XVI. mendean baserriak ez zituzten bizitzeko soilik egiten. Egia esan, lan premietarako gehiago zeuden prestatuta. Batzuek sagardoa egiteko egitura osoa zuten, eta barru haietan, gero, baserritarrak bizitzeko antolatzen ziren. Horietako bat zen Ezkio-Itsasoko Igartubeiti baserria. Urtero dolarea abian jartzen zenean, baserria bera dantzan hasten omen zen. Orain, museo bihurtu dute etxea; sagardoa egiten ez zaio ahaztu ordea Igartubeitiri.
Dolarea eta egitura, etxea eta tresna. Dena bat da Igartubeiti baserrian. Beranduxeago egindako eranskin batzuk baditu ere, XVI. mendeko baserria da, gotiko estilokoa. Garai hartakoa da dolarea ere. Bere egituran oinarrituta, bere indarrez egiten da sagardoa. Dolare sistema hau geure begiz, oso-osorik ikus dezakegun bakarra da Euskal Herrian. Garai hartako baserrietako dolareak suak erre zituelako edota denborarekin baserriaren barneko espazioa eraldatu egin zutelako desagertu egin dira. Gipuzkoako Ezkio-Itsaso herrian dago Igartubeiti, Ormaiztegi eta Zumarraga arteko errepide nagusitik Ezkiora bidean, kilometro batera.
Gipuzkoako Foru Aldundiak erosi zuen 1993an. Geroztik, zahar-berritze lanak egiten aritu dira Alberto Santana historialari deustuarra buru dela. Iazko azaroan baserriko ateak ireki zituzten lau haizetara, dagoeneko museo bihurtuta. K6 Kultur Gestiorako Enpresak kudeatzen du baserria. Ordubete hutsez bada ere, bertara hurbiltzen denak euskaldunon arbasoen bizimodua arnastu, usaindu dezake.
Baserria piezaz pieza askatu, egurra garbitu, tratatu eta berriro eraiki dute baserria. Askatu zutenean, indusketak egin zituzten lurrean eta Erdi Aroko etxola baten aztarnak aurkitu zituzten. Bizilekuak mila urte baino gehiago izan ditzakeenaren ustea dago, beraz.
Alberto Santana historialaria eta UNEDeko irakaslea da. Lan ugari egin du Euskal Herriko baserrien arkitektura eta dolareak aztertzen. Honi lotutako argitalpen ugari ditu. Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskutik Bertan bildumaren barruan "Baserria" izeneko tomoa argitara eman zuen 1993an. Bere azken lana "Euskal Herriko Baserriaren Arkitektura" izenburupean argia ikusi duen hiru tomoko liburu sorta da. Beste hiru lagunekin batera idatzi ditu liburukiak: Donostiako Arkitektura Fakultateko Juan Angel Larrañaga, Alberto Loinaz eta Alberto Zulueta irakasleekin. Berak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ondare Sailak eta mendez mende bertatik pasa diren bizilagunek egindako ahaleginari esker, gaur zutik eta sendo ikus dezakegu Igartubeiti.
Den dena egurrezkoa.
Bi mende osoz egon ziren Arregitarrak baserrian, azken oinordeko gisa berriro emakume bat geratu zen arte. 1920an Frantziska Arregik Juan Ignacio Mendiguren ekarri zuen auzotik etxera. Hauek izan dira baserrian gure garaietaraino bizi izan direnak. 1944an Frantziska Bereziartu eta Jose Mendiguren ezkondu ziren eta bertan jaio ziren euskal literaturgintzan eta itzulpengintzan hain ezagunak diren Iñaki eta Xabier Mendiguren Bereziartu. Euren haurtzaroko oroitzapenek, bihurrikeriek barne, Igartubeitin dute bere sustraia.
Baserriaren definizioa.
Gipuzkoar erako baserria.
Igartubeitiren erraietan.
Dolarea eta upategia.
Ia 12 metroko luzera zuen zeharkako habe lodi bat zuten. Habe hau, dolare haga, alegia, baserria eusten zuten dolare habeen gainean zegoen: bi dolare habe (edo pilare) erdialdean eta beste bi izkin batean. Dolare haga honen beste muturrean 8 metroko ardatza -zurezko torlojoa- zegoen; beheko solairuraino iristen zen eta harritzar baten gainean kokatuta zegoen. Normalean sukalde nagusiko edo atalondoko lurzoruan finkatuta egon ohi zen. Torlojo hau bigarren solairuraino heltzen zen. Behealdetik eskuz eragiten zitzaion torlojoari, biraderaren bidez bere ardatzean biratuz. Torlojoari birak emanez, beraz, dolare haga mugiarazten zuten, jaitsi edo igo, momentuko beharraren arabera. Zeharkako dolare haga honek egurrezko egiturarengan presioa egiten zuen, eta aldiberean honek patsarengan. Habe handi honek jaisterakoan, bere pisuaz sagarra estutu egiten zuen. Altxagarriak ipintzen zizkioten goian dolare hagari eusteko. Gero, dolare haga hori bere pisuarengatik jaisten zen, patsarengan presioa eginez. Pixkanaka altxagarriak kenduz zihoazen. Hortik ateratako muztioa dolare askaren zulo batetik beheko solairuko upategiko ontzi batera jaisten zen, tinara, alegia. Upategia baserriaren albo batean egon ohi zen, erabilera horretarako prestatutako sotoan, hain zuzen.
Sagar aska egurrezkoa izan ohi zen. Sagardoa egiteko garaian bakarrik edukitzen zuten estutzeko erabiltzen zuten egurrezko egitura. Gero, urtean zehar, kendu egiten zuten eta aska hori aprobetxatzen zuten beste gauza batzuk gordetzeko. Sagardoa egin aurretik irakindako ura botatzen zen askara. Horrela, egurra hazi egiten zen eta zirrikituak itxi egiten ziren.
Sagarrak oso-osorik jartzen ziren askan. Pisoiarekin txikitzen ziren eta gero, erdialdera eramaten ziren sagar puska horiek. Hala, taula gainean jarri eta dolare hagaren pisuarekin sagar puskak estutu egiten ziren.
3.500 kilo sagar txikitzeko gaitasuna du dolare honek. 2.000 litro pasatxo sagardo ateratzen da hortik. Baserriko bizilagunek egunean litro bat sagardo edaten zutela uste da.
Aspalditik egiten zuten euskaldunek sagardoa baserriko habeetan oinarrituta, 1394ko Debako Udal Ordenantza honek adierazten duen bezalaxe: "Otrosi hordenamos que cualquier persona que cortare árboles (...) para alguna ni algunas cosas salvo para maste e verga e quilla para narros e vigas de lagar". Urnietako Aierdi eta Lizartzako Etxeaundi dira esate baterako garai honetako dolaretxeak. Sagarra txikitzetik muztioa ateratzen den arte burutzen den ekintzari joaldia deitzen zaio. Joaldi bakoitzean zazpi tonako indarra egin eta hiru tona sagar txikitzen zirela uste da. Joaldi batek astebete irauten zuen. Gaur egun, oso-osorik ikus daitekeen horrelako tresna bakarra Igartubeitikoa da.
Donostiako Iribar baserrian 1908 arte egin zuten sagardoa dolare sistema honekin. Hango nagusia orain dela bi urte hil zen. Hark hil arteraino gogoan izan zuen sagardoa egiten zuteneko unea. Berak dioenez, "baserria negar egiten hasten zen". Baserriaren egitura guztia dantzan jartzen omen zen dolarea funzionamenduan hasten zenean. Baserritik ihes egiten omen zuen Iribarko nagusiak.
Sagardoa, eguneroko edari.
Iazko azaroaz geroztik bisita daiteke baserria. Adin guztietako bisitarientzako irekita dago. Asteazken eta ostiraletan goizeko 10:00etatik arratsaldeko 14:00etara zabalik dago, baita larunbata, igande eta jaiegunetan ere 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara. Asteburuetan bisita gidatuak egiten dira, baina aldez aurretik telefono zenbaki honetara deitzea komeni da: 943-722978. 1,50 euro kostatzen da sartzea. Talde, ikasle, jubilatu eta langabetuek 0,75 euro ordaindu beharko dute. Hamar urtetik beherako umeek ez dute ordaintzen, eta gainera, ostiraletan doan ikus daiteke
![]() |
|
||||
1838 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa