Hasi da urteko lehenengo hegazti pasea, negua Afrika tropikalean eta Iberiar penintsularen hegoaldean igaro ondoren. Hegazti migratzaileak bueltan datoz berriz udaberriaren usainean, habia egiteko eta kumeak hazteko garaia helduko baita. Baina eurekin dakarte urteroko polemika bera, alegia kontrapasan ehiza baimentzearena.
Pagausoa, negua Iberiar penintsulan igaro ondoren, Europaren iparraldera abiatzen da eta, gainera, ez ditu erabiltzen udazkeneko pasean erabilitako migrazio bideak, modu sakabanatuagoan pasatzen da, nagusiki kostako bidea jarraituz.
Hegazti espezien erdiak migratzaileak dira, baina zerk bultzatzen ditu leku aldaketa hauek egitera? Arrazoi nagusia, elikagaien eskuragarritasuna izango da, negu gogorrean beti ere zailagoa baita jakiak lortzea. Hegazti migratzaile batzuek, negualdia, Afrika tropikalean igarotzen dute, hauei migratzaile transahariarrak deitzen zaie. Bidaia luze hau egiten dutenen artean, enarak, lertxunak eta mokozabalak aipa ditzakegu. Beste zenbaitzuk ez dute hain bide luzea egiten, Mediterraneo inguruan gelditzen dira negua pasatzen, Iberiar penintsularen hegoaldean alegia, edo Ipar Afrikan. Azken hauek migratzaile presahariarrak dira, hauen artean aipa ditzakegu uso, hegabera, birigarro, antzar eta ahateak.
Hegazti hauek orientazio ahalmen izugarria dute, egunez eguzkia izango dutelarik gidari eta gauez izarrak, euren ordulari biologikoek ere ez diete hutsik egiten. Hegaztien gehiengoak bidaia luze hau, hainbat etapatan banatzen du, gutxi gorabehera 320 kilometrokoak. Baina espezie asko dira datu hauetatik urruntzen direnak. Honela, enara arrunta adibidez, gai da etapa bakar batean 1.500 kilometro egiteko gelditu gabe.
Hegazti hauentzat Euskal Herria trantsizio gune garrantzitsua da, batetik Pirinioak eta bestetik Kantauriar mendilerroa baititugu. Mendilerro hauek kanalizatu egiten dute hegaztia. Bide batez, zenbait hegazti espeziek (ahate, antzar, murgil handi, kopetazabal), hezeguneetan paradatxo bat egiteko astia hartzen du. Badira hegaztiak ondo egokitu eta negua bertan pasatzera animatzen direnak ere, bertako klima ez baita horren gogorra. Honela, udazken aldean eta udaberrian aukera paregabea dute hegazti zaleek jakin mina asetzeko. Horretarako, egokitutako behatoki dezente ditugu Euskal Herrian. Batetik, Urdaibai (Bizkaia) eta Txingudi (Gipuzkoa) kostaldean, eta bestetik, barne hezeguneak, Mendixurreko parke ornitologikoa Araban eta Nafarroan esate baterako, Pitillasekoa...
Kontrapasa garaian beti ehiza dela-eta polemika sortzen da, batzuen eta besteen artean. Zergatik da hain garrantzitsua kontrapasan doazen hegaztiak errespetatzea?
Argumentu ezberdinak genituzke. Ikuspuntu biologikotik esan dezakegu bueltan datozen aleak laster habia egiteko daudela, ondorengoak emango dituzten aleak direla. Gainera, neguko gogortasun guztia gainditu dutenek, hautespen latza jasan dute. Azken finean, indartsuenak ehizatzeko arriskuan leudeke, populazioen mantenua sostengatuko luketenak. Gainera, ehizagarriak ez diren beste espezietan ere eragina izango du, hegazti zein ugaztunak ere umatze garaian egongo direlako.
Zein neurritan eragingo luke ehizak espezie horien populazioen egoeran?
Ziurrenik ez da ehiza izango populazio hauen gainbeheraren arrazoi nagusia. Basogintzaren eta nekazaritzaren ustiaketa intentsiboek izan dezakete eragin handia, habia egiteko guneak deusezten direlako eta elikagaiak lortzeko zailtasunak dituztelako, azken batean, euren habitat naturala eraldatzen delako.
Zein ikerketa bide jarraitzen dira hegazti migratzaileen inguruan?
Ikerketa bide garrantzitsuak pagausoaren inguruan egin dira nagusiki, migrazioaren nondik-norakoak aztertzeko erradiotransmisore aurrerakoien bidez, eta baita negupasaren inguruan ere. Beste ikerketa bideak hauen kontaketen ingurukoak dira
![]() |
|
||||
1845 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa