Erriberako hiriburuan ez duzue Tuterako Argia Ikastola kausituko. Izan ere, ikastetxea eraikitzeko gunerik egokiena bilatu eta Ebrotik hegoalderantz kokaturik dagoen Fontellas herri ttikian ezin toki ederragoa ediren baitzuten. Bada, Fontellas zein inguruko herriak eta nafar hizkuntza lotzen dituen pasadizo bat edo bertze kontatzerik badago. Kondairaren testuinguru historikoa, bertzalde, nafar erresuma independentea dugu.
Labur erranda, Fontellas Tuteratik hegoekialderantz kokaturik egoteagatik edo auzi honetan musulmanez mintzatzeagatik ere, "aldaca" hitzaren balizko euskalduntasuna ez litzateke, berez, baztertu behar izanen. Eta kontua da arazo hau biziki korapilatzen duela Koldo Mitxelenak, zoritxarrez laurogeiko hamarkadan hil zenak, erabili ez zituen datuak kontuan hartzen baditugu.
Horrela, frogatutzat hartzen ahal dugu 1512ko konkistaren ondoren Tuterako hainbat bizilagun erromantzez nahiz euskaraz mintzatzeko gai zela, baita euskaldun elebakarren lagun multzo nabarmena ere bazegoela, bertan erromantzea ikasteko beharrik gabe bizi zirenak, agirietan irakurtzen ahal den "la lengua extraña a la tierra", gaztelania, erabiltzeke bizi izaten ahal zutenak.
NAFAR ZERGAK.
Berpasa ditzagun, bertzenaz, Mitxelena, Lakarra edota Utrilla egileek kausituriko nafar zergak, erromantzezko azalpena eta euskal hitza alderatzeko. Arnoa eta ogia ordaintzeari "opilarinçada" deitzen zioten; afari bat zenari "on bazendu avaria", ironikoak; "açaguerrico" auskalo zer zen, gerriarekin harremanetan edo; soldaduei "ozterate" emaiten ohi zitzaien; gaueko baten izena "guirissellu çorr" edota "ilumbe çorr" zen; emakume bat zirikatzeagatik zegoen isunak "daucari" zuen izena; heriotzengatik ordaindu beharreko findantzei "gayces berme" eta "ones berme"; bertze isun bati "gauca aari" edo "gauca harri"; Antsoainen "babaçorra" zuten, elikagaiei loturik; heredentzia bat zela medio "baturratu"; Ultzamako larri bati "beraurdea"; erregearen mendietan txerriak izatearenari "eyreurdea", eta Larraunen edota Burundan "gaillurdirua", teilatu eta diruaren inguruan ziurrenik. Egungo euskaldunoi, zenbaitetan behinik behin, erromantzez hitzen erranahia ulertzea errazagoa zaigu euskal bertsio soila irakurtzea baino. Eta, zakuto berean agian, "aldaca". Baina, noski, hau onartuz gero Ebro eta Bardenako euskaraz arituko ginateke, ahuntzaren gauerdiko eztula ez litzatekeena, jakina.
Euskal logika.
Hau guzia bere osotasunean uler dezagun aspaldiko nafarron logikan kokatu behar baitugu geure burua. Artaxoan, ordainduriko zergen zerrendaren arabera, betiere, bizilagun baten izena "arnogrina" zen ("arno" eta "grina"). Ez dakigu arnoa ikaragarri gustukoa zuen, ea alkoholik edaten ez zuen, gure umorean sudur handikoa "txato" deitu ohi baita, baina zalantzarik ez duena "arnogrina" hitzak mahaigainerarazten duen euskal giroa da. Arno garraiolaria zitekeen, tabernaria, upelegilea, mahastiak ote zituen, nork daki. Zerga ordaindu zuen bertze bat "eztigrina" zen. Lerinen, Ebrotik hurbil, "çerrena" bizi zen, hau da, "oihalak erasotzen ohi zituen sitsa" delakoaren, euskal goitizen horrezaz pertsona bat jantzi zen. Galde egin diezaiegun, halaber, Ebroko Carcarreko "gutia" andreari, Milagroko "gayzco" zenari, Azagrako "gogorro" izenekoari edota Mirandako "sandia dorraça" bertze adibideari. Irudimena nagusi.
Hondarrekoz, 1997. urtean Beran jazoriko pasadizoa oroitu nahi dugu. Bertsolari Txapelketaren kanporaketa bat egin eta, azken urteotan ohikoa denez, gazteek puntu anitz erdietsi zuten. Bada, eta "Euskaldunon Egunkaria"n hitzez hitz jaso zenez, kazetari batek pilotalekuan ziren Bera inguruko bi aitatxiren arteko solasaldia entzun zuen. Horrelako zerbait erran zion batek bertzeari gazteen puntuaketa entzundakoan: "Hagitz ongi aritu dira gazteak, baina erdara anitz jakin behar da haiei ulertu ahal izateko". Bertsolari gazteak euskaraz aritu ziren, jakina, baina aitatxien hizkuntza eta gazteena euskara bera zen? Aukeran, antzeko hitz jokorik eginen zuten? Antzeko izena jarriko zioten zerga bati?
![]() |
|
||||
1842 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa