EZTABAIDATIK HASI ETA ERAGIN PRAKTIKORAKO BIDEAN
Nagore Irazustabarrena
Luze eta zabal hitz egin zen joan den urte amaieran Leitzako topaketetan. Une honetan, jorratutako guztiaren lehen zirriborroak dituzte esku artean, bertan jardundako hizlariek egindako laburpenak. Informazioa biltzen eta egokitzen hasi dira dagoeneko eta uda partean edo irailean lana amaitu eta ondoren argitara ematea da euren asmoa.
Abenduko topaketetan lau eremu landu ziren: sozioekonomikoa, hezkuntza, komunikabideak (alboko koadroan azaldu duguna) eta kultura.
Sektore sozioekonomikoa lehenago ere neurri handian landutako gaia da, sindikalgintzatik batez ere. Emakumearen funtzio ekonomikoaz, lanaren banaketaz, pobreziaz... hitz egin zen eremu honen barruan, prekarietateari, osasunari eta kontsumoari ere arreta berezia eskainiz.
Hainbat datu deigarri ipini zen mahaigainean, besteak beste, 1995ean Espainiako Estatuko emakumeen %45,2 «jardunean» izanda ere, hauek lan errenta osoaren %18,6 besterik ez zutela jasotzen, edo Hego Euskal Herrian pobreziaren eragina laukoiztu egiten dela emakumea buru duten etxeetan (emakumearen pobrezi tasa %15ekoa da eta gizonena %4,5ekoa).
Hezkuntzaren gaia lehenago landua izan bada ere, eta sexismoa saihesteko ahaleginak ugarik izanik, oraindik hutsune handiak daudela ikusi zen, praktikan oraindik rol ezberdinak egokitzen zaizkiela neska eta mutikoei.
Hezkuntzaren eremu honetan diagnostiko orokorra egin eta erronka nagusiak zehazteaz gain, hainbat ikastetxe proiektu ezagutarazteko tailerrak burutu ziren.
Kulturako esparrua, aldiz, ordura arte landu gabeko eremua zen. Izaskun Guarrotxenak esan digunez, «arlo kulturalean ez dago ezertxo ere, ezta hausnarketarik oinarrizkoena ere». Esparru horretako jende asko biltzea ez zuten lortu gainera eta lan asko dago egiteko sektore honetan.
Finean, lau eremu nagusi horiek jorratuz emakumeak gizarte honetan bizi duen egoera sakon ezagutzea bilatzen zen, gizarte honen bitarteko ideologikoak (hezkuntza, kultura, komunikabideak) eta irizpide ekonomikoak ezagutzea, gero eremu horietan zer lan egin behar den zehazten hasteko.
Baina jardunaldiok iraun zuten hiru egunetan ez zituzten soilik lau zutabe horiek izan hizpide. Bestelako gaiei ere toki egin zitzaien tailer, hitzaldi zein mahainguruen bidez.
Besteak beste emakumeak legearen aurrean bizi duen egoeraz jardun zuten. Emakumea biktima denean legeak ez duela behar bezala babesten azpimarratu zuen Miren Ortubai, Arartekoaren bulegoko kideak. Mati Iturralde mediku eta preso ohiak aldiz emakumeak kartzelan pairatzen duen egoeraz jardun zuen.
Amatasunari buruzko mahainguru bat ere izan zen eta bertan gai honetan gizarteak erantzukizun handiagoa hartu behar duela azpimarratu zuten mahaikideek. Familiaren egituraketan baloreak aldatzeaz eta aitatasunaren garrantziaz ere jardun zuten mahainguru honetan.
Horretaz gain, emakume etorkinei buruzko mahaingurua, identitate sexualaren inguruko tailerra edo gazteriaren inguruko hainbat hitzaldi ere burutu ziren iragan abenduko asteburu hartan.
Orain han bildutako informazio guztia hedatzeko eta ezarritako oinarrietatik proiektu zehatzak sortzeko lana dator
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.