artikulu nagusira itzuli
«Bertako ekoizpena gehiago zaindu beharko genuke»
Oihana Ugarte 27 urteko tolosarra da. Marrazki bizidunak egiteko ikasketak burutu zituen eta zuen sormen gaitasun hori kanporatzeko nahia eta beharra zuela konturatu zen. Duela bost urte inguru hasi zen Tartalo arroparen diseinuak egiten. Estanpazioak egiten hasi zen eta hanka sartuz ikasi zuen; froga ugariren ostean, arrakastaren ateak iragan ditu Tartalo arropa markak.
Nondik ateratzen duzu inspirazioa marrazkiak egiteko?
Nik ez diot nire bururari marraztu egin behar dudala esaten. Konturatu gabe hasten naiz margotzen. Telefonoz ari naizela, adibidez, boligrafoz edo arkatzez zirriborroak egiten ditut eta hortik ideiak sortzen zaizkit. Ideia edo bozeto hauek garatu eta horrela sortzen dira diseinuak. Marrazki ezberdinak egiten saiatzen naiz, guztien gustuko izan daitezkeen marrazkiak egiten.
Nork erosten du Tartalo arropa?
Jende mota oso ezberdinak eramaten ditu arropa hauek: helduek, gazteek, neskek zein mutilek. Azken finean, kamisetak edonork janzten ditu.
Nola da arropa hauek merkaturatzeko prozesua?
Lehenengo marrazkiak egin behar dira. Diseinu politak eta egokiak egin eta era berean, kamiseta nahiz jertse, nahiz estanpatu nahi duzun hori erosi behar da. Handizkariei erosten diet jeneroa, merke izaten baitute eta kolekzio txiki bat sortzeko adina arropa lortzen dut horrela. Ondoren arropa horietan frogak eta estanpatuak egiten ditut eta dendaz denda joaten naiz arropa erakustera. Adibidez, udarako marrazkiak prest ditut. Diseinuak prestatzerakoan besteak baino lehen aritzeak badu hemen bere garrantzia, besteak baino lehen dendetara iritsi eta zure produktuak saltzeko aukera baituzu.
Zuen salmenta zein lurraldetara zabaltzen da?
Batez ere Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan saltzen dira Tartalo produktuak. Nahiko mugatuak dira nire salmenta puntuak. Hedatzeko dirua behar da, inbertsio handia egin behar da eta hau apustu arriskutsua izan daiteke. Tartalo ezaguna da Euskal Herrian, baina ez bertatik kanpo. Huescan eta Sorian ere pixka bat saltzen da, baina batez ere hemen. Hala ere, arroparen mundua konpetentziak eta norgehiagokak zuzentzen du eta handiak txikia zapaltzen du beti. Euskaldunok daukaguna, gurea dena, zaindu beharko genuke, jendeak ez baitu beti behar bezala gure lana baloratzen.
Arropa dendetan soilik saltzen duzu?
Erosle finkoak baditut, baina horrez gain, artisau azoketara ere joaten naiz. Bertan jendearekin harreman zuzena duzu eta nahiko arrakastatsua izaten da. Ondarrun egiten den Euskal Herriko kamiseta azokara ere urtero joan izan naiz eta lau urtez lehen saria irabazi dut. Honek aurrera jarraitzen laguntzen du, indarra eta animoa ematen baitit. Dendak oso beteta daude, beti dute arropa piloa eta saltzea ez da batere erraza izaten. Denetatik izaten da dendetan eta horregatik ekoizpen berriak egitea ere pentsatu izan dut behin baino gehiagotan. Ekoizpen berria egiteak ordea, lan asko dakar eta bakarrik aritzen naizenez, ezin naiteke guztia egitera iritsi. Tartalo marka komertziala bilakatzeko apustua arriskutsua da eta jende gehiago eta dirua beharko nuke. Ez dut hala ere, ezezko borobilik esango, baina aukera hori izango banu zerbait egingo nuke, beti ere, aukera heltzen bada. Oraingoz Euskal Herrian nabil eta pozik nago. Jateko adina ateratzen dut eta orain ez dut gehiago espero.
Euskal diseinatzaileen artean loturarik badela esango al zenuke zuk?
Ez dut uste loturarik dutenik, azken finean, marrazkiak norbanakoak eginak dira
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.