LA IDEA DE NACION...
Batzuen artean
UTRISQUE VASCONIAE
145 orrialde
12,02 euro
ZER ULERTZEN DUTEN NAZIOTZAT EUSKAL HAURREK
Jokin Apalategik, EHUko Giza Mugimenduen Psikosoziologiako katedratikoak, osatu du Utrisque Vasconiae argitaletxeak kaleratu duen «La idea de nación en los niños vascos» ikerketa, Nekane Balluerka eta Xabier Isasi estatistika adituen laguntzaz. Lan honetan, 6 urtetik 14ra bitarteko neska-mutikoek Euskal Autonomia Erkidegoan zein Nafarroan naziotzat zer ulertzen duten aztertzen da, adin horietako haurrekin izandako elkarrizketen bidez. Jean Piaget eta Anne Marie Weilek Suitzan, eta G. Jahodak Eskozian eginiko ikerketetan erabili zituzten gidoiak egokitu dira elkarrizketa horiek egin ahal izateko, eta galdera-sorta moduan aurkeztu. Froga osagarri gisa, beraiek marraztutako mapa batean Euskal Herria, Espainia eta Frantzia koka zitzatela eskatzen zitzaien euskal haur horiei. Txikienek, mapa egiten ez zekitenez, lore bat edo txori bat erabiliz irudikatzen omen zuten Euskal Herria. Lortutako ondorioen arabera, Europako haurren gehiengoak baino nortasun errealitate zailagoari aurre egin behar diote euskal haurrek, bi nazio kontzeptu arrazional baina kontrajarriak daudelako hemen eragiten, eta hori haurrek jaso egiten dutelako.
AGUR, DARWIN ETA BESTE ARKEOLOGIA BATZUK
Jon Alonso
PAMIELA
135 orrialde
9,62 euro
JUAN ZELAIA SAIAKERA SARIA 2001
Zer pentsa ugari ematen dute Jon Alonsok «Agur, Darwin eta beste arkeologia batzuk» liburuan literaturatik abiaturik literatura beraren, euskararen eta gure herriaren inguruan agertzen dituen gogoeta ausartek. Iaz Kulturaren Aldeko Euskal Fundazioak eta Pamiela argitaletxeak lehen aldiz antolatu zuten Juan Zelaia saiakera lehiaketaren irabazle izan zen Jon Alonso nafarra idazlan honekin. Zazpi ataletan banaturik dago «Agur, Darwin eta beste arkeologia batzuk»: liburuari izenburua ematen dion «Agur, Darwin», «Nafarroa Sizilia da», «Traidorearen eta heroiaren gaia», «Ardo ezina (asmazio kaltebako baten kronika)», «Asmazio kaltegarri baten ajeak, sendabelarrak eta bestelako ortopediak», «Psikiatraren etzatokian» eta «Medeak bere semeak hil nahi ditu?».
EUSKAL HERRIAREN HISTORIA
Iñaki Egaña
TXALAPARTA
74 orrialde
6,61 euro
10 URTE INGURUKO NESKA-MUTIKOENTZAT
Hamar urte inguruko neska-mutikoak izan ditu gogoan Iñaki Egañak «Euskal Herriaren historia» hau osatzeko orduan. Haitzuloetan bizi ziren gure arbasoetatik hasi eta 1998an espazioratu zen lehen euskal herritarrarekin amaitu arte, gure herriaren historian jazo diren gertakari nabarmenenak jaso ditu egileak hamar ataletan banatuta dagoen liburu txiki honetan. Erromatarren Inperioak Euskal Herrian izandako eragina aztertzen du horietako batean; besteetan, berriz, Barbaroak, frankoak eta arabiarrak; Baskoniako dukerria eta Iruñeko erresuma; Euskal Herria Erdi Aroan; Nafarroaren konkista; Auzokoekin harremanak; Gillotina eta deportazioak; Foruen defentsa eta Modernitatea.
8 OLIVETTIS POETICOS
Batzuen artean
HIRU
123 orrialde
8,11 euro
MINA ESPAZIOAN SORTU ZEN ANTZERKIOLA
Jadanik desagerturik den Bilboko Mina Espazioan ekin zion bere abiadurari «8 Olivettis Poéticos» antzezlanaren sortzaile den Antzerkiola Imaginarioak. Hamabost pertsonak osatzen zuten: hamaika antzezlek, musikagile batek, argiaren artistak eta pertsonaiei hitza emango zieten bi poetek. Antzerkiola Imaginarioak jende ororenganaino irits zitekeen antzezlana egin nahi zuen, sormen esperimentalean oinarrituz. Horrela egina da 1999ko maiatzaren 27an Mina Espazion lehen aldiz ikusi ahal izan zen «8 Olivettis Poéticos». Itxitako egunkari baten erredakzioan, antzezleak: ikuslea, egunkariko zuzendari punky-zibernetikoa, bere idazkaria, urdanga-junkiea, terrorista poetikoa, hipermatematikoa, neskato gaiztoa, azti itsua, dantzari erretiratua, autista...
ITZIAR OKARIZ
Batzuen artean
EUSKO JAURLARITZA
84 orrialde
6,01 euro
ITZIAR OKARIZEN ARTELANA IKUSGAI
Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak eratutako Gure Artea lehiaketan 2000. urtean sarituak izan zirenen artean Itziar Okariz artista donostiarra zegoen. Eta hain zuzen Itziar Okarizen artelanak biltzen ditu liburu eder honek. 1990ean Arte Ederrak amaitu eta Arteleku zentroan sartu zen, eta zentro horrek eta EHUk batera antolatu zuten artista trukeari esker, handik bi urtera iritsi zen lehen aldiz Berlinalera. Garai hartakoak dira giza ileaz nahastuta egin zituen latexko piezak, silikonazko bularretakoz eta abarrez osatutako lan multzoa. Haatik, 1995etik aurrera, bideoan eta argazkian soilik jardun du Itziar Okarizek, «Ansium» deitu lana salbuespen bakarra delarik. Lan horrek latexko zenbait pieza agertzen du, artifizialki pintatuak.
TENTO ETA PELUTXEZKO HARTZA
Rikardo Alcántara/ Gusti
IBAIZABAL
28 orrialde
3,34 euro
TENTO ETA BESTEENGANAKO ERRESPETUA
Ibaizabal argitaletxeak kaleratzen duen «Tento» bilduma etxeko txikienei zuzendua dago, bost urtetik aurreragoko irakurleei. Tento txakurtxoa daukate protagonista, baina hari gertatzen zaizkionekin erraz identifika daitezke neskato eta mutikotxoak, beraiek ere bizi izan dituzten edota bizitzeke dauzkaten esperientzietan baitaude oinarriturik Ricardo Alcántarak idatzi, Iñaki Zubeldiak euskaratu eta Gustik marraztutako istorio hauek. «Tento eta pelutxezko hartza» deitu ipuinean, horrelako panpin bat oparitzen diote txakurtxoari. Hainbeste gustatuko zaio, berarekin lo egitera ere eramango duela. Baina halako batean ohartuko da hartzak ez duela berarekin sekula hitzik egiten, ez jolasten, eta guztiz haserretuko da Tento pelutxezko hartzarekin.
EUSKERA
Batzuen artean
EUSKALTZAINDIA
545 orrialde
EUSKALTZAINDIAREN LAN ETA AGIRIAK
Aldizkari hau Euskaltzaindiaren agerkari ofiziala dugu. Azken zenbaki honetan, besteak beste, honako hauek aurki daitezke bertan: «Iker» sailean, Herri Literaturako VI. Jardunaldiak, Euskal fraseologia, Linguistika, Gramatika, Onomastika, Mendeurrenak eta Batzar-Agiriak jasotzen dituzten lanak «Jagon» sailean, berriz, Euskararen egoera Nafarroan eta hori dela-eta Euskaltzaindiak eginiko aldarrikapena, hala nola Jean Haritschelhar lehendakariak Nafarroako gobernuburuari bidalitako gutuna eta Miguel Sanzen eskutik jaso zuen erantzuna. Eta berriak jasotzen dituen atalean, Euskal Herriko Unibertsitatearen eta Euskaltzaindiaren arteko hitzarmena eta, halaber, Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Orokorrarekin Euskaltzaindiak lortutakoa.
«DESTINO NORTE»REN LEHEN EMAITZA DISKOAZ
EMPEZAR DE CERO
Destino Norte
HIRUSTA RECORDS
10 kanta
14 euro
Pop ukituak nabarmendu daitezke Juanjo Nieblak eta Esteban Garciak osatzen duten «Destino Norte» taldearen lehen CDa den «Empezar de cero» honetan. Musika estilo ezberdinen pop ukitua, soinu elektronikoz eta gitarra elektriko indartsuz osatua. «La Sombra del Sol» deitzen zen musika bandako partaide izan ziren, desegin zen arte; eta beste zenbait taldetan ere jo izan dute, duela 24 urte Donostian jaio arren beren bizitza osoa Urnietan egin duten taldekide biak. «Empezar de cero»n amodioa, gerra, heriotza eta abarren inguruko hamar kanta eskaintzen dituzte Juanjoren ahotsak eta Estebanen gitarrak: «Amistad», «Caminante», «Sabes», «Latidos», «Estoy solo», «Personalidad», «Pirata sin valor», «Quisiera ser», «La sombre del sol» eta «Soledad».