Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-09 11:13:02
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2002-02-17 -- 1842.zenb

Estitxu Eizagirre / Ixiar Eizagirre

Begiek barrura begiratzeko balio diote, bere burua ezagutu eta lantzeko. Eta nola ez, kanpokoekin komunikatzeko.
guztia irakurri

Fernando Morillo

Pilar Iparragirre

«Bihotz nahasiak» zure hirugarren nobela al da?
Tartean saiakera-nobelatu bat ere badago, baina gazteentzat idatzi ditudan nobelatxoetatik hirugarrena da hauxe, bai. Nobela, berriz, martxoan edo apirilean aterako dut, Elkarrekin.

2000ko CAF-Igartza saria irabazi zuen lanaz ari zara?

"Ortzadarra sutan" nobela, bai. Idatzita dago, azkenengo zuzenketak egitea baino ez zait gelditzen (azterketak direla-eta, su-eten moduko bat eman didate argitaletxekoek). Beste hauek, berriz, gazteei zuzendutako nobelatxoak dira. Edonork irakur ditzake, noski (literatura da, azken batean), baina protagonistak gazteak dira, hizkuntza aldetik ere ahalik eta errazen idazten saiatu naiz eta horregatik diot gazteentzako direla. Aurreko biak pertsonalagoak ziren. Hau misteriotsuago eta umoretsuago egin dut. Kostata, beste era batera idaztera ohiturik nengoelako. Esan didatenez oso irakurterraza da, eta pozten naiz, horixe nahi nuelako.

Hainbat literatur sariren jabe egitea lortu duzu...

Halaxe da. Sari asko jaso dut, zorionez. Lehengo batean galdetu zidaten zenbat, eta ez nekien. Hasi nintzen kontuak ateratzen, eta hogeita hamarretik gora atera zitzaizkidan. Egundokoa izan da niretzat. Alde batetik, animoak; bestetik, diru aldetik finkatzea (klaseak ematen-eta ibiltzen naiz, baina ez dut asko ateratzen), eta garrantzitsuena, norbera ezagutarazteko ere balio dutela. Argitaletxeetako arduradunek sarien bitartez ezagutu ninduten! Azken aldian ikasketekin nabil eta, penaz baina, aurten ezin izan naiz aurkeztu Donostia Hiria eta Debako lehiketetara. Dena den, gerora, beste lehiaketa batzuetara aurkezteko asmoa dut.

Pilar Iparragirre

Hitzak soberan erabiltzea ez zaio Iban Zaldua idazleari oso eraginkorra iruditzen, eta berak eraginkorra izan nahi duenez, makina bat narrazio labur argitaratuak ditu dagoeneko. Ipuinlaria dugu Iban Zaldua, beste ezer baino lehen: «Ni ez naiz oso arnas luzeko idazlea», esan ohi du, azalpen gisa-edo. Horrez gain, beti erronka berriren bati erantzuteko gogoz dagoenez, literatura ahalik eta dosi txikienetan destilatzen saiatu da Erein argitaletxearen eskutik plazaratu duen "Traizioak" ipuin bilduman, oso kontzentrazio altuko txupitoak eskainiz, hiperlaburrak gehientsuenak, baina bere laburtasunean irudi poetikoez, topikoekin eginiko jolasez eta literatura fantastikoaren ukituez tantaz tanta gozatzeko aukera ematen dutenak.

Ezin zuri galdetu zergatik idazten dituzun ipuinak. Ez zure "Aitormena" irakurri eta gero, behintzat! Errealitatearen oinarririk ba al du hor agertzen duzunak?
Lehenengo zatiak bakarrik. Egia da une batean nire aitonari ipuin bat erregalatzea pentsatu nuela. Baina aitonari erregalatu nahi nion ipuina honetan bihurtu zen, eta nire aitonak ezin izango zuen irakurri, ez zekielako euskaraz; gainera beranduegi heldu da liburua, nire aitona aurten hil delako. Bestela, "Aitormena", ipuin fantastiko bat da, errealitatean gertatu izan zaizkidan zenbait gauzetan oinarritua.

Hainbeste direnez, ezin ipuin denak hemen banan-banan aipatu. Salbuespenak salbuespen, «Traizioak Iraultzari» deritzan atalean datorren "Droga"z zer edo zer aipa dezakezu?
Ezustearekin eta daukagun inguruarekin nola jolasten dugun agertzeko adibide on bat, nire ustez. Grazia handia egiten dit niri ipuin horrek, baina jende batek kritikatu egin dit bilduman sartu izana: anekdota tonto bat omen, inora eramaten ez duena, fabulaziorik apenas duenaŕ txistea, ipuina baino gehiago. Modu peioratiboan esaten dute hori, baina niri txistea, ondo egina baldin badago, oso literarioa iruditzen zait. Dena den, ez nago ados, niretzat "Droga" ipuin bat da, eta ez txistea. Batez ere absurdoa dela esango nuke.

Horko traizioa ondo agerikoa da, behintzat. Baina, oro har, saldukeriaren ezaugarri garbiak agertzen direla esango zenuke? Zergatik "Traizioak" izenburua?
Izen horrek ipuinak ordenatzeko aukera ematen zidalako. Liburua ataletan banatuta dago, eta izenburua ere atalen arabera ezarrita dago. Beharbada ez dira hainbeste traizio handiak, eguneroko bizitzakoak baizik. Halako elipsi bat egiten dut. «Traizioak Errealismoari» izena ipini diot atal bati, errealismoaren traizioak agertzen dituzten ipuinak bildu ditudalako, nolabait literatura fantastikoarekin erlazioren bat daukatenak. «Traizioak Iraultzari» deritzanean, baliteke traizio argirik ez egoteaŕ Azkenengo ipuinak izango lirateke alde horretatik nolabait tonoa ematen diotenak, "Apirilaren hamalaua", "Justizia" eta "Hamabosgarren gizaldiko izpiritua". Gero, «Traizioak Memoriari» atalean, ipuin horiek idazteko nire oroimenetan oinarritu naizen arren, inolaz ere ez ditudalako errespetatu, niretzat memoria beste fikzio bat baita. Saizarbitoriak esan ohi du, fikzioa idazten duela oso oroimen txarrekoa delako. Bada, ni, nire oroimenetatik abiatu naiz, baina haiek erabat eraldatuz idatzi dut; beraz, traizioa egin diot memoriari.

Eta «Traizioak Aberriari» atalaren zentzua?
Agian oker nago, baina hor, abertzaletasunaren ikuspuntu batetik, edo batzuetatik, bereziki politiko zuzenak iruditzen ez zaizkidan ipuin batzuk daude. Eta horrez gain, nire institutu garaia gogoratuz egina dago atala, Peńaflorida Institutuan nenbilela gertatu zitzaidan zerbait, inolaz ere fikzionatu ez dudana, oso anekdota literaturgarria iruditzen ez zaidalako: halako greba batean parte ez hartzeagatik, garai hartan gure institutuan ezker abertzaleko liderra zenak «traidore» deitu zidan. Bada, halako kontuek bultzatuta osatu nuen atal hori. Eta «Traizioak Literaturari», berriz, literaturaren gainean egindako ipuinez, ipuin metaliterarioez, osatuta dagoelako. Oro har, liburua oso anitza dela esango nuke, eta berdin irakur daitekeela nik jarri dudan ordenean, hasieratik bukaeraraino, edota irakurle bakoitzak erabakitzen duenean: bukaeratik hasiz, erdi pareko ipuin batekin jarraituz, hasierako bateren bat aukeratuz geroŕ

Ironia al da zure armarik onena?
Batez ere autoironia erabili dudala uste dut. Hortik aurrera ironizatu dezakezu beste gauza batzuetaz ere, baina lehenengo zeure buruari galdu behar diozu errespetua, horrek ematen duelako besteei errespetu pixka bat (ez gehiegi ere, eh!) galtzeko oinarria. Ironia omen da nire narratibaren ardatzetako bat. Ez dut uste bakarra denik. Norbaitek aipatzen zuen absurdorako joera ere hor dago, eta literatura fantastikorako dudana ere bai. Ironia oso erabilgarria iruditzen zait gaur egungo gauzei buruz hitz egiteko. Badaude beste gerturaketa posible batzuk, baina niri oso zaila egiten zait ironia erabili gabe gaur bizi dugun anabasara gerturatzea.

Zure ipuinen beste bereizgarri bat: film bat balira bezala irudikatzen direla istorioak. Nola lortu duzu hori?
Beno, edozelan ere, laburmetraiak izango lirateke nireakŕ Ez dakit, lehenengo aldia da horrelako zerbait esaten didatena. Nahiko bisuala naizela uste dut, behintzat idazterakoan bisualizatzen saiatzen naiz beti. Irudi batetik jasotzen dut lehenengo bultzada askotan. Gero, batzuetan, abortoan bukatzen da, eta beste batzuetan lehenengo irudi horretatik oso urrun dagoen istorio batean... Hala ere, gaur egungo idazle askori gertatzen zaio hori, nire ustez. Azken batean ikus-entzunezko medioek garrantzi handia izan duten giro batean haziak gara.

Zer nolako irudiak bultzata idatzi zenituen "Esnearena" eta "Kartzelarena" bezalako ipuinak?
Horien abiapuntuan benetako gertakariak daude. Badaude presoekin tutoriak egiten dituzten irakasle batzuk, eta egitasmo horren partaide izan naiz ni urte batzuetan (beste urte batzuetan ez didate parte hartzeko baimenik eman). Arrazoia? Beno, behin niri preso batekin ez zidaten euskaraz egiten utzi; oso esperientzia latza izan zen niretzat, eta saiatu nintzen Herriaren Defendatzailearen aurrean arazoa azaltzen, egunkarietan ere agertu zen zerbait, eta ez dakit horren ondorioz, baina hurrengo hiru urtetan ez nuen kartzeletara joateko baimenik izan. Kartzelakoa, oso mundu arrotza egiten zait niri, gogorra. Ez nago batere ados han daudenen arrazoiekin, baina beraien bizi baldintzak beldurgarriak iruditzen zaizkit. Sentimen hori agertzen saiatu naiz, baina beti da kanpotik egindako gerturaketa bat. Gai latza da, benetan.

Kontzentrazio mota ezberdinak ere ageri dira zure ipuinetan: presoen aldekoak zein ETAk gertarazitako heriotza batzuen aurkakoak...
Hein batean, bizi dugun gatazkan non kokatzen naizen islatzen dute. Eta non ez naizen kokatzen ere bai, noski. Arrazoi askorengatik erabaki nuen une batean gaztelaniatik euskarara pasatzea, baina horien artean zera zegoen, gauza batzuei buruz idazteko gaztelania ez zitzaidala tresna erosoa egiten, batez ere hemengo gatazkarekin harremana duten gauzez idazterakoan. Gaztelera nire ama hizkuntza da, eta erdaraz hasi nintzen horretaz ere idazten, baina emaitzarekin ez nengoen batere konforme. Euskaraz saiatu, eta eroso hasi nintzen sentitzen. Agian ipuin horiek kontrako bidea egingo dute (hori da nire itxaropena), eta gaztelaniara itzuliak izango dira, baina orduan nik ipuinekin dudan adostasun egoeratik aterako dira jada.
Konstante bat da gai hori nire euskarazko hiru liburuetan, bakarra ez den arren -jendeak aipatzen du halako neke bat dagoela, ematen duela euskal literaturan bakarrik gai horretaz hitz egiten dugula-, eta ni saiatzen naiz horretaz bakarrik ez idazten, besteak beste, hori ez delako errealitatearen foko bakarra, baina uste dut horretaz ere idatzi behar dela. Saiatzen naiz ere ez moralizatzen, nireak ez direlako fabulak, eta literatura txarraren zeinua dela iruditzen zaidalako, baina era berean uste dut horietatik garbi atera daitekeela zertan datzan nire noraeza, askorena bezala.

Ospitaleen giroa ere sarritan hartzen duzu gaitzat.
Izan ditut esperientzia batzuk alde horretatik. Osasun zentroena mundutik aparte dagoen beste mundu bat iruditzen zait. Beste arau batzuekin jokatzen da haietan; espazio aseptikoak dira, gutxi humanizatuak, nahiz eta gizakiz beteta egon. Pixka bat kartzelarekin gertatzen zaidana gertatzen zait horiekin, oso arrotzak iruditzen zaizkit.

Nolakoa izango dugu Iban Zalduaren hurrengo liburua?
Gaztelaniaz. Hori da nire beste hizkuntza, ezin diot uko egin, eta oso kontentu nago ipuin bilduma hori plazaratzeko argitaletxe bat aurkitu dudalako: Lengua de Trapo. Madrilgo argitaletxe txikitxo bat da, ilusio asko daukan jendez osatua. Liburuari "La isla de los antropólogos y otros relatos" jarri diot nik izenburua, baina azkenean "La isla de los antropólogos" hutsean geldituko da, ziur aski. Ea zer harrera duen eta kritikak zer esaten duen. Kuriositate handia daukat, baina baita beldurra ere. Liburu oso kuriosoa da, nire euskarazko idazlanak baino joera handiagoa du ipuin fantastikorako. Euskal gaia ez da hainbeste agertzen, eta agertzekotan, bigarren plano batean doa

Mikel Asurmendi

Kontzertu ekonomikoaren itunean parte hartu zuen Juan Jose Pujanak, 1981ean, EAEko lurraldeentzat berritua izan zen orduan. Gaur egun bizi duen egoeraz galdetu diogunean, Kontzertua zer den azaldu beharra azpimarratu du Pujana jaunak: «Kontzertua, Foruak 1816an deuseztatu zirenekoen erlikia bat baino ez da. Estatua zergak biltzeko estrukturari gabe geratu zen hemen. Antzinago, Hego Euskal Herriko lurralde historiko bakoitzak zeukan eskumen hori. Orduan, zergak biltzearen truk, bertako erakundeek -diputazioek- estatuari kupo bat ematen zioten, kupo finko eta akordatua zen. Hori da, funtsean, Kontzertuaren muina».

Iragan mendean, Francok Gipuzkoari eta Bizkaiari (probintzia traidoreak izendatu zituenean) eskubide hori kendu zien; Kontzertua Nafarroan eta Araban baino ez zen geratu frankismopean. Estatuaren Autonomien garaia etorri zenean, EAEk, kasu, Gernikako Estatutuaren bidez eskubide hori berreskuratu zuen.
Ordutik gaurrera -Espainiako Estatua Europako Batasunan (EB) sartzean- zergen estrukturak aldatu dira, BEZ eta beste hainbat zerga berregituratu dira. Pujanaren ustez, horretan datza Kontzertuaren inguruan bizi den gatazkaren gakoetako bat. Badago besterik, ordea: «Kontzertua ez da alde baten kontua, bi aldeen ituna baizik. Gatazka handi batean gaude, Espainiako Estatuak autonomiari buruzko planteamenduak aldatu nahi dituelako. Esaterako, Nafarroako hitzarmena eta EAEko Kontzertua, biak bat datoz izate juridikoan eta egituran, Kontzertu berri hau egituratzean lehenengo ezberdintasunak elkartu baitziren».
1839. urteaz geroztik hasi ziren Espainiako Estatua eta Hego Euskal Herriko lurraldeen arteko tirabirak. Pujanaren arabera, berauek indarrez sartuak izan ziren Espainiako Konstituzioan. Hortik dator egungo gatazkaren jatorria. Nafarroa Erresuma probintzia arrunta bilakarazi zuten juridikoki:«Foralistek esan dezakete nahi dutena, baina gogora dezaten gertaera hori. 1841eko ćLey paccionadaĆ delakoa osorik irakur dezaten. Lege hori gerra eta inposaketaren dekretu bat da. Madrilgo Gobernua hasi zen diputatuak hautatzen».

Gatazka ez da berria historian, ezta Kontzertu berriaren bilakaeran ere; 1982ko LOAPA dugu gogoan.
LOAPAk izugarrizko eragina izan zuen. Estatu kolpe saioaren ondoren (beste gerra deiadar bat) eskumen esklusiboak Estatuko Gobernuaren esku gelditu omen ziren. Hala ere, Auzitegi Konstituzionalak artikulu batzuk deuseztatu zituen. Gorte Nagusietan (Senatua) onartu ziren legeek zulo galantak egin dizkiote Gernikako Estatutuari. Harrezkero, Auzitegi Konstituzionalak ematen ditu legeen sententziak. Nolako legeak halako erabakiak. Auzitegi honek, irizpide murritzak erabiltzen ditu Estatutua interpretatzerakoan.

1984-85ean ere blokeoa izan zen?
Baina ez egun bezala. Orain gauza bi daude auzitan, legea bera, ituna bera, Kontzertua eta Kupoa. Estatuak Gernikako Estatutua ez garatzea erabaki du, hainbat eskumen eta baliabide oraindik garatu gabe daude. Eskumenak bitarteko finantzariak ahalbideratzeko tresnak dira. Aldi berean, Espainiako Estatuak Europako ordezkaritza hartu du Estatutua deuseztatzeko. Kanpo arazoak direlakoan, eskumenak bereak direla argudiatuz. Europaren bidez gure eskumenak hartzen ari da Espainiako Gobernua.

Bestalde, Eusko Legebiltzarreko aurrekontuen inguruan tirabirak izan dira. Lehen ere gertatu izan ziren. Zuk ondo ezagutzen duzu bere araudia...
1985-86ko aurrekontuak oraingo espiritu eta irizpidearekin bozkatu ziren. Egiagarai jaunarekin araudiari buruzko eztabaida izan nuen; orduan ere orotariko zuzenketak oso ezberdinak izan ziren, orain gertatu den bezala. Juridikoki aurrekontuak ezin zirela bozketa bakar batez deuseztatu esan nuen plenoan.
Legebiltzarrak bere borondatez argi eta garbi aditzera eman behar du zer eta nola egin behar den. Funtsean, Jaurlaritzak Legebiltzarraren borondateari jarraitu behar diolako. Orduan, eztabaida izan zen eta oposizioa era adeitsuan portatu zen, irizpide ezberdinak genituen arren ez zen orain gertatu dena gertatu.

Juan Mari Atutxak araudia erabili duen modua ontzat jotzen duzu?
Juridikoki araudi horren erabilpena zuzena da, bestela -aurrekontuen baietza eta ezetza aldi berean onartzea- aberrazio juridikoa izango litzateke. Legebiltzarrak Jaurlaritzaren gestioa kontrolatu eta bultzatu egiten du, hartara, nolako bultzada emango dion gobernagarritasunari mahai gainean kontraesan bat jartzen badio? Zer eredutan jarri beharko luke proiektu berria Gobernuak emendakinak kontraesanezko aurrekontuekin onartzen badira?
Juan Mari Atutxak ondo interpretatu du araudia. Gainera, araudiak Legebiltzarreko lehendakariari ahalmenak eta bideak jartzen dizkio berau interpretatzeko. Gaiaren konplexutasuna kontuan hartuta, badaude irizpide objektiboak horrela interpretatzeko. Beraz, oposizioak muntatu duen iskanbilak juridikoki ez du funtsik, eta politikoki ćfilibusterismoĆ arrunta da, Legebiltzarrarekiko errespeturik eza.

Legelari zaren aldetik, zelan ikusten duzu autodeterminazioaren eskubidea egun?
Autodeterminazioari buruzko lege zehatzik baldin badago, Autodeterminazioaren Legea bera da. Espainiako Estatuak bi tratatu ditu sinatuak eta berronartuak, 1966. urtekoa bata, giza-eskubideak eta eskubide politikoak jasotzen dituena. Tratatu horrek ez du bereizten eskubidea norentzat den, herrien eskubidea ere barne delarik. Autodeterminazio politikoa, frankismotik beretik sartuta dago Espainiako ordenamendu juridikoan; demokrazian, aldiz, trantsizioan -1976an- birsinatu zenetik. Autodeterminazioaren eskubidea oraingo Konstituzioarena baino lehenagokoa da eta bere gainetik dago, beraz.

Gauza bat dira legeak eta beste bat praxi politikoa, ordea.
Jakina. Autodeterminazioaren eskubidea nazioarteko itun bat da, baina estatuen gogoa falta da indarrean jartzeko. Autodeterminazioaren eskubidea norbanakoak izan nahi duena erabakitzeko eskubide bat da, beste kontu bat da zer erabakitzen duen. Nik, juridikoki, estatuek beren konstituzioetan ez dutela ezer berritu behar, esan nahi dut.

Gurean, lurraldetasuna berebiziko arazoa ote da?
Lurraldetasunari buruz gauza bat: Nafarroan -Amejoramenduaren arabera- ez zen erreferenduma egin. Beraz, hor ere oinarri demokratikoa zalantzan jartzeko modukoa da, inposizio bat izan zen. Alderdiek nahi dutena esan dezatela, hauteskundeak izan direla eta beste, baina Nafarroako Estatutua ez da bozkatua izan. Halaber, Gernikako Estatutuak komunitate politiko bakar bat egiteko ahalmena nortzuk daukaten garbi uzten du: Gipuzkoa, Bizkaia, Araba, baita Nafarroa ere. Dauden prozedurak bete baino ez da behar. Lurraldetasuna onartzen da, beste gauza bat da egiten den edo ez. Lurralde bakoitzak erabakitzeko ahalmena baitu.

Hala izanda ere, Euskal Herria eskualde horiek baino gehiago da.
Jakina. Lau lurralde horiekin ez da Euskal Herria osatzen, eta hor ere badago gako bat. Estatu biren arteko arazoa da. Guk ez dugu Euskal Herrian mugarik jarri historian, estatuek jarri zuten frontera hori. Bi Estatuek «Faisanen edo Konferentzien uhartean» sinatu zuten Pirinioetako delako bakea. Bakea baino ezbeharra izan dena. Baztandarrek eta baigorriarrek, edota bidasoarrek eta saratarrek ez zuten muga ezarri. Euskal lurraldetasuna deuseztatzeko Frantziako Iraultzaz geroztik gauzatu den politika oso ankerra izan da.

Demokrazia sistema ez da une onenean, antza. Gurean ere ez. Hona hiru adibide: «Iruńeko Gaztelu plazaren auzia». «Sakanan, Guardia Zibilari buruzko erreferenduma» edo «Boroako zentral termikoaren ingurukoa». Klase politikoak ez du batere demokrazia zuzenean sinesten.
Demokrazia zuzena posible ote da gaur egun, ordea? Grezian bere garaian, ćpolisaĆ edo hiria zen Estatua, egitura politiko nagusia, eta hango hiriak oso gutxi ziren, beraietan oso biztanle gutxi ziren, estadio batean biltzeko eta eztabaida gauzatzeko adina. Udaletan kontzeju irekia zegoen eta auzokide guztiek eztabaidatzen zuten, baina gaur egun ezin da. Erreferendumak arazo puntualetan gehiengoaren oniritzia emateko dira.

Aldeak alde, Ibarretxe lehendakariak burutu nahi duen kontsulta garatzeko, zer behar da?
Espainolen jarrerra ikusita Juan Jose Ibarretxe lehendakariak aipatu kontsulta ezin da garatu, ez da posible. Lehendakariak hemendik urte batera erreferenduma egingo dela esango balu ere, boluntarismo hutsa litzateke.

Nola atera gaitezke bizi dugun gatazka honetatik, orduan?
Bada, borondateak bilduz, ez banatuz. Eta gehiengoa alde dagoela sumatzen denean erreferenduma egiteko prestatu. Estatuekin negoziatu behar da, areago Europan izanda. Guk Europako sostengua lortu eta zertu behar dugu. Herri baten borondatea argi eta garbi dagoenean oztopoak gainditzen dira. Herri batek bere buruaren jabe egin nahi duenean hori lortu egiten du, ez dago hori lortu ez duen herririk

Gizartea edo herri hau ez al dago klase politikoa baino helduagoa, hala ere?
Seguru. Alderdi politikoek ez zuten maiatzaren 13ko emaitza espero. Beraz, herria helduago da klase politikoa bera baino

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan