artikulu nagusira itzuli
Emanari bide
Txapelketak iratzargailu lana egiten du gutako anitzen baitan: bertsolaritza hor dago. Eztanda handi bat: begira zertan ari(tzen) diren neska-mutil (andre-gizon) hauek! Erakusleihoa da. Atzean txapelketaz kanpoko bertso jardun jori bat ere badela oroitarazi beharko ligukeena.
Bertsolariak Donibane Garazin hasi ziren hegaka. Egin duten bidea hurbil samarretik segitu dut. Nola egiten zuten goiti edo beheiti, baina beti hegalei ematen. Beti sortzen, kolkotik mokora. Zaharxeagoekin batera, gazteagoak ere bai. Lehendik egina zutenek lehenbiziko aldia zutenei erakusten. Haiek erretiratzen badira ere, hemendik lau urtera nondik-nora ibili jakin dezaten.
Finala hagitz egun berezia izan zen. Armiarma-bertsolariak, hutsean ehuntzen, sekulako saioa egin zutela iruditu zitzaidan. Hainbertze jende, hainbertze orduz hitzaren sarean harrapaturik edukitzea! Sinesten ez da erraza. Badakit badirela bertsolari mota eta bertsokera klase diferenteak. Entzuleetan ere igualtsu. Denak ez ginela berdin ase izanen, alegia. Nolanahi dela, haiek ganbara hustu eta guk poliki bete genuen geure gogoaren zakua!
Iruñera buelta gero, Belaten barna. Biharamunean, prentsa eske joan eta muturrean errealitatea: beren burua nafartzat jotzen duten bi egunkarietan aipamen bakarrik ere ez! Osasunaren golak bai, baina Sustrai Colina eta konpainiarenak ez!
Zorionez (...) telebistak indar izugarria du. «Ya te vimos en la tele» erraten didate etxeko bizilagunek edo semearen futbito taldeko gurasoek. «Y éso, ¨cómo lo hacen?», galdetzen dute jakinminez, «y tú, ¨qué pintas ahí»?, eta halakoak.
Finalean, eta txapelketa osoan oro har, halako bertso emana izanik, hedatzeko bide estuegia izan duela pentsatzen dut. Zenbait euskaldunengana eta erdaldun gehienengana ez da ailegatzen (Xabier Etxeberriak zioena, Zarautz edo Donostiako mediku hark ez zuela Andoni Egaña ez izanez ezta izenez ere ezagutzen!). Lastima! Haiek galtzaile, eta bertsolaritza ere bai.
Ez da preziso jende guztiaren gustokoa izatea, inondik ere ez!, baina hobekixeago ezagutzeak, batez ere, paseoan dabiltzan topiko gaiztoak uxatzen lagunduko luke.
Gisa beretsuko gogoeta egin liteke euskarazko produkzio guztiarentzat.
Amaitzeko, anekdota bat: «íMe daba una envidia! Me gustaría poder entender lo que dicen los bertsolaris», lantokian, Alvaro gazte itxuraz axolakabeak errana. Jakinmina du. Otsailean hasi behar omen du euskara ikasten. Pozgarria.
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.