Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-09 11:13:02
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2002-02-03 -- 1840.zenb


BIZKAIERA ARAUTZE BIDEAN

Labayru ikastegiak «Bizkai euskeraren jarraibide liburua. Lehenengo pausuak» liburua argitaratu du, bizkaiera estandarizatzeko urrats gisa. Adolfo Arejitak zuzendu du liburua eta Ana Oar-Arteta eta Hiart Legarra aritu dira Arejitarekin lanean. Aurkezpenean esan zutenez, bizkaieraren estandarizazioan aurrera egiteko balioko du lanak.


HERRIKO ETXEETAN EUSKARAZ EGIN DEZATEN

Euskal Konfederazioak, UEMAren laguntzarekin, euskara sustatzeko plana aurkeztuko die Iparraldeko herriko etxeei. Txosten juridiko bat prestatu dute eta bertan Toubon legeak zerbitzu publikoen elebitasunaz dioena agertzen da, alegia euskararen erabilpena baimentzen duela frantsesaren ondoan egonez gero. Halaber, herriko etxeei proposamen batzuk egiten dizkie euskararen presentzia areagotzeko eta hainbat eredu eskaini. Azkenik, hiztegitxo bat ageri da. Konfederazioak teknikari bat izango du herriko etxeekin urratsak zehazteko eta epeak ezartzeko.


EUSKAL HERRIKO INKESTA SOZIOLINGUISTIKOA

Inkesta soziolinguistikoa egiten hasi dira. Azkenekoz, duela bost urte egin zen Euskal Herri osoan egiten den azterketa hau. Iparraldean dagoeneko hasi dira, urtarrilaren hamalauan. Sei astetan datuak bilduko dituzte eta datuak aztertu ondoren iraila-urrian argitaratuko da azterketa. Hiru laurdena Eusko Jaurlaritzak finantzatuko du eta beste laurdena obralaritza publikoak eta CABAB izeneko BAB hiri elkargoak. Nafarroako Gobernuak ez du parte hartuko inkesta honetan.


«EUSKARA MERKATARITZARA»REN ONDORIOAK

Bizkaiko 14 herritan (Lekeitio, Ondarroa, Bermeo...) abiatu zuen 2000n «Euskara Merkataritzara» egitasmoa UEMAk. Siadecok 1.100 saltoki bisitatu zituen eta emaitzak pozgarriak dira: saltokien%72 euskaraz mintzatu zen bezeroekin.


JAKINAREN GAINEAN

Aurten 25 urte betetzen dituen Bergarako UNED Unibertsitateak kulturaren munduan dagoen hutsunearen jakinaren gainean dagoela frogatu du. Izan ere, kulturan lanean dabiltzan erakunde eta artista ugarik ez dute elkarren berri izaten. Hauek harremanetan jartzeko Kultura Soziologiaren Mintegia jarri du abian UNEDek. Bertan egingo den informazio trukaketa baliatuz, datu base bat osatzeko xedea du. Mintegiaren lehen ekitaldia den hitzaldi sorta dagoeneko hasia da Donostian. Turismo kulturala, kultura eta errentagarritasuna eta artea eta merkatuaren inguruan, besteak beste. Eta UNEDek jakinarazi duenez, Mintegia gerora ikastaro baten hazia izan daiteke.


LITERATURA UNIBERTSALA

ELKARLANEAN eta Alberdania argitaletxeek ko-edizioan argitaratuko dituzte Literatura Unibertsala bildumako hurrengo 50 liburuak. Izan ere, Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak hitzarmena sinatu berri du Eusko Jaurlaritzarekin, datozen aleak plazaratu ahal izateko. Eta bi argitaletxeok lehiaketara aurkeztu ziren bakoitza bere aldetik, baina bien baldintzak osagarriak zirela ikusirik, ko-edizioaren bidea proposatu zitzaien. 1991n jarri zen abian Literatura Unibertsala bilduma eta 100 libururen itzulpena plazaratzeko konpromisoa hartu zen orduan, Ibaizabal izan delarik orain artean argitaratu diren 94en arduraduna.


IKASTEKO KONTZERTUAK

BOSTGARREN urtez martxan jarri da Gasteizen Kontzertu Didaktikoen Zikloa. Urtarrilean hasi eta apirila arte lau larunbatetan kontzertu bana eskainiko da. Lehena Xabier Lizaso pianistak eskaini zuen. Hurrengoa otsailaren 16an emango du Euskadiko Orkestra Sinfonikoko haize atalak. Tomas Aragüesen musika eskainiko dute Jose Ignacio Ansorenak idatzitako ipuin sinfoniko bati lagunduz. Martxoaren 16an, EOSeko perkusio eta haize atalen ikuskizuna eskainiko da. Azken emanaldia apirilaren 27an eskainiko du Ilizturi taldeak. Kontzertuak eguerdiko hamabietan izango dira eta ordubete baino gutxiago iraungo dute.


ARTIUMEN EGUN HANDIA

ARTE Garaikideko Euskal Zentro Museoak, Artiumek, inaugurazio egun handia prestatu du hemendik hiru hilabete barrurako. Guztira, bost erakusketa egongo dira prest egun horretan aldi berean. Bilduma iraunkorraz gain, hauexek dira Artiumek prestatu dituenak: batetik, 30 eta 40 urte bitarteko 40 artisten lanak izango dira ikusgai «Melodrama» erakusketan. Mundu guztiko eta Euskal Herriko sortzaileek hartuko dute parte bertan. Argazkigintzari dagokionez, «La mirada ajena» erakusketa paratuko dute, non hogei artisten ikuspegiak bilduko diren. «Gótico pero exótico» erakusketak berriz, Artiumeko obrak Gasteizko alde Zaharreko eraikinetan zehar barreiatuko ditu. Guztira, 60 eta 70 obra artean ikusiko dira kaleetatik zehar. Eta azkenik, erakustoki txikienean Jesus Palomino gaztearen lana ikusi ahal izango da.


KANTUZ KANTU

GUZTIRA, 12.000 bisitari izan omen zituen «Kantuketan» erakusketak Baionan. Euskal Kultur Erakundeak antolatua, orain urtebete paratu zen bertan, eta orain, Donostiara, Koldo Mitxelenara, ekarri dute. Bertan izango da martxoaren 2a arte. Hiru ataletan dago banatua erakusketa: euskal kantuaren historia aztertzen duena, non bertsolaritzari leku berezia egiten zaion; euskal kantuaren formatuei buruzkoa bigarrena eta 1960tik gaur egunera euskal kantuak izan dituen berrikuntzak jasotzen dituena. Erakusketa ondoren, Ipar Euskal Herrira bueltatuko da, eta Bordele, Tolosa eta Lyonera joan ondoren, abuztuan Bilbon paratuko dute. Eta azkenik, Quebec eta AEBetara joango da.

- Mariasun Landak «Gara»n: «Umorearen funtzio bertsua ematen diot idazteari. Umoreak halako urrutiratze bat ematen digu egoera eta gai larrien aurrean. Idaztea barre egiteko modu bat da, urrutiratzea lortzeko modua».
- Maialen Lujanbioren hitzak dira honakoak «Andra» aldizkarian jasoak: «Printzipioz bertsotarako gai edozer izan daiteke. Zeresana ez dagoenean zer edo zer esaten jakitea ere artea da eta bertsolaritzan horrelakoak gertatzen zaizkigu».
- Jorge Gimenez editorearen ustez, «liburuaren desagerpenaren arriskua ez da beste difusio medioengatik, baizik eta ahuldadeagatik. Paradoxa izan daiteke idazle gehien eta hoberenak ditugun unean, irakurle gutxien eta kaskarrenak izatea». Adierazpenok «El Pais»en egin zituen.
- Carlos Panera antzerki zuzendariak honakoa galdetzen zuen «Gara»n: «Aktore profesionalak edo eskolatik irteten den ikasleak beti hasi behar du zerotik? Bere taldea sortzen, agian? Baldintzok ez dute antza orain bost, hamar edo hamabost urteko egoerarekiko?».

«Empresa XXI»k euskal industriaren hamabostekaritzat du bere burua. Basaurin egiten den aldizkari honek euskal enpresen berri ematen du eta nazioarteko gertakariak jarraitzen ditu. Euskal enpresez ari da, baina guztia gaztelera hutsez dator.

Senek bigarren diskoa plazaratuko du udaberrian Oihukaren eskutik.
Victor Erice zinema zuzendari bizkaitarra omendua izan da Angerseko Premiers Plans jaialdian. Ezohiko ibilbidea egin duten zinegileei eskainitako atalean egin zitzaion omenaldia Ericeri.
Esther Uria da lehengo astean Zumaian estreinatu zen «Urak dakarrena... glu-glú glu-glú...» obraren protagonista bakarra. Glu Glu Producciones taldearen lehen obra da honakoa.
Mauricio Flores Kaperotxipiren «Cartas y escritos» liburua aurkeztu berri du Zarauzko Udalak.
Gontzal Mendibilek hiru kontzertu eskaini zituen «Memoriam» diskoa aurkezteko. Donostiako Orfeoia eta Radio Bratislavako Orkestra Sinfonikoarekin batera Donostian, Gasteizen eta Bilbon izan zen.
Karlos Linazasorok «Inoiz izan ez garenotan» poema liburua argitaratuko du udaberrian Ereinen eskutik.

Xabier Kintanak «Jakin»en idatzitako artikuluan adierazitako iritzietako batzuk dira hauek:
« (...) Azken bolada honetan (...) batzuek hor ari dira, jo eta ke, euskalkiak berpiztu guran, bizkaiera bereziki, berau dialekto bat barik, hizkuntza oso, beregain eta aparta balitz bezala. Jokabide hori berez lauzpabost txotxoloren keria litzateke, eragin praktikorik gabea, baldin eta beren inguruan bozgorailu sistema bikaina eratu ez balute, non eta æEuskaldunon EgunkariaÆn. Ondorioz, euskara batuak frantses eta espainol hizkuntzekin zeraman sokatira desorekatua berez aski latza ez balitz bezala, orain, etxe barruan, bere barruko euskalkien kontra ere borrokatu beharra dauka. (...)
Horrela uler daiteke, adibidez, Bizkaiko museoetan, bai eta Enkartazioetan ere, idazki guztiak bizkaieraz ipintzea; Zornotzako jendea alfabetatzeko eta herriko berriak emateko omen den aldizkaria æArkalazÆ izen aberranteaz bataiatzea, bizkaitar gehienek horrek zer esan nahi duen jakin ez arren, guk hori normalean æalkarregazÆ esaten dugulako; (...) Balmasedan, Barakaldon edo Bilbon dauden euskaldun gehienak de facto euskara ikasitakoak direnean, bertoko berriak æEgunkariaÆn dialektoz eskaintzea, horiek euskara ikasi edo hobetzeko egindako ahalegin guztia kontuan izan gabe; eta guztia ez batua ez bizkaiera behin ere irakurriko ez duten bizkaitar analfabeto hipotetikoen mesederako».

Hamaika Ikusteko izeneko web gunean (go.to.hamaika) orain arte argitaratu diren EGA azterketetako atariko frogak bildu dituzte. Programak frogak zure ordenagailuan gordetzea ahalbidetzen du eta erantzunak okerrak edo zuzenak diren esaten du.

hemeroteka

1839. zenbakia | 2002-01-27
1838. zenbakia | 2002-01-20

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan