Eeuskaraz bizitzeko eskubidea aldarrikatzen duten bi kanpaina egin dira azken bi hilabeteetan Nafarroan: bata otsailean jorratu genuen Oinarriak elkargunearen «Euskaraz, eskubide osoz!» eta bestea IKA koordinakundearen «Ya somos 100.000 navarros/as». IKAko Arturo Campion euskaltegiko zuzendari eta kanpainako koordinatzaile Sagrario Alemanekin izan gara eta gaztelania hutsean egindako kanpainaren nondik norakoak eta hark izandako oihartzuna izan ditugu hizpide.
Kanpainak erdaldunak izan ditu jomuga, sentsibiliza daitezen. Gainera, kanpaina gehienak euskaldunei edo hurbileko jendeari begira egin izan direla oharrarazi du Alemanek. Horrexegatik egin dute kanpaina gaztelaniaz, erdaldunek ez zituztelako ulertzen. Halaber, hizkuntza eskubideak erdaldunenak ere badirela esan nahi izan dute, eskubide horiek errespeta daitezen bidea erraztea badutela, euskara ikasiz gero hizkuntza bat edo bestea erabiltzea hautatzeko askatasuna izango dutela. Bestetik, euskararen prestigioa berreskuratzea izan du helburu. «Gobernutik eta inguruetatik desprestigioa sortzen duten mezuak eman dira. Jende askok oraindik pentsatzen du euskara ez dela Nafarroako hizkuntza, eta sinestarazi diete edo beraiek zuten uste hori indartu egin diete. Argi eta garbi zera adierazi diete hainbat esaldi eta artikuluetan: lingua navarrorum ez zen euskara, baizik eta Nafarroako erromantzea», adierazi digu Sagrario Alemanek. Horri beste hainbat mezu gehitu behar zaizkio: egun irakasten den euskara asmakizun bat dela, benetako hizkera Hegoaldeko goi nafarrera dela, ikastoletan irakasten dutena Nafarroaren kontrako historia dela... Alemanek dioenez, orain arte euskaltegietara hainbat pertsona hurbiltzen zen «nire hizkuntza delako ikasten dut euskara» esanez edo lanerako egokia zela iritzita.
Kanpainak izan-dako oihartzunarekin pozik ageri dira IKAn. Kontrako erreakzioren bat izan da, baina gehienek ondo hartu dute. Jende askok deitu du IKAko euskaltegietara eskaintzen dituzten ikastaro arruntez, udako ikastaroez eta barnetegiko egonaldiez galdezka. Batzuek euskarari berari buruzko galderak eta IKAri buruzkoak egin dizkiete. Izan da halaber kanpainagatik zoriontzeko euskaldunen deirik. Horiez gain, bete du beste funtziorik kanpainak. Irailean matrikulazioak jaitsi ziren azken urteetako joerari jarraiki. Otsailean, ordea, aurreko urtean baino matrikulazio gehiago egon da, iaz lehen urratseko bi talde abiatu ziren eta aurten hiru
![]() |
|
||||
1845 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa