Pilar Iparragirre
Euskararen batasunak zenbat buruhauste ez ote dion sortu helburu horren atzetik dabilen euskaldunari! 1972ko hasieran, batasun bide ezberdinak proposatzen zituztenen arteko haserrea gori-gori zegoen. Nolanahi ere, bazen hika-mikarekin amaitu eta oztopoen gainetik Euskaltzaindiak onartutako bidetik aurrera egitea erabakita zuenik. "Idazkera berritua erraz ikasteko" izenburupean Z. ARGIAk kaleratzen zuen lan kolektiboa lekuko.
IDAZLEEN AGIRIA
Honela aurkezten zuten beren egitekoa: "Duela bi ilabete gora behera, idazle multzo batek ondoko azalpen hau presentatu zion Euskaltzaindiari. Honen azken Batzarrean, lehendakari eta idazkari jaunek aipatu zuten, euskalduneei, zuzen adierazteko gomendatuz. Horregatik, idazle askoren erreztasunaren onerako izango dalakoan, Z. ARGIA aldizkariari, gure azalpen hau argitara dezala, eskatzen diogu. Izkribu hau izenpetzen dutenak, hemen azaltzen diran baino gehiago dira. Zerrenda luzeegia izan ez dedin, ordea, bakar batzuen izenak txoilki azaltzen dira hemen". Hauexenak, hain zuzen: "A. Altuna, R. Bozas-Urrutia, I. Goikoetxea (Haztelu), A. Irigaray, D. Unanue (Elustondo), X. Lete, J. A. Arzeà".
Jende ezaguna zela ezin ukatu. Zein ote haien proposamena? "Ortografia Sailla, idazkera-batasunerako maillarik nagusiena edo premiatsuena ezpada ere (konjugabidea eta leixokoa ver, larriago direlarik, azalpen hontan Sail hura txoilik ikutzen da", ohartarazten zuten, horren arrazoiak ematen hasi aurretik. "Idazle batzuek, oso ortografia-batasunaren alde egon arren, oztopoak aurkitzen dituzte, Arantzazun gomendaturik izan ziran idazteko lege berrietara ohitutzeko".
ETAPAKA BADA ERE, AURRERA!
Idazle guztiei beren egitekoa erraztea nahi zuten, beraz. Nola, ordea? Bada, honelaxe: "Billera haietako Agirietatik ateratzen danez, jarraikiko urratsen bidez (por etapas) egin diteke aldakuntza. Horrela mintzatu zan Mitxelena jauna eta hori bera egiztatzen du Villasante Euskalzainburu jaunak, bere æHacia la lengua literaria comúnÆ deritzan txosten liburuxkan (62-65). Bestalde, Batzar bereko burutapenetan (lehenengoan, alegia) honela esaten da: à1) Ortografiaz hortarako hautatu zen batzordeak adiarazi dituen pundu gehienak onartuak izan dira, ikusi dugunez; 2) -H- letraren hauziaz izan diran iritziak entzun ondoan, erdibide bat aukeratu da hasteko.
Hori dala ta, zein izan diran pundu gehien horiek, xeheki adieraztea komeni litzake. Baina pundu horiek azaldu baino lehenago ere, æEuskeraÆ aldizkarian, 1968-ko XIII zenbakian, ezagutzera ematen diran erakaspeneri jarraituaz, eztabaida aundienak sortzen dituzten auzieri dagozkien urrengo urrats hauek eman ditezkeala, uste dute idazle batzuk.
Lehenengo urratsa. A) Praktikan kontresta larririk sortzen ez duten eta, dirudienez, aho batez onartuak izan ziran ortografia legeak onartu.
B) Mitxelena jaunak, bustiak deritzaten otseri buruz dionaren arabera jardun. -ll- eta -ñ- letra horien aurretik, -i- letra sartu beharko da, oraindik -ñ-ren ordez -n- letra eta -ll-ren ordez -l- idazten ezpada ere. Beraz, oraingoz, aurrerago jo nahi ez dutenek, -baiña-, -oillo- eta abar idatzi dezatela; jakina, izen propio eta deituraz landa. D) Lehengo urrats hontan Euskaltzaindiak prezeski gomendatzen duen vocal arteko -h- letra, ots, diptongorik osatzen (lotzen) ez dutenean, sartuko da".
Behin honaino iritsiak, agian euskaraz ez zitzaiela behar bezala ulertu eta, gaztelerazko azalpena jartzen zuten: "Se dará entrada a la -h- intervocálica en los casos explícitamente indicados por la Academia, es decir, en ruptura de diptongo -aho-, -ohe, -ehun-à".
«H» hizkiarenak ez ziren hor amaitzen, baina. "-H- berari dagokionez, izen-ordekoen (pronombres demostratios) -hau-, -hori-, -hura-à eta lekuadizkizun edo adverbioen asieran (-hemen-, -hor-, -han-à) erabiliko da".
BIGARREN URRATSA
Honaino batasunaren bidetik jarraitu nahi zuen idazle ororentzako arauak. Segidan, gehiago ahalegindu nahi zutenentzakoak zetozen.
"Aurrera jarraitu nahi duten idazleek, -ñ- eta -ll- letren ordez, -n- eta -l- erabiliko dituzte, izen propio eta deituraz salbu: (Urruña, Bithiriñe, Gotañe, Peillen, Loroño, Uruñuela, Iruñe; bai eta irriño, amañi, nimiño, español, gallegoà). Eta -H- letra sartu, hitz zenbaiten asieran ere; zuzen sartzeko 'Euskera'n argitaratu hiztegia eta ondoren argitara ditezkenak, idazleentzat baliagarri lirake. Hitz konpuestoetan berriz, Villasante buruzagiak dio liburuxka horren 65 orrialdean: àsi los vocablos componentes se escriben separados, conservan la -h-, y pierden si se escriben juntosà (atzerri -otserri - Goierri)".
Lan kolektibo hura aurrera eraman zutenek, ez zeukaten inorekin haserretzeko asmorik, baina badaezpada edo, ondoko oharra argitaratzen zuten: "Azalpen hau egitean ez dugu aldez aurretik idazle bakoitzaren jokabidea ezertan epaitu nahi. Batek nahigo izango du bi urrats horiek batean egitea, beste batek berriz baliteke, bietatik bat ere egin nahi ez izatea. Dana dala, idazle norberaren ezein arau arrazoizko gabe jokatzetik, datorken erabateko anarkiari, ihes egingo lezaioke"
Ainara Iraeta
Atzerriko diseinatzaileek egindako arropak eta oinetakoak erosten ohituta gaude, eta dagoeneko makina bat marka ezagutzen ditugu. Batzutan, gainera, geure egiten ditugu eta marka horien erosle amorratu bihurtzen gara. Diseinatzaile horien artean gehienak atzerrikoak dira, baina euskal disenatzaileek ere marka propioak sortu eta merkatuan tokia bilatu eta aurkitu dute. Kukuxumusu, Loreak Mendian, Tartalo, Q con E eta Fosco euskal markei buruz aritu gara orriotan.
Nafarroatik arkakusoen musuak.
Euskal Herriko hiri nahiz herri askotan ikus daitezke egun Kukuxumusu izenaz ezagutzen diren dendak. Izen arraro honek arkakusoaren musua esan nahi du eta kolorezko kamisetak, mahuka luze nahiz motzekoak, jertseak, galtzakà denetarik egiten dute arropa etxe honetan. Arropa hauek guztiek ezaugarri bat dute: marrazki originalak eta oso dibertigarriak dituzte estanpatuak.
1989. urtean Gonzalo, Koldo eta Mikelen asmo bakarra zerbait dibertigarria egitea zen eta San Ferminetan basoerdi batzuk zurrutatzeko sosak ateratzea. Sanferminetarako entzierroetako marrazkiak zituzten elastikoak saltzen hasi ziren, garai hartan saltzen ziren beste elastikoen marrazkiak oso itsusiak baitziren (hirukotearen ustez, noski). Basoerdi ugari edan zuten Sanfermin haietan, diseinu eta marrazkiak oso arrakastatsuak suertatu baitziren.
Ondoko herrietan ere marrazki berriekin egin zuten proba eta berriz ere arrakasta izan zuten. 1996. urtean, Kukuxumusuren ekoizpenak saltzen zituen lehen denda ireki zuten eta jada hamar bat dituzte, Baionan, Bilbon, Donostian, Iruñean, Gasteizen eta Barakaldon.
Gaur egun Kukuxumusuren ekoizpenak Euskal Herrian nahiz bertatik kanpo eros daitezke. Merkataritza sare zabala dute Europa hegoaldean, 1.000 saltoki baino gehiago, eta Karibeko zenbait uharteetaraino ere iritsi dira Kukuxumusuren marrazkiak. Diseinu hauek arropaz gain, beste hainbat euskarritan ere saltzen dira: posta txartelak, zeramika, giltzariak... Hiru nafarrek ordea, ez dute ibilbidearen hasiera eta Sanferminekiko maitasuna ahaztu eta jaia da logotipoen oinarri, zezenak ez baitira haien marrazkietan falta.
San Ferminetatik Loreetara.
Arkakusoen musuetatik Xabier Zirikian donostiarraren loreetara goaz. Loreak Mendian izeneko arropa marka Donostian sortu zen. Hasieran ez zuen arroparekin zerikusirik. Xabierrek dioenez, unibertsitateko ikasle zenean, Donostian graffitiak egiten hasi zen. «Graffitilaria nintzen ni ez arropa diseinatzailea". Denbora aurrera joan ahala marrazki haiekin serigrafia egiten hasi zen Xabier. Lehenengo kamisetak egin zituzten, eta arropa hark zuen arrakasta ikusirik, 1995. urtean denda irekitzea erabaki zuen. Bazkide berri batekin marka bezala mundu osoan zehar zabaltzen hasi zen Loreak Mendian. Gaur egun, Iruñean, Bilbon eta Donostian dituzte dendak eta, Euskal Herritik kanpo, Madrilen. Horrez gain, Espainiako 160 dendetan saltzen dituzte galtza, alkondara, nahiz mota guztietako produktuak. Portugalen, Frantzian eta Japonian ere saltzen dira Loreak Mendian markaren produktuak eta orain, munduaren beste aldean, hau da, Australian, dute erronka berria. Hala ere, salmenta nagusiak Euskal Herrian eta Katalunian egiten dira.
Urtean bi kanpaina egiten dituzte eta bakoitzean hamar logotipo inguru marrazten dituzte. Zirikianek marrazkiak eskuz nahiz ordenagailuz egiten ditu eta ondoren, makinen ordua da. Ohikoena kanpaina bakoitzean arrakastatsuenak izaten diren logotipoak mantentzea da. Diseinuak sortzeko orduan, Xabier Zirikianek urduri samar jartzen dela onartu du, logotipoak arrakastatsuak izango diren edo ez inoiz ez baita jakiten. Hala ere ez du uste ideiak eta duen ahalmen sortzailea amaituko zaizkionik.
Euskal marken arteko harremanei buruz galdetuta, Zirikianek ez du uste euskal marken artean erlaziorik dutenik: "Bakoitzak bere estiloa du. Ez daude euskal labela duten arropak. Hala ere kanpoko norbaiti galdetu beharko genioke, ea Euskal Herrian sortutako markek elkarren artean antzekotasunik duten ala ez jakiteko".
Q (Cuca) con E (Esther) donostiarrak.
Cuca eta Esther donostiarrak dira eta bazkideak baino lehen, lagunak ziren. Modaren munduan murgildu ziren biak eta poliki-poliki gauzak egiten hasi ziren. 1996. urtean ekin zioten negozioari. Arropa diseinatzen hasi ziren eta ostean, osagarri ugari egin zuten: poltsak, txapelak, berokiakà
Denda bakarra dute, Donostian, baina handizkariak ere badira eta produktuak toki ugaritan saltzen dituzte: "Kantabrian, Gipuzkoan, Bizkaian, Asturiasen, eta Madrilen saltzen ditugu gure produktuak besteak beste, eta orain ari gara gure salmenta tokiak zabaltzen", dio Cucak, bi bazkidetako batek.
Diseinua egiteko mementoan, modaren tendentziak kontuan izaten dituzte, modak garrantzi handia baitu. "Irudimena beharrezkoa da, baina era berean, behatzea oso garrantzitsua da. Kalean dagoena, telebistanà Edozer gauza izan daiteke baliagarria, azken finean, ideiak edonondik sortzen baitira".
Q con E-ren arropa eta osagarriak gaztetxoei zuzenduak daude batez ere, nahiz eta hauen amek ere gauza ugari erosten dituzten. Gizonezkoentzat ez dute ezer egiten.
Cucaren ustez, ezin esan daiteke euskal moda dagoenik baina guztiek tendentzi eta influentzia berdinak dituztela aitortzen du. "Frantzia bertan dago eta eragina nabaria da. Hala ere, gauza ezberdin ugari egiten dira eta ezin esan daiteke estiloa bakarra denik".
Zapata euskaldunen arrakasta.
Fosco zapata denda ezagunak ere euskaldunak dira. 1991. urtean sortu ziren Oiartzunen. Bilbao anai-arreben ekimenez jarri zen abian, 1946. urtean sorturiko Hernaniko zapata denda zahar bat zuelarik oinordeko. Hamar urtetan, 210 denda ireki dituzte bi komertzio motatan, Fosco eta Mercalzados hain zuzen. Denda hauek guztiak sendiarenak dira eta 72.12 milioi euro inguruko fakturazioa dute urtero. 700 langile dabiltza talde komertzialeko dendetan lanean eta harreman zuzena ez duten, baina nolabaiteko lotura duten beste 1.200 lanpostu inguru sortu dituzte. Urtero gainera 25 denda berri inguru zabaltzen ditu zapata denda taldeak.
Negozio honen sekretuetako bat irabazi guztiak inbertitzen dituztela da; 3.61 milioi euro inguru denda berriak irekitzeko eta beste 6.01 milioi euro produktuen diseinu eta ekoizpenean inbertitzen dira. Bilbao anai-arrebek jarraitzen duten enpresa irizpidearen arabera, haien gain hartzen dute negozioaren atal guztien garapena: diseinua, fabrikazioa eta salmenta. Diseinua Oiartzunen egiten dute eta salmenta beren dendetan egiten dute zuzenean. Zapata pare bat bera ere ez da haien dendetatik kanpo saltzen
Daniel Udalaitz
Egun hauetan betetzen dira ehun urte gaur egun desagertuak diren Bizkaiko Labe Garaiak sortu zirenetik. 1902. urteko otsailean jaio ziren hain zuzen ere. Inori ez zitzaion burutik pasatzen orduan enpresa izugarri hura, geroago Hego Euskal Herrira eta Estatuko beste lekuetara ere zabalduko zena, eta Europan ere adarrak izan zituena, desager zitekeenik. Europako Batasunako arazo ekonomikoen eta Espainiako Estatuko arazo politikoen bateratzeak Labe Garaien desegitea ekarri zuen, PSOEren gobernuaren garaian egin zen burdingintzaren birmoldaketa basatiaren ondorioz. Era berean, inori ez zitzaion bururatu, ekoizpen sistema berri baten alde eginez, aldaketa izugarria zetorrela laster.
Birmoldaketa gogor haren ondoren, Labe Garaiak egon ziren lurren parte txiki batean ezarri zen haien ondorengo izango zena, Bizkaiko Altzairutegi Trinkoa, ACB. Enpresa berria zen, 1987an Labe Garaietan ziharduten 8.000 langiletatik 330 baino gorde ez zituena. Baldintza teknologiko berrien eraginez, ezin sinetsizko moduan hazi zen langile bakoitzeko ekoizpena. Aski da 1987an Labe Garaien langile kopurua 8.000koa zela gogoratzea, eta berotan egindako 1,4 tona banda ekoizten zituztela; gaur egun, ACB berriarekin eta 330 laguneko talde txikiarekin, 1,050 milioi tona baino gehiago ekoizten dira jada. Bilakaera hori, berez ikusgarria izanik ere, are ikusgarriagoa izango da 2003. urtean, instalazioen zabalkundea, hasia dagoeneko, bukatu eta lanean hastean.
INSTALAZIO BERRIAK GEHIAGO EKOIZTEKO.
Hala, Barakaldon, gaur egungo euskal altzairutegiaren lurretan eraikitzen hasi diren instalazio berriei esker, 45 langile gehiagorekin, ez besterik, 2000. urteko ekoizpena, 1,050 milioi tonakoa, 330 langilerekin lortua, 1,8 milioi tonakoa izatera igaroko da, 375 langilerekin. Horrek esan nahi du ACBren aurreneko ekoizpena (860.000 tonakoa), duela urte batzuk hasi zenekoa, bikoiztu baino gehiago ere egingo dela. Argi dago instalazio berri hauek sortuko duten ekoizpen/langile ratioaren hazkunde handia. Dudarik ez dago hainbesteko aldaketa ez zitzaiola inori bururatu ere egingo altzairutegi berria ibiltzen hasi zenean.
Izan ere, ACBk ekoizpen linea berri bat sortzea erabaki du, bigarrena, eta horretarako hiru enpresari esleitu zaizkio obrak, SMS, LOI eta Ingelectric-i. Enpresa horiek, bestalde, inguruko enpresak eta lantegiak azpikontratatuko dituzte. 90,15 milioi eurokoa da zabalkunde proiektuarentzat aurrez ikusten den inbertsioa. Kopuru horren %70 azpikontratazioetarako erabiliko da.
ACBren ahalmena handiagotzeko lanak bi alditan egingo dira. Aurrenekoan gaur egungo 1. labea, 145 tonakoa, berriztatuko da. Berriztapen hau bere kideko 2. labean antzeko berritze lanak burutu ondoren egingo da, ganga eta estalki batez hornitu eta galdaragintzako beste lan batzuk egingo dira. Bigarren aldian, ijezketako zazpigarren kaxa muntatzeko eta ezartzeko lanak egingo dira, eta bobinatzeko makina berri bat ere ezarriko da, aurreneko banda 2002ko lehen lauhilekoan bilduko duena.
Bigarren ekoizpen linea hau lanean hasten denean, ACB ia 601 milioi euro fakturatzera irits daiteke, eta era horretan 2000. urteko fakturazioa, 240,40 milioi eurokoa izan zena, bikoiztuko du. Eta fakturazio bikoitz hori, ekoizpenaren bikoizteari ere badagokiona, langile taldea 45 lagunetan bakarrik gehituz lortuko litzakete. Erabateko aldaketa da beraz.
ACB, BURDINGINTZAREN ARO BERRIA.
ACB sortu zenean, ziklo historiko bat itxi zen eta burdingintzaren aro berri bat abiatu zen Euskal Herrian. Atzean geratu ziren, suntsiturik, Labe Garaietako instalazio historikoak, eta atzera geratu ziren halaber milaka langile, aurrez jubilaturik, eta milaka familia; haien seme-alabek ezin pentsatu zuten jadanik beren gurasoen lana jarraitzerik, euskal burdinola beraren Aprendiz Eskola jada desagertu ondoren. Labe Garaietako milaka enplegatutatik, 330 langile bakarrik ari dira gaur lanean ACB berrian, 2003. urtean beste 45 langile gehiago izango dira.
ACB aurrenekoa da Europan bere ezaugarriak dituztenen artean. 360,01 milioi euroko inbertsioa behar izan zuen, eta 1996ko uztailean inauguratu zen, bere lehen lehendakari gaur egun erretiratuta dagoen Javier Perez Agote izan zen. ACB berri honek sei aurrekari ditu, lau Estatu Batuetan, bat Mexikon eta beste bat Korean.
ACBk fabrikazio sistema berritzaile bat erabiltzen du, C.S.P. (Compact Strip Production) deritzana. Prozedura horri esker ekoizpen ahalmena eta energia kontsumoa hobe daitezke, eta asko murrizten dira eraldaketa gastuak. Azkenean, ACBk bobina beroak ekoizten ditu. Bobina horren ezaugarriak honakoak dira: 790tik 1.560 milimetrorako banda zabalera dute 1,5tik 12,7 milimetrorako gutxieneko loditasuna dute, eta 28 tonako gehieneko pisua. Bere lehen ekitaldi osoan, 1997an, 600.000 tona ekoitzi zituen ACBk, 168,20 bat milioi euro fakturatu zituen eta lortu zituen irabaziak 12,02 milioi eurokoak izan ziren.
Hasieran, 18 ekonomia eta finantza talde ziren ACBko akziodunak, eta horien artean Corporación Siderurgica, Socade, Gonvarri, BBK, BBV, Urquijo Bankua, BCH, BEX eta Nafarroako Aurrezki Kutxa zeuden. Gaur egun, hasierako akziodun askoren partaidetzak erosiz joan da Aceralia, eta elkartearen %70 inguru kontrolatzen du. Parte bat burtsara atera du. Euskal erakunde batzuk akziodunen artean jarraitzen dute ordea: BBK, Socade eta Nafarroako Kutxa.
Aceralia, talde horretakoa baita ACB, aldizkari honetan adierazi zen bezala, Usinor eta Arbed-ekin bateratzeko prozesuan dago joan den urteko urriaz geroztik, eta halaxe sortu da munduko lehen siderurgia taldea, guztira 110.000 langile izango dituena. Erraldoi berri honek urtean 46 milioi tona ekoitziko ditu, salmentak 30.041 milioi euro ingurukoak izango dira (5 bilioi pezeta), eta Luxenburgon izango du egoitza.
ACB Bilboko ezkerraldean edukitzeaz gainera, beste hamairu lantegi dauzka Aceraliak Euskal Herrian, eta langileak guztira 5.300 dira. Bizkaian, Etxebarrin (latorri ijezketa eta galbanizatzea) eta Basaurin (Laminados Velasco, banaketa) ditu lantegiak. Gipuzkoan beste bost lantegi dauzka: Zumarragan (barrak eta alanbre trefilatua), Azpeitian (eraikuntzako biribila), Zestoako Lasao auzoan (sarea), Olaberrian (eraikuntzako habeak) eta Bergaran (profil txikiak). Araban beste bi lantegi dauzka: Gasteizen (Galycas SA, trefilaketa) eta Agurainen (Laminados Velasco, banaketa). Lapurdin, lantegi bat dago Baionan, eta, azkenik, Nafarroan, beste lau lantegi dauzka, Bera (Zelain), Lesaka, Legasa eta Berriozarren
Mikel Asurmendi
Heldu den irailean hogeita hamar urte beteko ditu Hazparneko Ikastolak. Alta, bada, Ikastolako partaideak urte hastapenetik beretik hasiak dira 30. urteurrena ospatzen. Donamartiri herrian buruturiko bertso jardunaldi batekin abiatu zuten ospakizuna iragan urtarrilaren 20an. 100en bat bertsozale inguruk Txomin Ezponda, Jon Maia, Amets Arzallus eta Miren Artetxe bertsolarien jarduna profitatu ahal izan zuten. Hazparne eskualdeko euskaltzaleek Karlos Aizpurua irakasleak gidatzen duen bertso eskolarekiko atxikimendua erakutsi zuten. Ospakizunak hasi besterik ez dira egin alabaina. Otsailaren 3an, kantaldi bat izanen da Aiherran, Elaudi eta Belardi musika taldeen parte hartzearekin. 30. urtemuga kari, ugari izanen dira aurten euskaltasuna sustatze aldera burutuko diren ekitaldiak.
KANTONAMENDUKO IKASTOLA.
Hazparneko Ikastola erraitean Hazparneko kantonamenduaren ikastola dela kontuan hartu behar dugu. Ikastolan, kantonamendu honetako Aiherra, Makea, Lekuine, Lekorne, Mehaine, Donostiri eta Donamartiri herrixketako ikasleak biltzen baitira. 1972an, 6 ikasle eta irakasle batekin ireki zen ikastola honetan, 7 irakasle eta 107 ikasle ari dira gaur egun, Ama Eskolan nahiz Lehen Mailan. Hastapeneko egoera eta gaur egungoa ez dira alderagarriak, jakina, baldintzak nabarmen hobetu dira-eta. Hala izanik ere, Hazparneko Ikastolak ez du egoitza propiorik: «Zazpi urte dira Herriko Etxearekin harremanetan ari garela ikastola berria eraiki ahal izateko; dosier bat landua da, alta, orainokoan ez du deus ekarri», adierazi digu Jeanne Pochelu irakasleak. Ikastola eta Herriko Etxearen arteko harremanak ez dira hain onak, itxura batez; edo aski hotzak dira bederen. Klaseak toki eskasean eta gela prefabrikatuetan ematen dira oraindik ere. Mantenimenduko gastuak (ura, argindarra, garbiketa eta abar...) gurasoek ordaintzen dituzte. Udaletxearen aldetiko diru laguntza, eskola libreei ematen dien bera da: 240 euro urtean Hazparneko haur bakoitzeko. Kantonamenduko herri ttipien laguntza arrunt gutxiago da: 60 euro haur bakoitzeko. Ikastola honetako aurrekontua urteko, 50.000 euro ingurukoa izaki.
LAPURDI ETA NAFARROA BEHEREAn.
Hazparneko kantonamendua Lapurdi eta Nafarroa Behereko eskualde administratiboa da. 7.800 biztanle dira guztira; 6.800 lapurtarrak: hazpandarrak, lekondarrak eta, makearrak. Baxenafarrak, berriz, 1.000 biztanle inguru: mehaindarrak, aihertarrak, donamartiritarrak eta donostiritarrak. Eskualdea euskalduna da, alabaina, familia bidezko euskararen transmisioa galduz joan da eta ikastola da euskararen gunerik bizi bakarrenetariko bat. Hazparneko karriketan frantsesa nagusitu da azken hogeita hamar urteetan, inguruko herrixka eta auzoetan biziago badago ere.
Ikastola honek inmersio edo murgiltze sistema erabiltzen du ikasleen irakaskuntzan:«Ikasleak inmersio deritzan sisteman ari dira. Frantses eledunak sartzen dira Ama Eskolan, baina gutxi. Funtsean, euskara nagusitzen da ikastolan. Gogor egin behar da hala ere, frantsesak indar handia baitu kanpoan eta ikasleak aise lerratzen dira frantsesera», erran digu ikastolako Maite Erdozainzi zuzendariak.
IKASLEAK, IRAKASLEAK ETA GURASOAK, DENAK BATEAN.
Ipar Euskal Herriko ikastolek bere historia idatzi dute engoitik. Tokian tokiko ikastola bakoitzak bere nortasuna du, berezko nortasun eta arrenkurekin. Hazparnekoak egoitza berri baten mentura eta beharra aldarrikatu nahi du bere urteurrenean. Ikastolako Nathalie Paroix lehendakariak honela erran berri du publikoki:«Hogeita hamar urte hauek euskara hogeita hamar urte gure artean izan dela islatzen dute. Ikastolak euskararen bilakaeran begi bistako lana egin baitu». Hiru hamarkada hauek ez dira alferrik iragan Hazparneko kantonamenduan, ez horixe. Gaur egun, naski, euskarak presentzia publikoa du ikastolak daudelako. Zerk edo nork ziurta lezake hori bestela?
Frantziako Hezkunde Nazionalaren programari jarraikiz betetzen dituzte ikasketak. Irakasleak, programak tokiko beharretara egokituz, bere edukinak landuz, ikasleen gaitasunak garatzen ari dira. Gurasoek orpoz orpo segitzen dute seme-alaben jarduera. Ikasleek Eguberrietan ikuskizuna eskaintzen diete gurasoei. Ikasturtearen amaieran, berriz, gurasoek prestatu eta protagonizaturiko ikuskizuna gozatzeko parada ukaiten dute seme-alabek. Artean, inauterien karietara ikasle, irakasle eta gurasoek eramango dute euskara Hazparne kantonamenduko herri eta auzoetako karriketara
Xabier Sagardia
Nafarroako Bertsozale Elkarteak eta Gor diskoetxeak plazaratu dute "Nafarroa, hitza dantzan", eta "Aekantuz" AEK-k. Eta ekimen biak elkarren artean guztiz independenteak diren arren, hainbat alderdi dituzte amankomunean. Kasualitatearen apetak hala nahi izan du: disko biek Nafarroa dute sorterri, doinu zaharrak berreskuratu eta gaurkotzea izan dute helburu, talde ezberdinek egindako bertsio eta kantuak biltzen dituzte eta euskal musikaren aniztasunaren isla dira, nahiz eta oraindik rock doinuak nagusi diren lan bietan. Are gehiago, Durangoko azokan aurkeztu zituzten. Baina goazen zatika.
«Aekantuz».
Iruñeko Irrintzi Euskaltegiko Laguntzaile Taldearen eskutik sortu zen musika bilduma bat egiteko ideia. Irakasle eta ikasle zein ikasle eta irakasle ohiek osatua, herri kanten bertsioak jasoko zituen disko bat egitea otu zitzaien. "Helburu ezberdinak jarri genizkion diskoari -dio Asier Biurrun irakasleak-. Lehenik eta behin, ikusten genuen AEKri eraso ezberdinak egin (eta egiten) dizkiotela eta, nolabait, guk salaketa bat egin nahi genuen eraso hauen aitzinean. Pentsatu genuen salaketa hori egiteko modu berriren bat asmatu beharra zegoela, eta orduan asmo hori gure diskoarekin lotu genuen. Horrez gain, Euskal Herrian, lehen, txikiteora ateratzen zen jendeak abestu egiten zuen, eta herri abestiak erabiltzen ziren. Egun, jendeak ez ditu hainbertze ezagutzen herri abestiak. Pentsatu genuen bultzadatxo bat ematea herri abestien aferari".
Asmo horiek guztiak gorpuzteko Donibane auzoko eukaltegitik talde ezberdinetako musikari anitz pasatu zirela baliatu zuten. "Musikaren inguruan halako espiritu bat zegoen", dio Asier Biurrunek.
Hasiera batean, euskaltegian ibilitako taldeekin osatu nahi zuten bilduma (Koma, Leihotikan eta Zirikatu), baina nahikoa ez zela ohartu zirenean, Euskal Herri osora zabaldu zuten eskaintza, beti ere, aniztasunari lekutxo bat eginez eta estilo ezberdinetako (metal, rock, ska eta hip-hop) taldeak ekarriz.
"Aekantuz "ek hamar abesti biltzen ditu guztira, nahiz eta denak herrikoiak ez izan, talde batzuek bestelako bertsioak egiteko aukera agertu baitzuten, hala nola Mikel Laboa eta J.A.Artzeren "Zilbor-hesteak". Euskaltegiko Laguntzaile Taldeak ongi iritzi zion ideia honi, nahiz eta hasierako asmo hori zertxobait aldatu beharrean izan ziren.
Ondoko hauek dira diskoak biltzen dituen kantu eta taldeak: Koma ("Baga, biga, higa" herrikoia), Leihotikan ("Ikusi mendizaleak" herrikoia), Zirikatu ("Eperrak" herrikoia), Pi LT ("Ezpatadantza"), Trikizio ("Itsasoan uran haundi" musika eta hitzak: Julen Lekuona), Selektah Kolektiboa ("Joan dira, joan" musika: Benito Lertxundi, hitza: herrikoia, Lertxundi, Selektah Kolektiboa), Parasma ("Kanpo" musika: Mixel Ducau eta Anje Duhalde, hitza: Dani Landart), Zea Mays ("Zilbor-hesteak"; hitza: J.A. Artze, musika: Laboa), Ken 7 ("Izarren hautsa"; hitza: Xabier Lete, musika: Laboa) eta Betagarri ("Agure Zaharra"; musika: Lluis Llach, letra: Lluis Llach eta Xabier Lete).
Esan gabe doa diskoaren salmentetatik lortutako etekinak AEKra bideratuko dituztela, "ekonomikoki AEK itotzen saiatzen ari baitira". Euskaltegi, taberna eta ohiko dendetan jarri dute diskoa salgai.
Hitza dantzan.
Gor diskoetxeak eta Nafarroako Bertsozale elkarteak argitaratutako bildumak ere tradizioa eta modernitatea elkarren ondoan jarri ditu, bata bestearen osagarri gisa. Izan ere, bertsolaritza eta rocka uztartzen duten hamazazpi kantu bildu dituzte «Nafarroa, hitza dantzan» diskora.
Iñigo Ibarra bertsolari eta elkartekideak bere asmoa gauzatzerik izan du, ideia proposatu eta batzuek zein besteek beren oniritzia eman ondotik. "Mila izan dira Euskal Herrian bertsoa betiko moldeetatik ateratzeko saiakerak, ez? Zazpi Eskale, Muguruzak Negu Gorriak-ekin "Bertso-hop" kanta horrekin egin zuen nolabaiteko saiakera, Jon Maia...", azaltzen du Ibarrak.
Hala, Joxema Leitza bertsolariarekin batera hasi zen lanean. "Besterik gabe talde ezagun samarrak deitzen hasi ginen eta zerrenda nabarmen bat osatu genuenean, hamar-hamaika bat zeuden, Gor diskoetxearekin hitz egin genuen, bertakoak zirelako talde gehientsuenak. Gero, ikusi genuen Nafarroako azkeneko Txapelketan parte hartu genuen bertsolari gehientsuenak horretan animatuko ginela eta orduan zerrenda osatzen hasi ginen taldeekin. Saiatu ginen denak estilo bertsukoak ez izatea, hau da, ez izatea denak rockeroak.... Nahasi samarra egiten ahaleginduta ere, gehientsuenak rockeroak atera zaizkigu. Halaber, talde berriei ere aukera ireki nahi genien: ez genuen nahi talde ezagunen bilgune bat izatea bakarrik. Ziorek, Ufestuek, Bersek edota Maider Ansaren kasuak dira horren adibide", dio Iñigo Ibarrak.
Talde eta kantari gazte horien ondoan Barricadaren izena ikusten ahal da, baina ezustekorik ezustekoena Tijuana in Bluek eman du, zalantzarik gabe, okasiorako bildu eta «Altzairuzko hesiak» kantua osatu baitute Jimy, Eskroto eta gainontzekoek Pello Goikoetxearen letra baliatuta. "Tijuanarekin aspaldi hitz egin genuen, baina azken mementoraino ez genuen jakin elkartuko ziren edo ez. Hasieratik Jimmy goitik behera inplikatu zen proiektuan eta bera hasi zen bazterrak nahasten. Pixkana-pixkana hasi ziren guztiak elkartzen eta grabaziorako bi aste falta zirenean animatu ziren. Azken mementoan doinua jaso eta aste pare batean egin zuten. Letra ere egun pare bat lehenago jaso zuten eta grabazioa ikusgarria izan zen", gogoratzen du Iñigo Ibarrak.
Lan astunena taldeak eta bertsolariak koordinatzea eta elkarrekin harremanetan jartzea izan zen. Ez zuten lan makala egin Ibarrak eta Leitzak. Gehiago ibili omen dira bertsolarien atzetik taldeen atzetik baino. Taldeak nahiko animoso eta prestu hasi baitziren hasieratik: "Xenpelar dokumentazio zentrora jo genuen, non biltzen diren urtean zehar grabatutako bertso saio gehientsuenak. Han hautatu genituen taldeei egokitzeko doinuak (17 baino gehiago), eta doinu zaharrak-eta aurkitzen eta berreskuratzen aritu ginen: zortziko txikikoak, zortziko handikoak, neurri bereziak, koplak... denetarik zegoen".
Ziorek taldea eta Petti abeslaria izan ezik, doinu berri bat egin baitzuten, gainontzekoak berea aukeratu eta lanean hasi ziren. Taldeen zerrenda Barricada, Berri Txarrak, Bersek, Buitraker, Dank, Dikers, Hemendik At!, Itturri, Leihotikan, Maider Ansa, Marea, Petti, Skalariak, Tijuana in blue, Tximeleta, Ufestuek eta Ziorek-ek osatzen dute. Bertsolariena berriz, Estitxu Arozena, Aritz Saragueta, Nerea Bruño, Xabier Terreros, Ekintza Landa, Joxema Leitza, Julen Zelaieta, Bittor Elizagoien, Iñigo Ibarra, Xabier Legarreta, Oskar Estanga, Iñigo Olaetxea, Joxe Juan Zubieta, Pello Goikoetxea, Ekhiñe Etxepeteleku, Mikel Altzuart eta Manolo Arozenak