Lehendabizi frankismoaren atzaparrak saihesten zituzten gau eskolak eta ikastolak izan ziren. Gero, joan den mendearen 80. hamarkadan indartutako ikastolak, euskaltegiak eta komunikabideak euskararen erabileraren normalizaziorako gune bilakatu ziren. Euskal gizarteak bertoko hizkuntza berreskuratzeari ekin zion, eta euskal hiztunen kopuruak gora egin zuen. Euskaltzaleek egin lan eskergak bere fruituak ematen hasi zen, batez ere belaunaldi gazteenetan. Baina gaztetxo hauek hazi eta gaztelera nagusi zen lan-mundura sartu ahala, eguneroko eginbeharrak gazteleraz burutzera ohitu ziren. Egun ere lan munduan gaztelania da nagusi, baina pixkana euskara areagotzen ari da.
Langileak, plangintzaren bultzatzaile nagusiak.
Bigarren fasea, berriz, diseinua da. Alde batetik, planak diseinatzen dituen enpresako teknikari bat izendatzen da eta, beste aldetik, euskalduntzea nahi duen enpresak koordinatzaile bat hautatzen du. Bi arduradun hauen zeregina plangintzaren jarraipena egitea da (sei hilero jarraipen batzordeari ebaluazio txostena bidaltzen diote) eta, ahal duten heinean, langileei eguneroko jarduerak sor dakizkiekeen arazoak konpontzea.
Plangintzan esku hartzen duen beste eragile bat erabilera edo euskara taldea da. Hamar langile baino gutxiagoz osaturiko talde honetan teknikariak langileek dituzten galderei erantzuten die. Motibazio lanetan lagun diezaieke, baina langileak beraiek dira euskararekiko konpromisoa hartu eta plangintza aurrera bultzatu behar dutenak.
Halaber, euskara planak betebehar bat baino gehiago du: alde batetik, hala nahi duten erdaldunak klaseen bidez euskalduntzea; beste batetik, euskaldun zaharrak alfabetatzea eta hauen artean ere euskararen erabilera sustatzea; eta azkenik, langile euskaldunek eguneroko lanean berriak zaizkien hitzen inguruko zalantzak argitzea. Zentzu horretan, lantokietan ohikoak diren hitzak zuzen euskaratzeko teknikariek terminologia zerrendak osatzen dituzte, eta itzulpengintza zerbitzuak ere erabilgarriak izan ohi dira. Era berean, arazoak sortzen dituen alorretako bat informatika da, programa gehienak erdaraz daudelako.
Plangintzaren azken fasea ezarpena da. Euskararen presentzia tailerrean nahiz bulegoan nabarmena izaterakoan, eta enpresak euskara kudeatzeko beharrezkoak dituen tresna eta egiturak eskuratzerakoan, plana ezar daiteke. Ordutik plangintzaren kudeaketa osoa enpresa, erakunde nahiz udalari dagokio.
emaitza pozgarriak.
"Orain euskara eguneroko zereginetan kontuan hartzen da. Bezero ditugun enpresetan bilerak hasi aurretik berau euskaraz egitea planteatzen da, nahiz eta gero gaztelera hutsez egitea gerta daitekeen. Baina orain hamar urte bilera bat euskaraz egitea ez zen planteatzen ere". Elhuyar Aholkularitza saileko arduradun Itziar Nogeras euskararen erabilera lan munduan areagotu delakoan dago. Iritzi berekoak dira Artez eta Emuneko kideak, enpresetako euskal hiztunen kopuruak kasu batzuetan % 25 gora egin baitu, Antzuolako Elay enpresan adibidez. Euskara planak diseinatzen dituzten enpresetako arduradunak, gainera, etorkizunari begira itxaropentsu dira gaztetxo gehienak ikastola edo etxean euskaldundu direlako, baina, era berean, etorkizuneko langileek beren lantokian gaztelerara jo ez dezaten orain etengabeko lana beharrezkoa dela ohartarazten dute. Horretarako enpresek planak aurrera eramateko beharrezkoak diren baliabideak jarri beharko dituzte, eta langileek duten dena eman beharko dute: denbora, konpromisoa eta lana
Jon Zeziaga arrasatearra da, 39 urte ditu eta Fagor Automation lantegiko ekoizpen arduraduna da. Orain bi urte martxan jarritako euskara planean hartzen du parte, zuzenean, Fagor Automation-eko Erabilera batzordeko kide baita. Batzorde honek hilero ordu bateko bilera egiten du Emuneko teknikariari langileen zalantzak agertzeko. Hitz teknikoak dira zalantza gehien sortzen dutenak, langileek batzutan ez dakitelako euskara zuzenean nola deitu tresna honi edo makina hari.
Zeziagaren iritziz, jendea kontzientzia hartzen ari da, eta lehen gaztelera hutsez aritzen ziren euskaldun zaharrek gero eta gehiagotan euskarara jotzen dute. Nahiz eta tailerretan hobekuntza hainbestekoa ez izan, "lantegian gero eta euskal hiztun gehiago daude, eta sartzear dauden hasiberri euskaldunendako ingurugiro egokiagoa" sortzen ari dela dio hamalau urtez Fagorren lanean izandako Jon Zeziagak. Bere ustez, era berean, gauzarik txikiena euskaraz egitea nahikoa da ahozko nahiz idatzizko harremanak euskaldunen artean euskaraz izan daitezen: "Telefonoz erantzuterakoan lehen hitza edo ohartxoren bat uzterakoan euskara erabiltzea". Gauza txikienetatik hasita
![]() |
|
||||
1843 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa