PSE-EE nortasun berri baten bila?
Jose Luis Elorza
Galdera bitxia: gaur egungo Eusko Legebiltzarreko indar banaketa kontuan hartuta eta simulazio joko koxkor bat eginez, zer gertatuko litzateke -ahaztu dezagun bost minutuz besterik ez bada gaurko errealitatea-, zer gertatuko litzateke diot, alderdien arteko koalizioak bere ezaugarri ideologiko nagusiren bat kontuan hartuta egingo balira? Gure simulaziorako, hartu dezagun sozialismoa hizpide bezala -zentzu zabal batean noski, sozialdemokrazia ere barne egonik- Legebiltzarreko alderdien artean lau alderdi behintzat badaude sozialismoa edo sozialdemokrazia bere zutabe ideologiko moduan erabiltzen dutenak: PSE-EE, Batasuna, EA eta IU-EB. Hori horrela izanik, zerk egiten du posible ez izatea horrelako koalizio bat? Imajinatzeak ere nahiko lan ematen du.
HORRELAKO galderak eginez ia txantxetan ari naizen norbait galdezka azaldu baino lehen errealitatera jaitsiko naiz. Esango diot baietz, badakidala non bizi naizen, badakidala ETA hor dagoela, izugarrizko ahalmenarekin dena kutsatzeko, geure arteko harremanak usteltzeko, badakidala alderdi horietako batzuk abertzaleak direla eta besteak ez, eta zoritxarrez marra hori gaindiezina bihurtu dela hainbat jenderentzat. Gure errealitatearen marrazkia osatu bitartean, beste gauza ilun asko esango nioke. Baina, noizbehinka ona izaten da geure etxetik atera eta begiratzea zer egiten duten beste tokietan. Gehienbat, besteen ispiluan begiratze horrek geure egoera politikoa bere onetik noraino aterata dagoen erakusten digulako. Galizian, sozialistek (PSG) eta nazionalistek (BNG) koalizioak dituzte hainbat diputazio eta udaletan, eta ez dirudi abertzale izatea edo ez izatea oztopo nagusia bihurtu denik elkarrekin lan egiteko. Andaluzian, Balear Uhartetan eta Katalunian antzeko adibideak aurki genitzake. Inguruko toki gehienetan antzeko akordioak posible badira, zer demontre gertatzen zaigu euskaldunoi?
PSE-EEn Nicolás Redondoren dimisioak ireki zuen formalki krisia. Askok pentsatzen dute krisi honen oinarria joan den urteko maiatzean egindako hauteskundeetan PSE-EEk lortutako emaitza eskasean bilatu beharko litzatekeela. Nire ustez, krisi honen arrazoiak atzeragotik datoz, 1993an bideratu zen PSE eta EEren arteko konbergentzi prozesuan. Ramón Jauregik burutu zuen handik sortutako PSE-EE. Mezu berri bat zabaldu nahi zen: bazegoela beste modu bat euskalduna izateko, euskaltasuna sentitzeko, batzokitik sortu gabe bazegoela Euskadi lideratzeko gai izan zitekeen alternatiba bat. 1993ko ekainean estatuko hauteskundeak izan ziren PSE-EEren lehenengo proba. Emaitzak oso onak izan ziren. PSE-EE sinesten hasi zen 1994ko urrian egin behar ziren hauteskunde autonomikoetan posible zela EAJ-PNVri irabaztea, edo gutxienez, oso gertu geratzea. Horretan genbiltzan «la caja de los truenos» ireki zenean. PSOE boterean zegoen estolderia lehertu egin zen: Roldán, Rubio, GAL, korrupzioa... Astindua ez zen nolanahikoa izan. Ramón Jauregik eta berarekin PSE-EEk, 1994ko autonomikoetan izugarrizko zaplastakoa jaso genuen hautesleen aldetik. Baina okerrena ez zen izan botoen galera, sozialistek garrantzi handiagoko zerbait galdu genuen orduan: sinesgarritasuna.
PSE-EEk bere kongresuan zer izan nahi duen erabaki beharko du. Zergatik hainbat euskaldunek galdu duten konfiantza berarengan, eta halaber, ea sozialistek Euskadin herri bezala sinesten jarraitzen duten, baita Euskadin proiektu bezala ere. Eta erantzuna baiezkoa bada, ea nola gauzatzen den Euskadiren proiektu hori etorkizunera begira. PSE-EEren kongresua taktika politikoren eztabaida hutsean gelditzen bada, porrotean bukatuko da. Arazoa ez da PPrengana gerturatu edo EAJ-PNVrengana hurbildu. Kongresuaren erronka nagusia sinesgarritasuna berreskuratzea da. Sinesgarritasuna barne indarretan, sinesgarritasuna euskal gizarteari proposatzen diogun proiektuan, baita euskal gizartearengan sinestea ere, zeren ez badugu benetan sinesten euskal gizartean nola eskatuko diogu bere konfiantza guregan edo gure proiektuan?
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.