Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-09-04 17:20:17
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2002-01-27 -- 1839.zenb

Daniel Udalaitz

Gezurra ematen badu ere, egia da. Bertoko Gar, eskulangintzazko garagardoa, Arratiako ibarreko herri txiki batean, Barazarko gainean, Zeanurin, egiten dena, urritik, Ameriketako Estatu Batuetara esportatzen da, eta abian dago dagoeneko Australia, Txile eta Ukrainara esportatzeko proiektua. Lehenago, ekainean, zabalkunde planari ekin zitzaionean, garagardoaren tradizio bizi-bizia duten bi herrialdeetara, Errusiara eta Letoniara, eraman zen Bertoko Gar.
Bertoko Garrek Barazarko gainean, Zeanurin, du lantegia eta duela gutxi sortu bada ere, badauzka bi produktu merkatuan: Bertoko Sue eta Bertoko Leizuri. Lehena "kobre kolorekoa da, azidotasun eskasekoa, leuna da aho-sabaian eta edalontzian irauten duen aparra du", ekoizleek deskribatzen duten moduan. Bigarrena, Bertoko Leizuri, "oso garagardo freskagarria da, hartzidura handikoa, urre kolore bizi eta distiratsukoa. Aurrenekoari "xigortua" esaten diote, eta bigarrenari "horaila". Joan den maiatzean ekoiztetxe honek Eusko Jaurlaritzaren Elika berme zigilua eskuratu zuen, eta garagardoaren ekoizpen prozesua guztiz naturala dela bermatzen du agiri honek.
SEATTLEKO DASTALDITIK ESPORTAZIORA. Seattleko hirian egin zen dastaldi batean Bertoko garagardoak izan zuen arrakastaren ondorioz, hartu zen Arratiako ibarrean ekoizten den garagardo hau Ameriketako Estatu Batuetako hainbat hiritara esportatzeko erabakia. Izan ere, oso gogo onez hartu zen produktu hau berez garagardo hiria den leku honetan. Era horretan, Bertokoko arduradunek, joan den ekainean zabalkunde plan bat egin zutelarik, eskulangintzazko beste euskal produktuen egileek ere parte hartzen duten talde batean sartzea deliberatu zuten, eta era horretan AEBtako hainbat hiritara esportatu beren garagardoa. Bi garagardoen, horailaren eta beltzaranaren 30.000 litro esportatu dituzte, beste hirien artean, New York, Washington, Idaho eta Kaliforniara. Ez da ahaztu behar hiri hauetan guztietan dagoela halaber euskal diasporaren parte handi bat.
Garagardoa Estatu Batuetara esportatzen hasi aurretik, Bertokoko arduradunek, uda baino lehen, garagardoa esportatu zuten Letoniara eta Errusiara. Esportatzen zuten lehen aldia zen, eta batean zein bestean oso harrera ona izan du euskal garagardo honek, Bertoko enpresaren arduradunen arabera. Era berean, balitekeela beren produktuak Australiara, Txilera eta Ukrainara esportatzea iragarri dute. Esportazioa dela-eta, alabaina, Barazarreko ekoizleek ez dituzte ahaztu ez euskal barne merkatua ez ingurukoa. Duela bi urte baino gehiago sortu zen enpresa, eta ordutik hona ekoizpenaren %85etik gora Bizkaian merkaturatu da. Enpresako kudeatzaile eta zabalkunde plagintzaren arduradun den Juan Izetak adierazi du banaketa bideak ugaltzea dela enpresaren beste helburu garrantzitsuenetako bat, eta orobat Euskal Herri osoko merkaturatzea berdintzea eta bateratzea.
Inguruko eremuak ere ez dituzte ahaztu. Zentzu honetan, gaur egungo banaketa sarea Madril eta Kantabria aldera hedatzea da zabalkunde plangintzaren beste helburu pisuzko bat, eta orobat penintsularen hegoalderantz eta Frantziako Estatura zabaltzea, badira-eta bertan euskaldun talde garrantzitsuak.
Bizkaian ekoizten den garagardo honen iraungitzearen ikuspegitik, enpresaren arduradunek diotenez, garagardoaren bizitza luzatzea lortu dute, horretarako fabrikazioaren prozesu naturala aldatu gabe ordea. Hala bada, sei hilabeteko epea du euskal garagardo honek. Garagardo lantegiak, hala diote euskal ekoizleek, aldez aurretik hautaturiko garagar malten hartzidura kontrolatua erabiltzen du. Pasteurizaziorik gabe eta gehigarririk gabe botilaratzen da likidoa, eta hotzaren katea hautsi gabe kontserbatzen da; era horretan iraungitze epea mugatzen da.
Bertoko Garrek laboratorio berri bat ipini du duela gutxi bere enpresan, eta Susana Etxeberria kimikaria da laboratorio horren arduraduna. Laboratorio honetan egiten ari diren ikerketei esker, bertako arduranek diotenez, garagardo horailaren gustua hobetu ahal izan da, Leizurirena, eta freskoagoa, distiratsuagoa eta horailagoa da orain. Garagardoaren euskal etxe hau produktu berrien sorreran ari da une honetan lanean, eta apirilerako ISO 9002 agiria lortzea espero du.
HEINEKEN, MERKATUKO LIDERRA ESPAINIAKO ESTATUAN. Bertoko Gar euskal enpresa oso urruti dago oraindik Espainiako Estatuko garagardoaren ekoizle handienetatik, nahiz eta bere lekuaren bila dabilen 2000. urtean guztira 26.413.557 hektolitro garagardo egin zituzten ekoizleen artean. Horregatik, komenigarria da sektore honek gaur egun duen egoeraren berri izatea, testuinguru egokian kokatu nahi bada.
Heineken holandar taldea ezin eztabaidatuzko liderra da Espainiako Estatuko garagardoaren merkatuan, Aguila eta Cruzcampo marken bitartez. Bost fabrikazio gune ditu, Nafarroan horietako bat, Madril, Valentzia, Jaen eta Sevillan daudenez gainera. 2000. urtean guztira 10.386.235 hektolitro ekoitzi zituen, hau da, aurreko urtean, 1999an baino %0,2 gutxiago. Merkatuko kuotari dagokionez, %39,3koa da. Urte horretan, guztira 739 milioi pezeta fakturatu zituen. Mundu osoan, bigarren ekoizlea da, 97,7 milioi hektolitrorekin. 110 fabrika dauzka berrogeita hamar bat herrialdetan, eta 170 herrialdetan merkaturatzen ditu bere produktuak. 2000. urtean, mundu osoan, 8.100 milioi euro fakturatu zituen, eta 621 milioi euroko irabaziak izan zituen.
Holandar talde hau Aguila enpresaren bitartez ailegatu zen Espainiako Estatura, 331 milioi euroko inbertsioa eginez. Geroago, 1999. urtean, Cruzcamporen %88 erosi zuen, 871 milioi euro ordainduz. Espainiako Gobernuak erosketa hori egiteko baimena eman bazuen ere, Madrileko eta Valentziako bi lantegi uztera behartu zuen, monopoliozko egoerak saihesteko. Horregatik, gaur egun, langileen berregituratze eta egokitze prozesuan dago.
Holandar talde honek akzio eskaintza publiko bat kaleratu du enpresaren %100eko jabetza lortzeko, bertako bazkide batzuk, gutxi izanik ere, enpresaren %15,2ren jabe baitira, eta eskuak libre eduki nahi ditu Espainiako Estatuan izan dezakeen etorkizuna nolakoa izango den erabakitzeko.
Ondoko koadroan ikus daitekeen bezala, hauek dira Espainiako Estatuan Heinekenen ondoren datozen garagardo talde nagusiak, 2000. urteko datuen arabera: Mahou-San Miguel Taldea, %33,4ko merkatuko kuota duena; Damm Taldea, %16,6ko merkatuko kuota duena; Cia Cervecera de Canarias SA, %3,8ko merkatuko kuota duena; Cervecera Alhambra Taldea, %2,6ko kuota duena; Hijos de Rivera SA, %2,6ko kuota duena; La Zaragozana SA, %1,5eko kuota duena; eta Coors Brewing Iberica SA, %0,3ko kuota duena

Pilar Iparragirre

Duela hogeita hamar urte, euroaren zurrunbilotik urrun, pezeta edo libera txanpon trukatzaile nagusi zuela bizi zen euskal jendea. Haatik, nago diru kezkarik ez zitzaion faltako seguruaski. Bestela, zer dela-eta argitaratuko zuen Z. ARGIAk bere azkenengo orrialde osoa betetzen zuen Berasategi adituaren lan esanguratsu hura? "Diruaren otsa" zeukan izenburu nagusi, eta beste honako hau osagarri gisa: "Zer egin diteke diruarekin".


ALDEZ AURRETIK, BARKAZIO ESKAERA

Nolanahi ere, ez dezala inork uste joandako edozein garai egungoa baino hobeagoa izan zenik eta orduko euskal herritar oro diruz gainezka eta non inbertitu ez zekiela bizi zenik. Berasategik bere lanari ekiteko era dugu horren lekuko.
"Barkamena eskatuz asten naiz artikulu au idazten. Barkamena eskatuz, inoiz dirurik aurreratzerik izan ez duteneri", zioen adituak, nahiz hauen arreta ere eskatu nahi zuen. "Baiña jakin dezatela ere denek, ahorroa oso inportantea dela bere jabearentzat eta ondo tratatzea merezi duela, gutxiena bada ere. Edo beste moduz esanda, ez dezala iñork pentsa, gutxi delako, ahal den lekurik onenean jartzea merezi ez duenik".
Arrazoiak? Hauexek: "1960-garren urtean 10.000 pezeta zeuzkanak banku nahiz aurrezkikutxa batean ikuitzeko asmorik gabe, or dauzka; baiña gauzak erostera joandakoan, orduan baiño askoz gutxigo balio dute, diruaren balioa jetxi egin delako ta gauzena igo, ta interes utsean egon delako diru ori". Eta, begira nondik, "diru ori ondo jarria egon balitz, beste balio bat eukiko zuen gaur".
Hala ere, zintzoa izaki Berasategi jauna, honakoa ere jakinarazten zien irakurleei: "Diruaren inbersio oberenik, ez da. Bestela, oberena bezain onak ez diren inbersioak bukatu behar lukete, ta ez da ala gertatzen. Gaiñera, diruak ez du berdin balio denentzat. Batzuentzat, joku bat da, espekulazio bat, aberastu edo lur jo; beste batzuentzat, berriz, altxor bat da, tella baten pean gordetzekoa, norberarengandik urbil; eta irugarren, beste batzuentzat -gehienentzat- gorde beharreko zerbait da, baiña ahal den etekiñik aundiena kentzen zaiola".


UTIKAN AURREIRITZIAK!

Zer zela eta, barietate hori? "Jeneralki, ondasunak administratzeko eran, sikoloji arrazoiek agintzen dute ta zenbait prejuizioak. Badira diru-jartzailleak, interesa aldakorra duten akziotan dirua jartzeak bildurtzen dituenak, gauza entenditzen ez dutelako ta ori kantidade aundientzat dela uste dutelako ta gauza ortan entendituentzat. Beste batzuek, beren dirua etxe, arri, lur bihurtu nahi dute, olako gauzetan sartuta seguruago daudelako. Bakoitzak bere tankera du, norberak ezagutu beharrekoa, gero, ondo enteraturik, artan edo ontan sar dedin. Beraz, nor bere burua ezaguturik eta bere bidea zeintsu duen ikusirik, jakin behar du zer bide dauzkan".
Eta hain zuzen horretaz arduratuko zen bera.


AURREZTEKO BIDEAK

"Ez dut kontuan artzen aurreratzaile ta espekulatzaille dena", adierazten zuen, ordea. "Ni konserbadorea naiz eta aientzat doaz ene kontseiluak. Nahiago dut nere ahorroak ongi erositako gauzetan euki ta ahal den gutxiena aldatu, beti aldaketan ibilli baiño, interesa aundiagoen billa. Ahal den gutxiena esan dut aldatu, arretaz zaindu beharra dagolako inbersioa, tarteka zenbait egoerek inbersio batzueri laguntzen baitie ta ez besteri".
Dirua ezartzeko leku bat, Burtsa ei zen. "Boltsak eskeintzen dituen gauzak, akzioak eta obligazioak dira. Akzio bat erostea, enpresa bateko jabetzan parte izatea da ta irabaziak, baldin badira, dibidentotan jasotzea jabetzaren neurrian. Obligazio bat erostea, enpresa bati zordun izatea da, au da, ari diru bat prestatua eukitzea interesa jakin batekin, prestatu zaion dirua berriz eskuratzen dela fetxa jakin batean".
Bietan zein ote diruari etekina ateratzeko biderik egokiena? Bada, Berasategik zioenez, biak dituzte beren alderdi on eta txarrakà
Burtsa baztertuz gero, zera egin zezakeen txanpon ugariren jabe zenak: "Inmobiliarietan dirua jarri", esate baterako, "plusbalia, etekiña eta eskuratzeko erreztasuna" ziurtatzeko. Edota bizi aseguroetara jo:
"Biziaren segurua da inbersiorik onenetako bat, siñesteak lan badu ere", zioen Berasategik.
Eta aurreko bide guztiak fidagarri ez irudituz gero, "or daude aurrezki-libreta era bateko eta bestekoak, nahiz etxebizitza-ahorrorako, nahiz boltsa-ahorrorako; or daude aldi jakin baterako diru-jartzeak, oinbesteko interesa batekin; or daude bonoak esku batetik bestea pasa ditezkenak interesa aundi batekin; hipotekak, interesa aundi batekinà Dirua interesa etekindun aundi batekin jartzea da or garrantzizkoa ta lotan ez uztea ezeren probetxurik gabe"

Muskilda Tellabide

Mendiko eskiak ez ditu beste eski motek dituzten mugak, ez du igogailu mekanikorik behar, mendizale-eskiatzailearen hankak dira maldan gora metroak pausoz pauso irabazteko motor bakarra. Inork ez dizkigu bideak seinalatuko, eta esperientziak eta mendiaren ezagutzak erakutsiko digute nondik den hobeto abiatzea, nondik ez dugun pasa behar edo zein tokitan ezkutatzen den arriskuren bat. Inork ez digu elurra zanpatu eta eskiatzeko prest jarriko. Batzuetan elur zoragarria aurkituko dugu, erraz igoko gara eta errazago jaitsi, eta dibertituko gara. Beste batzuetan, eguraldiak, haizeak edo tenperaturak hala nahi izan dutelako, elur gogorregia edo bigunegia edo gogorra eta biguna nahasita topatu eta sufritu egingo dugu. Batek baino gehiagok eskiak harrika bota nahiko ditu eta uda noiz iritsiko irrikitzen egongo da elurra gehiago ez ikusteko. Hurrengorako gehiago entrenatu behar duela gogoratuko du. Horra bere gogortasuna.

Mendiko eskiatzailea mendizalea izan ohi da eskiatzailea baino gehiago, sasoi onean eta esfortzu fisiko handi eta jarraia egiteko gai da, mendia ezagutzen du, bertako arriskuez jabetzen da eta horiei aurre hartzeko prestatua dago. Mendian neguan era autonomoan segurtasunez ibiltzeko gai izan behar du. Mendiko esperientzia garrantzitsua da, agian eski pistetakoa baino gehiago. Izan ere, denbora gehiena igotzen igaroko dugu eta eski alpinoaren teknikak jaisterakoan bakarrik erabiliko ditugu. Mendiko eskiak alpinismoarekin zer ikusi handia du eta oso gutxi eski kirolarekin.
Eskiatzeko modu garbiena eta naturarekin begirune handiena duena, jende gutxik praktikatzen du erregulartasunez, are gutxiago jende gazteak, izan ere kirol gogorra dela inork gutxik jartzen du zalantzan, eta gainera neguaren eta bakardadearen arriskuez inguratuta egongo gara. Altuera handietan eta hotz handiekin egiten diren espedizioez gain, mendian egiten den jarduera gogorrenetakoa dela esan daiteke, neguko alpinismoarekin batera. Eragozpen horiek guztiak izanda ere, mendiko eskiatzaile bakoitzak jakingo du zein bizipen bilatzen duen jarduera horretan, mendi ezezagun hotz eta zail batera dirutza ordainduta joaten den eskalatzaileak bezalaxe... Dudarik gabe, bukaerarik gabeko paisaje zabalak, ikuspegirik ederrenak eta, ohiko inguruneetatik kanpo, isiltasun, handitasun eta bakardadeko mundu bat aurkituko ditu, zeinean, ziur aski bizirik dagoen animalia bakarra izango den. Neguko hilabeteetan mendietan dena lo dago.
Askorentzat, denbora librea betetzeko era bat izateaz gainera, bizitzaren eskola ere izango zen uneren batean. Txikia, baliogabea eta ahula zarenaz jabetzea, erabakiak hartzen ikastea, helburuak jarri eta pausoka betetzea, naturaren legeak eta norberaren mugak onartzea, nahiei uko egiten eta arriskuak baloratzen ikastea bezalako irakaspenen paretarik gabeko aire libreko eskola.

mendiko eskia garraio.

Eskiaren jatorria gutxienez duela 6.000 urtetan kokatzen omen da. Hasiera haietatik duela gutxira arte ingurune elurtuetara egokituz alde batetik bestera desplazatzeko tresna bat besterik ez da izan eskia. Honela izan da XIX. mendearen bigarren erdira arte. Orduan, beharra izatetik plazerrezko jarduera izatera igaro zen eskia. Erremonte mekanikoekin egiten den eskia erabat garatu baino lehenago ere, mendiko eskiak bere izaera propioa hartu zuen berehala. 1897an burutu zen Alpeetako lehenengo zeharkaldi handia eskiekin, Berner Oberland zeharkaldia (Suitza), eta 1903an Chamonix-Zermatt (Frantzia eta Suitza) zeharkaldi famatua. Gaur egun biak dira mendiko eskiaren ibilbide klasikoak. Euskal Herrian, duela bizpahiru hamarkada hasi zen zenbait mendizale neguan Pirinioetako mendietan eskiekin igoerak egiten. Honela konturatu zen mendizale asko eskia dela mendiak elurrez estalita dauden garaian (Pirinioetan urtean sei hilabetez normalean) gailurrak igotzeko eta jaisteko edo haran batetik bestera ibilaldi bat egiteko era azkarrena, seguruena eta atsegin edo eramangarriena.

infernu zuria.

Mendiko eskiatzailearen mamua elurjausiak dira. "Infernu zuria" deitu izan zaie, eta mendiko eskiaren arrisku handiena dira. Arazo handiena neurri handi batean elurjausia non eta noiz gertatuko den ezin aurreikustea da. Egoera eta leku batzuk bereziki arriskutsuak dira, horregatik ibilbidean zehar zenbait lekutatik pasatzea saihesten da. Edo elurra eta eguraldiaren egoera elurjausiak sortzeko aproposa bada, hobe egun horretan beste denborapasaren bat bilatzea.
Hala ere, leku arriskutsutik pasa beste erremediorik ez badago, zenbait neurri hartu behar da, makutoa askatu, bastoien eta eskien korreak askatu, leku arriskutsutik banan bana igaro eta arnas bideak estali. Gaur egun, bada elurjausian harrapatuta gera daitezkeen pertsonak bilatzeko gailu bat: ARVA (Appareil de Recherche de Victimes d'avalanche). Detektagailua da, walkman txiki baten tamainakoa, irrati uhinak emititu eta jasotzen dituena. Mendizale bakoitzak berea eramaten du eta irteerak irauten duen artean emisore gisa funtzionatzen du. Norbait elurjausi batek harrapatuz gero, besteek aparatua errezeptore gisa erabiliko dute, elurpean dagoen pertsona bilatu eta askatzeko. Hori dela eta beharrezkoa da detektagailuarekin batera pala arin bat eramatea beti. Sonda bat ere eraman ohi da. Detektagailuak oso tresna garestiak dira, eta ziur aski (hala izan dadila) ez dugu inoiz erabili beharrik izango, baina komeni da beti eramatea.
Glaziar handiak dauden mendikateetan, bestalde, elurrez estalita eta ezkutuan dauden arrakaletara erortzea da beste arrisku bat. Horregatik, Alpeetako zeharkaldietan batez ere, laguntza handia izaten da aurretik beste eskiatzaile batzuen trazak izatea. Gainerakoan, mendiak dituen berezko arriskuak aurkitu ahal ditugu, eguraldi aldaketak eta ekaitzak, hotza, behelainoa, galtzea...

Mendiko eskia non.

Pirinioak dira mendiko eskia egiteko gertuen dugun mendikate egokia. Mendi multzo oso zabala da, elurtuta egoten dira hilabete luzez, eta batez ere udaberri aldean, bereziki atsegina da eguzkia berotzen hasten den egunetan mendiak eskien gainean igotzea eta jaistea. Gainera udaberrian eguna luzeagoa izango dugu eta errazagoa izango da elurra finkatuagoa eta eskiatzeko errazagoa aurkitzea. Pirinioetako leku jakinetan mendiko eskiatzaileen jendetza handia pilatzen da egun batzuetan. Katalunian Puigmal-en adibidez, edo Pica d'Estats-en, edo Auñamendin. Bakardade bila dabilenarentzat, aldiz, mendi txikiagoak eta bailara gorde eta ezezagunak asko daude. Batzuetan asteburuetako irteerak motz geratzen dira, eta oporrak edukiz gero, ederrena egun batzuetako zeharkaldia egitea da, bailarak eta mendiak atzean utziz atzera itzuli gabe, aterpe ezberdinetan gaua pasaz eta gure bide bera egiten duten beste mendizaleak topatuz. Zeharkaldi handi hauetako asko Alpeetan egiten dira, eta batzuk mundu osoan dira ezagunak. Horietako bat Chamonix-Zermatt ibilbidea da, zeinean erraza den amerikarrak edo japoniarrak euskaldunekin batera bide bera egiten aurkitzea

Katixa Garate

Euskaldunon emozioak bakarrak al dira munduan? Ala emozioak unibertsalak al dira? Oraino psikologian egin izan diren azterketa gehienak hainbat teoriatan oinarritutako emozioen definizioetatik abiatu izan dira eta arazo emozionalak tratatzerakoan, definizio horiek izan dituzte abiapuntu. Kultura bakoitzak bere emozio propioak eta beste kulturekiko ezberdinak balitu, emozioak unibertsaltzat hartzen dituzten definizio horiek ez lirateke baliagarriak izango. Hori hala den edo ez jakiteko, EHUko Psikologia Fakultateko Nortasuna, Ebaluazioa eta Psikologi Tratamenduak departamentuak «Euskarazko emoziozko lexikoaren egitura» deritzan ikerlana abiatu du.

Ikerketa psikologo eta hizkuntzalarien arteko lana da, emozioen definizioa egiteko, hiztunen parte hartzeak berebiziko garrantzia baitu. Aipatu departamentuko Itziar Alonso eta Sagrario Yarnoz psikologia irakasleek, Erne Unzurrunzaga psikopedagogia ikasleak eta Donostiako Irakasle Eskolako Ruben Urizar hizkuntza irakasleak dihartute proiektuan. Ikerlana nazioarteko ikerlan zabalago baten parte da ordea. Kaliforniako Davis Unibertsitateko Phillip R. Shaver psikologoak koordinatzen du ikerlana. Beste psikologo estatubatuar batek ere, Chris Fraleyk, hartuko du parte; datu analisiaz arduratuko da berau. Shaverren abiapuntua honakoa da: psikologian egiten diren ikerlanetatik %90etik gora AEBtako laginetan oinarrituta egiten dira, beraz, ikerlanen ondorioak estatubatuarrei dagozkie. Horrexegatik, ezinbestekoa iruditu zitzaion Shaverri ikerketa hau kultura ezberdinetan egitea, zenbat emozio dauden eta kultura ezberdinetan berdin ulertzen diren jakiteko. Hori dela-eta, ikerlana Indonesia, Txinan eta Euskal Herrian ari dira egiten.


METODOLOGIA.

Ikerlana bi urtetan burutuko da. Ikerlanaren nondik norakoak eta oinarri teorikoak zehaztuta, euskarazko hiztegietan arakatzen hasi ziren, balizko emozioei zegozkien hitz batzuk hautatzeko. Itziar Alonsok dioenez, «eskuzabal jokatu dugu hitzok aukeratzerakoan, agian horietako batzuk ez dira emozioen izenak edo ez genituen argi ikusten, baina sartu egin ditugu». Euskalkietako aldaerak, hitz zaharkituak eta abar aztertu ondoren, zerrenda bat osatu zuten Ruben Urizar eta Erne Unzurrunzagak. Orain 100 euskaldun zaharren bila ari dira, euren argibideak jarraituz, zerrenda bete dezaten (ikerketan parte hartu nahi izanez gero, 943 015654 telefono zenbakira dei ezazue). Hiztunek zerrendan agertzen diren hitzak zein neurriraino diren emozio adierazi behar dute. Abertzaletasuna esaterako, zein neurriraino lotu daiteke hitz hau emozioarekin? Alonso psikologoak esan digunez, «arazo bat dago: batentzat emozioa dena, agian, beste pertsona batentzat ez da izango. Guri interesatzen zaiguna zera da: hiztun askoren egituratze hori nola suertatzen den ezagutzea, beste kultura batzuekin konparatzeko».

Zerrendak beteta jasotakoan, hiztunek emozio gisa sailkatu dituzten hitzak zein eta zenbat diren aztertuko dute eta emozioak taldekatzeko baliagarria izango zaien tresna eratuko dute haiekin. Emozioak izendatzeko hiztunek aukeratutako hitz horiek izango dira egitura kontzeptualak egiteko erabiliko duten oinarria, alegia. Hitzak txarteltxoetan jarrita, populazioaren lagin bati emango diote txartel horiek pila ditzaten eta jakiteko zein punturaino uste duten hitz batek eta beste batek nolabaiteko lotura duten edo ez duten loturarik. Horrela, emozio taldeak, talde prototipikoak lortuko dituzte. Eta ondoren, euren laginean, Indonesian eta Txinan, emozio talde berdintsuak ateratzen diren aztertu beharko dute.


MAILEGUAK ETA JATORRIZKO HITZA BEREIZI

. Jasotako hitz guztietatik, Urizar hikuntzalariak maileguak eta euskal hitzak sailkatuko ditu. Izan ere, emozio bat adierazteko euskarazko hitz bat egon bada, betidanik hori adierazteko beharra egon dela adierazten du. Beraz, mailegutza aztertzeak informazio ugari eskainiko die ikerlariei.

Euskaldun gehienek elebidun izateak badu eraginik. Sagrario Yarnozek dioenez, beste hizkuntza batez kutsatuta gaude eta horrek zaildu egiten du ikerlana. Itziar Alonsok esan duenez, Japonian lagin elebidun bat hartuta egin zen ikerlana eta badirudi, erabat frogatuta ez egon arren, horrek ez duela eragin handirik. Horrexegatik gaztelerazko komunitatean ere ikertzea interesgarria litzateke.
Hori egiteko nahia badute, arazo ekonomikoak eragozpen garrantzitsua dira ordea. EHUk ikerlana finantzatzeko diru laguntzarik ez eman izanaz kexu dira. Sagrario Yarnozek dioenez, «diru kopuru oso txikia eskatu genuen eta laguntza ukatzeko arrazoia ikerketa Euskal Herrira mugatzen dela da. Baina hau nazioarteko proiektu baten barne dago!».

Sagrario Yarnozek emozioen mapa egitearen garrantzia aipatu digu. Izan ere, bizitza emozionala oso garrantzitsua da, gure oreka psikologikoa, gure zoriona, ondo edo gaizki sentitzea baldintzatzen duelako. Horrexegatik oso garrantzitsua da oinarrian indarrean dauden emozioak zein diren ezagutzea. Azken finean, gure emozioak direna izango garelako

Elisabeth Pombo

ARGIAk 1984. urtean kaleratu zuen bere lehen urtekaria, urte horretako gertaera nagusienak eta euskal kulturarekin zerikusia zuten hainbat helbide jasoz. Harrezkero eta gaur egunera arte ez dio lan hori egiteari utzi eta aldaketa nabarmenak izan badira ere, urtekariari betidanik erantsia izan den «Euskal Kulturaren Agenda»k (gaur egun «Euskal Kulturaren Aurkibidea» izenarekin ezagutzen dena) zintzo jarraitu dio urteroko hitzorduari. Horrela, gaur egun urtekaria urteko gertaeren laburpena izateaz gain, oso liburu kontsultatua da, batik bat euskal kulturaren hainbat helbide, telefono, posta elektroniko eta web-gune jasotzen dituelako. Hori guztia 1984an ARGIAren inguruan mugitzen ziren idazle eta kazetari haiek beren agendatan zituzten helbideak eta erreferentziak guztion eskura jarri zituztelako. Hain zuzen ere, garai hartan kultur jabetzaren zati handi bat kazetarien esku zegoen eta ARGIAren inguruan euskal kulturan eragin nabarmena zuten pertsonak biltzen ziren: Josu Landa, Joseba Alvarez, Joxemi Zumalabe, Iñaki Uria, Ramon Saizarbitoria, Jose Luis Alvarez Enparantza «Txillardegi»... Horrela, haiek zuten hainbat erreferentzia jaso eta elkarte eta erakunde desberdinen datuak lortzeko bilketa lana egin ondoren 25 orri eta 1.000 erreferentzia inguru zituen «Euskal Kulturaren Agenda» osatzea lortu zen. 1984ko urtekari hark orotara 236 orri zituen.

Gure egunetara etorriz, hasiera haiekin alderatuz, jasotako erregistro kopuruaren igoera behintzat nabaria da. Aurki kalean izango den «Euskal Kulturaren Urtekaria 2002»k 17 sail eta 320 orri ditu, horietatik 160 «Euskal Kulturaren Aurkibidea»renak, non 8.400 erreferentzia inguru biltzen diren, 15 sailetan banatuak (Antzerkia, Artea, Bertsolaritza, Dantza, «Erakundeak, Elkarteak», Euskara, Irakaskuntza, Itzulpengintza, «Jaialdiak, Lehiaketak», Komunikabideak, Literatura, Musika, Unibertsitatea, Zerbitzu Publikoak eta Zinema).
Beraz, adin heldutasuna lortu bitartean asko aldatu da urtekariaren egitura eta itxura, kaleratze data bera ere ez da berdina. Hasieran urte amaieran ospatzen zen Argia Egunerako egiten zen eta irailetik abendura arteko kronologia hurrengo urteko urtekarian sartzen zen, 1993tik aurrera Durangoko Azoka zen erreferentzia data eta 1997. urtetik aurrera, urtarriletik abendura arteko gertaera guztiak jasotzea erabaki zenez, urtekaria hurrengo urtean kaleratzen hasi zen. Koloreak ere izan du zeresanik garapen horretan. Hasierako orri zuri beltzak bi koloretakoak bihurtu ziren 1988tik aurrera eta lau koloretakoak «Euskal Kulturaren Urtekaria 1998»an.
«Euskal Kulturaren Aurkibidea»ri eskainitako orrialdeak ere aldaketa horien lekuko izan dira, jasan duen garapena urtekariak oro har bizi izan duenaren parekoa izan baita. Pixkanaka-pixkanaka kolorez hornitzen joan da eta baita publizitatez ere, zehazki «Euskal Kulturaren Urtekaria 1998»an ikusi ahal izan ziren helbideen artean tartekatutako lehen publizitate moduloak.

Aurkibidearen garapen teknologikoa.

Teknologia garatuz joan den heinean, aurkibidea egiteko modua ere aldatu egin da. Hasieran testu jarraian idazten ziren helbide guztiak, testu prozesatzaile batekin. 1995eko urtekarian eremu bukaera bakoitzari marka bereizgarriak jarri zitzaizkion eta helbideak datu base batera pasa ziren. 1997an eta 1998an ARGIAk zituen erregistro guztiak diskete batean kaleratu ziren «Euskal Kulturaren Agenda digitala» izenarekin, MS-DOS sisteman. Bertan helbide guztiak euskaraz, gazteleraz, frantzesez eta ingelesez ageri ziren.
Hurrengo pausoa sarera salto egitea izan zen. Horrela, 1997ko abenduan, Durangoko Azokan, ARGIAren web-gunea aurkeztu zen, gaur egun SAREKO ARGIAn, www.argia.com helbidean, aurkitu daitekeenaren lehen bertsioa. Bertan «Euskal Kulturaren Aurkibidea» jarri zen on line kontsultagarri. Hurrengo urtean, 1998an, frantsesezko, ingelesezko eta gaztelerazko bertsioa gaineratu zitzaion sarean zegoen aurkibide horri. «Euskal Kulturaren Aurkibidea»k Interneten abantaila ugari aurkitu zituen; esaterako, bilaketak modu errazean egin eta elkarteek bertan datuak eguneratzeko aukera.
Baina abantailak abantaila, euskal kulturaren kontsulta tresna honek urtero mantentze eta eguneratze lan garrantzitsua eskatzen du. ARGIAko lan taldea arduratzen da horretaz. Urtero hainbat elkarteengana zuzendu eta datu eguneratuak eta berriak eskatzen zaizkie, horrela helbide edo erreferentzia kopurua igoz doa pixkanaka-pixkanaka, eta lan hori urtero «Euskal Kulturaren Urtekaria»n islatzen da. Hemezortzigarrena ez da salbuespen bat izan eta aurki frogatzeko moduan izango gara

Lore Agirrezabal

Euzkoen aberija ezagutzen etzan garai ayetan, Iparagire´k lez bere matasuna abestu ziyonari omenaldiya eskeintzea biarekua zan, da biarekua izanik nola ez orotu beragaz "Euzkeltzaleak" bazkuna?". Orotu da ba, ta Uretxua´ko Udalarekin batera jayaldi bikaña antolatu ere bai. Egun au ospatzeko autuba datoren igandea, 16 gna. da. Emen Uretxua´n bilduko gera euzkeltzale geyenok olerti bidez euzko yakintza sendotzeko antolatu dan jayaldi au goraltzeko, bere garantziya edo nork ezagutzen dulako". 1933an eman zuen jaialdi honen berri Gotzon Arrik «Euzkadi» aldizkarian. Hirurogeita zortzi urte igaro dira harrezkero, baina artikulua bere horretan irakur dezakegu, batere buruhausterik gabe, gainera. Izan ere, gisa horretako dokumentuak aurki ditzakegu Eusko Ikaskuntzaren datu base berrian. Mende hasierako «periodiko» zaharretako albisteak interneten irakur ditzakegu.

"Euskal kultura prentsan, 1900-1975" izenak berak dioen bezala, hogeigarren mendeko lehenengo hirurogeita hamabost urteetako albisteak jaso dituzte on line jarri den datu basean. Guztira, 52.341 albisteren erreferentziak -non eta noiz argitaratu zen, argazkirik edo irudirik ba ote duen, nork idatzia denà-, eta 2.300 albiste beren osotasunean. Azken horiek, Eusko Ikaskuntza sortu zenetik (1918) Espainiako Gerra Zibila (1936) hasi artekoak dira. Euskal Herriko eta nazioarteko prentsan euskal kulturaren berri ematen zuten albisteak gordetzeko eskatu baitzion Eusko Ikaskuntzak Ginebrako Argus Suisse et International de la Presse agentziari, eta agentzia horrek urteetan bildutako albisteak digitalizatu eta oso-osorik irakurgai jarri dituzte sarean; ingelesez, alemanieraz, frantsesez, errusierazà Argitaratu bezala ikus daitezke, datu basearen egileek orrien kolorea, Ginebrako agentziaren zigilua eta xehetasun guztiak gorde nahi izan baitituzte.

EUSKALDUNON NORTASUNA.

Espainiako eta Euskal Herriko politika kontuek zeresan ugari eman dute hogeigarren mendean, baina euskal kulturak eta Euskal Herriak berak ere mundu osoko egunkarietan izan du lekua. Horren adierazgarri dugu «Daily Mirror» egunkarian, 1930eko urtarrilaren 1ean, Eileen O' Conner-ek idatzitako artikulua; Bizkaiko dantza talde batek Londreseko Albert Hall antzokian eskainitako emanaldiaren karira «Jendeak dantzatu dezakeen lekuan» izenburupean idatzitakoa:
«Euskal dantzariek Albert Hall-en eskaini berri duten emanaldiak jende ugari txunditu du. Beren dantzak bizkortasunaren miraria dira, eta Ingalaterrako folk-dantzek ez bezala, berrikuntzaren xarma dauka Londongo ikusleentzat.
Hala ere, Albert Hall ez da euskaldunen bihurrikeri alaientzat leku aproposa; dantzari hauen izpiritu alaia jaso nahi bazenu Euskal jairen batean ikusi beharko zenituzke.
JENDETZA ALAIA.
Urtero, uztailean, aste osoko jaialdi bat ospatzen da Donostian. Oso ozen eta lorioso hasten da igande goizean, goizeko zazpietan, suziriekin. Egun osoan, jende multzoak irteten dira herritik festak jarraituko duen zelairaà"
Parisen ere harrera ona izan zuten hainbat ikuskizunek. Besteak beste, Benjamin Gomez arkitektoak Georges Périérekin egindako antzezlanaren arrakastaren berri eman zuen «Action Française» egunkariak 1932an. Artikulu hartan irakur daitekeenez, Baionan izandako harreraren ondoren, Réveil basco-béarnais konpainiak Parisen taularatu zuen lana.
"Mutualité antzokiko areto nagusia jendez bete da, bai lehenengo emanaldian bai bigarrenean. Euskaldunek eta bearnesek -asko daude Parisen- lan honek merezi zuen arrakasta eman diote "Malaye" antzezlanari. Une batzuetan gozamena hain zen handia, ezen aretoan "euskal oihu" batzuk entzun baitziren, zenbait paristar harrituta utziz eta emanaldiaren ukitu berezia areagotuz. Eszena interesgarrienak eta herrialdearen xarma hoberen islatzen zutenak ezkontzarena eta Baionako zubikoa dira. Bearnesen eta landesen deabru izpiritua eta euskaldunen izpiritu fina ederki nahasten dira.
Antzezpena bikaina izan zen. Beisqueren antzezpenarekin gozatu genuen, batez ere, eta Dufourg andereñoaren edertasuna, euskaldunen itxuraren adierazgarri dena, mirestu genuen".
Euskal kultura eta nortasunaren oihartzuna Europako beste hainbat herrialdetara ere zabaldu zen. Alemaniako «UHR Abendblatt» egunkariak 1932ko apirilaren 30ean euskaldunen eta kataluniarren berri eman zuen. Artikulu hari "Herrlich ist das baskenland" -«Separatismo espainiarra»- titulua eman zion Rosa Bertens kazetariak. Euskal Herriaren kokapen geografikoa zehazterakoan, Gipuzkoa, Araba eta Bizkaia probintziak aipatzen ditu, eta jarraian dio Nafarroa Espainiako eta Frantziako zati batean dagoela. Euskaldunak Saharako biztanleekin ere alderatzen ditu: "Beren hizkuntza propioa dute euskaldunek: euskara. Eta bizitza ere propioa dute, Saharako biztanleek bezalaxe. Beren hizkuntza Europako beste zenbait hizkuntzekin parekatu izan da. Inguratzen duena, mendiakà zoragarriak dira".
«New York Herald», «Daily News», «Daily Telegraph», «Brooklyn Daily Eagle», «Deutsche Allgemeine Zeitung», «Corriere Della Sera», «Le Figaro», «Le Temp´s», «Nya Daglitgt Stockholm»à Nazioarteko eta Euskal Herriko ehun egunkari eta aldizkari baino gehiagoko albisteak irakur ditzakegu datu base berrian. Horrez gain, Euskal Herrian eta Espainian, hogeigarren mendean argitaratu ziren egunkarietako hainbat albiste non aurkitu ere azaltzen digu. Besteak beste, «Diario de Navarra», «La Nación», «Heraldo Alavés», «El Liberal», «Euskalduna», «Gure Herria» eta «Euzkadi» egunkarietako 52.341 albisteren erreferentziak aurki ditzakegu. Gainera, bilaketarako leihoa zabaltzean, ohartxo batek adieraziko digu egunkari bakoitzaren ale guztiak non topa ditzakegun. Esate baterako, «Gure Herria»ren aleak Renoko Unibertsitatean daudela dio oharrak, eta «Herria»renak Belloceko Abadetxean. Baina, lehen esan bezala, interneten osorik irakur ditzakegunak 2.300 albiste dira, alegia, Suitzako Argus Suisse agentziak 1918tik 1936 arte jasotakoak.
Literaturari buruzko datu base honetan aurki ditzakegun albisteak 16.000 dira, gutxi gora-behera. 10.000 inguru, berriz, historia eta etnografiari buruzkoak.
Hogeigarren mende hasierako euskaldunek kezka ugari zituzten baina zenbaitek, hezkuntza euskalduna bultzatzeari buruzkoek esaterako, oihartzun zabalagoa izan zuten prentsan. «Euzkadi» aldizkariak horrela ematen zuen ikasturte berriaren albistea 1917an:
"Urriaren lehenerako iragartzen da ikasturtearen hasiera Euskal Eskoletan. Hori dela eta, egun hauetan, erakunde abertzale hori aktualitatea izango da berriz ere. Askotan, gure egunkariak eta beste zenbait argitaletxe nazionalistek izaera euskalduneko ikastetxeen garrantzia eta interesa aintzat hartu dute, eta horren beharraz ohartarazi gaituzte gure Aberria arriskutik aldentzeko. Baina, zoritxarrez, euskaldun gehienak ez dira konturatu horren garrantziaz eta beharraz, eta arazo larri hau, axolagabe ez baina behar duen berotasuna eta laguntza emateaz batere kezkatu gabe ikusi dute. Ordea, ez dago gure herrien biziraupenarentzat hain beharrezko den beste ezer ere. Gure berpizkundea sustraitzeko ezinbesteko oinarria da".

ATZERRITARREN AHOTAN.

Gure ohiturek, ospakizunek eta hizkuntzak kuriositate handia piztu ohi dute munduko hainbat lekutan eta Aymeric Picaud erromes frantsesak XII. mendean euskaldunak deskribatu zituen moduan, XX. mendean ere beste horrenbeste egin duenik izan dela ikus daiteke Eusko Ikaskuntzaren datu basean. «Vagabondia» egunkariko kazetari batek, esaterako, horrela deskribatu zituen Donostian ikusitako bitxikeriak. "The Large stomachs Have Unique Clubs" -«Sabel Handiek aparteko elkarteak dituzte»- titulua eman zion artikulu hari eta hauxe dio bertan:
"(à) Tripasai da sabel handi esateko euskarazko hitza. Hemen badira elkarteak ¾hamabi bat¾ jan-edanaren arteari eta zientziari eskainitakoak. Ez dago izen orokorrik elkarte hauentzat, esan nahi baita ez dituztela bereizten guk golf klubak, klub sozialak edo xake klubak bezala. Elkarteak besterik ez dira. Baina kideak, leku guztietan, tripasai izenez ezagutzen dira. Hau, noski, guztiz oker dago, izen orokor gehienak dauden bezala. Izugarri une atseginak igaro ditut horrelako kide askorekin, eta haietako bakar batek ere ez zeukan sabel handia. Guztiak oso osasuntsu eta alaiak dira. Baina ene bizitzan, orain arte ez dut horrelako elkarteen berri izan. Zerbitzaririk ez. Telefonorik ez. Alokatutako sukaldaririk ez. Arduradun bat izaten dute, bera arduratzen da lekua txukun mantentzeaz, ontziak garbitzeaz eta oinarrizko gauzak zaintzeaz. Kide bakoitzak sarrera nagusiko giltza du, nahi duenean etortzen da, bere otordua prestatzen du eta bera zerbitzatzen da".
Bitxikeria ugari aurki ditzakegu "Euskal kultura prentsan, 1900-1975" izeneko datu basean. 1997an hasi zen Eusko Ikaskuntza datu base hau osatzen, eta lau urteko lanaren ostean, hogeigarren mendeko euskal kulturaren hemeroteka on line jarri zuten joan den urteko irailean. Artikulu jakinen bila liburutegiz liburutegi joan aurretik, datu-base honek (www.eusko-ikaskuntza.org/baseak) esan diezaguke bila gabiltzan hori non aurkitu. Eta 1918 eta 1936 urteen arteko zerbait baldin bada, litekeena da une horretantxe notizia ordenagailuaren pantailan bertan ikusi ahal izatea

Iñigo Bidetxea

Bere narruzko jaka beltza harro erakusten zuen Marlon Brandok «Salvaje» zintan. Ahaztu ezinezko zeluloidezko zuri-beltzean motoa maisutasunez gidatzen zituzten bota haiek, ez dute egun diztira atera beharrik. Fotogramen aroa bukatzear dagoela, zinemak beste aro bati ireki dizkio ateak, digitalari alegia. Hari eman behar eskerrak Brandok, bere piura hobetu izana. DVD-ak ekarri zizkigun irudi berri haiek, zinema digitalaren lehen urratsak.

Internet eta kamera digitalak izan dira hala ere, zinemaren nondik-norakoa zehaztu dutenak, 35 milimetroko Brandok ez du faltan botako hain ezaguna egin den formatoa, badirelako ugari digitalizazioak ekarriko dituen aurrerapenak. 451 farenheitetara erretzen zituen Truffauk liburuak etorkizuneko munduan, agian berak oharrarazi zigun gertatuko zenaz, zeluloideak suaren txinpartak ezagutuko ez dituen arren, zokoratuta geratuko baita hautsaren menpe artxibo zahar batean.
Ekoiztetxeak zenbaki binarioen zinemari ateak irekitzeko prest daude, nahiz eta internet bidez zinema hedatzeak ez duen orain arte arrakastarik eduki. Kamera digitalak merkaturatu direnetik zinema merketu egin da eta errazagoa bihurtu da filmaketa prozesua. Zientzia fikziozko film batetik ateratako tresna honek iraultzatu egingo du zinemaren industria, zenbait adituren esanetan. Pelikularen azken sekuentziak ote?

Ekoiztetxeak sarean.

Zinemak porrot egin du interneten, pelikulak zine aretoetan ikusteko produktua direla uste dutenak asko dira oraindik. Zenbait ekoiztetxek ekin zion proiektu honi aspaldi eta egun gehienak merkatutik at daude, baita David Geffen, Steven Spielberg eta Jeffrey Katzenberg-en Pop.com ekoiztetxe ezaguna. Hala ere, kamera digitalek indarberritu egin dute zinema mota hau. Ordenadorearen monitoreak langabezia ezagutuko duten arren, kamera hauei esker, zinema berria, pantaila erraldoian ikusteko aukera izango dugu. Ez da zenbait hilabetetan gertatuko den fenomenoa izango, prozesu luze baten atarian gaude, eta ekoiztetxeak hasi dira lanean, "digital-film" kontzeptua hedatu asmoz.
Horrela, hainbat lehiaketa antolatzen hasiak dira produktuaren kalitatea hobetu nahian. Matiz, Albaguia, Cineonline.com edota minutoymedio.com ekimenek ez dute lotsarik eta 35 mm edota super8-z eginiko lanak baztertu dituzte, zinema digitalari aukera emanez.
Oraingoz, laburra da kamera digitalez gehien filmatzen den formatoa, dokumentalek eta film esperimentalek hurbiletik jarraitzen dioten arren. Julio Medem donostiarrak filmatu du Espainia guztiko lehen luzea kamera digitalarekin, "Lucia y el sexo" pelikulak izan du ohorea. Bigas Luna zuzendari katalanak ere egin du zenbait saiakera. Mugimendu berri honek zine industria bereganatu nahi du nola edo hala, ezinbestekoa baita bizirik iraun ahal izateko. Ekoiztetxeak bapo prestatu dira, agian eskerrak Danimarkan jaiotako Von Trier jaunari eman behar.

Dogma digitala.

Danimarkan jaiotako "Dogma" mugimenduak, zinema komertzialak maneiatzen zituen rolak alderatu nahi zituen, filmatzeko askatasuna aldarrikatzen zuen, etxeko bideokameraz errodatzeko gaitasuna ohikoa egin. Zine baztertua izan zen, baina aldi berean kalitatezkoa. "Idioterne", "Dancer in the Dark" zintak ez dira Hollywood-eko produkzio garestiak, ez dira ordenadorez mozorrotutako fotograma puskak, errealitate gordinaren erakusleihoa besterik ez dira. Hori bera lortzea izan da hasieratik "Dogma" mugimenduaren helburua. Kamera digitalen jaiotzak mugimendua indartu du, herriaren, herriarentzako eta herriari zuzendutako zinema bultzatu du. Ez da aurrekontu handiegirik behar, produkzio aldetik kostuak merketuko dira eta editatzeko garaian, hasiera batean zeluloideak eragiten zituen arazoak asko murriztuko dira.
Zinema digitalari esker, filmak zine aretoetara satelite bidez bidaliko dira, eta nahi beste aldiz ikusi ahal izango dira, zeluloideak ez bezala, formato digitalak lehen aldiko irudi kalitate bera mantentzen baitu.
Zuzendari hasi berriek jada ez dute diru laguntzen beharrik, kamera hauekin ohiko produkzio bateko langile kopurua ez delako beharrezkoa. Zuzendaria da protagonista bakarra eta beste guztiak bigarren mailako partaideak, luxuzkoak bai, baina bigarren mailakoak azken finean.
Orain arte, zeluloidearekin filmatutako zintek arazo bati egin behar zioten aurre, alegia, filmaketan erabilitako fotograma kopurua kontrolatzea. Digitalarekin ez da horrelakorik gertatzen, beraz, luzeak filmatzea askoz ere errazagoa bihurtuko da.
Asko dira zinema berri honen defendatzaile sutsuak, baina badira ere zeluloidearen erromantizismoa alde batera utzi nahi ez dutenak. Egun, 35 milimetroko zintek kontrolatzen dute zinema, klasikoak zuri beltzean gure oroimenean geldituko dira betirako, baina garai berri baten atarian gaude, zuri beltz berri baten atarian, klasiko askoren abiapuntuan. Minnelli, Antonioni, Ford, Browning, Kazan, gogoan zaituztegu... eta ongi etorri beste guztiei

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan