- Juan Martin Elexpuru, idazle eta Aralarreko kideak Elkarriren Bake Konferentziari buruz ćElkarriĆ aldizkarian: «Aingeru gutxi geratzen da mundu honetan, eta badakigu oztopo handiak gainditu beharko direla horrelako gauza bat aurrera ateratzeko. Baina denek jakin beharko dute, eta alderdiek bereziki, honelako prozesu demokratiko bat hondatzen saiatzen denak erantzun beharko duela lehenago edo geroago hautesleen aurrean, eta faktura oso garestia izan daitekeela».
- Pasqual Maragall, PSCko buruzagia: "Espainiaren etorkizun plural eta federala, hor dago Espainiako herrien berradiskidetze iraunkor eta egonkorra, eta horrek esan nahi du askatasunean oinarritutako batasuna eta ez inposaketa".
- Irene Stoller ETAren aurkako borrokan aritu den Frantziako fiskal ohiaren ustez, Frantziak ez du ETAren aurkako jarrera aldatu eta azkenotan ETAren aurka izandako jarduera kasualitatearen ondoriotzat jo du. Bere ustez, halaber, ETAren garai bateko militanteak egun dituenak baino klandestinoagoak ziren.
Ramon Rabanera Arabako Diputazioko Ahaldun Nagusiaren akademia bosgarrenez erasotu dute joan den asteburuan Gasteizen izandako erasoarekin.
Albert Reynolds Irlandako lehen ministro ohiak arreta handia erakarri du Elkarrik gonbidatuta Euskal Herrira egin duen bisitan. Besteak beste, argi utzi zuen bake prozesu bat izateko ETAren su-etena ezinbestekoa zela; baina argi utzi zuen, halaber, kontaktu edo negoziazioen lehen faserako su-etena ez dela ezinbestekoa.
Juan Jose Martinez Leunda Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen zuzendariak dimisioa aurkeztu berri dio Joseba Azkarraga Justizia sailburuari. Martinez Leunda enpresa pribatura itzuliko da Bilbon.
Manuel Fraga PPko buruzagi galiziarrak argi utzi du -Jose Maria Aznarren tesiei aurre eginez- autonomien norabidea finkatuko lukeen Konstituzioaren erreforma egin beharko litzatekeela, besteak beste Senatuaren erreformari ekinez. PPk gehiengo osoa duen une hau baliatu beharko lukeela uste du Xuntako lehendakariak eta aurrera begira, erreforma hau eginez beste handiago batzuk saihestuko direla dio.
ASKATASUN MURRIZKETA
Lizarra-Garaziko Itunaren inguruan bildu ziren alderdi eta sektore guztiek salatu dute Baltasar Garzonek -eta, beraz, Espainiako Justiziak-Askatasuna eta Segi legez kanpo jarri izana. Baina, egungo egoera politikoan, beste eremu batzuetan legez, gaitza dirudi salaketa horretatik aurrerago jotzea. Gehiago egin ez izanak oihartzuna kentzen dio Garzonen erabakiari, eta berez guztiz ezohikoa den egoera normaltzen du. Baina larritasuna bere horretan mantentzen da, azken finean, tankerako erabakiak ezker abertzalearen sektore politiko handiena ahots legalik gabe uztera bideratuta daudelako. Argazkian, Segiko gazteak Iruńean egiten ari diren gose grebaren une bat.
BATASUNA BERE LEGEZ KANPOTZEA PRESTATZEN ARI DA
JAVIER Madrazo EB-IUko koordinatzaile eta Jaurlaritzako Kontseilariak esan du, Askatasuna eta Segiren legez kanpotzeen harira: Batasunaren legez kanpotzea prestatzen ari dira. Batasunako buruzagiek ere behin baino gehiagotan salatu dute asmo hori, eta irailaz 11ko giroaren beroan Europan saioa egin du Espainiako gobernuak, modu baldarrean baina norabide zehatz batean lorratza agerian utziz. Espainiak lehen sehileko honetan Europako Batasuneko lehendakaritza probestuko duela uste du Batasunak, eta egoera horretarako ere prestatua dago. Bere zuzendaritzaren atxiloketa aginduaren aurrean plan bat ere egina omen du, besteak beste, balizko atxiloketen biharamonean bilera egiteko toki zehatz bat.
ALARMA SOZIALA
EZ da zalantzarik hedabideek egungo gizarte modernoetan duten eragin sozialaz. Kasu askotan, beraiek dira gizartean zerbaiten aldeko edo aurkako giroa bultzatzen dutenak. Zenbait kasutan, judikaturarekiko zirkulu itxi bat ere sortzen da, hedabideek alarma soziala pizten dute eta gero epaileek hori erabiltzen dute era bateko neurriak edo bestelakoak hartzeko. Espainiako epaile aurrerazale batek justizian iskanbila ekarri duen Entzutegi Nazionaleko IV. aretoarekin gertatutakoa deskribatzeko erabili duen argudioa da aipatutakoa.
ABERRI EGUN BATERATUA OSPATZEKO AHALEGINAK
MARTXOAren 31n izango da aurtengo Aberri Eguna eta prestaketa lanak hasiak dira jada zenbait gunetan; ez dirudi, alabaina, ezusteko handirik izango denik. Su-etena hautsi zenetik gertatu den gisan, indar politiko bakoitzak berea egingo duela, alegia. Edozein modutan, bada Lizarra-Garaziko Itunaren inguruan bildu zirenak elkarrekin zerbait egin dezaten ahaleginetan ari denik, Abertzaleen Batasuna, esate baterako, norabide horretan ari da azken asteetan.
ROJOREN NABARMENTZEA
PSE-REN ia 10.000 militante martxoaren 23 eta 24an egingo den ezohiko kongresuko oinarrizko txostena eztabaidatzen ari dira egunotan. Joan den asteburuko Biltzar Nazionalean izandako giroarekin pozik agertu da Ramon Jauregi Kudeaketa Batzordeko burua, bere zuzendaritzapean egindako sintesi lanak sostengu zabala jaso duelako. Javier Rojo Arabako PSE-EEren idazkari nagusia izan da agian gehien nabarmendu den buruzagi sozialista; Arabako sozialistek blokean egin dute bat berarekin eta kongresuan izango diren 50 ordezkari arabarrak sektore desberdinen arteko lehian funtsezkoak izan daitezkeela ere ikusi da. Euskal Sozialismo Berriaren ordezkariek argi utzi duten bezala, dena den, ideien eztabaida mamitsuena kongresurako atzeratu da, nahiz eta orain herrietan izango den eztabaidak sektoreek agrupazio sozialistetan duten indarra ere azalduko duen. Martxoaren 3an bukatuko da herrietako emendakinen fase hau eta ordutik aurrera idazkari nagusien hautagaitzen unea zabalduko da ofizialki. Hautagai izateko, kongresuko ordezkarien %10ren sinadura bildu behar da.
DEPARTAMENDUAREN ALDEKO ELKARTE BERRIA
1999KO urriaren 9ko herri mobilizazio historikoaren ondoren sortu zen "Urriaren 9ko deia" kolektiboa elkarte izatera pasa da. Otsail honen 8an -1790eko otsailaren 8an, Frantziako Batzar Konstituzio egileak Pirinio Atlantikoak departamendua egituratu zuen-, Uztaritzen buruturiko biltzar nagusian, elkartearen lan ildo berriak finkatu ziren. Kide berrien biltzea, elkartearen egituratzea, gizartearen mobilizatzea eta Kontseilu Nagusiaren eratzea dira elkartearen lehen zereginak. Biltzar Nagusian, RPR, PS, UDF, EAJ, AB, Batasuna, Berdeak eta kide independenteak bildu ziren. Bere xede nagusia Euskal Departamendua izan arren, eskaera berriak planteatu dira elkartean, hala euskararentzat estatutua nola Ipar Euskal Herrirako laborantza ganbera. Elkarteak aurtengo urrian mobilizazio handi bat antolatzea du helburu.