Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-02 15:11:57
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2002-02-17 -- 1842.zenb


HIZKUNTZA BERRESKURATZEKO

SEIk (Euskal Soziolinguistika Institutua sortzen) eta UEUko Soziolinguistika sailak «Urrats berriak hizkuntz berreskurapen lanetan» ikastaroa antolatu dute. Ikastaroan azken urteotan euskararen berreskurapen lanetan izan diren egitasmo zein ikerketa berriak ezagutaraziko dira. Martxoaren 2tik maiatzaren 4a bitarteko larunbat guztietan izango da da ikastaroa. Ikastaroa Hiznet ikastaro telematikoaren ikasleei zuzendua dago batez ere, baina gaiarekiko interesa duten guztiek eman dezakete izena. Matrikulatzeko epea otsailaren 22an amaitzen da.


NAFARROAN EUSKALDUNAK BADIRELAKO

«Ya somos 100.000 navarros/as» kanpaina abiatu du helduen euskalduntze eta alfabetatzean jarduten duen Nafarroako IKA koordinakundeak. Helburua erdaldun elebakarrei Nafarroan euskaldunak badirela, dagoeneko 100.000 gainera direla, adieraztea da. Erdaldunei zuzendua dagoelako, egin dute kanpaina erdara hutsean. Azken finean, erdaldunak euskararen mundura hurbiltzeko asmoa du kanpainak.


NEKAZARITZA ESKOLAK ERDARAZ

Hego Euskal Herriko Nekazaritza eskoletako ikasleek mobilizazio ugari egin zituzten joan den ostegunean, hilak 7, «Nekazaritza euskaraz, orain» lelopean. Hegoaldean dauden bost nekazaritza eskoletatik (Murgia, Derio, Arkauti, Fraisoro-Zizurkil eta Txantrea) bakar batek, Fraisorok, eskaintzen ditu euskarazko eskolak, baina hala ere, ezin dira ikasketa guztiak euskaraz egin. Eskola hauetako ikasle gehienak euskaldunak dira ordea. Horrexegatik, eskolak, irakasleak, materiala, ikastetxeen funtzionamendua eta praktikak euskalduntzeko eskatu dute ikasleek.
.


«ZINEMA EUSKARAZ» IRUÑEAN

Otsailaren 1ean hasi zen Karrikirik urtero antolatu ohi duen «Zinema Euskaraz» zikloa. Maiatzaren 17a bitarte zortzi film luze eta labur bat ikusi ahal izango dira Iruñeko Golem zinemetan ostiralero, 20:30etan, 3,5 euroren truke. Karrikirik enpresa bilakatu behar izan du udal diru laguntza jasotzeko.


HIRIGINTZARI LEKU


Hiri Gunea jarri diote izena. Eta horixe izango da 400 metro koadroko azalera duen Gasteizko areto berria: hirigintzaren eta arkitekturaren gunea. San Prudentzio aretoa aspalditik zegoen erabili gabe, eta lehengo astean, Transforma elkartearen ardurapean, paratu zuten bertan lehen erakusketa, «Lanean» izenekoa. Berez, Hiri Gunea aretoak Gasteizen nahiz nazioartean egiten diren proiektuak biltzeko xedea badu ere, erakusketa honek Gasteizko proiektuak ezagutaraziko ditu. Martxoaren 3a arte egongo da eta ondoren, aretoak ateak itxiko ditu azken lanak burutzeko.
Aurrerantzean edozein hiri garaikide eta modernoetako egitasmoak erakutsiko dituzte. Bertakoak nahiz kanpokoak. Eta arkitekturaren funtzioak aztertzen saiatuko dira bilera, eztabaida eta hainbat ekitaldiren bidez.


MARRAZKI BIZIDUN BERRIAK

HAURRENTZAKO bi saio prestatzen ari dela jakinarazi berri du Pausoka produkzio etxeak. Lehena, «Cloud Trotters» izenekoa, Javier Martinezek zuzenduko du. Martinez Californiatik Euskal Herrira etorria da lan hau zuzentzeko. Skryotonite eskoziar enpresak idatziko ditu gidoiak eta Gasteizko TecToon arduratuko da diseinu grafikoaz. «Pinocchio in the maze» izeneko saioa berriz, aurreprodukzio fasean da. Saio honek Europako Batasuneko Media Plus egitasmoaren saria eskuratu, eta beraz, laguntza ekonomikoa jasoko du gauzatzeko. Bi proiektu burutu ostean, nazioartean merkaturatzeko asmoa du Pausokak.


EIBARKO JARDUNALDIEN URTEURRENA

HOGEITA bost urte betetzen dituzte aurten Eibarko Antzerki Jardunaldiek. Eta hain zuzen ere, jardunaldietako egitaraua aberastuz ospatu nahi izan dute urteurren hau. Otsailaren 16an hasi eta martxoaren 19a arte 23 ikuskizun eskainiko dituzte, horietatik hiru euskaraz. Parte hartuko duten euskal taldeak eta eskainiko dituzten lanak honakoak izango dira: Tentazioak «Anarkista baten ezusteko heriotza», Markeliñek «Underground», Txalok «Sobre los perjuicios del tabaco» eta «Bambulo», Tanttakak «Hor dago koxka» eta Julio Perugorria produkzioak «Los días felices». Dena den, nazioartetik eta Espainiatik bertatik talde garrantzitsuak etorriko dira Eibarrera. Besteak beste, Italiako Luciano Federicok «Loko Tidiano» eskainiko du eta Danimarkako Gert Pedersen umoregileak lehenengo bisita egingo du Espainian. Espainiatik berriz, Euroescena eta Producciones Teatrales Contemporáneas de Madrid bezalako taldeak izango dira Eibarren taula gainean. Egitarau mamitsu honez gain, antzerki unibertsitarioa eta antzerkiari eta zinemari eskainitako jardunaldiak izango dira.


EUSKAL ZINEMA AMERIKETAN

RENOKO Unibertsitateko Euskal Ikasketen Liburutegiak (Basque Studies Library) eta Euskadiko Filmategiak hitzarmena sinatu dute. Akordio honen bidez, Renoko Unibertsitateko liburutegi hau euskal filmeen biltegia bihurtuko da Ipar Ameriketan. Horrela, bertan izango dira euskal egileek sortutako filmak eta baita euskal zinemaren historiaren inguruko argitalpenak ere. Lehen bidalketa moduan, zenbait dokumental eta 19 film luze jasoko ditu liburutegiak. Horien artean «Vacas» eta «Salto al vacío».


IKASLE GIDOILARIAK

NAFARROAKO Unibertsitate Publikoak film laburren gidoi lehiaketa jarri du martxan. Bertan parte hartu ahal izango dute eskolan matrikula egin dutenek eta 1997az geroztik Unibertsitateko tituludun direnek. Martxoaren 1a da gidoia bidaltzeko azkeneko eguna, eta ondoren, NUPeko zinema lantegiko ikasleek filmatuko dute saritutako gidoia. Lehiaketaren helburua ezohiko testuak jasotzea da nagusiki, alor ezberdinetako ikasleek eginak.


AMARICAKO WEB GUNEA

GASTEIZKO Amarica arte aretoaren itxieraren aurkako plataformak pauso bat gehiago eman du web gune bat osatuz. Bertan, taldearen manifestua, itxieraren aferari buruz argitaratu diren artikuluak, iritzi artikuluak eta eurekin kontaktuan jartzeko aukera eskaintzen dute. www.amarica.info da helbidea.

- Helena Pimenta «Euskaldunon Egunkaria»n honela mintzo zen euskal antzerkiaren beharrez: «Plangintza orokor bat egin behar da. Jada profesional garrantzitsuak daude, eta politikoki erantzun behar zaio egoera horri. Artistak bagaude, ongi prestatuak, eta lan ona egiteko gogoarekin».
- Gabriel Erkoreka konpositoreak egunkari berean honakoa zioen: «Programatzailearen sentsibilitate urria da arazoa, ez entzulea».
- Josemari Carrereren aburuz, «aurrekontu handiak izanda ere, horiek gastatzerakoan euskaraz diharduten antzerki taldeen iritziak ez dira inoiz kontuan hartu, nahiz eta talde hauek interesa handia jarri halako jaialdi batean. Baina instituzioen aldetik horrela jokatu izan da antzerkiarekin herri honetan, antzerkiaz asko hitz egin baina antzerkizaleekin gutxi». Hitzok «Hika» aldizkarian idatzi ditu Carrerek.
- Jose Luis Padronek «Zabalik»en: «Sortzaile izateko aukera guztioi eskaintzen zaigu eta guri dagokigu erantzuna ematea. Poesia bizia da, eta bizia poesiaz betea dago».

Merkataritza elektronikoa ugaritzen da ari da. Horren adibide dugu Internet bidez produktuak erosteko aukera eskaintzen duen www.comerciovasco.com web gunea. Web gune hori Euskal Herriko merkataritza elektronikoaren atari gisa aurkezten bada ere, ez dago euskararen arrastorik bertan.

Imanol Uribek «El viaje de Carol» filmaren errodaketa amaitu du. 36ko Gerra oinarri harturik, haurtzaroari buruzko alegia bat egin du.
PiLT taldeak martxoan ekingo dio «Minus» izeneko bere laugarren diskoa grabatzeari. Lan hau Metaken eskutik plazaratuko du.
Bitoriano Gandiagaren poema esanguratsuenak hautatu eta bildu ditu Amaia Iturbidek «Bitoriano Gandiaga Artetxe. Bizitza itxaropen delako» izeneko liburuan. Lana Lontxo Oihartzabalek koordinatu du eta EHUko argitalpen zerbitzuak plazaratu «Gaur egungo euskal poesia» bildumaren baitan.
Pablo Valdes idazle iruindarrak irabazi du Tenerifeko VI Domingo Perez Minik antzerki saria «Dulce membrillo» obragatik.
Kepa Akixo «Zigor»en obra dago hilaren 28a arte ikusgai Bilboko «Epelde & Mardaras» aretoan.

Anjel Valdez Elkar-eko musika arduradunak honakoa zioen euskal musikaren inguruan «Euskaldunon Egunkaria»n idatzitako artikuluan:
« (...) Salmentak, orokorrean, jaitsiz doaz, denda txikien ixteak merkatu libre eta independentea izorratzen du alderik alde. Fenomeno hau mundu osoan gertatzen ari da: pirateoa da une honetan gure fantasmarik ilunena eta (...). Kontua ez da bakarrik euskal musika iadanik era industrialean pirateatzen dela baizik eta, kanpoko musikak pirateatzen direnean, gure herrietako musika denda txikiak ixtera kondenatzen dira eta denda horietan gure musika ere saltzen da, beraz, kanpoko nahiz bertako musika bat pirateatzen denean, gure industria kulturalari eta, beraz, gure kulturari kalte ikaragarria egiten zaio. Pirateatzearen delituan parte bi daude gutxienez: saltzen duena eta erosten duena, estafa bikoitza da alegia. (...) Edozein modutara, globalizazioaren eragina nabarmenegia da gure esparruan ere eta industria independiente eta minorizatuarentzat ondorio garratzak dakartza: denda eta superfizie handien eskuetan erabat harrapatuta eta baldintzatuta gelditzen da industria independientea eta honekin batera, telebistaren eta medio ahaltsuen indarra dela medio, kontsumoaren ohiturak aldatu dira. Gutxi batzuek kopuru handitan saltzen dute eta etekin ikaragarriak lortzen dituzte eta beste gehienok itsaso nahasi horretan ahal duguna egiten dugu oreka mantentzeko (...)».

Donostiako Euskararen Udal Patronatuak euskarazko web orrien gida kaleratu du. Hainbat erakunde, elkarte eta partikularrek egindako euskarazko web guneak biltzen dira gidan ataletan sailkatuta: euskara, zientzia, kultura... Sarean gabiltzan euskaldunentzat oso baliagarria izango da, dudarik gabe.

hemeroteka

1841. zenbakia | 2002-02-10
1840. zenbakia | 2002-02-03

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan