BERGARAN JUSTIZIA EUSKARAZ
"Justizia euskaraz" izenburupean bi helburu jarri dituzte 600 auzokide, 17 talde eta Udalak: justizia administrazioan euskaldunen eskubideak errespeta daitezen neurriak hartzea eta euskaldunak berak bere eskubideak dituela kontzientziatzea. Funtzionarioen % 68ak ez daki euskaraz eta lau epaileek ere ez.
USURBILGO GIZON GEHIENAK EUSKARAZ
Sei Elkarteak Usurbilen egin berri du azterketa. Herriko erdigunean eta hainbat auzotan kaleko elkarrizketetan euskaraz zenbat aldiz aritzen diren neurtu dute. Duela zortzi urteko datuekin alderatuz % 7ko igoera egon da eta usurbildarren % 54,4k erabiltzen du euskara kalean. Bada ordea, generoen arteko desberdintasuna: gizonezkoen % 72k darabil euskara kalean eta emakumeen % 44k.
187 ERAGILEK JASO DUTE BAI EUSKARARI ZIURTAGIRIA
Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak 187 ziurtagiri banatu dizkie, euskararen normalizazioa erdieste aldera, hartutako konpromisoak garatzen ari diren gizarte eragileei. Hainbat alorretako erakundeek jaso dituzte ziurtagiriok, besteak beste, kirol federazioek, kultur taldeek eta banketxeek. Kontseiluak Donostiako Kursaalean egindako ekitaldian, bi ziurtagiri mota banatu zituen: «Bidean» eta «Guk Zerbitzua Euskaraz». Lehena jaso zuten eragileak normalizazioaren alde hartutako konpromisoak garatzen ari dira. Bigarren ziurtagiria jaso zutenek, konpromisoak garatzeaz gain, euren zerbitzua euskaraz eskaintzen dute.
.
«BALEIKE»REN EHUNGARREN ETA AZKEN ALEA
Duela bi aste Zumaiako «Baleike» aldizkariak ehungarren zenbakia kaleratuko zuela iragarri genuen. Azken zenbaki horretan, «Baleike»ko kideak ehungarren zenbaki hori azkena izango dela jakinarazi dute. Bi arrazoi aipatu dituzte, proiektuak sendotasun falta duela eta herritarren inplikazio urria.
JUSTIZIA BILA
Orain bi urte antolatu zen lehen aldiz Bilbon Blas de Otero Eguna. Aurten, eta martxoaren 15ean poeta jaio zela 85 urte bete direla-eta, hainbat ekitaldi ari da burutzen. Esaterako, hil honen 18tik 20ra Bidebarrietan foro bat egin da. Alderdi asko jorratu dira. Adibidez, autoreak jasan zuen zentsura. Bertan, «Los poemas vascos de Blas de Otero» liburua aurkeztu zen eta gainera, «Obras Completas» lana osatuko duen zenbait material plazaratu. Bere bizitza pribatuaren inguruko erakusketa ere zabalik dago ekaina bitarte. Honekin guztiarekin, Blas de Otero Fundazioa sortzean hasitako prozesuari jarraituko zaio. Beti ere, poeta garrantzitsu honen ia ezezagunak diren alderdiei justizia egin nahian.
TEKNOLOGIA BERRIEN APUSTUA
MAIATZEAN amaituko dira Donostiako Artelekuko berritze lanak. Guztira, 5.000 metro koadroko azalera izango du areto berrituak. Lehenengo solairua zabalduko da eta bertara pasako dira bigarren eta hirugarrenean zeuden sailak. Azken solairua proiektu berriak gauzatu nahi dituenentzat utziko da. Lan hauekin Artelekuk gestio modu batzuk aldatu nahi ditu eta teknologia berria ezarri. Hain zuzen, teknologia berritzeko xedez, Koldo Mitxelena Kulturunean ere berritze lanetan ari dira. Areto nagusia egokitzen ari dira bideokonferentziak eman eta Internet bidezko ekipoak ezartzeko, zuntz optikoa jarriko dute eta dokumentuen funtsa digitalizatu.
LITERATURARI BURUZKO GUNEA
WEB gune berri bat jarri du martxan «Euskaldunon Egunkaria»k bere gunearen baitan. Literaturari eskaini dio www.egunkaria.com/literatura ataria. Bertan, literaturako berriak, kritikak, iruzkinak, eztabaida foroak edota idazleei idazteko aukera eskainiko da.
BADIOLAREN ATZERA BEGIRAKOA
TXOMIN Badiola artista bilbotarrak garaipen berri bat lortu du bere karreran. Izan ere, Bartzelonako Arte Garaikideko Museoan atzera begirako erakusketa paratu du. Bertan, 1990ean New Yorkera joan zenetik egindako lanak bildu ditu «Malas formas» izenburupean. Bideoa, argazkia, irudien erreprodukzio mekanikoa... dira berak erabiltzen dituen baliabideak. Denboraldi honen aurretik, Euskal Eskultura Berria mugimenduaren partaide izan zen Badiola.
IPAR EUSKAL HERRIA KANTUZ
GURE Irratiak, Xiberoko Botzak eta Irulegiko Irratiak aurten hogeigarren urteurrena betetzen dutela-eta, eta Euskal Irratiak elkarteak bostgarrena, disko berezi bat argitaratu dute Ipar Euskal Herriko hiru irratiek EKHEren laguntzaz. Hain zuzen, «Ipar Euskal Herria kantuz» du izena eta irrati hauek zuzenean grabatutako kontzertuetako abestiez osatua dago. Besteak beste, Mixel Labegerieren «Mendiaren deia» edota Jon Miranderen «Lili bat». Hegoaldean «Gara»rekin batera salduko da.
NARRATIBA SARI BERRIAK
EREIN argitaletxeak, bere 25. urtemugan aurreikusi legez, bi literatur sari sortu ditu. Batak, Erein-Euskadiko Kutxa narratiba saria izena du eta bertara lanak abenduaren 31 baino lehen aurkeztu beharko dira, irabazlea 2003ko martxoan ezagutzera emango delarik. Guztira, 12.000 eurotako saria jasoko du. Bigarrenak, Donostia, Opera Prima izena darama eta inoiz narratiba obrarik argitaratu ez dutenei dago zuzendua. Saria, 4.500 eurotakoa izango da.
CHILLIDAREN OSASUN EGOERA
JOAN den martxoaren 13an ingresatu zuten Eduardo Chillida Donostiako Policlinican. Neumonia larri baten eraginez, egoera oso larrian aurkitzen zela zioten sendagileek. 78 urteko eskultoreak osasun arazoak zituen aspaldian eta horregatik apenas parte hartu du agerraldi publikoetan. Nazioarte mailan euskal artista ezagunena da Chillida. Besteak beste, San Fernando Arte Ederretako Akademiako kide da eta sari ugariren irabazle izan da. Lerro hauek idazterakoan, bere egoerak pixka bat hobera egin zuela zioten sendagileek.
FINALERDIEN GARAIA
BERTSO Ligako saioak amaituta, Nafarroa eta Iparraldeko bertsolari txapelketako finalerdiei ekingo diete. Hiru finalerdi jokatuko dira, Sara, Burlata eta Bidarrain. Bakoitzean sei bertsolarik hartuko dute parte eta irabazle suertatzen direnak joango dira apirilaren 14an Doneztebeko finalera. Eta bertan izango dira puntuazioaren arabera hautatuko beste bost bertsolari.
-Maialen Lujanbioren hitzak dira hauek «Ze Berri?» aldizkarian argitaratuak: «Idazle batek nahi duen denbora guztia du bere ideia lantzeko. Guk, ordea, minutu erdian pentsatu behar dugu zer esan behar dugun, ea une horretarako egokia den, ea egoki adierazia dagoen... Zentzu horretan, guk idazleek baino askoz gehiago arriskatzen dugu».
- Markos Untzeta musikariak honakoa zioen «Gara»n: «Nik abestia istorio bat kontatzeko tresna moduan ulertzen dut, nire ikuspuntua adierazteko, eta uler diezadaten hizkuntza aldatu behar badut, aldatu egiten dut».
- Mariasun Landak «El Pais» egunkarian: «Lore eta txorien haur literatura ez egitea sartu zait buruan. Arazo errealak, haurren problematika sozial eta psikologikoekin islatu nahi izan ditut».
- Ritxi Lizartzak zera idatzi zuen «HABE»n: «Antzezlan bat diruz laguntzeko, gure mugetatik kanpo salgarri eta arrakastatsua izatea exijitzen zaio. Horrek esan nahi du erdarari ematen zaiola lehentasuna. Talde profesionalek erdaratik abiatzen dituzte hamar lanetik bederatzi».
Lasarte-Orian lantegia duen Michelin pneumatiko enpresaren web orrialdean izan gara: www.michelin.es. Bertan enpresak munduan zehar dituen negozioei eta produkzio guneei buruzko informazioa ageri da. Hainbat hizkuntzatan gainera (portugesa, italianoa...), euskaraz ordea hitzik ere ez.
Tere Irastortza da Euskal Idazleen Elkarteko lehendakari berria. Iaz lehendakariorde izendatu zuten eta, Eguzkitzari epea amaituta, berak hartu du postua.
Polo Garat argazkilariak bi erakusketa ditu abian. Lehenak Afrikako mendebaldeko argazkiak biltzen ditu Biarrizko Coliseoan. Bigarrenak Euskal Herriko paisaiak ditu ikusgai Zarautzen.
Fernando Morillok «Ortzadarra sutan» eleberria aurkeztu du. Lana Elkarlaneanen eskutik plazaratu du, eta III. Igartza literatur sorkuntzarako bekaren irabazlea da.
Trapu Zaharrak eta Zanguangok ekoitzitako «Pan con pan» lana eta Trokoloren «De profesión princesa» Espainiako Arte Eszenikoen Max Sarietarako aukeratuak izan dira. Sariak apirilaren 15ean banatuko dira.
Karmelo Bernaola otxandioko musikariak Guerrero fundazioaren Musika Saria jaso du.
Jose Anjel Artetxe arte kritikariaren hitzak dira hauek «Deia»n argitaratuak artea eta produktu kulturalei buruz:
« (...) ćKulturaĆ hitza erreferentzia garrantzitsutzat daukagu baina izenez bakarrik, ziurrenik eduki aldetik hutsik egongo baita. Debordek 50eko hamarkadan ćKulturaren ikusgarritasunaren gizarteaĆri buruz hitz egin zuen. Gaur buru belarri gizarte horretan gaude sartuak. (...) Geroz eta zailagoa egiten zaio jendeari kultura eta ikuskizunak ezberdintzea. ćAntiintelektualismoĆ bortitzean bizi gara. (...) Guggenheimerako badago publiko bat. Baina ez da arte garaikidearen interesarengatik joaten dena, baizik eta eraikuntza ikusteagatik adibidez. Jende bera da Disneyworldera joaten dena. Museoek funtzionatzen dute jostailuren bat eskaintzen duten heinean. (...) (Bisitari) Askok ez dakite erakusketa batera sartu eta aurrean dutena artelan bat den edo bertako lanpara. askotan entzuten da: ćHori nire haurrak ere egingo luke!». XXI. mendean horrelako ergelkeriak entzuten jarraitu behar dugu edo zer? Aurrerapen teknologikoari ez dio humanoak lagundu. Abian dauden hezkuntza planak ez dira nahikoak. (...) Kultura nola bideratu nahi dugun jakin behar da: zerbitzu publiko bat bezala edo enpresa pribatu baten errentagarritasun moduan? Kudeaketa da arazoa. Egungo joera esku pribatuetan erortzean datza eta horretaz asko hitz egin behar da (...)».
Eibarko Udaleko Ego Ibarra Batzordeak web gunea paratu du sarean, egindako lanaren erakusgarri (www.egoibarra.com). Ego Ibarra Batzordearen helburua Eibarko ondare historiko eta kulturala jaso, gorde, aztertu eta zabaltzea da, hori dela eta, Eibarri buruzko testu, argazki eta bideoak jaso dituzte.