Emakumezkoen janzkera aitzaki
Pilar Iparragirre
Oraindik makina bat urrats eman beharrean gara emakumeok gizonezkoekin erabateko berdintasunera iritsi ahal izateko, baina dena den, iragan mendean horretarako bide luzea egin zela ukatzerik ez dago. Izan ere, egungo irakurle gazte askori harrigarria irudituko zaion arren, bereak eta bost jasana da andrazkoa bere buruaren jabe izateko bide malkartsuan, baita gure Euskal Herria maite honetan ere! 1972ko otsailaren erdialdean Basarrik ZERUKO ARGIAn, astero-astero idazten zuen "Nere bordatxotik" sailean, jasotzen zuena dugu horren lekuko. Umore ukitu nabarmenarekin idatzita bazegoen ere, islatzen zuena ondo serioa zen.
MANTEROLA JAUNAREN BERTSOAK
"Lezo-tik, Marzelino Manterola jaunak bertso batzuk bidali dizkit", jakinarazten zuen Basarrik, hasteko. Bertsoak ez zirela bereak, alegia. Dena dela, aski ezaguna zitzaion igorlea Basarriri, segidan honakoa jartzen baitzuen: "Len ere inoiz agertu dira onen lanak æZeruko ArgiaÆ-n. Azkena eztedilla izan. Argitaratzeko asmoz bidaliak diralarik, bakar batzuri toki eman nai nieteke gaurko nere lantxo ontan".
Eta zein ote Marzelino Manterolaren bertso sorta luze horren mamia? "Bertso auetan garbi adierazten duenez, neskatxa gazte talde batekin bildu zan gure bertsojartzaillea. Oso naigabetuak aurkitu omen zituen, eta aien naigabeak bertso batzutan agertzeko erregutu omen zioten. Asko ixtimatuko ziotela olakorik egiten bazuen".
Jarraian, Marzelino Manterola jaunak bidalitako lehenengo bertsoa zetorren:
Mesedetxo bat eskatutzera
zugana gera abitu,
gaur eguneko jazkerarekin
pixkat nai gendun luzitu.
Ori dela-ta, aspalditxoan
guk zer ditugun aditu,
naio genduke bertso batzutan
azalduko bazenitu.
Auskalo Lezoko bertsolaria inorekin bildua zen edota bere kabuz aritua. Gauza da, goiko bertsoaren ondoren, honako azalpena eskaintzen zuela Basarrik. "Bein batera, ta bein bestera, modaren eskaria. Udan eta neguan berdin ibiltzerik ez. Baiña, naiz egal batera asi, naiz bestera, egundo asmatzen ez. Maxiaketa ugari jendeak. Entzun ere egin bear galantak, sarritan".
Eta hara balizko neskatila taldeak Marzelino Manterolari horretaz guztiaz kontatu ziona.
Udara aldean, moda zala-ta,
jantzi gendun "minifalda",
orduntxe ba-zan zer itzegiña:
Baiñan au posible al da?
Euskalerriko neskatxarentzat
jantzi oberik ez al da?
Esaten zuten: ortara ezkero
dana kenduta igual da.
Gaitz erdi horretan bukatu balira moda jarraitu nahi zuten emakumeen gorabeherak! Basarrik zioenez, ordea, horrela joan zitzaien kontua: "Erdiko bizitza gaiztoa izan nunbait, eta urrengo saltoa berriz ortik onerakoa! Len laburregi, orain luzeegi. Auxe komeria ta asmatu-eziña! Eztek errez emen asmatzen!», pentsatuko zuten bi aldiz gaixoek. Begira Manterolak dionari:
Ura kenduta "maxifalda" edo
oiñetaraiñoko gonak,
lendik izketa txarrak baziran,
orduan etziran onak.
Jazkera ori nola eraman
burutik sano dagonak?
Batzuek moja deitzen ziguten,
besteak berriz amonak.
EMAKUMEAK ETA GALTZAK
Mundu honetan den-denak konforme utziko dituen neurririk hartzea ez da, gero, batere erraza! Gure emakume modazaleek hainbeste buruhauste ematen zizkien gona luze zein motzak baztertzea erabaki zutenean, are okerragoa izan omen zen... Horrela azaltzen zuen arazoa Basarrik, behinik behin:
"Gona kontuan burutzerik etzegola-ta, negu beltzean beste zerbait pentsatu bear. Gonak alde batera utzirik, galtzak edo prakak jaztea erabaki. Zer esanak bukatuko ziralakoan? Ederki eman ere! Etzegok toki txarrean!".
Manterola jaunak, bere aldetik, era honetara jasotzen zuen neskatila talde kezkatu hark azaldu bide zion kezka:
Negu aldean gonak kenduta
or jantzi ditugu galtzak.
Len zer esana baldin bazegon,
orain jarri dira saltsak.
Gizasemeak ala zioten:
"Olako andre bat ar zak.
Len ezpagendun asko agintzen
leku onean gabiltzak!
Bukaera gisa, Marzelino Manterolak bidalitako bertso sortatik hauxe aukeratu zuen Basarrik, "neskatxa naigabetuen galdera" jasotzen omen zuena:
Ezin supritu emakumeak
galtzak jantzita ikustea,
eztagola ondo neska gazteak
gona luzeak jaztea;
ta lotsagarri gona motzekin
iztarrak erakustea.
Zer nai dezute, danak kenduta, larrugorririk astea?
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.