztiz ere mugatua da zure iritzirako.
P.I.- Mugatua da alde batetik, botere aldetik, eta bestetik ikastolaren kontrola oso zehatza delako".
Corpusa lematizatua da, hots, testu hitz bakoitzari forma estandar bat erantsi zaio, hiztegi sarrera moduko bat, eta horri esker, bilatu nahi dugun hitzaren aldaera guztiak aurkituko ditu bilatzaileak: hala eta guztiz ere jarriz gero, alan da guztiz be eta halaz eta guztiz ere bilatuko ditu. Eta hitz bakunak ez ezik, hitz elkartuak, eratorriak eta bestelako hitz anitzeko unitate lexikalak ere markatu direnez, etxe eskatuta etxeko jaun, etxekoandre, etxepe eta beste hainbat bilatuko du.
Horrez gain, hitz bakoitzaren agerraldi kopurua ere ikus dezakegu; izan ere, grafikoen bidez, epe, euskalki eta testu mota bakoitzean hitza zein proportziotan erabili den jakiteko aukera baitago. Beraz, izugarri zabaldu diren hainbat egiturek zein oinarri duten jakiteko aukera ere ematen du corpusak.

Hamabost urte lanean.

1987an Euskaltzaindiak eskatuta, UZEIko hiru kide hasi ziren euskararen XX. mendeko corpusa osatzen, eta pixkanaka 7-8 laguneko taldea bildu da. Patxi Goenaga euskaltzainak adierazi digunez, Akademiak laurogeiko hamarkadaren azken aldera hartu zuen proiektua bultzatzeko erabakia: "Euskaltzaindiak hiztegigintzari ekin behar bazion, lan horretarako ezinbesteko langaia zen corpusa. Orotariko Euskal Hiztegia egiteko ere corpus bat osatu beharra zegoen, euskal literaturako testuez osatua. Era berean, hiztegi batuari bultzada emateko mendeetan zehar ez ezik, azken mendean nolako euskara erabili den jakin beharra dago". Beraz, batez ere, Euskaltzaindiaren lanean pentsatuz egin da corpusa, baina hizkuntzalarientzat, hiztegigintzan, itzulpengintzan eta gramatikagintzan dabilenarentzat, nahiz ikerlarientzat aproposa da.
Bilduma osatzen hasteko, XX. mendeko euskarazko argitalpenen inbentario osoa egin zuen UZEIk. Gero, programa estatistiko batekin hautatu ziren aztertu beharreko obrak. Testuak multzoka bildu, eta multzo bakoitzetik batzuk aukeratzen ditu programak. Beraz, hautaketa amaitu arte UZEIko kideek ez zuten jakin zein izango ziren hartu beharreko autoreak eta lanak. Horrek bere arriskua bazuela esan digu UZEIko kide Miriam Urkiak: "Ezin genuen erabaki zein testu aztertu, eta arriskua zegoen Mitxelenaren obra bat ez tokatzeko. Zorionez tokatu zaigu, baina tartean literatur lehiaketetako autore ezezagunen lanak ere badaude. Beldur pixka bat ematen du baina helburua bilaketa estatistikoa egitea zen".

PASADIZO UGARI.

Hainbeste urtetan obra mordoa irakurri eta aztertu dituzte UZEIko kideek eta testuak adina kontu oroitzen dituzte. "Behin, Krutwigen obra bat tokatu zitzaigun eta hura lematizatzeko grekoko hiztegia erabili behar izan nuen, ez nuen ezer ere ulertzen, grekozko formei euskarazko bukaera ematen baitzien egileak. Tristea izan zen grekoko hiztegi batekin euskarazko testu bat ulertu behar izatea", kontatu digu Urkiak.
Garbizaletasunaren eta Euskaltzaindiak martxan jarritako araugintzaren eragina ere nabarmenak direla diote corpusaren egileek: "Harrigarria da jendeak nola zaintzen duen idazketa. Badirudi araua noiz aterako zain daudela. Oso-oso zintzoak gara". Modan egon diren formekin gauza bera gertatzen dela dio Urkiak: «Gramatikan asko ikusten da Iparraldeko formen erabilera, jendeari forma exotikoak izugarri gustatzen zaizkio eta erabili egiten ditu nahiz eta non sartu jakin ez".
Hamabost urte corpusa osatzen eman ondoren, jendearen eskura jartzeak izugarrizko poza eman diela esan digute Miriam Urkiak eta Patxi Goenagak. Orain, ordea, UZEIko kideek beste asmo batzuk dituzte buruan; Euskararen Erreferentzia Corpusa egiteko proposatu diote Euskaltzaindiari. Urkiaren ustez, hizkuntza bat aurrera baldin badoa eta, gainera, hiztegi arau emailea atera nahi bada, XX. Mendeko Euskararen Corpusa, nolabait, mugatua geratzen da. Hala ere, oraindik ikusgai dago corpus zabal hori orain egiterik izango dutenentz

Ainara Iraeta

Eusko Jaurlaritzak ONCE itsuen elkartearekin sinatu zuen hitzarmena abenduan. Hitzarmen honi esker euskal testuak ahots bilakatzen dituen bihurgailua eskuragarri izanen dute ikusmen arazoak dituzten euskaldunek. Helburua euskararen erabilpena areagotzea eta itsuei zerbitzu elebidunak eskaintzea da.

Hitzarmen honen bitartez, Eusko Jaurlaritzak 30.050,61 euro bideratu ditu ONCE itsuen elkarteak ikusmen arazoak dituzten gizon-emakumeen ordenagailuetan idazkiak ahots bilakatzeko gai den bihurgailu informatiko eleanitza jar dezan.
Idazki-ahots bihurgailuak ordenagailu zein idazkera elektroniko bitarteko idatziak- euskaraz zein beste hizkuntza batzuetan idatzitakoak- irakurri eta ahots bilakatzen ditu. Hala, itsuek nahiz ikusmen arazoak dituztenek ordenagailuak eskuragarri dituzte, bertan idatzitakoak ahots bilakatzen baititu tramankulu honek. ONCE erakundea 2000 urteaz geroztik, Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak bultzatzen duen euskararen erabilera enpresa eta alor sozio-ekonomikoan garatzeko plangintzaren partaide da eta ONCEren baitako zerbitzuak, prestakuntza ikastaroak zein, oro har, itsuentzako zerbitzuetan euskara indartzeko plana abian du.
Oraindik merkaturatu gabe dagoen bihurgailu eleanitzaren programa informatiko hau Windows 95/98 zein NT eta ondorengo sistema eragilea duten ordenagailuetan izango da baliagarria, eta audio-txartel arrunt bat izatea aski da ahotsa entzuteko. Hizkuntza batean zein bestean hasierako bertsioek robot kutsua duten arren, ondorengo bertsioak hobetzen doaz eta jasangarriagoak eta goxoagoak izaten dira lortzen diren ahotsak.
Lanabes informatiko honek garrantzi handia du, ikusmen arazoak dituzten herritarrek teknologia berriak eskuragarri izatea ahalbidetzen baitu eta, hitzarmen honi esker, euskaraz nahiz gazteleraz erabili ahal izango dituzte teknologia hauek. Horrez gain, itsuek euskaraz bizitzeko duten eskubidea bermatzeko aurrerapauso garrantzitsua da, ONCE erakundean ere euskaldun kopurua hazten ari baita.

Bihurgailuari buruzko gorabeherak.

Jatorri escandinaviarra du bihurgailuak eta asmakizunaren jatorrizko izena JAWS da, hala deitzen diote haren erabiltzaileek. Gero eta hizkuntza gehiagotara egokitzen ari den lan tresna hau itsu ugarik erabiltzen du haien hizkuntzetan, mintzaira nagusi guztiek haien bertsioak baitituzte. Orain ordea, euskarari iritsi zaio txanda.
Sagua mugitzen doan tokitik irakurtzen du tresna honek. Adibidez, posta elektronikoa irakurtzeko mementoan, sagua posta berriaren gainetik mugitzen doan heinean, irakurriko du bihurgailuak mezu berria. Bertsio aurreratuenek aukera ugari dute gainera: irakurketa abiadura defini dezakezu, atsegin duzun ahotsa aukeratu eta horrez gain, hizkuntzaren tonuan mintzatzen da, programak hizkuntzaren arabera entonatzen baitu. Gainera, paragrafoka edo lerroz lerro geldiunea egin dezala agindu diezaiokete erabiltzaileek haien beharren arabera.
Hala ere, aurrerapauso garrantzitsua izanik, baditu akats eta muga batzuk ere. Irudi eta teknologia berrien garai hauetan, bihurgailu honek ezin du Internet sarean jasotzen den informazio kopuru guztia itzuli. Testua den heinean, ez du arazorik izaten baina grafiko eta irudiak ulergaitzak dira bihurgailuarentzat. Beraz, informazio honek guztiak ihes egiten du eta itsuak eta ikusmen arazoak dituenak, ezin du informazio hau guztia bereganatu. Moteltasuna da bihurgailu honek duen beste ezaugarri bat, informazio ugari barneratu behar baitu eta honen ondorioz ordenagailuak blokeatzeko joera du.

Erabiltzaile gazteak.

ONCE itsuen elkarteko bazkide gehienak adineko pertsonak dira, adin batetik aurrera ikusmena galtzen dutenak gehiago baitira. Itsu eta ikusmen arazo larriekin jaiotzen direnak gero eta gutxiago izanik, gaztetatik bihurgailu honen beharra izan dezaketen pertsona kopurua ez da handia izaten. Hala ere, ikusmen arazorik ez duten pertsona adintsuek teknologia berrien erabilpenean izaten dituzten zailtasun eta eragozpenak itsuek dituztenen antzekoak dira. Hots, ikusmen arazoak dituzten helduek ez dute teknologia berrien munduan murgiltzeko joerarik izaten eta programa eta ordenagailuen erabiltzaileak gazteak izaten dira gehienbat. Nagusiek ez dute normalean ordenagailurik erabiltzen nahiz eta salbuespenik ere baden.
Bihurgailuez gain, ordenagailuetarako egokituak dauden letra handitzaileak ere badira. Tresna hauek ikusmen arazo larriak dituzten pertsonek erabiltzen dituzte, ezer ikusten ez dutenentzat ez baitira erabilgarriak. Idatzia kolorez ere aldatzeko aukera dute erabiltzaileek eta handitzaile mota ezberdinak daude gabezi ezberdinetara egokitzen direnak. Beraz, ikusmen arazoak izan arren zerbait ikusten duten pertsonek handitzaileak erabiltzen dituzte bihurgailuen ordez eta azken hauek ikusmen arrastorik ez dutenentzat dira.
Ezin esan daiteke bihurgailu hau merkea denik 906,62 eurotako salneurria baitu. Erabiltzaile arruntarentzat garestia izan daitekeen arren, komunikazioaren ateak irekitzen dizkie pertsona hauei eta lan ugaritarako tresna egokia izan daiteke

hemeroteka

1848. zenbakia | 2002-03-31
1847. zenbakia | 2002-03-24

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan