Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-08-29 14:59:50
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2002-04-14 -- 1849.zenb

Aginagako erriberetatik

Pello Zubiria

"Gure bazterrak bustitzen dituzun ibaia..." grabatu zuen Benito Lertxundik duela 27 urte, Lizardiren "Oro laño mee batek" hitzekin bataiatu zuen diskoan. Errio likitsa zen garai hartan Oria, aparra zeraman gainean, korkoi zikinjale batzuk baino ez ziren ausartzen bere uretan gora... eta hala ere, Goierri eta Tolosaldeko paperfabriken pozoiak eta gainerako zaborrak zekartzan ur haietan bainatzen ginen, haur eta gaztetxook.Antzina oso aberatsa izana zela errio ura, hala zioten zaharrek. Aginagaraino -ekaitzen baten ihesi?- marzopa bat ere iristen ikusia zuten gure aitak eta. Baita hil ere. Haiek gaztetan ezagututako arrainen izenak ere kontatzen zizkiguten. Gure ibaia usteldua eta kasik hila zen 60ko hamarkadarako, baina Usurbildik hasita Orioko barraraino haren inguruan bizi ginen asko hala ere. Tarteka angula batzuk harrapatuko zituzten, negu-udaberrian. Udan papertegiek opor hartzen zuten tarte labur horretan -Franco zetorrelako errekak garbi nahi zituztela esaten zuenik bazen- ixkirak eta bestelako arrainak harrapatu zitezkeen, baita hamarrak-karramarroak ere. Ustel usaina kentzeko, egosterakoan hainbat martingala erabiltzekotan, noski.Gure garraiobide ere bazen Oria, antzinakoentzako bezala. Urez beste aldean ziren lurretara alaz joaten ginen. Ez begiratu Azkueren hiztegian: ala zer zenik ez zen enteratu. Azpi planoa duen ontzia -txanela- da ala, eta arraun luze bat den polainarekin gidatu eta mugiarazten da. Ala asto-karroak edo idi parea eta gurdia urez beste aldera eramateko, ala belarretarako, ala anguletarako. Eta ala Orioko Uribezar hondartzatik -Oibazar, Oribazar eta antzeko izenez bataiatu diguten paraje haren izena hori omen da- hondarra edo area ekartzeko.

Errioa eta mareak ditu Aginagak, eta horrek bihurtzen dizu paraje berezi. Oriak eta egunero bi aldiz igo eta beste hainbestetan jaisten den mareak markatu dute Aginagaren historia, bizitza, eta paisaia. Badu mendia eta badu erribera, ur geza eta gazia, sekainak eta erriberak. Behetarrek ibai bazterreko lur oparoak landu izan dituzte. Menditarren baserriek soro eta zelai malkartsuagoak dituzte. Hizkeran ere bereizi daitezke batzuk eta besteak, denetara 500 biztanle izango badira ere. Gaztetako joerak ere hala izan ditugu diferenteak, Aia edo Zizurkil aldera, edo Orio aldera.
Gipuzkoako kostaldean, Usurbildik Oriorako bidean -edo Oriotik Usurbil aldera zoazela- seguruenik oharkabean pasatua izango zara behin baino gehiagotan handik. Geratu zaitez nirekin, gaurkoagatik. Eta agian pare bat ordu (edo nork daki, egun oso bat) dotore pasatzeko artea egingo dugu.
Tamalez, Aginagako kaxkoan erakutsi genezakeen gauzkarik politena galdua dugu. Eliza ttiki eta polit baten jabe zen Aginaga, inguruan teilatupe edo zimitorio xarmangarri bat zuela. 60ko hamarkadan, apez megalomano baten ametsak eta diru berriaren pozetan modernitatean sartu nahi zuten herritarrek pikutara eraman zuten eliza hura. Haren eraikina zutik geratu da eta ikus dezakegu, askotarako balio ez duela geratu bada ere. Aldiz, 60ko hamarkadako euforiak zer ziren ulertzeko ondo balioko dizun eliza berria bisitatu dezakezu. Neurtu itzazu haren metro koadroak, kalkula ezazu haren mantenu kostea, pentsa barruan 200 lagunentzako zinea ere badagoela, ikusi dorre bitxia... eta tristetu zaitez pixka bat nirekin.
Oinezko ibilaldi polita egin dezakegu elkarrekin. Lehenik, Aginagako kaxkotik hilerrian barna gaineko muinora igo, eta parajearen ikuspegi orokorraz jabetu: hamar minututan zaude Alejandro Tapiak estudiotzat daukan etxe txikiaren ondoan: ezkerrean duzu Lasarte, han hasten baitira Oria ibaiaren meandro-erribera zabalak, eta begiek eramango zaituzte zokoan geratzen den Zubieta, Usurbilgo kale zaharra, San Esteban gaina, Txokoalde bitxia, Aginagako errio bazterrak... eskuinean Orio inguruetan begiak galtzeraino.
Etxebeste, Galdagorri... goazen Aginagako kaxkotik Orio aldera, errepide nagusiaren ondotik. Ezkerretara, antzinako karobi bat daukazu, Lertxundiko nagusi gazteek txukun atxikia. Eskuinean antzinako familien izena daraman Mutiozabal baserri ederra, eta aurreraxeago seguruenik errepidetik hainbat aldiz hain eder ikusi duzun Urruzmendi. Aurreraxeago, Uriberri-berri etxearen ondoan, antzinako teila labe bat ere ikusi dezakezu. Anguleroen etxe berri dotoreen ondotik paseaz, kilometro bat egiterako iritsi zara Mapil aldera.
Oria ibarrean ontzigintzan egon diren ola zaharren azken hondarretako batzuk hor zeuden. Etxea bera bota berria dute berria eraikitzeko, baina harrituko zara ibai bazterrean halako kai-molla ikusten duzunean: Oriotik hondarra honaino ekartzen zuten duela hogei urte arte, ontzi handi batean, marearen sakonera aprobetxatuz. Inguru horretan oraindik badira aipatutako alak eta horiek lotzeko alagune edo aluneak. Ikusi Uriberri zaharberritu politean nagusiak bertan diren, eta han badira eta gure lagunak zaretela esan, ala eta angulen hainbat kontu esango dizute. Mapilko Patxi aurkitzen baduzue kasualitatez, Aginagak Donostian arraunean irabazi zituen bi banderen albistea ere zuzen kontatuko dizue.
Eta ibai bazterretik abiatuko gara gorako norabidean, Gipuzkoako erriberarik ederrenak ikusiko dituzue. Laborantza era berrietara moldatu da hemen ere -marka propioa aldarrikatzen duen piper sailak eta beste- baina duela mende bateko laborantzaren aztarnak ere ikusiko dituzue: artoa eta babarruna, lur sailen arteko azekiak, errotazio sistema... Oinetako sinple batzuekin, errio bazterretik berriro Aginaga aldamenetik pasa eta Txokoalderaino joango gara.
Antzinako usaina dario inguru honi guztiari. Hemen daukazue, Zumeta pintorearen jaiotetxe berritua den ostatuaren parean, Zataraindarren dorretxea. Erdi Aroko dorre baten gainean eraikia -arku zahar bat atxiki du hartatik- XX. mendean eraikitako palazio bat da. Anbrosio Zatarain eta bere aita Anbrosio -Don Anbrosio, ingurukoentzako- XX. mende hasierako euskalgintzan ezagunak izan ziren, eta ARGIAren gerraurreko historian erdi-erdian zeuden. Zataraindarrenak ziren inguru hauetan hainbat baserri: aipatu dugun Urruzmendi hura, tren geltokiaren inguruetan diren Iparragirre eta Ilunbe, eta beste hainbeste, baita ondoan duen eta oraindik ere seguruenik funtzionatuko duen errota ere... Jon Etxaideren aita zen Inazio Mari Etxaiderena zen aldiz karreteratik hurbil dagoen Galardi Azpi: udaretan haruntza nola etortzen ziren samur aski kontatzen zuen Jonek.
Bidez bide, errekazulo batetik barrena, Zentrala pasa eta Goiko Errota eta Txanka dauzkagu. Izenak eta eraikinen estiloak antzinako garaietara garamatzate. Eta zulotik gaina hartzen goazen neurrian, Urda, harri zilarrezko horma eta Erdi Aroko leiho eta guzti. Bidean, lehentxeago, ondo begiratu: aipatu dugun errota eta txankarako urak biltzen zituen antzinako presa ere ikus daiteke, pinudi bihurtuta. Laster gara San Estebango elizaren ondoan. Urdaiagako San Esteban: hemengo fraideenak ziren ermita, aipatu Urda baserria, errota eta txanka, eta baita gaur Aginagako sagardotegia den Urdaira ere, ibarraren beste aldean, parez pare. Erromeri leku aparta zen San Esteban, eta kokagune estrategikoa ere bai. Santa Kruzek liberalekin izandako batailako tiro hotsak ere ez dira oraindik erabat isildu. Urtegiaren gainean Usurbilgo udalak egin duen jolastokiarekin eta Leize ondoko paraje bitxiarekin, bazkaltzeko bezala ordu pare bat pasatzeko aukera polita ematen du.
San Estebandik Usurbil aldera jaitsi. Santuene, zubi zahar honetaraino iristen da marea. 50-60ko hamarkadan hona heldu zen Espainiatik ekarri zuten etorkin marea ere. Etxe itsusi ahal bezala edertuetan nabari da. Eta hemendik, tunela egin aurretik trenak egiten zuen bidetik barrena itzuliko gara horko erribera eta baserri politak ikusiz berriro Txokoaldera eta hemendik Aginagara.
Itzuli honetan, urrats lasaia eginez eta tarteka geratuz, hiru ordu baino ez dugu eman. Ba al duzu ordubetetxo bat gehiago? Galde ezazu nondik joaten den Arrillaga Aundi baserrira. Kokagune diskreto eta aldi berean oso estrategikoan eraikia, XVII. mendeko baserri honek bere ganbara edo mandioan tailatutako zurak ditu, irudi antropomorfoekin. Bitxi bat da, ondoan dituen artadi txikien ondoan, eguzki betean.

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan