Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-08-12 14:27:06
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2002-03-10 -- 1845.zenb


PRESIDENTEGAIENTZAKO TESTAK

Frantziako lehendakaritza hauteskundeak direla-eta, Euskal Konfederazioak euskararen egoerari buruzko testa igorriko die hautagaiei. Lau izango dira galderak eta bai edo ez erantzun beharko dute hautagaiek. Besteak beste, Konstituzioaren 2. artikuluaren aurrean duten jarrera agertu beharko dute eta gainerako hizkuntzak ofizial bihurtuko lituzkeen artikulu berria idatziko luketen erantzun beharko dute.


«EUSKARAZ MINTZA» DAITEZEN

Haur eta gurasoen arteko euskarazko komunikazioa errazteko asmoa duen liburu eta CDa kaleratu ditu Sortzen-Ikasbatuazek. Bertan 42 joko eta 30 abesti biltzen dira. Mementoz Nafarroan banatuko dira eta beste herrialdeetan aurrerago ekingo zaio banaketari. Argitalpenen helburua testuinguru erdaldunetako haur euskaldunei hizkera kolokialeko erregistroak eskaintzea da. Liburu eta CDaren argitalpena izen bereko programaren hirugarren fasea da.


TREBIÑO ELEBIDUNA DELA ONARTU DUTE

Trebiño eta Argantzunek komunitate elbiduna osatzen dutela ebatzi du Gaztela-Leongo Auzitegi Nagusiak. Epaiak Espainiako Administrazioak Trebiñoko Udalaren erabaki baten aurka jarritako helegite bati erantzuten dio. Izan ere, Trebiñoko Udalak, udaletxe aurrean, herriak Araban sartzeko egindako eskaera guztiak gogoraraziko zituen plaka bat euskaraz eta gaztelaniaz jartzea erabaki zuen. Egun, plaka hori daraman eskultura dago udaletxeko sarrera nagusia.

.


KINTANA GOENAGAREN ORDEZ

Xabier Kintana arituko da Euskaltzaindiako idazkari lanetan hemendik aurrera. Orain arte Patxi Goenagak bete du kargua, baina urtarrilean dimisioa aurkeztu zuen, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburorde izendatu zutela-eta.


HAUSNARKETA MUSIKALA

Buenawista Prolleckzioms elkarteak lehenengoz musika industriaren funtzionamendua aztertzeko jardunaldiak antolatu ditu Donostian. «Hiri musikak» izenburupean, hausnarketa espazio bat sortu nahi du. Horretarako, martxoaren 15ean Bideo musikalen proiekzioa eskainiko du Liburutegi Zentralean. 16an berriz, hiru mahainguru prestatu dira Egia Kultur Etxean. Lehenak kontzertuen antolaketan diharduten profesionalak bilduko ditu; bigarrenak, diskoetxeetako ordezkariak; eta hirugarrenak, hedabideak. Azkenik, hilaren 17an, Señor No eta The Astrozombies taldeek itxiera kontzertua emango dute.


POESIA BILDUMA BERRIA

POESIA bilduma bat jarriko du martxan udaberrian Elkar argitaletxeak. Hain zuzen ere, azkenaldian genero honetan kaleratutako obren kopurua txikia izan dela aitzaki hartuta erabaki horixe hartu du. Lehenengo bi liburuak apirilean izango dira kalean. Juan Mari Irigoienena bata: «Letra txikiaz bada ere» izenekoa. Bertan, protesta soziala burutu du batzuetan, besteetan bizipoza edo erotismoa landuz. Bigarren liburua Ander Iturriotzena da. «Mugaren ariketa» du izena eta prosazko zati laburren bidez gogoeta esentziala egiten du.


EUSKAL ZINEMA ASTEA

HEMEZORTZIGARRENA du aurtengoan Gasteizko Euskal Zinema Asteak. Hauxe da hain zuzen euskal zinegileen azken lanei eskaintzen zaion jaialdi bakarra. Vital Kutxak antolaturik martxoaren 2an amaitu zen. Guztira, 12 luzemetrai eta 14 laburmetrai ikusi ahal izan dira. Besteak beste, Ibon Cormenzanaren «Jaizkibel», Julio Medemen «Lucia y el sexo» edota Manuel Gutierrez Aragonen «Visionarios». Gainera, martxoak 7an lehengo urteko irabazleak eskainiko dira, alegia, «Yoyes», «Jardines deshabitados» eta «Hauspo soinua». Aurtengoak kontuan harturik, 182 luzemetrai igaro dira Euskal Zinema Astetik, eta 247 laburmetrai, 1985ean hasi zenetik.


ARABAN, ASPALDIKO PARTEZ

ARABAN erroldatua egotea da hemezortzi urte eta gero aurten egingo den Arabako Bertso Txapelketan parte hartu ahal izateko bete beharreko baldintza bakarra. Hamaseiko zerrenda osatu da. Irati Anda, Zigor Enbeita, Iñaki Viñaspre, Andere Arriolabengoa, Ekaitz Elorriaga, Lierni Altuna, Alberto Martinez, Ane Zelaia, Olatz Perea, Karla Santisteban, Manex Agirre, Rikardo Gonzalez de Durana, Ruben Sanchez, Asier Otamendi, Oihane Perea eta Juan Mari Juaristi. Martxoaren 9an hasiko da Laudion eta Gasteizen jokatuko da finala maiatzaren 11n.


IPARRALDEKO ARTISTEN BILDUMA

IPARRALDEAN sortu, zendu, bizi, bertan erakusketa ugari egin edo hau askotan margotu duten artisten hiztegi bat osatu du Gilbert Desport historialariak. «Iparraldeko artisten hiztegia» izenburupean, Biarrizko Atlantica argitaletxeak kaleratuko du XVIII. mendetik gaur arte marrazkilari, ilustratzaile, grabatzaile, margolari, zizelkari eta margolari arkitektoak biltzen dituen liburua.


DANTZA ZALEEN GUNEA

EIBARKO Kezka Dantza Taldeak egin ditu www.dantzan.com web gune berriko edukiak. Dantza zaletuak eta dantzariak harremanetan jartzeko xedea du eta honako edukiak ditu: albistegi interaktiboa, dantzaren inguruko argitalpenak, hemeroteka, 3.000 sarrera inguruko bibliografia, eta posta zerrenda zerbitzua.

-Jose Ignacio Ansorenak honakoa adierazi zuen «El Diario Vasco»n: «Txistuak ez du æOperación TriunfoÆ bezala saltzen, baina emozionatu egiten du: horretan du arrakasta».
- Juan Luis Zabalak idatzia da honakoa «Euskaldunon Egunkaria»n: «Filologoen portzentajea handiegia omen da euskaldunon artean; filologokeria gehiegizkoa literatur sorkuntzaren oztopo omen da; (...) Filologo txarren beldur izateko baino filologo onen beharrean sentitzeko motibo indartsuagoak ez al ditu, oraindik ere, euskal literaturak?».
- Fran Lasuen ETBko «El Gallinero» saioko zuzendariak zera zioen «El Pais» egunkarian: «Antzerki hitza krisiarekin doa beti, inoiz ez dut beste ezertaz hitz egiten entzun. Kontsumo masibokoa ez izan arren ordea, antzerkia ez dagoela krisian uste dut».
- Andolin Eguzkitzak eginiko adierazpenak dira hauek «Zabalik» astekarian: «Pentsatzeko gauza gara hizkuntza dugulako. Era berean, hizkuntzaren bidez gauzen kontzientzia hartzen dugu eta historian kokatzen gara. Ezinbestekoa da , hortaz. Askotan gazteak ez dira hizkuntzaren balioaz jabetzen».

Carrefour saltokien iragarki bat iritsi zaigu eskuetara eta gure amorrurako, gaztelania hutsean zegoen. Ez da gaurko kontua; saltoki askok, bertakoek nahiz kanpokoek, egiten dituzte gaztelania eta frantses hutsezko iragarkiak. Euskarazko hitzen bat sartuko balute sikiera!

Vaiven Produkzioakek «Murphy gainetik kendu ezinda» obra estreinatuko du hil honetan. Ander Elizondo da egilea eta Santiago Sanchez zuzendaria. Nagore Aramburu, Olatz Beobide, Aitor Gabilondo, Patxi Perez eta Oscar Terolek hartuko dute parte euskarazkoan eta gaztelaniazkoan, Ana Pimenta gehituko zaie.
Miriam Ocariz bizkaitarrak Madrileko Cibeles Pasarelako diseinatzaile berrien kolekzio hoberenaren LÆOreal saria jaso du.
Aitor Elorriaga bizkaitarrak «Un día gris» laburmetraia aurkeztuko du maiatzean Bilbon. Hamaika minutu irauten duen filmak 18.000 eurotako aurrekontua izan du.
Amaia Zubiriak «Haatik» izeneko diskoa plazaratuko du Elkarren eskutik udaberrian. Bertan bere kanturik esanguratsuenak eta zenbait berri grabatuko ditu.

Josemari Carrerek «Hika» aldizkarian idatziriko artikulu batean honakoa zioen:
« (...) Lehengoan antzerki lan bat ikustearen ondorioa da gogoeta hau. Modan jartzen ari den telebistako «El club de la comedia» delako saio horien antzeko emanaldia zen. Lau aktore eskenatoki hutsean. Bakoitzak gai bati heldu eta horren gainean komentarioak egiten hasten dira, irribarre egitekoak denak. (...) Ez da ideia txarra, teorian. Eta egia da ikusleak barre algaraka pasatzen duela emanaldia. Arazoa dator antzokitik irtendakoan konturatzen zarela ez dutela ezer esan, ez dizutela ezer kontatu (...). Pentsatzen duzu, agian, barrearen bidez osasuntsuago bizi zaitezen antolatzen diren ikastaro horien osagarriren bat izango ote den. Baina ez. Ez duzu inongo saiheskako helbururik bilatu behar. Eta hau modan jartzen ari da. Eta ulertzen saiatzen naiz. Eta ez dut ulertzen. Zahartzen ari ote naiz? Izan ere ikusle gaztea da hauen jarraitzaile sutsuena. Hau al da antzerkiaren tendentzia berria? (...) Zergatik jartzen da modan orain, garai hauetan, halako ikuskari mota? Erantzun bakarra etortzen zait burura. Gizartean ezarri nahi duten bizitze ereduaren arlo bat baino ez da. Astean zehar lan egin ezazu eta etxebizitza, kotxea eta ez dakit zenbat gauza ordaintzeko dituzun arazoak ahazteko barre egizu, baina hori bai pentsatu behar izan gabe, pentsatzeak arazoak sortzen baititu, batez ere botereari (...)».

Kaktusei buruzko informazio bila bazabiltza, jo ezazu Euskal Kaktus webgunera (www.geocities.com/euskal_kaktus). Bertan haien historia laburra, erabilerak eta banaketa geografikoa zein den jakiteko aukera duzu. Horrez gain, kolaborazioak argitaratzeko aukera eskaintzen du guneak.

hemeroteka

1844. zenbakia | 2002-03-03
1843. zenbakia | 2002-02-24

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan