Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-09-04 17:20:17
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2002-03-31 -- 1848.zenb

NEGARREZ
ABESTEN DUT
Juanito Maltzeta
ELKARLANEAN

14 kanta
13,19 euro

Hamalau kanta sentikorrek osatzen dute «Negarrez abesten dut», Juanito Maltzeta trikitrilariaren hirugarren diskoa. Bere kasa ikasi zuen Juanito Maltzetak soinu txikia jotzen, gaztaroko erromerietan entzuten zuena kontuan harturik. Garai hartatik hona, hamaika leku eta erromeritan jo du, eta makina bat panderojoleren laguntzaz, baina azken urteotan bere alaba Mamen izaten du beti alboan. Hauexek dira «Negarrez abesten dut» CDan aurkituko dituzuen kantak: «Guadalupeko bidean», «Zahartzaroan alai», «Saltari», «Ikastolako berri», «Asots», trikitri disko honi izena ematen dion «Negarrez abesten dut», «Ezkon berrien baltsa», «Gazte alai», «Ernio», «Munduko gertaerak», «Txotxetik», «Dantzari», «Bihotzeko poza» eta «Hondarribi».

LOTSA-GABE

Felipe Loza/
Garbiñe Losada
ARTEZ BLAI

80 orrialde
9 euro


GAZTAROKO SEXU KEZKA ETA GALDERAK AGERIAN

Artez Blai Kultur Elkarteak abian jarritako argitalpen egitasmoak plazaratu du «Sin vergüenzas/ Lotsa-gabe», Felipe Loza eta Garbiñe Losadaren artean euskaraz eta gazteleraz osatutako antzezlanaren testua. «Lotsa-gabe»n argi eta garbi mintzatzen da pertsona bakoitzak izan dezakeen sexualitate bereziaz eta sexu sen horri jarraituz plazerra lortzeko duen eskubideaz, betiere norberaren duintasuna eta sexu harremanean parte hartu nahi duenaren erabateko askatasuna errespetatzen baldin badira. Felipe Lozak eta Garbiñe Losadak gaztarora iritsi berriak diren gazteei zuzendu nahi izan diete lan hau, haiek izan ditzaketen sexuaren inguruko kezkei erantzunen batzuk emanaz. Horregatik, bost neska-mutil agertzen dira taula gainean, beren buruei honakoak eta gehiago galdetuz: sexualitatea zer den, amodioa nola egiten den, zakilaren tamainak garrantzia ote duen, hilekoarekin sexu harremanak izan al daitezkeen, zer den afrodisiako bat, ea gizonezkoak gustatu arren emakumeekin amets egiten duen neska homosexuala al den, emakumeen titiak mutil batentzat zergatik diren hain erakargarriak, HIESa nola harrapatzen den...

KROKODILOA OHE AZPIAN
Mariasun Landa
ALBERDANIA
58 orrialde
6,50 euro


ANTONIO MARIA LABAIEN SARIA

Tolosako Udalak antolatzen duen Antonio Maria Labaien literatur lehiaketa irabazi du Mariasun Landak «Krokodiloa ohe azpian» izenburua duen ipuinarekin, non egileak, umore ukitu batez, gaur egungo gizakiaren bakardadea azaltzen duen, protagonistatzat erabat arrunta den gizon bat aukeratuz. Baina gizon horri, halako batean, bere bizitza guztiz aldatuko duen ezustea gertatuko zaio: krokodilo bat aurkituko du bere ohe azpian. Nondik azaldu ote da? Logikaz baliatuz, ezer baino lehen zoora deitzea erabakitzen du. Baina handik jasotzen duen erantzuna ez da batere lasaigarria: ez omen zaie inongo krokodilorik galdu! Zer egin, bada? Inguruko norbaiti bere arazoa azaldu nahi izan dionean, ez entzunarena egin dio, edota sendagilearengana bidali...

JAKIN
Batzuen artean
JAKIN
144 orrialde
8,40 euro


EUSKAL LIBURUGINTZA 2000

Jakin» aldizkariaren 128. zenbakian, besteak beste, orri horietan euskal liburuen berri emanaz jadanik 25 urte daramatzan Joan Mari Torrealdaik osatu duen «Euskal liburugintza 2000» aurki daiteke, hau da, 2000. urtean zehar euskaraz argitaratu ziren liburuen katalogoa, ekoizpen horren guztiaren azterketa eta balorazioa. Joan Mari Torrealdaik landu dituen alderdien artean, euskal argitaletxeen jarduera editoriala dago, zenbat publikatzen den eta zer den argitara eman dena. Horrez gain, argitaratutako nobedade, berrargitalpen, jatorrizko eta itzulitako liburuen zifrak eskaintzen ditu, eta baita gaien sailkapenari buruzko zifrak eta azterketa ere.

EL LIBRO NEGRO DEL CAPITALI$MO

Batzuen artean
TXALAPARTA
495 orrialde
15,03 euro



KAPITALISMOAK SORTUTAKO SARRASKIAK

Munduan zehar kapitalismoak gaur arte sortu dituen, eta oraindik sortuko dituen gerra, genozidio, gosete eta gainerako sarraskiak ageri dira islaturik Txalaparta argitaletxeak orain dela gutxi kaleratu duen «El libro negro del capitali$mo» liburuan. Interes berezia du bertan publizitateari buruz egiten den analisiak. Kapitalismoaren eragin hiltzaileen azterketa zorrotz hau, Frantziako ezkerreko intelektual talde garrantzitsu batek egina da. Duela hiru urte argitaratu zen lehen aldiz, Frantzian, gerora itzulpen ugari ezagutu dituen arren. Txalapartak aurkeztutako bertsioan, Iñaki Egaña historialariak osatutako «Un inmeso Gernika» deritzan kapitulua gehitu zaio.

ITSOSUPETEKO BERBETIE

Batzuen artean
BERMEOKO UDALA
73 orrialde
3,01 euro


BERMEOKO HERRIAK DUEN ALTXORRA

Antton Olariagaren marrazki biribilez eta Josean Muñozek zein Xabi Basterretxeak eginiko lanaz osatu da liburu polit hau, Bermeoko Udalak eskaintzen duen «Itsosupeteko berbetie», non jasotzen diren Bermeoko herriak oraindik erabiltzen dituen esaera propio eta berezienak. Esate baterako, «Txikot faltaue», «Kosepa kale-kale», «Trabeseko paela», «Kalin pan», «Goidxen zerue ta behien lurre», «Atun biribiltxue», «Adurre daidxola» eta beste abar luzea. Esaera hauek entzun ahal izan dituzte hilabetetan zehar bere grazia guztiarekin Bermeoko Itsuki irratia sintonizatzen zutenek, Ana Tere Bengoetxearen ahotsean. Baina «Akatz» aldizkarian plazaratu ziren aurretik, eta Joseba Mikel Ugalderi zor zaio «Itsosupeteko berbetie»n agertzen den bilduma.

BAKARRIZKETAN

Batzuen artean
ALBERDANIA
97 orrialde
10,82 euro


UMOREA GILTZA DUTEN HAMALAU LAN

Hamalau idazlek parte hartu dute Alberdania argitaletxeak kaleratutako «Bakarrizketan» honetan, umorea giltza izanik giza harremanak gai duen ariketan. Edozein alderditik begira diezaioke bakoitzak harreman horiei, bizilagunak edota «poriomania» aztertuz, emakume izatea gustuko duen ala ez erabakiz, izenak norberaren izaeran eragin zuzena duela demostratuz, edota bakarrizketaren aurka altxaz, baina beti ere umoretsu azaldu behar dute egileek, hau da, Kike Amonarrizek, Pako Aristik, Harkaitz Canok, Andoni Egañak, Martin Etxeberriak, Xabier Etxeberriak, Joxerra Garziak, Juan Kruz Igerabidek, Arantxa Iturbek, Karlos Linazasorok, Inazio Mujikak, Jasone Osorok, Joxean Sagastizabalek eta Iban Zalduak. Eta horrelaxe egiten dute.

EGURALDIA

Batzuen artean
GAIAK
207 orrialde
13 euro


METEREOLOGIA ETA EUSKAL JAKINDURIA

Gaiak argitaletxeak plazaratu duen liburu honen izenburu zehatza «Eguraldia (Euskaldunen herri-jakinduriatik Meteorologi ikerkuntzara)» da, eta Juan Inazio Abrisketa, Joseba Etxeberria eta Alfontso Martinezen artean osatu dute. Bertan aztertzen diren gaietatik, honakoak aipa genitzake: Metereologiaren historiaurrea, eguzki-energia eta klimaren baldintzak, tenperatura-banaketa atmosferaren goi eta beheko geruzetan; antizikloiak, depresioak eta eguraldi-mapak; ekaitzak, tximistak, tornadoak; klima motak; etorkizuneko klima eta gizartearen eskuhartzea, urtaroak Euskal Herrian, bertako eguraldiaren iragarleak, naturari begira eguraldia ikastea, metereologiaz dauden euskal hiztegiak, eta metereologiaz pentsatzeko ariketak.

hemeroteka

1847. zenbakia | 2002-03-24
1846. zenbakia | 2002-03-17
1845. zenbakia | 2002-03-10
1844. zenbakia | 2002-03-03
1843. zenbakia | 2002-02-24

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan