Izena luzea eta aldrebes xamarra dauka zientzia honek, baina ez da horregatik eraginkortasunik gabeko zientzia. Dendrokronologiari esker zuhaitzen enborraren ebakiduran agertzen diren eraztunak aztertzen dira. Azterketa hauek emaitza anitz dute. Ikerlariak zuhaitzaren adina asmatuko du, edo zuhaitz hori bizi izan denean zein klima egiten zuen jakingo du, besteak beste. Ikerlariek oraindik zutik dauden zuhaitzen eraztunak neurtzen dituzte (enborrean zulo bat eginda), baina baita hil zirenak ere. Esate baterako, baserri bateko egurrezko habea erabil daiteke eraikinaren data jakiteko.
Dendrohidrologiak, izenak berak dioen bezala, enborretako eraztunen bidez erreka eta ibaien gora-beherak aztertzea eta ulertaraztea du helburu. Gizakiak ur-emari handiko ibaietako ibilbide naturala aldatu nahi duenerako baliagarria izan daiteke.
Zuhaitz eta zuhaixken etsai handienetakoak zurez elikatzen diren intsektuak dira. Dendroekologiak frogatu du lodiera txikiko eraztunak sortzen direla intsektuen erasoak irauten duen bitartean. Halaber, inguruko zuhaitzak hiltzerakoan eraztunak loditu egiten dira, konpetentzia gutxitu denez arbolak eguzki-izpi eta lurrazpitik jasotzen dituen bizirauteko gehiago bereganatzen dituelako.
Dendrokronologia Arizonan (AEB) jaio zen Andrew E. Douglass-en eskutik. XX. mendeko 30eko hamarkadan Europara iritsi zen, eta Frantzia, Alemania, Suitza, Ingalaterra eta Irlandan zientzia berria lantzeko laborategi ugari zabaldu zituzten, publikoak nahiz pribatuak. Suitzako unibertsitate bakoitzak tankera honetako laborategi propioa du. Dendrokronologoen lan eskergak K.a. 5.000 urtera arte heltzen diren kurba dendrokronologikoak osatzea ahalbideratu du.
Espainiari dagokionez, Madrilen eta Jakan badira laborategi espezializatuak, eta Asturiasen erromatarren garaiko kronologia txiki bat osatua dute. Galizian ere zenbait ikerketa egin dira, eta Katalunian Bartzelonako Unibertsitateko Ekologia Sailean diharduen Emilia Gutierrez irakasleak dendroekologiari buruzko zenbait lan burutu du.
Euskal Herrian, berriz, zientzialari bakan batzuek baino ez dute dendrokronologiaren inguruan lan egiten. Nahikoa berria eta ezezaguna da oraino, nahiz eta gurean egindako lehenbiziko ikerketa joan den mendeko 90eko hamarkada hasierakoa izan. Nafarroako Alaiz eta Leire mendikateetan egin zen, pagoaren hazkuntzaren eta prezipitazio eta tenperaturen arteko erlazioa zehazteko asmoz. Garai berean Frčderic Guibal-ek bere lana aditzera eman zuen. Gipuzkoako eta Bizkaiko hamazortzi eraikuntzetatik zenbait lagin atera zituen, XV. eta XVI. gizaldietako kronologiak osatzeko. Ez zuen bere helburua lortzerik izan. Iruņean Joseba Lizeaga irakasleak orain dela zazpi urtetik hona haritzen kurba kronologikoa eraikitzen dihardu. Nafarrak aurkitutako eraztunik zaharrena 1420.ekoa da. Aipatzekoa da ere Javier Herrerak Urkiolako pagadietan burututakoaz idatziriko lanak. Hego Euskal Herrian dendrokronologiaz era jarraian arduratzen den elkarte bakarra Gipuzkoako Irunen egoitza duen Arkeolan da.
ARKEOLAN ETA OIASSO ERROMATARRA.
1989.ean gazte talde batek Arkeolan sortu zuen arkeologo profesional bezala lan egiteko asmoz. Hiru urte geroago, Irunen bertan, erromatarren garaiko Oiasso-ko portuko zurezko zenbait oinarri sendo aurkitu zituzten, besteak beste. Datazioa Bordelen egin behar izan zuten. 1998an agertutakoak txikiagoak, urriagoak eta egoera kaxkarrean zeuden bizkarroiek bereak eta bi egina baitzuten. Ikerketen arabera, portuaren bigarren zati hau urkietako zurez egina zegoen.
Arkeolanen, berriz, haritzekin baino ez dute lanik egiten. Susana Prado eta Josue Susperregi dira bertako dendrokronologiako arduradunak, eta Susanaren ustez, kronologia edo erreferentzia-kurba osatzeko zuhaitz espezie bakarrarekin lan egitea komenigarria da. Hala, nahasmenak saihesten dira, eta, gainera, haritzek urtero eraztun bakarra sortzen dute.
Gipuzkoako erreferentzia-kurba osatze lanetan ari dira, baina zailtasun franko topatu dituzte, Irun eta Oņatiko zuhaitzetako laginak hartu ostean, emaitza oso ezberdinak lortu dituztelako. Susana Pradok dioenez, "kurba berdinagoak espero genituen, baina Gipuzkoan bertan mikroklima anitz daude".
Laginak hartu zituzten bi lekuen artean ehun kilometro baino ez dago, baina badirudi Gipuzkoako ibar bakoitzak bere ezaugarri propioak dituela, eta horrek asko zailtzen du herrialde osorako kronologia komun bat eraikitzea. Gainera, kronologia XVI. mendera arte heltzea nahi dute. Lan horretan Hondarribiko eta Zarauzko parrokietan agertu arrasto arkeologikoak lagungarri izango zaizkielakoan daude
Euskal Herriko basoetako ia zuhaitz guztiek negu oro eraztun berri bat sortzen dute. Landareek neguan hazkuntzan etenaldia izaten dute, eta eraztuna atseden horren seinale da. Baina beste lurralde batzuetan ez da gauza bera gertatzen, uda oso lehorra duten lekuetan, adibidez, enborretan bi eraztun azaltzen direlako, eta oihan tropikaletan bat ere ez, bertako landareen hazkundea etengabea delako.
Era berean, enbor bereko eraztunak ez dira berdinak izaten. Eraztunaren lodierak urtearen gogortasunarekin zerikusi zuzena du. Hala, lehorte handia izan den urteko eraztuna nahikoa mehea izango da, eta bere inguruko arbola guztiak moztu badituzte, ordea, eraztun lodia sortuko du, konpetentzia faltari esker. Dendrokronologian adituek ere jakin badakite arbolak euren eraztun faltsuak sortu eta ikerketetan nahasmenak eragin ditzaketela. Horregatik zientzialariek aztertutako zuhaitzen eraztunen datuak (lodiera, batik bat) ordenagailuan sartzen dituzte. Datu-base horrek erreferentzia kurba bat osatuko du, eta lagin berriek emandako emaitzak kurba horrekin alderatuak izango dira emaitzok zuzen daudenentz jakiteko. Erreferentzia kurba edo kronologia, beraz, basoak historian zehar izandako gora-beheren "artxiboa" litzateke. Dendrokronologoen helburua berau osatzea da.
Dendrokronologian edo "dendro"an (zientzialariek hala deitzen diote) ere bada beste hitz potolo bat: sinkronizazioa. Sinkronizazioa lagin jaso berriak datatzeko asmoz, jasotako eraztunen datu berriok erreferentzia-kurbarekin alderatzea litzateke. Hala, zuhaitz bizia, hila edo zurezko aztarna arkeologikoak eskainitako datuak datatzea posible izango dugu erreferentzia-kurbaren datuekin bat badatoz. Bi arrazoi egon daitezke datuak bat ez etortzeko: alde batetik, enborraren eraztun-sekuentzian eraztun faltsuren bat egotea; bestetik, aztergai den lagina erreferentzia-kurbak eskaintzen dituen datu zaharrenak baino zaharragoa izatea.
Baina lor daiteke harreman zuzenik ez duten datuon arteko sinkronizazioa egitea? Har dezagun bi zati edo lagin ditugula: bata zuhaitz bizi batetik eta bestea hildako batetik. Eta pentsa dezagun bizirik dirauena hildakoa hil baino lehenago jaio zela. Horrek esan nahi du zuhaitz biziaren lehen urteetako eraztunen ezaugarriak edo datuak eta hildako arbolaren azken urteetako eraztunen tasunak berdinak direla. Hala balitz, sinkronia luzeago bat lortuko genuke, bizirauten duen zuhaitzaren jaiotza baino haratago, hildako arbola jaio artekoa, hain zuzen. Irlandan, kasu, Kristo aurreko milagarren urterainoko neurketak egin dituzte
![]() |
|
||||
1843 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
Š 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa