Nazioarteko ataka
Joxemari Agirre
Iazko abenduaren 29an, orain hilabete pasatutxo, Euskadi-Ghana futbol partida jokatu zen San Mames futbol zelaian. Katedrala leporaino beteta, 3-2 irabazi zion euskal Selekzioak Ghanakoari. Giro aparta eta beroa harmailetan bizitu zena. Izan ere, Selekzio ikustera eta animatzera joan ziren han bildu zirenak, eta asko eta asko izan ziren San Mameseko harmailetan Selekzio ofiziala eskatu zuten pankartak.
Ia hilabete geroago, urtarrilaren 26an, 2004ko Eurokopan parte hartuko duten 50 selekzioen zerrenda ikusteko eta konparaketa egiteko parada izan dugu.
Status politiko berezia duten hiru herrialde agertzen dira 50 selekzioko zerrenda horretan. Hala nola, Andorra, San Marino eta Liechtenstein. Irunen pareko da lehenengoa, biztanlez, eta Eibarren tamainako beste biak. Ez dute futbol tradizio esanguratsurik, ez eta goi-mailako liga propiorik. Inongo mespretxurik gabe esan daiteke Euskal Herria baino askoz txikiago direla eta futbol tradizio gutxiago dutela, bainan hor daude zerrendan barne heien status politikoari esker, inork oztoporik jartzen ez dielako.
HAINBESTE aldiz aipatu izan diren Ipar Irlanda, Eskozia eta Galesek osatzen dute beste talde bat. Hauek nazio dira gu bezala, ez dira, ordea, estatu eta gu ere ez, baina futboleko nazioarteko federaziokide dira hasiera-hasieratik eta, beraz, selekzio ofizialak dituzte. Hirukote honena salbuespena omen da. Guretzako ez ote legoke salbuespenik?
Hor ditugu, nola ez, bi estatu txiki, Luxenburgo eta Islandia, Araba baino jendetsuxeagoa lehenengoa eta biztanlez urriago bigarrena. Euskal Herria baino txikiago direnak, jendez eta lurraldez eta futbol tradizio gutxiago dutenak, bainan estatu izateak ematen duen txartela dutenak.
Hor daude gure tamainako nazio direnak eta berriki estatu izatera heldu direnak, denok ezagutzen ditugunak.
Hala ere, 50 selekzioko mosaiko horretan bada bat guztiz berezia: Faroe Ugartena. Danimarkako estatuaren parte izanik eta gure antzera autonomi politiko bat edukirik, selekzio propio bezala 2004ko Eurokopan parte hartuko duelako, 50.000 bizilagun besterik ez izan arren. Zergatik? Bada, Danimarkak oztoporik ipintzen ez duelako, bertako agintariek Danimarkaren kanpo ordezkaritza politika eta kirolgintza bereizten dakitelako.
Urtarrilaren amaieran honako albiste hau irakurtzen genuen: Euskadiko pilota federazioak ultimatuma bota dio nazioartekoari, aurtengo Munduko Txapelketan Euskadiko selekzio gisa ofizialki parte hartzerik izango duen edo ez, galdeginez. Izan ere gure pilotarena paradigmatikoa da. Kirol baldintza guztiak betetzen ditu Euskadiko pilota federazioak nazioartekoan sarrera izateko, baina Espainiako eta Frantziako federazioek ez dute entzun ere egin nahi horrelakorik eta «betoa» jartzen dute mahai gainean, kantzelaritzak astindu eta mugitzeaz gain. Hauek ez daude Danimarkaren bide malgua jarraitzeko prest eta jeloskor jartzen dira beraien presentzia esklusiboari norbaitek itzal egin diezaiokeela pentsatze hutsarekin ere.
BIGARREN bidea nazioarteko federazioen erabakimen autonomoa indartzea litzake, hau da, zuzenbide pribatuko erakunde izanik, estatuen interesen gainetik haien irizpide propioak erabiltzea, kirol merezimenduak soilik kontutan hartzea selekzioak onartzeko garaian. Orduan posible izango litzateke pilota eta beste kirol batzuetako gure selekzio ofizialak izatea.
Lehenengo ataka, estatuen jarrera samurtzea, zaila bada, lan ugari eskatzen du bigarrenak, nazioarteko federazioak estatu interesen gonapetik ateratzeko.
Bitartean, atakaz ataka, bideak urratu eta ahaleginak egin behar, estatu izenak eta izanak ematen duen «bularik» ez dugunok. Beste arlo askotan bezalaxeà
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.