Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak (EIZIE) administrazioko eta lege esparruko hizkeran ohikoak diren esaldiez osatutako fitxategiak eskegi ditu Interneten, itzultzaileen lana errazteko. Itzulpengintzaren etengabeko automatizazioaren adibide dugu.
MEMORIAK SAREAN.
Zentzu honetan, Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak (EIZIE) orain gutxi Interneten eskegitako programa (http://www.eizie.org/euskara/tresnak/memoriak.htm) sistema horietara guztietara egokitzen da, betiere administrazioko corpus hiztegian ohikoak diren esaldiz osaturiko fitxategiak zabaltzeko asmoz. Bertako itzulpen memoria gaztelera-euskara da, eta beraz gaztelerazko testuen euskarazko itzulpenez osatuta dago. Hein handi batean, informazio iturriak Hego Euskal Herriko erakunde publiko nagusienen aldizkari ofizialetan agertutako itzulpenak dira. Memoriak guztira 87.000 itzulpen unitate edo esaera ditu, eta 36,3 Mb hartzen ditu.
Informazio kopuru handia denez EIZIEko kideek memoria hogei zatitan banaturik eskegi dute, eta nahi duen orok zati bakar bat, batzuk edo denak Internetetik jaitsi ditzake. Dena den, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza jaso duen programa honek administrazioko itzulpengintza ogibide dutenei dago zuzenduta, oro har, beste langileei ez baitzaie erabilgarria izango.
EIZIEko kide eta Donostiako Udalean interprete Karlos Del Olmoren iritziz, "informatika sortzerakoan itzulpengintzak behar berri bat izan zuen" eta "itzulpengintzaren automatizazio prozesua aurrera doa etengabe". Itzulpengintzak Euskal Herrian fraka bete lan du, eta gero eta garrantzi gehiago du mundu zabalean. Hala, Europako Batasuneko erakundeen gastuen %40a itzulpengintzarekin zerikusia duten lanak aurrera eramateko bideratzen da.
Itzulpengintzaren arduraduN.
Orain hamalau urte sortua, Martutenen antolatu itzulpengintza eskola izan zuen iturburuetako bat EIZIEk. Elkarte profesionala den heinean, bertako bazkide izateko itzulpengintzarekin zerikusia duen ikasketaren bat egina izatea eta nolabaiteko eskarmentua izatea behar-beharrezkoa da.
Elkarteak ikastaroak antolatzen ditu, itzultzaileek beren eginbeharrei hobeto erantzuteko. Era berean, bazkideek aholkuak eta laguntza juridikoa jasotzen dute, tarifak zehazterakoan edo editorialekin negoziatzerakoan behar-beharrezkoak direnak.
EIZIEn badira Administrazioan eta beren kabuz lan egiten dutenak, nahiz eta hauetako batzuk Administraziorako zenbait lan egin. Karlos Del Olmok dio eguneroko babak eltzetik atera behar dituenak lan gehiago egingo duela elkarteak aurrera egin dezan.
Halaber, EIZIEk Kontseilua eta beste erakunde batzuekin elkarlanean dihardu, eta "Senez" urtekaria eta "Kera" barne buletina argitaratzen ditu, itzulpengintzaren eta elkarte beraren inguruko artikulu eta berriz osatutakoak. Itzultzaileen elkarteak badu bere web orria, eta bertan "Senez" aldizkariaren azken zenbakiak aurki daitezke
Urtero kaleratzen diren publikazio askok itzulpengintza izan dute bitarteko eta, beraz, euskal letrak bizitzen ari diren loraldiak itzultzaileen ezinbesteko laguntza du. Karlos del Olmoren iritziz, "idazle ospetsuenek itzulpengintzari garrantzi handia aitortu diote, literatura unibertsala ezagutarazi duelako".
Zentzu horretan, euskal literaturaren mailak gora egin du beste herrialdeetako literatura berton ezagutarazi denean. Lan horretan dihardute EIZIE elkarteko kideek eta itzulpengintza sustatzeko dirua jarri duten zenbait erakundek. Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioan ere euskarak gero eta presentzia handiagoa du, nahiz eta justizia alorrean "oraindik asko eta asko egiteke egon, baina euskarak, agian, ezin izango ditu inoiz hutsune guzti-guztiak bete" Del Olmoren ustez.
Era berean, itzulpengintzak badu lan egiteko esparru berririk, teknologia berriak eta, batez ere, Internet euskaraz erabili ahal izateko fraka bete lan dagoelako
![]() |
|
||||
1848 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa