AGENTE LITERARIOAK
Lore Agirrezabal
Plinio duela hogei mende hil zen, Vesubio sumendi lehertuaren labarekin erreta gainera, zeren arrisku horretan jartzera bultzatu baitzuen bere jakinminak; baina guztiarekin, beragandik guganaino denbora asko pasa bada ere, oraindik zutik diraute, funtsean, berak ostrukari buruz egindako baieztapenek: ostruka hegazti bat dela, alegia, denik eta hegaztirik haundiena, zaldian eseritako zaldun baten goiera aise lortzen duena (...)»
Bernardo Atxagaren «Lezio berri bat ostrukari buruz» errezitaldiko hitz horiexen ondorioz, hain zuzen, sortu zen idazlea eta Alejandro Zugaza Miranda idazlearen arteko harremana; lehena, Euskal Herriko idazlerik ezagunena da egun eta bigarrena, agente literario bakarra. Duela sei bat urte hasi ziren elkarrekin lanean, bata sortzaile eta bestea agente literario gisa. Hortik sortu zen Euskal Herrian dagoen Agentzia Literario bakarra, Ikeder S.L. enpresaren baitan. Ordurarte, diseinuan eta kultura zerbitzuen kudeaketan aitzindari izan zen enpresak Euskal Herriko lehenengo agentzia literarioa jarri zuen martxan Alejandro Zugaza bera buru zuela. Gaur egun, geroz eta gehiago dira agente literarioaren laguntza jasotzen duten idazle eta ilustratzaileak, eta Ikederrek Bernardo Atxaga, Anjel Lertxundi, Harkaitz Cano, Patxi Zubizarreta, Jose Mari Iturralde, Mikel Valverde eta Jokin Mitxelenarekin egiten du lan.
Agente literarioak idazlearen eta enpresari-editorearen kodeen artean, bitartekari lana egiten du. Literaturaz eta liburuaren kalitateaz hitz egiten du editoreekin, eta harreman hori gauzatu ostean, agenteak xehetasunak lotu eta teoriatik praktikarako jauzia ematen du. «Idazle eta lan bakoitzarentzat argitaletxe hoberena lortzen saiatzen gara», azaldu digu Alejandro Zugazak. Egilea bere sormen lanean mantentzeaz eta lan-erritmoa oztopatuko lioketen kudeaketak bideratzeaz arduratzen da agente literarioa. «Ez dut ezagutzen sortzailerik, saltzaile eta bere marketing kanpainaren errealizadore denik. Eta hori egiteaz gain, familiarekin eta lagunekin egoteko denbora hartu, eta telefono dei guztiak erantzuteko gai den idazlerik ere ez dago».
Gogorra dirudien arren, Euskal Herrian asko dira lan horiek guztiak bere gain hartzen dituzten idazle eta ilustratzaileak. Patxi Zubizarreta idazleak ere horrela eman zituen ia hamar urte. «Nire lehenengo liburua 1989an argitaratu zen eta 1997a arte ez nuen agentearengana jo. Ordurarte, inongo arazorik gabe mugitu nintzen hemengo argitaletxeetan eta harreman birtualak izan nituen estatuko editoreekin; gertatu izan zait gaztelaniaz edo katalanez argitaratzea, eta ez jakitea, ez ezagutzea norekin argitaratzen nuen, izan ere, harreman guztiak posta eta telefono bidezkoak izaten ziren», azaldu digu.
Urteetan Zubizarreta bera arduratu da bere itzulpenak bideratzeaz. Jakin bazekien agente literarioak bazirela, baina ez zuen lehenago horretara jo. «Beti izan nuen agentearen kezka eta banekien bazela bat, Alejandro Zugaza, baina Haur eta Gazte Literaturako Euskadi saria jaso nuen arte ez nintzen berarekin harremanetan jarri». Sariak diru laguntza handia eskaini zion lana itzultzeko eta Espainiako argitaletxeei eskaintza osatuagoa egiteko aukera ikusi zuen Zubizarretak: «Gogoan dut lehen harremana gauzatu ondoren, Alejandro eta biok nola joan ginen Madrilera, bereziki Alfaguarara eta Anayara, hainbat itzulpen besapean genituela. Sariak nolabaiteko bermea eskaintzen zigun eta hainbat argitalpen bideratuta itzuli ginen».
Buruhausteak kenduz.
Idazleari nahiz ilustratzaileari buruhauste ugari ken diezazkioke agente literario batek. Zugazaren iritziz, «denbora luzean egindako kontzentrazio handiko lanaren ilusio guztiak pertsona bati eskaintzea» da agente literario batengana jotzea. Gero agente horrek bere kolaboratzaile taldearekin batera, lan hori kualifikatuko du, ikusten dituen aukeren berri emango dio idazleari eta hori gauzatzeko zenbat denbora igaro lezaketen ere esango dio. Horixe da, funtsean, Ikeder agentzia literarioan egiten dutena ere. Baina horretarako, Alejandro Zugazak diseinatzaile grafikoz, historialariz, bibliotekonomilariz eta museografilariz osatutako taldea du lagun. Horrez gain, web gunea ere (www.ikeder.es) jarri dute Interneten eta oso lagungarri zaiela aitortu digu. Bertan idazle bakoitzaren biografia eta ibilbide literarioaren berri ematen dute. Zubizarretaren aburuz, beraien berri sarean jartzeak lana erraztu diezaieke, eta bide hori erabiltzea, egun, «ezinbestekoa» dela dio.
Laguntza erakargarria den arren, Euskal Herriko idazle eta ilustratzaile askok eskatu ezin duten zerbitzua da agente literarioarena. Salmentetan lortutakoaren zati bat jaso ohi du agenteak, gehienetan, irabazien %10 izaten dela esan digu Zubizarretak. «Ekonomikoki esan beharra dago, euskal idazlea nekez biziko dela oparotasunean, eta agentearekin lan egitea ongi pentsatu behar da». Hala ere, Zubizarretaren ustez, oro har, diru sarrerak hazi egiten dira agente eraginkor batekin. «Nik esango nuke inbertsio moduko bat dela, eta irabazteko asmotan egiten dugula», adierazi digu.
Bernardo Atxagaren agente literario gisa lanean hasi zenean, hogeita hiru urte besterik ez zituen Zugazak. Kazetaritzan lizentziatu berria zen, eta ikasle garaian aldizkari literario bateko zuzendari ibili zen. Lehenengo urteetan Atxagarekin egindako estudioa «erromantiko samarra» izan zela dio: «Ez genituen helburuak termino ekonomikoetan kuantifikatu; garatzen ari ginen sorkuntza literario eta artistikoa ezagutzera emateko medio egokiak sortzen bagenituen, beren lekua izango zutela pentsatzen genuen eta hori zen lanerako gure irizpide nagusia». Orain, berriz, agentearen hitzetan, Euskal Herriko idazlerik eta ilustratzailerik «onenekin» ari dira lanean. Guztiek modu profesionalean egiten dute lan sorkuntzan, eta emaitzak «nabariak» direla dio. Horrek bere lana ere asko errazten duela aitortzen du. Baina Euskal Herriko agente literario bakarra izateak zenbait traba ere sortzen dituela dio, eta beste agenteren bat egotea gustatuko litzaiokeela dio: «Horrek gure kultura beste hizkuntzetara esportatzean zein zailtasun ditugun galdetzera bultzatuko lituzke erakundeak. Hala ere, zera ari da gertatzen; Euskal Herriko argitaletxeak hizkuntza guztietarako eskubideak kontratatzen ari direla, eta horrek lan literario horren agente edo ordezkari bihurtzen dituela editoreak».
Euskal Herrian agente literario bat baino gehiagoren beharra somatzen du Zubizarretak ere. Batez ere, atzerrian argitalpenak bideratzeko beharrezko deritzo zerbitzu horri, eta idazleei kanpora irtetea ere komeni zaiela dio. «Saizarbitoriak dioen moduan, egia da ez dugula itsutu behar gure lanak kanporatze nahi horretan, baina egia da, aldi berean, ez dugula bertan goxo egon behar. Gure lanen kalitatean sinesten badugu, horren alde egin dezakegu, eta noizean behin, hemengo giro itogarritik irtetea oso osasungarria da; gauzak erlatibizatzen laguntzen du».
Hortaz, zenbait kasutan, idazlea eta agente literarioa guztiz osagarriak dira, eta bata bestea gabe ezer gutxi lirateke. Alejandro Zugazari, agente literario izateak merezi duen jendea ezagutzeko aukera eman dio, eta horixe da bere lanean gehien gustatzen zaiona, jendea hain gertutik ezagutzeko aukera izatea: «Idazleek beren ilusioak zuri ematen dizkizute loratzeko lekurik aproposena aurki diezaiezun. Eta hainbesteko gertutasuna sortzen da egile eta agenteen artean, ezen azkenean, oso adiskidetasun sendoak sortzen baitira»
Igor Mujika
Urteak pasa ahala familiaren kontzeptua asko aldatu da. Duela gutxira arte Euskal Herrian familia bost pertsonetik gora osatua egotea ohikoa zen. Egun, ordea, hiru pertsonatik gorakoak familia anitza gisa definitzen dira. Hala ere, familiaz hitz egitean bada kontuan hartzen ez den datu bat: egun, familia asko pertsonez eta beste animalia batzuez osatuak daude. Izan ere, askok etxean dituzten zakur, katu eta abarrak familiako kide gisa onartzen ditu eta eurekin duten portaera ere halakoxea da. Gizarteak ere animalia hauei zuzenduriko geroz eta zerbitzu gehiago eskaintzen du: animalientzako hilerriak, hotelak, ileapaindegiak, jatetxeak, klubak eta abar luze bat.
Familiako kide berria aukeratzea, ordea, ez da ahuntzaren gauerdiko eztula, egunero-egunero lagun berriari denbora jakin bat eskaini behar baitzaio eta hileroko gastuak igo egiten baitira. Esaterako, adituek zakur eta katuen jabeei euren menpe dauden animalien osasun txartelak eguneratuak izan ditzatela eta etxeko soberakinekin baino pentsuekin elika ditzatela eskatzen diete. Ildo honetan egin diren inkestek azaleratzen dutenez, zakurrak katuak baino gehiago zaintzen dira. Esaterako, «Consumer» aldizkariak 2000. urtean kaleratu zuen inkestaren arabera, galdezkatutako zakurren jabeen %96ak zakurraren osasun txartela bazuen. Katuen kasuan, aldiz, soilik %70ak onartzen zuen bere katuaren osasun txartela izatea. Inkesta honek beste datu interesgarri bat ere azaleratzen zuen, hain justu ere, 2.000 biztanle baino gehiagoko herrietan eta gutxiagokoetan ezberdin tratatzen direla etxeko animaliak. Inkesta honen emaitzek adierazten zutenez, 2.000 biztanle baino gutxiagoko herrietan katuak zituztenen %90ak txartelik ez zuen.
Kostuei dagokienez, zakurrak dira garestien, zakurra mantentzea hileko 35 euro inguru kostatzen baita (arraza batetik bestera aldatzen den arren). Katuen gastuak, berriz, 24 euro ingurukoak dira. Adituen esanetan, etxean edukitzeko animaliarik merkeenak dordokak, txoriak eta arrainak dira, hileko 6 euro baino gutxiago gastatu behar izaten baita beraien mantenuan.
Hala ere, etikoki ez dira etxean edukitzeko animalia gomendagarrienak, euren habitat naturala eta etxean sor daitekeena inoiz ez baitira berdinak izango. Gainera, dordokak, untxiak eta antzeko espezieak txikiak direnean gustuko izaten dira baina haztean, ez dago etxean onartuko dituenik. Ondorioz, animaliekin harreman etikoa izatearen alde lan egiten duen Atea erakundeko partaide den Kepa Tamamesek azaldu duenez, gizakiekin duten harremanagatik, etxean soilik, zakurrak eta katuak izan daitezke, «gizakiarekin batera milaka urtetan bizi ostean oso ongi moldatu baitira». Gainera, zakurrak saltzaile profesionalei erosi beharrean zakurtegietatik jasotzea eskatzen du. Estatu Batuetan, esaterako, 2000. urtean animalien negozioak 23.000 milioi dolar (26.151 milioi euro) mugitu zituen.
ZAKUR KLONATUAK SALGAI.
Negozioa negozio da eta hainbat enpresa estatubatuar hemendik gutxira etxeko animaliak klonatzeko zerbitzua eskaintzen hasiko da. Adibidez, Clonaid TM, Genetics Saving and Clone, Perpetuate, Lazaron Bio Technologies eta Canine Cryobank enpresek jada etxeko animalien ADNak izozteko aukera eskaintzen dute, gero, animalia hauek klonatzeko asmoz. Etxeko animalien ADNa izozteagatik 1.000 eta 2.500 dolarren artean (1.137 eta 2.842,5 euro) eskatzen dute aipaturiko enpresek, nahiz eta Genetics Savings and Clone enpresako zuzendaria den Lou Hawthornek aitortzen duenez, etxeko lehen animalia klonatzea 100.000 dolar (113.700 euro) kostako den. Lehen klonazioa egin eta hiru bat urtera, berriz, prezioa 25.000 dolarretara (28.425 euro) jaitsiko da. Jende dirudunari zuzenduriko zerbitzu hau eskaintzen duen Clonaid enpresak bere web orrialdean azaltzen duenez, «oso denbora gutxira hasiko gara animaliak klonatzen, pertsonekin gertatzen ez den moduan, araudiek ez baitute debekatzen animaliak klonatzea».
Zakurtegiak, heriotzerako korridoreak.
Eskubideei dagokienez, animaliak gizakiak dituen eskubideak izatera iristeko oraindik urte asko pasa beharko diren arren, onartutako eskubide asko dituzte. Esaterako, 1977ko irailaren 21a eta 23aren artean, Animalien Eskubideen Nazioarteko Ligak Londresen egin zituen topaketa batzuetan hamalau artikuluz osaturiko adierazpena onartu zuen (hainbat artikulu jaso dugu aurreko orrialdeko taulan). Sarri, ordea, hitzak hitz hutsetan gelditzen dira eta animaliei ematen zaien tratuan eta dituzten eskubideetan ere antzekoa gertatzen da, Kepa Tamamesek salatu duenez, animalien eskubideak ez baitira errespetatzen. Adibide gisa, Gasteizko zakurtegian, urtero, 2.500 zakur inguru jasotzen dira eta zakur hauen jabe bat bera ere ez da zigortua izan. Beraz, «zakurrak zakurtegietan abandonatzea instituzioek onartu egiten dutela» ondorioztatu du Tamamesek. Ateako kideak gaineratu duenez, «zakurtegiak suntsiketarako gune gisa sortuak daude». Izan ere, Gasteizko zakurtegian urtero 2.500 zakur jasotzen badira horietatik 1.000 inguru adoptatzen dira eta gainontzekoak hil egiten dira 3 eta 4 zakurren artean eguneko.
Gipuzkoa, Bizkaia eta Araban, egun, 160.000 zakur inguru daude identifikatuak txipei esker. Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza Saileko teknikaria den Juan Ramon Puyk onartu duenez, azken urteetan abandonatutako zakur kopurua jaitsi egin da eta egun, etxean onartzen diren zakurren %5a uzten da gero, bere kasa, kale gorrian. Puyk jakinarazi duenez, zakurtegietan abandonatzen diren zakurren gehiengoa adoptatu egiten da. Hala ere, zakurtegiak zakurrentzako heriotzerako korridoreak dira, bertan bi hilabete inguru pasa ostean, jabe berriren batek bere gain hartu ez baditu hil egiten baitira.
Zakurtegietan mota guztietako zakurrak aurki daitezke, gazteak, zaharrak, arraza askotakoak, dotoreak... eta beraiek bertan edo kale gorrian uzteko arrazoiak ere milaka izan daitezke: gaizki hezitzearen ondorioz sorturiko egoerak, berarekin hartu zuen familia banatzea, bidaiak... Hala ere, garbi dago zakurtegietatik ateratzeko aukera gutxien dituzten animaliak zeintzuk diren: zaharrak eta gaixo daudenak.
Adituek zakurtegiko zakur bat etxera eraman aurretik hainbat pauso jarraitzea gomendatzen dute: garbi izatea nolako zakurra nahi den eta zer eskaini diezaiokegun, zaharra ala gaztea, kirol asko behar duena ala etxean lasai molda daitekeena... Umeak izanez gero zakurrekin harremanak izatera ohitu behar dira eta adoptatu aurretik behin baino gehiagotan zakurra bisitatu eta berarekin tratu zuzena izatea komeni da.
Azken batean, harreman etikoa mantentzea baita kontua, eta ez mugimendua duten eta gure esanei erantzuten dien jostailu gisa edukitzea. Horretarako, ordea, buruz jokatu behar da eta ez kapritxoz
Ainara Gurrutxaga
Xanti beste adimen urriko pertsona asko bezalakoa da, gizarteak "ezberdina" izateagatik erakunde berezietan edo familiaren barrukotasunean zokoratzen dituen horietakoa. Xantik, ordea, ez du onartzen berak hautatu ez duen patu hori. Zergatik da den bezalakoa? Nork egin du halakoa? Munstro bat al da?
Egunerokotasuna bera abenturatzat duen Xantik bere bizitzako aldaketa sakonena biziko du Adosek proposatzen digun istorio honetan, ama zenduta anaia Karlosekin bizitzea egokituko baitzaio. Antzerki zuzendari den anaia, ordea, ez dago bere mementorik onenean, Frankenstein pertsonaian oinarritutako "Munstroaren bakardadea" muntaia estreinatzeko egun gutxi gelditzen direnean, arduratu behar baitu bere nebaz. Xanti Koldo Losadak gorpuzten du eta Karlos, berriz, Martxelo Rubiok.
Antzezlan honetan, gainera, bada hezur-haragizkoa ez den beste pertsonaia garrantzitsu bat: John Wayne, alegia. Westernetako heroia beti alboan du Xantik, bizitzan aurrera egiteko aholkuak ematen dizkion laguna. Bere anaiak oparitutako irudia gainean darama beti. "Wayne bere buruaz oso ziur dagoen heroia da. Xantirentzat, beraz, munduan ibiltzeko erreferentea da. Dena den, nik uste dut antzezlanean zehar jazotzen den garapenari esker Wayne betirako desagertu egiten dela Xantiren bizitzatik", dio Tessa Andonegi zuzendari laguntzaileak. Frankenstein-en irudiak ere -bakardadea pairatzera kondenatutako pertsonaiak- badu antzezlanean zehar islatzen den esanahi bikoitz bat, Xantiren moduan "anti-heroia" baita hau ere.
SENTIMENDUEN DANTZA.
Ados antzerki taldeak estreinatu berri duen lanak gizakion bakardadea du oinarrian. Azken batean denok bizitzako uneren batean bizitu dugun edo bizitzan dugun egoera da hauxe. Hala, sentimendu ezberdinen arteko bidaia egiteko gonbita luzatzen zaigu John Wayne-ren laguna ikuskizunean: "Bihotzera heltzen den istorio bat da. Malkotik irribarrera salto batean igarotzen zaren horietakoa", dio gaztelerazko bertsioan Karlosen antzerki konpainiako aktore bat gorpuzten duen Javi Tolosak. Marga aktoresaren papera egiten duen Teresa Caloren aburuz, antzezlanak baditu errealitatearen printzak: "Azken batean denok erakusten dugu bizitzan besteen aurrean defendatuko gaituen aurpegi bat".
Garbińe Losadak zuzendu eta idatzi duen antzezlanean Xanti da istorioaren ardatz. Pertsonaia konplexu hau sortzeko garaian azaletik mamira lan egin duela aitortu digu Koldo Losada aktoreak: "Batez ere behatze lana izan da. Halako jendeak fisikoki ezaugarri bereziak izaten ditu ia beti: ibiltzeko modua, tikak... Behin kanpokoa landuta barrura jo nuen. Egia esan testua oso ondo idatzita dago eta, horrek asko erraztu dit lana". Publikoari berehala hunkigarria gertatzen zaion pertsonaia beste pertsonaien antzera landu du aktoreak: "Pertsonaia bat lantzen dudan bakoitzean erronka berri bat hasten da niretzat. Xanti adimen urrikoa izanagatik ez zait zailagoa egin". Losadak, dena den, pertsonaia honen kontura behin baino gehiagotan egin behar izan dio bisita masajistari.
«John Wayne-ren laguna» antzezlaneko beste pertsonaiak Xanti eta Karlosen inguruan dantzan dabiltza. Euskarazko bertsioan, Aintzane Gamizek eta gaztelerazkoan Mila Espigak jokatzen duten Sara pertsonaia Karlosen neskalaguna da. Bi protagonisten arteko ika-mikak leuntzen saiatuko da Sara obra guztian zehar, Javi Tolosak, Javi Barandiaranek, Teresa Calok eta Jon Ezkurdiak gorpuztutakoek narrazioari ukitu gazi-gozoa ematen dioten bitartean.
"Berezia" izateagatik inguruak baztertzen duen pertsonaiaren errealitatea gordina baldin bada ere, Adosek aurkezten duen lanak ez du tragedia kutsurik: "Hau antzerkia da, eta hortaz, entretenitzeko eginda dago batez ere. Hunkigarria den istorio bat kontatu nahi izan dugu baina dramatikotasun handirik gabe", dio Tessa Andonegik. Amaiera zoriontsua duten istorio horietakoa da Adosen azken antzezlana, nahiz eta aukeren atea zabalik uzten den pertsonaien etorkizuna zein izan daitekeen iragarri gabe.
Eszenografia magikoa.
Hein handi batean arlo estetikoa ere protagonista bilakatzen da ikuskizun honetan. Jon Berrondok maisuki eratutako eszenografiak ikuslea berehala bereganatzea lortzen du. Hasieran oihal gardenez osatutako horma dena, ikuskizunean zehar lekutze ezberdinetan bilakatzen da bideo proiekzioen laguntzaz. Tessa Andonegiren hitzetan eszenografia guztia sinbolismoz beteta dago: "Ikuskizuna horma baten atzean hasten da, itxita, nolabait pertsonaia bakoitza bere munduan dagoela adieraziz. Gero, ordea, horma hori zabalduz joaten da poliki-poliki, bi protagonisten arteko munduak zabalduz doazen heinean". Carlos Salaberriren argiztapenak eta Joxan Goikoetxearen musikak antzezlanaren estetika borobiltzen laguntzen dute.
Behin estreinaldia eginda, Adosek euskaraz eta gazteleraz eskainiko du «John Wayne-ren laguna» ikuskizuna. Bi hizkuntzetan estreinatu beharra aktoreentzat lan handia dela dio Koldo Losadak: "Putakeri bat da, batez ere batera egiten denean. Nahi gabe aurretik egindakoa itzultzeko joera izaten da eta horrek sekulako tentsioa sortzen digu. Baina, tira, ohitzen zara azkenean". Gaur egun muntaia gehienak gazteleraz egiten dira lehenik eta ondoren, oso denbora gutxian, euskarazko bertsioa lantzen da. Alde horretatik lan hau pribilegiatua dela uste du zuzendari laguntzaileak: "Ia hasieratik hasi baikinen euskarazko bertsioa lantzen".
Behin lana estreinatuta Euskal Herriko antzokietan ikusteko aukera izango da John Wayne eta Frankenstein hain ezberdinak ez direla iradokitzen duen ikuskizuna
Pilar Iparragirre
Heldu zen udaberria, eta "kantuz hasi enaria", Imanol Lartzabalek kantatzen zuen abesti batek zioen bezala; baina ez zen giro euskaldunen artean, euskara batuaren auzia zela kausa. Bereari eutsiz izan arren haserrearen hodei ilunen artetik adiskidantza izpiak bidali nahian zebilen Z. ARGIAri, lehiakide gogor bat sortua zitzaion, "Goiz Argi" aldizkaria. Eta haren inguruan bildurik bide ziren euskararen batasunera iristeko Euskaltzaindiak onartutako bidea txartzat jotzen zutenak, edota hauetatik batzuk, baina sutsuenetarikoak.
EZPATAK ALTXATA
Jakina, horrek ez zuen Z. ARGIA pozez saltoka jarri... Eta nola halako norgehiagoka sortu zen bi aldizkarien artean, Amatińok "Zenbat gara 72" sailean jasotako berri honek agerian uzten duen bezala: «ęGoiz ArgiĘaldizkarian, ęZer dabil Euskaltzaindia?Ę izeneko artikulua idatzi zuen Azkarraga-tar Pelik. Aldizkari berean erantzuten dio Aita Villasantek 127gn. alean. Garbi asko azaltzen du Euskaltzainburuak arazo honek jarraitu duen hildoa. Eta funtsean, ęistilu hau epaitzea (lan batek sariketa baldinkizunak betetzen dituen ala ez) epai mahainaren arazo dela, eta ez Euskaltzaindiaren zuzendaritzarena'".
Beno, beharbada ez da gehiegi ulertzen eskuartean zeukaten eztabaida (neronek ere ez dakit zertaz ari ziren zehazki), baina benetako arazoa geroxeago azaltzen zuen Amatińok. "Itxura denez, Aita Villasantek firmarik gabe bidali die delako eskutitz irekia, eta ęGoiz ArgiĘkoek maltzurki samar jabetzen dira hutsune honetaz, eta ziritsu dei egiten diote Euskaltzaindiari jaso eta argitara duten eskutitza norena den argi dezan, ęlemazainarena edo txalupa-mutillen batena'".
Alukeria dei geniezaioke horri, hitz zantarrak erabiliz, baina Amatińok zorrotzago jokatzen zuen, eta beste era honetara egiten zien eraso: "Gauzak horrela gertatu badira (...) ezin uka (...) hutsuna larria izan dela A. Villasanterena. Lapsus horietako bat nonbait. Agian ez zen pentsatzen hasi aukera txikienaren zain zeudela. Dena dela, eta ęGoiz ArgiĘko zuzendaritza horren zuhurra eta fina delarik, nola ausartu ote da firma gabeko lan bat argitaratzen? Bata ala bestea, lan anonimoak argitaratzen ahal dira ęGoiz Argi'n, ala bazekiten nonbait norena zen? Eta txarrenean ere, ez ote dakite Euskaltzaindiaren edo Arantzazuko telefonoa zein den? Edo-ta konferentzia bat ipintzeko baino zekenagoak ote ditugu?".
Behin honaino heldurik, akabo Amatińoren odol hotza ere, ordea. Zuhurtziak agintzen ziona ahaztuz, honela amaitzen baitzuen: "Azkenik, asko arduratzen bide dira ęGoiz ArgiĘkoek lemazainaren ordez txalupa mutila sartu ote dieten. Era berean, irakurleok ez ote dugu jakitzerik zein txirtxil den Azkarraga-tar Peli?".
EUSKARA EGOKIA
Z. ARGIAren zenbaki berean, Basarri euskara egokia defendatzen saiatzen zen. Horretarako, "Erderakadak" izenburuaren azpian, honakoa zioen: "Erdel-itzak erabiltzetik bakarrik ez datoz erderakadak. Euskarazko itzez baliatuz ere errez nabarmentzen diranak dira. Pelotari batek, adibidez, jokatzen du egundoko partidua. Artaz ari dira izketan, eta batek ala dio besteari: ęoso ondo egon zanĘ. ęEstuvo muy bienĘ adierazteko erderarekin kutsutu gabeko euskaldun batek amar modutara esango luke: ęlatz aritu zan pelotan', ębikain jokatu zuen', 'berebiziko partidua berea', ęura zan pelotan egitea', ta abar. Lanean modu artan aritutako gizona ęondo egon zalaĘ esatea, itxuski da, noski". Hala ere, ez zen horretan berea bukatzen. "Beste bat asko entzuten dana: ępapel ederra egin zenduenĘ. Noiztik ikasia ote naiz papelgintzan? ęHiciste buen papelĘ adierazteko, ęederki bete zenduen zeure tokiaĘ esanarekin egińa legoke. Alde ederreko euskal kurpilla!".
Gero, "Aldrebeskeriak" aipatzen zituen. "Oitura aundia da onoko au esateko ere: ęArratsaldean ikusiko geraĘ. Euskaldun garbi batek beste modu ontara esango luke: ęArratsaldean alkar ikusiko degu' edo ęalkar ikusiko degu arratsaldeanĘ. Bietara dago ondo esana". Eta Euskal Herriak bi hizkuntzen eragina jasaten duela gogoratuz: "Mugaz bestaldean ere ba-dute unetik unera idazten duten zati bat: ęerran gabe doaĘ. Urrutitik ezagutzen da frantzesetik artua dagoela: ęil va sans dire'; frantzes kutsua dario".
Aldrebeskerien zakuan gordeta zituen gehiago. "Pausotik pausora entzuten ditugun baldarkeri batzuk: ęAitak asko maite dit neriĘ, ęaitak asko maite nau niĘ esan bearrean. Nola arritu gaińera, euskal kanta ezagun batean letra auek agertzen badira: ęBerriz ere maiteko dio gure amak aitari'". Eta "ęAtzo Donosti-n ikusi nizunĘ, ęatzo Donosti-n ikusi zintudanĘ esan bearrean. ęNagusiak bialdu dit zureganaĘ, ęnagusiak bialdu nau zureganaĘ, esan bearrean".
Zegoenerako nahikoa errieta egina ziola irakurleari, eta honako agur honekin amaitzen zuen Basarrik bere orduko lana: "Urrengoan gehiago, ontatik bear bezelako milla dago-ta"
Daniel Udalaitz
Arlo militarrean ere arituko da oraindik izenik gabeko talde aeronautiko berria. Duela gutxi eman dute ofizialki ondoko enpresa hauen fusioaren berri: Gamesako talde aeronautikoa, ITP (Turbopropultsatzaileen Industria), Sener eta SEPI (Sociedad Estatal de Participaciones Industriales). Mugimendu antimilitaristen kritikak edo beste kolektibo sozial batzuenak jasotakoan, enpresa horiek beti alegatu izan dute beren buruen defentsan ez zeukatela jarduera militarrik edo hutsala zela horrelako jardunaren pisua. Pixkanaka azaltzen hasi diren datuen arabera, eta batik bat Euskal Autonomia Erkidegoko, Espainiako, Europako nahiz munduko industria aeronautikoaren geroa aintzat hartuta, ez dirudi hain hutsala izango denik talde berriaren jardun militarra.
Iturri batzuen arabera, EAEko talde aeronautiko berriaren jardueretan, %20 izango da esparru militarrekoa eta %80 zibilekoa. Dagoeneko %20 izendatzen badiote EAEko talde aeronautiko berriari, oso litekeena da ehuneko hori handiagoa izatea, kontuan izanik Amerikako Estatu Batuetako Administrazioak berebiziko jarduna planifikatu duela defentsarako, irailaren 11z geroztik. Jakina denez, azken hilabete hauetan gutxitu egin da jarduera aeronautiko zibila. Militarra, ordea, hazi egin da, mundu osoko gobernuen defentsako planak direla kausa.
700 MILIOI EURO FAKTURAtu ETA 135 MILIOI IRABAZI.
Gamesa aeronautikoak eta Turbo 2000 enpresak, zeinen barruan baitaude ITP, Sener eta SEPIko akzio-gehiengodunak, abiazioko motorrak eta aireontzien zati egiturazkoak egiteko baliatu nahi dute fusioa, batez ere. Talde sortu berriak 700 milioi euro fakturatzeko asmoa du eta, zergak ordaindu aurretik eta amortizazioak gauzatu ostean, 135 milioi euro inguruko etekina geratzea espero du.
Gamesako administrazio kontseiluak jarduera aeronautikoa bereizteko proposamena egingo dio akziodunen batzarrari, horretarako gehienez hamabi hilabeteko epea jarrita. Arabako enpresaren jomuga da Gamesak azkenean %10eko partea ez gainditzea jarduera aeronautikoetan, eta, diotenez, talde berriaren kapitalaren %3 izango da enpresa horrena. EAEn kokatuko dute talde aeronautiko berriaren egoitza soziala, baina oraingoz ez dute eman leku zehatzaren berri. Nolanahi ere, azkenean Bilbon jarriko dutela dirudi.
Enpresa berriak burtsan kotizatuko du. Bestalde, Gamesak utzi egingo ditu zuzeneko jarduera aeronautikoak eta berrizta daitezkeen energiaren arloan jardungo du ia bete-betean; orain ere buru den sektorean, alegia. Zorren %20 bat kentzeko modua ere izango du Gamesak, bat egite honi esker. Lehen fasean, dena den, Gamesako bazkideek kontrolatuko dute elkarte berriaren kapitalaren %59 artekoa. Hauexek dira Gamesako bazkideak: IBV Korporazioa, %35 duela (BBVAk eta Iberdrolak kontrolatzen dute %100ean: %50 bakoitzak); Nefinsa, %21,5 (Kataluniako Serratosa familiaren jabetzakoa); Tornusa, %6,35 (Gamesaren sortzaileena da; Juan Luis Arregi dute buru). Gainerako ehunekoak burtsan flotatuko du.
Bigarren fasean, honelatsu banatuko da ziur aski EAEko talde aeronautiko berriaren kapital sozial behin betikoa: %22 izango du Sener enpresak, %21,5 IBVk, %20,5 SEPIk eta %11,3 Nefinsak. Beraz, %21,7 geratuko da burtsan flotatzeko. Azkenik, litekeena da Tornusa, Gamesako bazkide-sortzaileen enpresa, talde berriaren kapital sozialetik kanpo geratzea, eta litekeena da, halaber, beste bazkide batzuk sartzea.
GAMESAREN ETA ITP-REN ZIFRA ERRALDOIAK
. Gamesa taldeak 1.020 milioi euroko salmentak egin zituen 2001. urtean, eta 74 milioi euroko etekina atera zuen, zergak kitatu ostean. Guztira, 4.700 langileko plantilla dauka Gamesak; horietatik 1.800 lagunek egiten dute lan aeronautikako dibisioan. Arlo horretan, 273 milioi euroko salmenta izan zuen iaz; salmenta guztizkoaren %30, beraz; eta 28 milioi euroko etekina, zergak kitatu aurretik. ITP enpresak, berriz, 2.000 langile dauzka. Iaz, 427 milioi euroko salmenta egin zuen eta 93 milioi euroko mozkina atera zuen, zergak kitatu aurretik eta amortizazioak gauzatu ostean. Sener ingeniaritzako enpresa da. Negurin (Getxo) dauka egoitza soziala, eta langile gutxiko enpresa da. Nahiz eta errentagarritasun handia izan, ia ez dago enpresa horren datu ekonomiko finantzario publikorik. Gamesak Gasteizen eta Espainiako beste leku batzuetan dauzka produkzioko lantokiak, baita ITPk ere, zeinek, Zamudioko eta Barakaldoko lantokiez gainera, beste batzuk baitauzka Espainian barrena.
ITP enpresak teknologiako bazkide bat dauka: Erresuma Batuko Rolls Royce konpainia, hain zuzen. Korporazio horrek kontrolatzen du ITPko kapitalaren %46,85, eta oraingoz inork ez daki azkenean zer erabakiko duen proiektuaren gainean. Hasiera batean, eta betiere orain arteko iturrien datuen arabera, nahiko hotz agertu omen da talde berriaren gorabeheretan, eta, antza denez, ez omen du zuzenean parte hartuko. Gaur gaurkoz dauden datuei erreparatuta, badirudi Erresuma Batuko enpresak ez dituela talde berean elkartu nahi bi jarduera hauek: motorren fabrikazioa (ITPren jarduna) eta hegazkinen egituren fabrikazioa (Gamesa aeronautikoaren jarduna).
EUTSIKO OTE DIOTE ORAINGO ENPLEGUARI?
Fusio guztiek berekin izaten dute kostu ekonomiko eta finantzarioen gutxitze nabarmena, zein, ia beti, enplegua murriztuz gauzatzen baita. Kontuak horrela, enpresa horietan diharduten sindikatuek adierazi dute dagoeneko gaurko lanpostuak bermatuz gero bakarrik egingo dutela fusioaren alde. Gogoan izatekoa da nola, ia oraindik orain, Gamesak dibisio aeronautikoko lanpostuak nabarmen gutxitu nahi izan zituen eta nola langileen nahiz sindikatuen oposizio indartsuak bota zituen atzera zuzendaritzaren planak. Hortaz, orain hitzartutako fusioa ote da bere garaian iragarritako lanpostuak eta beste batzuk desegiteko "egokiera"? Geroak esango du. Aurreko astean beste bilera bat zeukaten fusioaren arduradunek eta sindikatuetakoek. Beldur gara -hobe oker bagaude- fusio honek ere, ia guztiek bezala, ez ote duen egingo murrizketaren bat, orain existitzen diren lanpostuetan
Gontzal Landa
Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak (EIZIE) administrazioko eta lege esparruko hizkeran ohikoak diren esaldiez osatutako fitxategiak eskegi ditu Interneten, itzultzaileen lana errazteko. Itzulpengintzaren etengabeko automatizazioaren adibide dugu.
Bizitzako alor bakoitzak bere hizkera propioa du, eta hizkera bakoitzak behin eta berriz errepikatutako esaldiak. Corpus hiztegiak esaera horietaz osaturik daude. Administrazioak eta lege esparruak ere badute beren corpus hiztegi propioa, eta ordenagailuarekin lan egiterakoan erabilgarria izan dadin, itzulpen memoria sistematan sartzen dira. Jo dezagun itzultzaile bati gaztelaniazko testu bat euskaratzea egokitu zaiola, itzulpen memoria sistema duen ordenagailu batekin. Kasu honetan ordenagailuak euskaratutako esaerak memorian gordeko ditu, gaztelaniazko bere ordaineko esaldiekin parekatuta. Hortik aurrera itzultzaileari esaldi bera edo antzerako bat euskaratzea egokitzen bazaio ordenadoreak aurreko esaldia aurkeztuko dio. Hau da, itzultzaileak ez du esaldi bera berriro ere idatzi beharko, lana eta denbora aurreztuz. Dena den, sistema hauen erabiltzaileak du azken hitza: ordenagailuak aurkeztu dion proposamena edo itzulpena onar dezake edo ez. Itzulpen memoria sistema ezberdin asko daude, hala nola: Trados, Transit, Translat eta Wordfast.
MEMORIAK SAREAN.
Zentzu honetan, Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak (EIZIE) orain gutxi Interneten eskegitako programa (http://www.eizie.org/euskara/tresnak/memoriak.htm) sistema horietara guztietara egokitzen da, betiere administrazioko corpus hiztegian ohikoak diren esaldiz osaturiko fitxategiak zabaltzeko asmoz. Bertako itzulpen memoria gaztelera-euskara da, eta beraz gaztelerazko testuen euskarazko itzulpenez osatuta dago. Hein handi batean, informazio iturriak Hego Euskal Herriko erakunde publiko nagusienen aldizkari ofizialetan agertutako itzulpenak dira. Memoriak guztira 87.000 itzulpen unitate edo esaera ditu, eta 36,3 Mb hartzen ditu.
Informazio kopuru handia denez EIZIEko kideek memoria hogei zatitan banaturik eskegi dute, eta nahi duen orok zati bakar bat, batzuk edo denak Internetetik jaitsi ditzake. Dena den, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza jaso duen programa honek administrazioko itzulpengintza ogibide dutenei dago zuzenduta, oro har, beste langileei ez baitzaie erabilgarria izango.
EIZIEko kide eta Donostiako Udalean interprete Karlos Del Olmoren iritziz, "informatika sortzerakoan itzulpengintzak behar berri bat izan zuen" eta "itzulpengintzaren automatizazio prozesua aurrera doa etengabe". Itzulpengintzak Euskal Herrian fraka bete lan du, eta gero eta garrantzi gehiago du mundu zabalean. Hala, Europako Batasuneko erakundeen gastuen %40a itzulpengintzarekin zerikusia duten lanak aurrera eramateko bideratzen da.
Itzulpengintzaren arduraduN.
Orain hamalau urte sortua, Martutenen antolatu itzulpengintza eskola izan zuen iturburuetako bat EIZIEk. Elkarte profesionala den heinean, bertako bazkide izateko itzulpengintzarekin zerikusia duen ikasketaren bat egina izatea eta nolabaiteko eskarmentua izatea behar-beharrezkoa da.
Elkarteak ikastaroak antolatzen ditu, itzultzaileek beren eginbeharrei hobeto erantzuteko. Era berean, bazkideek aholkuak eta laguntza juridikoa jasotzen dute, tarifak zehazterakoan edo editorialekin negoziatzerakoan behar-beharrezkoak direnak.
EIZIEn badira Administrazioan eta beren kabuz lan egiten dutenak, nahiz eta hauetako batzuk Administraziorako zenbait lan egin. Karlos Del Olmok dio eguneroko babak eltzetik atera behar dituenak lan gehiago egingo duela elkarteak aurrera egin dezan.
Halaber, EIZIEk Kontseilua eta beste erakunde batzuekin elkarlanean dihardu, eta "Senez" urtekaria eta "Kera" barne buletina argitaratzen ditu, itzulpengintzaren eta elkarte beraren inguruko artikulu eta berriz osatutakoak. Itzultzaileen elkarteak badu bere web orria, eta bertan "Senez" aldizkariaren azken zenbakiak aurki daitezke
Jon Garańo
Orain dela hilabete batzuk, 2001eko azaroan hain zuzen, ZINEBI Bilboko Dokumental eta Laburmetraien Nazioarteko Zinemaldiak eta Media Antena Euskal Herriak Bilbon antolaturiko ZINEBIDOK 2001 izeneko «pitching» sesio batera joateko aukera izan nuen. Goizean hasi eta gaualdean bukatu zen saio hartan, Euskal Herrian dokumentalak egiten dituzten edota egin nahi dituzten produktora zein free-lance ugari ezagutzeko aukera izan nuen.
Goizean, dokumentalak erosten dituzten Europako herrialdeetako telebista kateetako arduradunek euren telebista kateen politika komertzialaz hitz egin zuten eta arratsaldean, produktorek, bakarka, telebista kate hauetako arduradunekin aurrez-aurre hitz egiteko aukera izan zuten; «pitching» bat burutzeko aukera, alegia.
«Pitching» estatubatuarrek sortutako terminologia da, beisboletik ekarria. Izan ere beisbolean pitcher postuan jokatzen duen jokalariak bateadoreari pilotak botatzen dizkion era berdinean, dokumentalak egiten dituzten profesionalek telebista programatzaileen aurrean euren ideiak botatzera behartuak egoten dira, ideia hauetakoren bat programatzaile hauetakoren batek hartuko ote duen esperantzarekin.
Hau horrela izatearen funtsa telebista kateek dokumentalgintzan zeresan handia izatean datza. Izan ere egun Euskal Herrian egiten diren ia dokumental guztiak telebistan emitituak izatea dute azken helburu. Salbuespenak, Orio eta K-2000 produktorek ekoizturiko «Fatimetu» edota Igeldok azken urteetan ekoizturiko «formatu handiko» dokumentalak, hots, «La Mafia en La Habana» edota «Galķndez». «Zinemarako eginak diren dokumentalak egitea jauzi bat da. Pena da Eusko Jaurlaritzak oraindik dokumental baten eta erreportaje baten artean desberdintzen ez jakitea. EuroparkoBatasunak eta Espainiako Estatuak, ICAAren bidez, desberdinketa hori egiten badakite, baita Canal+, Via Digital edota TVE bezalako kateek ere, zeintzuk horrelako produktuak zinema bezala ordaintzen dituzten», dio Angel Amigok.
Amigo berak, Igeldoren azken dokumentala, «Galķndez», zine formatuan egiteko arrazoi asko ikusten ditu: «Sormen dokumental baterako perfektua da. Inbestigazio lan handia dauka, gai lokal baina era berean internazionala jorratzen du, intriga edota misterioa bezalako elementuak ditu eta bestetik pertsona arruntak nola egoera berezietara egokitu behar izan zuten ilustratzen du».
Orio eta K-2000k ekindako bidea desberdina izan zen, Orio ekoiztetxeko Unai Ibarbiak adierazi digun legez: «Boteprontoan, gehiegi pentsatu gabe eta zenbakiei begiratu gabe egin genuen. Alegia, modu ez profesional batean, bihotzean eta bertan zegoen giza istorio indartsuan pentsatuz». Ibarbia berak, zineman egiten diren dokumentalei buruz galdetzean zera dio: «Zinemarako dokumentalak gero eta gehiago ari dira ekoizten, baita Euskal Herrian ere. Baina hori lortzeko urteetako esperientzia behar da, kontaktu asko eta beste hainbeste eskarmentu. Oraingoz telebistarako ekoizten da soilik eta horri nola buelta eman pentsatu beharko dugu».
Formatu handiko dokumentalak ekoizten dituzten beste ekoizle euskaldun batzuk ere badira, Montxo Armendariz eta, batez ere, Elias Kerejeta, honen lekuko. Dena den, euskaldunak izan arren, Euskal Herritik kanpo produzitzen duten ekoizleak dira hauek, nahiz eta maiz asko euskal gaiak jorratzen dituzten lanak egiten dituzten.
Zine formatuan dokumental gehiago ez egitearen arrazoia, Hegaz produktorako Koldo San Sebastianek horrelako produktuak egiteak dakartzan diru kostuetan ikusten du: «Arazoa, beti bezala, dirua da. Hau da Euskal Herrian dokumental gehiago ez egiteko arrazoi nagusia. Telebistan ere gauzak ez daude batere ondo, bertako arduradunek programak erosterako orduan audientzietan oinarritzen baitira eta ondorioz, dokumentalek panorama zaila daukate».
Nahiz eta inguruko herrialdeetan egiten diren dokumental kopuruarekin konparatuz gutxi diren, ez dira gutxi dokumentalaren aldeko apustua egiten duten ekoiztetxeak, nahiz eta oso kontuan duten akaso ez dela euren ikus-entzunezko produkturik errentagarriena. Dokumentalak egiten dituzten guztiak bat datoz dokumentalak egiteko arrazoi nagusiena dirua ez dela esatean. «Dokumentalak ez dira diruagatik egiten. Dokumental bat egin eta errentagarria izateko, hamar-hamabost bat urte pasa behar izaten dira askotan. Horrek dokumentala hamar telebista katetan saldu duzula esan nahi du», dio Idem ekoiztetxeko Aintzane Pérez del Palomarrek.
Euskal Herrian egiten den dokumental baten batez besteko aurrekontua 100.000 eurotakoa da. Europan dokumentalak egiten potentzia diren herrialdeetan (Alemania, Frantzia, Eskandinaviar herrietan edota Britainia Handian) egiten direnek 200.000 eurotako aurrekontuak izaten dituzten arren, 100.000 euro diru dezente da gero dokumental hauek inork ez baldin baditu erosi nahi.
Aintzane Pérez del Palomarrek argi dauka Europako herrialdeetan hemen gertatzen ez den zerbait gertatzen dela dokumentalak baloratuagoak izateko: «Azkenaldian dokumental batzuk pantaila handian ikusteko aukera izan dugun arren, jendeak ez dauka dokumental bat zinemara ikustera joateko ohiturarik. Ez zaio buruan sartzen zine aretoetan dokumentalak ikusi ahal direnik, are gutxiago horregatik zerbait ordaindu daitekeenik».
Idemeko garapen arduradunak argi dauka jendeak gustukoak dituen gaiak jorratu behar direla. «Istorio pertsonalak kontatu behar dira, gertutik, kanpotik informazioa ematen zuen ikuspuntu tradizional hartatik aldenduta».
Dokumentalak, izan ere, era desberdinetakoak izan daitezke eta gai desberdinak jorra ditzakete. Naturaren inguruan egiten diren dokumentalez gain, «urbanoagoak» diren dokumentalak egin daitezkeela, alegia. Asmo horretantxe dabil mundu honetan hasiberria den Mikel Gońi gaztea. Orain artean herri telebista batean aritu da lanean, baina orain lan hau utzi eta beste bi lagunekin batera ekoiztetxe bat sortzeko ideia dute. Paraleloki dokumental bat egiteko asmoa ere badute: «Egiten diren dokumentalak txarrak ez diren arren, dokumentalen inguruan hutsune bat dagoela ikusi dugu: gizarte korapilotsu batean bizi gara eta hainbat gaiei ez zaie begiratzen agian ętabuĘ direlako. Guk, Martxelo Otamendik behin esan zuen bezala, gai hauek subjektibotasun ondratu batetik jorratu nahi ditugu».
Azken finean, dokumental on baten atzetik gai on bat egoten da beti. Hots, jendearen interesekoa den gai bat edota bere arreta pizten duen gai bat. «Pitching» sesioetara joaten diren telebista kateetako arduradunek horrela ikusten dute: «Dokumental bat egiteko, ideia on, original, egoki eta ondo garatutako batekin topo egin behar da».
Urnietako U-Bit produktorako Jokin Jimenezek ideiak argi dauzka: «Orain artean euskal dokumentalak Euskal Herriko gaiak jorratu izan ditu batez ere. Hau horrela izatearen kontra ezer ez dudan arren, Euskal Herrian gidoilari, tekniko zein produktora onak daude edozein lekuko gaiak jorratu ahal izateko. Guk orain martxan dugun proiektua, adibidez, oso berezia den Hego Amerikako herri indigena batean oinarritzen da».
Gaia oso garrantzitsua dela argi daukate mundu honetan dabiltzan guztiek, baina gaia ez ezik badira garrantzizkoak diren beste elementu batzuk ere. Dokumentalak egiteko beharrezkoa izaten den diru laguntza jaso ahal izateko, adibidez, asko baloratzen da dokumentalaren atzean dagoen enpresak duen esperientzia, jokamolde eta indarra.
Media Antena Euskal Herria-ko bulegoan, Europako Batasunak ematen dituen «Media» laguntzak kudeatzen dira, besteak beste. Bertako buru den Verónica Sįnchezek argi utzi dizkigu gauzak: «Zaila izaten da lan metodologia egokiak erabiltzen ez dakien enpresa batentzat Media laguntzak lortzea. Esan daiteke laguntza hauek ęlehen mailakoĘ produktoreentzat direla, prozesu produktibo guztia ondo garatzen dutenentzat, alegia. Finean, laguntza hauek proiektuen garapenera zuzentzen dira eta ez produkziora».
Dokumental bat egiteko diru laguntza hauetako bat ez, baina Europako Batasunak emandako laguntza bat jaso duenetariko bat Irusoin ekoiztetxea da. «Orain arte batez ere ikus-entzunezko zerbitzuak eskaini eta marrazki bizidunak ekoiztu ditugun arren, aurrez egin genituen dokumental batzuk. Bide hari berriz ekiteko gogoz ginen eta Bhutanen inguruan dokumental bat egiteko aukera ikusi genuenean, bide horri ekin genion. Dena den, prozesu luzea izango da», dio Ińaki Gómezek.
Dokumental bat egiterako orduan oso garrantzitsua da pazientzia izatea, prozesua oso luzea izan baitaiteke. Urteak pasa ohi dira ideia sortu eta dokumentala ikusteko aukera izaten den arte. «U-Biten baliabide teknikoak, pertsona kualifikatuak eta aholkulari egokiak ditugu dokumental bat egiteko, baina gauzak ondo egin nahi ditugu eta honek prozesua luzea izan daitekeela esan nahi du», dio Jokin Jiménezek.
Euskal dokumentalen maila azken urteetan asko igotzen ari dela uste dute honetara dedikatzen diren gehienek. Koldo San Sebastianen aburuz, «Euskal Herrian dokumental txar asko egin izan dira, baina azken aldian gauzak asko hobetzen ari dira nahiz eta oraindik Europako beste herrialde batzuen mailara iritsi ez garen».
Gauzak hobetzen ari direla aitortu arren, Orio ekoiztetxeko Unai Ibarbiaren ustez, Euskal Herrian egiten diren dokumentalen kalitatea hobetzeko ez da gehiegi egin. Egiten diren dokumentalak ETBren aurrekontuen araberakoak dira, alegia aurrekontu baxukoak, eta hori saihesteko produktoreen finantziazio iturria Espainiako edota nazioarteko merkatuan bilatu beharko litzateke. «Eta hor kale egiten dugu ia guztiok, salbuespenak salbuespen. Ez dugu kanpora ateratzerik lortu, ez koprodukziorik sinatu kanpoko produktoreekin eta horrela beste herrialdeetan egiten diren dokumentalen mailara ezin gara iritsi».
Aintzane Pérez del Palomarren ustez dokumentalak tratu berezia behar du aurrera atera ahal izateko. «Diskriminazio positibo bat egitea ondo legoke. Aurten, adibidez, Espainiako zine akademiak, azkenik, dokumental onenari Goya saria ematea erabaki du. Aurrez fikziozkoekin batera lehiatzen ziren dokumentalak, eta jakina, inor ez zen dokumental filmeetaz gogoratzen. Horrelako neurriak beharrezkoak izan daitezke».
Euskal Herrian egiten diren dokumentalak ikusita, hauen etorkizuna nolakoa izango den produktoreei galdetzen zaienean, ez da hauen artean egiten jarraituko direla zalantzan jartzen duenik: «Onak ala txarrak, dokumentalak egiten dira eta egiten jarraituko dira Euskal Herrian».
Verónica Sįnchezen esanetan, Euskal Herriko dokumentalgintzak badu etorkizunari positiboki begiratzeko argudiorik. Euskal Herriko produktora gazte batzuk dokumentalen munduagatik indartsu egin omen dute apustu eta pixkanaka emaitzak lortuko dira. «Gazte hauek dokumentalak gustuko izateaz gain, dokumental bat egiteko beharrezkoak dituzten 100.000 euroak lortzea errazago ikusten dute fikziozko film bat egiteko beharrezkoak diren milioiak baino. Dokumentalen inguruan ematen ari diren aldaketen trena hartzeko gai badira, euskal dokumental oso onak izango ditugu».
Dokumentala, tamalez, fikziozko lanen ondoan gutxietsia dago. Adibiderik garbiena, akaso, Donostiako azken zinemaldian gertatu zen, non Jose Luis Guerinek zuzenduriko «En Construcción» film dokumentalak, kritika eta publikoaren iritziaren kontra, ez zuen sari nagusia eskuratu. Dokumental bati horrelako saria ematea ezohikoa litzateke