BIHOTZ NAHASIAK
Fernando Morillo
IBAIZABAL
171 orrialde
7,51 euro
ASTEKO LIBURUA
ETORKIZUN HANDIKO IDAZLE GAZTE BATEN AZKEN LANA
Zenbat literatur sari ez ote ditu jada eskuratu Fernando Morillo gazteak! Ezagutzen diogun azken emaitzan, Ibaizabal argitaletxearen eskutik plazaratu duen «Bihotz nahasiak» idazlanean, hamasei urte inguruko lau gazte aukeratu ditu idazle azpeitiar honek bere nobelako protagonista gisa, non gazte horien arteko harreman nahaspilatsuetan sakontzeaz gain, polizi nobelen ukitua duen narrazio misteriotsua tartekatu duen Fernando Morillok. Ikasturteko lehendabiziko egunean, sorpresa polita izango dute Nereak eta Maitanek, beren ikasgelan bi mutil berri ikusterakoan, eta haiek ezagutzeko ahaleginetan hasiko dira. Itxura batean, Isuskorekin harremanetan jartzeko arazo berezirik ez dute izango, izaera nahasgarria bezain erakargarria duen mutil ausarta baita; baina Iban beste kupel bateko sagardoa izaki, oso isila, eta nesketako bat lehen unetik atsegin gertatu bazaio ere, bere lotsa gainditu ordez, nahiago du hark ordenagailuen munduan buru-belarri aritzea, mundu horretan edozein gauza egiteko gai den hacker horietakoa baita. Hala ere, oso harreman berezia sortuko da lauren artean, batik bat ustekabeko misterio batean murgiltzea egokitzen zaienetik.
PSIKOLOGIAKO SEI IKERLAN
Jean Piaget
GAIAK
181 orrialde
9,02 euro
JEAN PIAGETEN PENTSAERA
Jean Piagetek haurraren psikologiaz, adimenaz eta hizkuntzaz egin zituen ikerketen garrantzia kontuan harturik, hala nola pentsalari suitzar honek kaleratutako liburuen konplexutasuna ulertzeko irakurle arruntak duen zailatasuna, Jean Piageten zenbait artikulu eta hitzaldi biltzea erabaki zuen Gaiak argitaletxeak. Umearen adimen-garapenaren inguruko lanek osatzen dute lehen zatia. Bigarrenean, berriz, Ume txikiaren pentsamendua, Hizkuntza eta pentsamendua genetikaren ikuspegitik, Oreka nozioaren zeregina portaeren azalpenean psikologian, Psikologia genetikoko arazoak eta Adimenaren hasiera (genesia) eta egitura psikologian deitu lanak azaltzen dira. Andoni Sarriegi Eskisabel, Alizia Stürtze Mendia eta Ińaki Glez. Garairen artean egin dute itzulpen teknikoa, Ińaki Azkune Mendiaren ardurapean.
BELDURTIA NAIZ. ETA ZER?
Arantxa Iturbe/
Mikel Valverde
ELKARLANEAN
131 orrialde
5,11 euro
IKAREI AURRE EGITEN IKASTEKO IPUINA
Zortzi urtetik aurreragoko irakurleei zuzendua dago «Beldurtia naiz. Eta zer?», Arantxa Iturbek idatzi eta Mikel Valverdek marraztutako ipuin polita. Neska-mutikoek izan ditzaketen konplexu guztiak uxatu nahian dabilen Elkarlanean argitaletxeko «Eta zer?» bildumak jaso duen kontakizunean, neskato bat larri dabil bere ikasgelako beste edonork baino beldur kopuru gehiago duelako. Izan ere, besteetakoren bat, armiarmekin ikara daiteke, adibidez. Beste bat, mamuekin. Hirugarren bat, otsoekin. Baina gure neskatoa armiarma, mamu eta otsoen beldur izateaz gain, ilunpetan eta egun-argitan ere beldurtzen da. Hori, ikasgelan agertzen zaion sorgin jatorra ezagutu arte.
LITERATUR, KOMIKI ETA ARGAZKI LEHIAKETAK. 2000. URTEAN
Batzuen artean
BERRIOZARKO UDALA
219 orrialde
BERRIOZARKO UDALAREN IAZKO SARIAK
Berriozarko Udalak kaleratu duen liburu honen izenburu zehatza «Literatur, Komiki eta Argazki Lehiaketak. 2000. urtean saritutako lanak» duzue. Eta hain zuzen ere, horiexek aurkituko dituzue jasorik bertan. Iazkoan, David Anaut Peńaren «Bidearen bila», Carmelo Biurrun Beroizen «Las Colinas de Jan Ishora», Raul Elizalde Villamayorren «Pausoz pauso», Leo Espinosa Trinidaden «Un día», Xabier Etxaniz Rojoren «Teoria eta praktika», Diego Fandos San Vicenteren «Amor eterno (Avaricia)», Josu Jimenez Maiaren «Hamaika lan», Jesús Jiménez Reinaldoren «Al borde de los círculos de fuego», José Angel Labari Ilundainen «La llamada», Naiara Santxez Indaren «Herri ezezaguna», Raul Sánchez Grageraren «Sońador» eta Pello Uharte Orotzen «Albaraka urrina» suertatu ziren saridun.
JARA
Jasone Osoro
ALFAGUARA/ZUBIA
133 orrialde
5,56 euro
HILEKOAREN LEHENDABIZIKO ETORRERAN
Hamabi urtetik aurreragoko irakurleei zuzendua dago Jasone Osoro idazlearen «Jara», idazle elgoibartarrak gaztetxoei zehazki eskaintzen dien lehen eleberria. Hamairu urteko neskatila da Jara. Lehendabizikoz etorri zaio hilekoa, eta jadanik emakume bihurtzen hasia dela pentsatuko du. Baina nahiz eta berak hori uste, korapilatsuagoa gertatuko zaio ume izateari uztearen egoera. Hilekoarenak, hainbat aldaketa eragingo dio gorputzean eta, batez ere, buruan, baina oraindik luze joko dio emakume bihurtzearenak. Hortik gurasoekin izaten dituen haserrealdiak. Jara maitemindurik dago, baina mutilak ez du bera aintzat hartzen, eta okerrago dena, neska nagusiago bati ezpainetan musu ematen utzi dio. Lehen musuak garrantzi izugarria du, Jararentzat... Eskerrak lagun min bat duen, bera ulertzeko gai dena.
EUSKAL POESIAREN KRITIKA.
1999, 2000
Jon Kortazar
OLERTI ETXEA
20, 14 orrialde
JON KORTAZAR EUSKAL POESIA AZTERTUZ
Euskal poesia sortu berria aztertzen du Jon Kortazarrek Zarauzko Olerti Etxeak kaleratu dituen bi liburuxka hauetan. 1999ko urteari errepasoa egiteko, Pili Kaltzadaren «Ur tximeletak» eta Jose Luis Padronen «Ibaia euri-erasotan bezala» hartzen ditu abiapuntu, emakume poeten lana ugaria baina poesiaren argitaratzea urria izan zen urte horretan. Bide batez, 90eko hamarkadan hazitako emakume poeten lana aipatzen du. 2000ko urtean, berriz, Tere Irastortzaren «Izen gabe, direnak» eta Miren Agur Meaberen «Azalaren kodea» ditu mintzagai, hasteko, Juan Luis Zabalaren «Hautsia natza», Castillo Suarezen «Bitaminak», Luigi Anselmiren «Gure ametsen gerizan», Juanjo Olasagarreren «Puskak biziz» eta Ana Urkizaren «Gela ilunetik»aztertzeko gero.
KOLDO MITXELENA
Eugenio Ibarzabal
EREIN
189 orrialde
15,03 euro
MITXELENARI EGINDAKO ELKARRIZKETA
Eugenio Ibarzabal dugu «Koldo Mitxelena» liburuaren egilea, non sakonki jasotzen dituen, hain zuzen ere, filologo eta hizkuntzalari handi horrekin izan zituen elkarrizketetan ukitu zituzten gai guztiak. Koldo Mitxelena ezaguna da gure artean hizkuntzalari bezala egin zuen lanagatik, baina ez hainbeste 36ko gerraren gorabehera guztiak bizi behar izan zituelako. Ezagutu zuen ordea zer zen borrokatzea, gerra galtzea eta ondorengo espetxealdia, baita heriotz epaia ere! Zorionez, sei urte barruan pasa eta kaleratu zuten, 1946an kartzelaratzeko berriro, erresistentzian parte hartzeagatik. Espetxean ikasi zuen Filosofia eta Letrak eta Hizkuntza Klasikoak Koldo Mitxelenak. Gero etorriko ziren Euskaltzaindiakoa, Salamankako Unibertsitatekoa eta besteak.
COUNTHREE Mikel Garikoitz & Denali
IZ
12 kanta
15 euro
Country estilora ahalik eta gehien inguratzen saiatu da Mikel Garikoitz & Denali taldea «Counthree» izenburua daraman CDan, nahiz ez den hau bertan entzun daitekeen musika mota bakarra. Hamabi kanta ditu bere hirugarren disko honek: «Ai, xardango», «Nashville hiriko», «Ihintza», «Agur eta adio», «Begitxo beltxaran», «Melam», «Zu zaren», «Oi piano», «Zure iturria», «Deritzozunean», «Highway» eta «Gutun bat». Musika, Mikel Garikoitzek egin du. Kanten hitzak, berriz, Jesus Mari Mendizabal eta Xabier Gezala idazleenak dira. «Counthree» grabatzerakoan, beste askoren laguntza izan du Mikel Garikoitz & Denali taldeak. Horien artean, Ińigo Salaberriaren biolinarena, Aitor Amezaga pianojolearena eta Olatz Kortaren ahots erakargarriarena.