Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

ARGIA.com-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-12-02 16:46:18
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2002-02-24 -- 1843.zenb

2001 UN AÑO PARA UN MILENIO

Jabier Salutregi
KALE GORRIA

193 orrialde
15,03 euro


JABIER SALUTREGIREN URTEKARI BEREZIA

Jabier Salutregi Mentxaka, Garzon epailearen aginduz betirako isildu beharrean aurkitu zen «Egin» egunkariak izandako azken zuzendaria dugu «2001 Un año para un milenio» urtekari bereziaren egilea. Bertan, iazko urtearen lehen hiruehun egunen ezohiko kronika eskaintzen du, Euskal Herriko zein Espainiako egunkarietan jasotako berriak aztertu ondoren, gogoangarrienak aukeratu eta beroiek sortzen dizkioten gogoetak azalduz. Alderdi grafikoa ere oso kontuan izan du, Balkanetako gerran NATOko indarrak botatako pobretutako uranioz eginiko lehergailuen ondorioz minbiziz hildako soldaduak gogoratzetik hasi eta Pumori mendian galdutako bost mendizale euskaldunen oroimenarekin amaitzen duen bere errepaso guztiz pertsonal hau argazki esanguratsuz hornitzeko orduan. Gehigarri gisa, hauteskundeetako emaitzak, preso sartu zein aske utzi dituztenen zerrenda, Garzonen 98 makrosumarioa, ETAri egozten zaizkion ekintzak, EAEko gobernuak oraindik lortzeke dituen transferentziak, israeldarrek Palestinan eginiko okupazioaren kronologia, giza genomaren berrosaketa, eta misilen aurkako ezkutuaren funtzionamendua erantsi dizkio.

IRAGANEAN GALDUA

Abelin Linazasoro
TXALAPARTA

176 orrialde
12,02 euro


ABELIN LINAZASOROREN BIGARREN NOBELA

Borroka armatua bidetzat hartu duten bi militanteren arteko maitasun ezinezkoa kontatzen digu Abelin Linazasorok «Iraganean galdua» izenburutzat duen bere bigarren nobela honetan. Aspaldi banatu zituen bizitzak bi amorante horiek, mutila kartzelara eraman zutenean. Baina hogeita bi urte pasa eta gero, neska oso larri gaixotzen da, eta bere herioan senargai izan zuenaren izena errepikatzen du etengabe. Kezka handiren bat du barruan, senarrari kontatu nahi ez diona. Orduan senarrak bestearen arrastoa bilatu eta neskarengana eramaten du, aurretik somatu ezin diren ondorioekin. Bide batez, garai batean klandestinitatean bizitzera derrigorturik zeudenen bizitzaren berri ere ematen du Abelin Linazasorok nobelan zehar: militantziaren nondik norakoak, komisaldegitik pasa beharraren latza, kartzelako bizimodua...

ELEFANTE TXORI-BIHOTZA

Mariasun Landa
ANAYA/HARITZA

70 orrialde
5,80 euro

ZOZO ZURIAREKIN SARITUTAKO IPUINA

Sei urtetik aurreragoko irakurleei zuzendua dago «Elefante txori-bihotza», Mariasun Landak idatzitako eta Municheko Nazioarteko Gazte Liburutegiak saritutako ipuin hau. Bertan ageri diren marrazki zoragarriak, berriz, Emilio Urberuagak egin ditu. Armiarmei eskola ematetik guztiz gogaiturik dagoen maistra bat da ipuineko protagonista. Interes kulturalak dituen elefante talde batek eginiko eskaintza onartu eta han doa, oihan afrikar batera. Elefante guztiak berdinak iruditzen zaizkio maistra abenturazale horri, baina haiekin elkartu orduko ohartuko da hori ez dela inolaz ere horrela. Elefante bakoitzak bere bihotz propioa baitu, eta nolako bihotza, halako elefantea izaki!

LOVE IS BLUE

Mikelats Gorroto
HIRIA

89 orrialde
8,71 euro



MIKELATS GORROTOREN MIKROIPUINAK

Zeharo ezberdinak diren hamabost ipuin hiperlaburrez osaturik dago «Love is blue», Mikelats Gorroto ezizenarekin bere liburuak izenpetzen dituen idazle bizkaitar gaztearen bigarren emaitza. Egile honi buruz, azken hamarkadan euskaltegietan eta unibertsitateko gelatan euskarara hurbildu direnek osatzen duten belaunaldi berri horren agerpena dela baino askoz gehiago ez dakigu. Hala ere, euskaldun berria izateaz gain, euskararen irakaslea ere ba omen dugu, eta euskararik urbano eta gaurkoena gauzatzen saiatzen da bere lanetan. Honela aurkezten zuen bere burua «Higuinaren istorioak» poema liburuan: «Mikelats naiz. Gaizkia naiz. Bekaitza eta Gogorkeria naiz. Apokalipsiaren lau zaldunak batera naiz: Gerra, Gosea, Herio eta Izurritea. Munduko iluntasunaren Jaun eta Jabea, Mikelats naiz».

HATSAREN
POESIA 2002

Batzuen artean
HATSA ELKARTEA

103 orrialde
10,52 euro


OÑATIKO IKASLEEN OLERKI BILDUMA

Berrogeita bost olerkari oso gaztek idatzitako poesiak bildu ditu Hatsa Elkarteak liburu honetan. Neska eta mutiko olerkari horiek, Oñatiko Mikel Aozaraza Ikastetxeko ikasleak dira. Izan ere, Oñatiko ikastetxe horrek duen heziketa programan, beste ohiko ikasgaiekin batera, olerkigintza ere sarturik dago. Eta jakina, bertako ikasleek poesia ere lantzen dute, Mikel Aozaraza Ikastetxeko zuzendaria den Juan Carlos Olaetaren hitzetan, «olerkariak, poetak nahi ditugulako, areago, poetak behar ditugulako». Hain zuzen, «Hatsaren poesia 2002» liburuan bi geletako ikasleek olerkigintza alorrean egindako lanik onenak daude bildurik. Horrez gain, Joxanton Artze, Juan Luis Zabala, Jon Maia eta José Luis Padrón olerkariei gaztetxo hauen poesiak iradoki diena ere ageri da bertan.

MARI BASAJAUNAREN EREMUAN

Asier Serrano
AXURI BELTZA

117 orrialde
7,2 euro


EUSKAL MITOLOGIAKO PERTSONAIAK GAUR

Euskal mitologiako pertsonaiak gaur egungo gizartean kokatu ditu Asier Serranok, 12 urtetik aurreragoko irakurleei zuzendurik dagoen «Mari Basajaunaren eremuan» idazlanean. Izan ere, sorginak, jentilak, Mari, Ihizi, Tartalo, bere anaia Bartolo, Olentzero, lamiak, galtzagorriak, basandereak, Miel Otxin, Itoitzeko zeruertza zeharkatzen duen suzko sugea eta beste pertsonaia asko agertzen dira Axuri Beltza argitaletxearen eskutik kaleratu duen liburu honen orrialdeetan, baina ez euskal iragan mitologikoko paraje aurkitu ezin horietan galdurik, gure hiri eta jaietan barrena baizik, ezusteko bat baino gehiago sortuz. Dena dela, beharbada ezagutzen dituzue liburu honetako narrazioak, Euskadi Irratian irakurri ohi zituen Asier Serranok-eta.

SENEZ

Batzuen artean
EIZIE

111 orrialde
7,21 euro


«SENEZ» ITZULPEN ALDIZKARIA KALEAN

Hauxe da XXI. mendeko «Senez» itzulpen aldizkariaren lehen zenbakia, non irakurri ahal izango dituzuen, euskaraturik, Susa argitaletxeak Ibiñagabeitia Proiektuan bildutako Fernando Pessoa portugaldar poetaren olerkiak. Mende berriarekin, bide berriak urratzea erabaki du EIZIE, literatura unibertsaleko 100 idazlan euskaratze bidean edukitzeaz gain, beste hainbat itzulpen lan abiaraziz. Eta horren guztiaren inguruan Iñaki Aldekoak eta Mari Jose Olaziregik eginiko «Zenbait gogoeta æLiteratura UnibertsalaÆ bildumaz» lana plazaratzen du «Senez»ek, eta baita ere, besteak beste, «Haur eta gazte literatura, irakasleen prestakuntza gai», «Elebitasuna Arabako Biltzar Nagusietan», «Elizen Arteko Biblia, berriro», «Bernardo Atxagaren hitzaldia».

BAR PUERTO Bingen Mendizabal / Mikel Urdangarin
GAZTELUPEKO HOTSAK

13 kanta
13,79 euro

Kirmen Uribe idazle ondarrutarraren hitzetan oinarritu zen Bingen Mendizabal, Mikel Urdangarinen ahots gozo bezain erakargarriak abestuko zituen kanten irakurketa musikal berritzailea egiteko orduan. Eta xarma dario «Bar Puerto, bazterreko ahotsak» literatura, musika eta bideo ikuskizunean bere lehen jatorria izan duen disko honi; doinu herrikoiak sortu berriak diren kantuekin zein abesti zaharrak aire berriekin uztartzen dituen «Bar Puerto» CD liluragarriari. Ipuin bat eta hamaika istorio dauzka entzungai: «Bar Puerto (intro)», «Biluzik», «Txatxamatxalinatxu», «Plaza berrian», «Oraindik goiz da», «Ene mutilik ttipiena», «Zeruak eta lurrak», «Lehenago bezala», «Urrian», «Urriko poema», «Ene maitea», «Bisita» eta «Bar Puerto».

hemeroteka

1842. zenbakia | 2002-02-17
1841. zenbakia | 2002-02-10
1840. zenbakia | 2002-02-03
1839. zenbakia | 2002-01-27
1838. zenbakia | 2002-01-20

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan