- Alec Reid apaiz bitartekari irlandarrak ćGaraĆn: «Europako Batasunako Espainiako lehendakaritza garaia une ona izan daiteke Espainiako Gobernuari gatazka bideratzeko hitz egin behar duela adierazteko eta norabide horretan presio egiteko».
- Patxi Lopez, PSE-EEko Kudeaketa Batzordeko kidea: «Buelta eta buelta baina inoiz aurrera egin gabe egiten duen noriaren gisakoa da herri hau, urteak ari baikara nazionalistek mahai gainean jartzen dituzten kontzeptuen gainean: burujabetza, autodeterminazioa, independentzia, euskal esparrua... beste gauza asko, aldiz, iragan egiten dira, oso garrantzitsuak dira, herritarrei benetan eragiten diete, eta horiei minutu erdi ere ez zaie eskaintzen».
- Ińigo Aranbarri idazleak ćEuskaldunon EgunkariaĆn: «Areago, bihotzari loturik ulertzen dugulako egiten zaigu jasangarri, segur aski, herri honetan politika. Ez gara, ez, horretan ere, normaltasunean bizi. Gure kultura politikoa, ez da, zelanbait esatearren, heldua. Baina bizi gara. Kontua izango da zer egin behar dugun, buruak ez eze, bihotzak ere huts egiten digunean».
Josu Urrutikoetxea Batasunako Eusko Legebiltzarreko parlamentarioa, 1987an Guardia Zibilaren koartel baten aurka Zaragozan izandako atentatuaren sumarioan sartu nahi du Entzutegi Nazionaleko fiskaltzak. Atentatua berak agindu zuela leporatu nahi diote.
Ramon Jauregi PSE-EEko Kudeaketa Batzordeko buruak jakinarazi duenez, Javier Rojo Arabako sozialisten idazkari nagusi ohia litzateke PSE-EEren proiektua kontsentsu maila handienarekin bideratuko lukeen idazkari nagusia.
Robert Evans europarlamentari ingeles eta laboristak, Angel Acebes Espainiako justizia ministroak Europako Legebiltzarrean egindako agerraldia desitxuratu zuen, eta ETAren arazoa elkarrizketaren bidez konpontzen saiatu beharko litzatekeela gogorarazi zion, IRArekin gobernu britainiarrak egin zuen bezala.
Jakoba Errekondo
Opio-belarra edo lo-belarra deitzen diogu Papaver somniferum-ari. Papaver hitza keltiarrengandik jaso omen da, eta itxura denez haurrak lo hartuarazteko belar honen zukua gehitzen zitzaion papa edo aiari. Somniferum hitzak landare narkotikoa dela azaltzen du.
Opio-belarrari buruzko lehen arrastoak Mesopotamiara garamatza, duela 5.000 urteko Nippurgo taula sumeriarretan ageri da. 1.500 urte geroago Tebasen idatziriko Ebersgo papiro famatuan ere azaltzen da. Pliniok landare honen erabilerak grekoen artean sortutako iskanbila entzutetsuak jaso zituen eta I. mendean Galenok opio gaindosiari aurre egiteko XX. menderarte erabili izan den formula ezaguna osatu zuen. Ekialdeko kultura gehienek osasungintzan erabili izan dute eta XVII. mendean tabakoa erretzeko ohiturarekin bat opioa erretzekoa ere zabaldu zen. XIX. mendean "opioaren bi gudak" (1840 eta 1858) medio mendebalde kolonialistak opio ekoizle nagusia den Txina menderatu zuten eta bertako portu batzuetan opioaren sartu-atera libratu zuten. Honen ondorioz 1850eko txinatar opiomanoak 2 milioi baziren 1878an 120 milioi baino gehiago ziren. Landare honetatik sortutako opioa, morfina eta heroina, garai batean botika edo sendagai bezalaxe erabili ziren eta egun esperientzia narkotikoak izateko gehiago erabiltzen dira
Jabier Agirre
Espainiako Alkoholiko Errehabilitatuen Federazio Nazionalak (FARE deituak) jakitera emandako datuak benetan kezkagarriak dira. Oraindik ere, eta egindako kanpaina guztiak tarteko, egunero kontsumitzen den alkohol-kopurua gehiegizkoa da, espainiarren artean % 13,7k egunero-egunero edaten baitu. Eta ondotxo dakigun bezala, gisa horretako ohiturak kalte ugari ekar ditzake (adikzioak, alkoholismoa...).
40 urtetik 65era bitarteko gizonezkoa, ikasketa-maila eskasekoa (lehen maila besterik ez), lan egiten duena, eta banandua edo dibortziatua dagoena. Horixe litzateke eguneroko alkohol-kontsumitzailearen erretratu-robota Espainian. Baina, irakurle, zu zeu ez bazara erretratu horrekin identifikatzen, jarrai irakurtzen, askoz ere zabalagoa baita ohitura txar horren atzaparretan sartuak daudenen taldea.
FARE elkarteak kaleratutako txostenaren arabera, gizonezkoen % 21,7k eta emakumeen % 6,2k onartzen dute alkohola egunero edaten dutela (eta ez da ahaztu behar alkohola drogatzat jotzen duela OMEk). Eta egunero-egunero edaten dutenen portzentajeak gora egiten du adinarekin. Horrela, 15-24 urte bitartekoen artean gizonezkoen % 2,8 eta emakumeen % 0,3 diren bitartean egunero alkohola edaten dutenak, zifra horiek % 32,5era eta % 9,7ra igotzen dira, hurrenez hurren, 40-65 urteko gizon-emakumeetan.
Kontsumorik handiena 49 urteko gizonezkoetan biltzen da, eta gehien edaten den edari alkoholikoa ardoa da Espainian, inkestaturikoen artean % 11,7k egunero edaten dutela aitortzen du, 30 urtetik gorakoetan batik bat
JABIER AGIRRE
PATRIOTISMO KONSTITUZIONALAREN BELDUR
PP-REN kongresuak buruzagitza kontuak etorkizunerako ondo baino hobeto lotuta daudela erakutsi du. Eta gaurkoz, Espainiako eskuinaren ideia multzoa ere bai. Patriotismo Konstituzionala da kontzeptu klabea eta Espainiako oposizioan kezkatuta dira honek ekar dezakeenarekin, zenbaiten ustez PPk bere izakera nazionalista espainiarra estaltzeko aitzakia gisa erabiltzen delako definizio berri hori, demokrazia eta nazionalismoa nahastuz. Bestetik, doktrina eta arauak nahasten ditu, nahita. Eta baita ETAren kontra egotea eta Konstituzioaren kontra egotea ere. Horrela, sistematik kanpo utzi nahi ditu doktrinarekin ados ez egon baina arauak zintzo betetzen dituzten demokrata disidenteak, patriota espainiar ez direnak (demokratak ez balira bezala), eta ETAren kontra lan egitearekin batera Konstituzioa aldatu nahiko luketenak. Eta Espainia eta Konstituzioa nahastuz, edozein desmasia justifikatuko lukeen bide batetik abiatzen da PP.
AUTODETERMINAZIOA, OHIKO BAKE PROPOSAMENA
SAKONEAN ez dirudi Batasunak proposatu berri duen bake proposamenak ezusteko handirik sortu duenik gainerako eragile politikoetan, nahiz eta zenbait osagaietan doinu berria somatu den, batez ere Euskal Herriaren pluraltasuna eta norbere proiektu politikoa alboratzearen kontuei dagokienez. Gabezien artean, ETAren aurrean jarrera berririk ez agertu izana azpimarradu da. Ezker abertzaleak historikoki gatazkaren erdigunean jarri ohi duen autodeterminazio da proposamenaren oinarria eta, Ekialde Hurbileko similak erabiliz, bakea autodeterminazioaren truke finkatzen du. Hauteskundeetako porrotaren arrazoi handietako bati helduz, bere burua bake proposamenetan ere jorratu behar duela ikusi du. Eguneroko praxi politikoan, eskubideen diskurtsoa -autodeterminazioarena batez ere- burujabetzarenaren gainetik jarri duela ere azpimarragarria da.
BAKE KONFERENTZIA EKAINERA ARTE LUZATUKO DU ELKARRIK
PSE-EEko zuzendaritza berriari Bake Konferentzian partehartzeko aukera ematearren, Elkarrik martxoan bukatzen zen Bake Konferentzia ekainera arte luzatuko du. Bide batez, beste hiru hilabete lortzen ditu Konferentziak segida izan dezan. Bere alde publikoa -hitzaldiak eta abar- arreta handiz ari da jarraitzen eta oihartzuna ere izaten ari da gizarte mailan. Interes handiena pizten duen moderatzaile taldeak gidatutako alderdien elkarrizketez, ordea, ezer gutxi ezagutzen da. Eta askoren amorragarri bada ere, berez izan daiteke hori berri ona, besterik ez bada, edozelako elkarrizketa prozesuren ezaugarri gaitz eta nagusienetako bat horixe delako, diskrezioa.
KUPOAREN GERRA
KUPOA arma politiko bihurtu da azken sei hilabeteotan. 2001ean zehar, PPren Gobernuak Kontzertuaren negoziazioa oro har bultzatzen duen norabide homogeneizatzaile gisa erabili duelako. 2002an, Juan Jose Ibarretxeren gobernuak, kupoaren zati bat -240 milioi bat euro- ez duela ordainduko iragarri duelako. Espainiako Gobernuaren erantzuna hasi da jada: Javier Balza Barne Kontseilariak eskatutako 200 ertzain gehiagorako baimenik ez ematea. Eta Montorok, hori hasiera besterik ez dela iragarri du. Datozen bizpahiru hilabeteetan Ibarretxeren erantzunak eragile politiko guztien begiak izango ditu so. Madrilek tresna ugari ditu joko horretan aritzeko, Lakuak zeintzuk agertzen dituen ikusi behar.
URRATS BAT NORMALIZAZIOAN
Atera diren aurrekontuekin, gezurra badirudi ere, normalizazio urrats bat eman da Eusko Legebiltzarraren funtzionamenduan. Oposizioak eta Jaurlaritzak biek erabili dituzte Batasunaren botoak beren helburuak lortzeko: oposizioak Legebiltzarra blokeatzeko, eta Jaurlaritzak aurrekontu bitxi hauek aurrera ateratzeko. Horrek erakutsi du Batasuna ez balego moduan aritzea fikzioa dela, behintzat honek partehartzea erabakitzen badu. Gutxitan ez moduan, ezker abertzaleak amu parlamentarioari kosk egin dio, eta horrek eragina du. Kanpora eta barrura begira seguruenik.