Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-11-21 09:36:32
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2002-01-13 -- 1837.zenb

URTE BERRIKO ZENBAKIAK DANTZAN

Daniel Udalaitz

Munduko eta Europako ekonomiak Estatu Batuetan izandako irailaren 11ko erasoaren ondoren sortu den zalantzazko egoeraren ondorioak jasan beharko badituzte ere, Euskal Herriko ekonomiak 2002. urtean gora egiten jarraituko du, aurreko urteetan baino indar gutxiagorekin izan arren, %2-3. Nolanahi ere hainbat aditu ezkorragoak dira, esaterako Zubizarreta Consultingeko Antton Perez Calleja, eta horien iritziz hazkundea %2tik gorakoa ez da izango. Erreportaje honetan jasotako datuak EAEkoak eta Nafarroakoak dira, Ipar Euskal Herriko daturik ez baitugu. Bi esparru horietako ekonomia Espainiakoa, Frantziakoa eta Europakoa baino gehiago haziko da.

Ikuspegi orokor batetik, AEBen aurkako irailaren 11ko erasoa baino lehenago hasia zegoen ekonomia krisialdia 1982tik izandako larriena da. AEBak, Zubizarretaren esanetan, hiru hiruhileko baino gutxiago iraungo ez duen atzeraldi batean sartu dira. Ekonomiako aurreikuspen guztiak beherantz berregokitu dira. Krisialdi hori larriagoa edo luzeagoa ez gertatzeko guztiz erabakigarriak izango dira ekonomiaren oinarri sendoak (inflazioa, defizit publikoa...) batez ere AEBetan eta Europan, interes tasen jaitsiera, petrolioa merkatzea eta zerga arloko pizgarriak.


EAE-KO ETA NAFARROAKO EKONOMIAK

. EAEko eta Nafarroako gobernuetako erakunde ofizialek diotenez 2002. urterako aurreikusten den hazkundea %3 ingurukoa izango da. Espainiako Gobernuak, aldiz, lehendik zituen aurreikuspenak %3 ingurukoak baziren ere, orain %2,4ra jaitsi ditu. Nolanahi ere, beste iturri batzuk ez daude ados datu horiekin. Horrela, BBVAren Azterketa Zerbitzuak dioenez, Espainiako Estatuaren BPG %1,7 haziko da eta %2,5eko inflazioa izango du, eta Frantziako Estatuan, berriz, BPG %1,6 haziko da eta inflazioa %1,2koa izango da.

Antton Perez Calleja ekonomiako adituak %2tik gora egingo ez duen hazkundea eta %2,5eko inflazioa iragarri ditu. Izan diren gertakarien ondoriozko zuhurtasun jarreraren eraginez kontsumo pribatua pixkanaka gutxitzen joango dela iruditzen zaio aditu honi. Inbertsioak, batez ere ekipo ondasunetan, nabarmen jaitsiko dira enpresa arloko aurreikuspenak erori egin direlako eta gaitasun produktibo soberakinak agertu direlako. Atzerriko sektoreak arazoa arindu baino gehiago larriagotu egingo du. Zentzu horretan, Callejak dioenez, Europako ekonomia datorren 2002ko urtean %1 inguru haziko dela kontuan izanik, ezin da inolako itxaropenik izan barne eskaeraren hutsunea esportazioek beteko dutenik.
Arrazoi horiek Espainiako ekonomiarentzat baliagarriak baldin badira, are baliagarriagoak gertatzen dira euskal ekonomiarentzat, zeren, Zubizarretaren arabera, gure nazioartekotasun maila handiagoagatik eta industriaren pisu handiagoagatik, gure ekonomiak Espainiako Estatuak baino beherakada handiagoa jasan beharko baitu. Eta hori ez zaio harrigarria iruditzen, garai onetan gu besteak baino gehiago hazi baikara (%5etik gora 1999-2000n). Edozein modutara ere, Hego Euskal Herrirako ez da %2tik beherako hazkunderik aurreikusten, eta erakunde ofizialek %3rainokoa aurreikusten dute. Hala ere, aditu guztiak bat datoz zentzu batean, hau da, krisialdi honen aurrean 1993koan baino hobeto prestaturik gaudela. Garai hartan langabezia %25era iritsi zen. Callejak dioenez, gaur egungo euskal enpresek finantza sendotasunean, lehiakortasunean, tamainan, atzerrian duten presentzian eta, zer esanik ez, errentagarritasunean ez dute inolako zerikusirik duela bederatzi urteko enpresekin. Eta, gainera, oinarri makroekonomikoek ere, defizit publikoari edo interes tasari dagokienez, berak dioenez, ez dute garai hartakoen antzik. Euskal aztertzaile honen ustetan, gune ilun bakarra prezioen eta soldaten jokaera izango da, eta horrek eragotziko du okupazio orokorrari eutsi ahal izatea.
Aurrekoa bezalako krisialdia ez izan arren, datorrenari aurre egin beharra dago, eta, Callejaren ustetan, horretarako ezagutzen den estrategia bakarra 1993aren ondoren enpresen indarberritzea ahalbidetu zuen hura da: austeritatea, zorduntzeko neurrizko beldurra, langile kualifikatuen geroz eta erabilera zabalduagoa, kalitatearen aldeko grina, azpikontratazio sistematikoa, ikerketarako joera neurtua eta geroz eta nazioarteratze handiagoa.
Callejak berak, beste hainbat aztertzaile baino ezkorragoa izanik ere, aitortzen du funtsezko estrategiei eutsiz jarraitu behar dela. Dioenez, krisialdiek funtsezko oinarrietara itzultzea eragiten dute beti, baina ezin da ahaztu hau ez dela 93ko krisialdia. Batetik, ez da hura bezain gogorra izango hazkundeari dagokionez eta, bestetik, ez gaitu hura bezain ustekabean eta erreserba gutxirekin harrapatzen. Horrek esan nahi du funtsezko estrategiak ezin direla alde batera utzi epe motzeko eragozpenengatik. Dioenez, estrategia berraztertzeko garaia da, garbiketa egin eta arintzeko, baina, krisialdi eta guzti ere, funtsezkoa denari eusten jarraitu beharra dago: nazioarteratzea, aniztasunean aritzea, bat-egiteak eta abar.



OCDE: ATZERALDIAREN MAMUA.

Atzeraldiaren mamua dabil lurralde industrializatuenen ingurumarian. Hala esan daiteke, behintzat, Ekonomi Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak osatutako azken txostenak (azarokoak) dioena ikusita.

OCDE osatzen duten 29 lurraldeetako ekonomiak 2001eko bigarren seihilekoan hazkunde negatiboa izan zuen, lehen aldikoz azken hogei urteotan. AEBen aurkako irailaren 11ko erasoaren ondoriozko atzerapen hori %0,3koa izan zen, eta, nahiz eta hedapen ahul batekin izan, hasi berria dugun 2002. urtearen lehen erdian zuzenduko da, baldin eta enpresaburu eta kontsumitzaileen konfiantza hondatzen duen gertakari berririk ez badago. Honela dio, behintzat, OCDEk ezagutzera eman duen seihileko txostenean.
AEBen aurkako erasoaren ondorioz OCDEk aurreikuspenen murrizte sakona egin behar izan du. Horrela erakundea osatzen duten lurraldeek %1eko hazkunde kaskarra izango dutela iragarri du, joan den ekitaldiari nahiz datorrenari dagokienez, eta lehendik eginak zituen aurreikuspenen arabera, hurrenez hurren, %1,7koa eta %2,7koa ziren hazkunde portzentaiak.
Gainera, azpimarratzekoa da ekonomi aurreikuspenen txosten hori egin dutenek esan dutenez, beren aurreikuspenak hipotesi baikorretan oinarriturik egin dituztela, hau da, inbertsioa eta kontsumoa gerarazten dituen gaur egungo zalantzazko egoera epe motzean desagertuko dela pentsatuz. OCDEko adituen ustetan, datozen hilabeteetan "bilakaera negatiboa" ere gerta daiteke: kontsumitzaileen eta enpresaburuen konfiantza ahultzea, hirugarren lurralde batzuetako inportazioak murriztea, petrolioaren prezioa igotzea edo truke tasaren aurreikusi ezinezko gorabeherak. Gertakari horietakoren bat edo batzuk gauzatuz gero, OCDEren txostenak dioenaren arabera, "are larriagoa izango litzateke ekonomiaren ahultasuna eta oso zalantzan jarriko luke epe laburrean indarberritze sendo bat lortzeko aukera".
Ondoko taulan OCDEk 2002-2003 urteetarako aurreikusten duen bilakaera ageri da. AEBen, Japoniaren, Eurogunearen eta Europako Batasunaren bilakaera nabarmendu nahi ditugu. AEBei dagokionez 2001eko bigarren seihilekoan, dagoeneko, atzeraldian bete-betean sarturik zegoen, BPG %0,7 doi-doi haziko da 2002. urtean eta, indarberritu eta gero, %3,8 igoko da 2003an. Europako Batasuna %1,7 hazi da 2001ean, %1,5 haziko da 2002. urtean eta hazkunde hori %2,9raino igoko da 2003an.
Espainiako Estatuari dagokionez, berriz, BPG %2,7 hazi zen joan den urtean, eta %2 aurreikusten da 2002rako, OCDEren ustez. Aldiz, Espainiako Gobernuak %3 jotzen du joan den urtekoan, eta %2,9 datorren urterako.


MERKATARITZA GANBEREN AURREIKUSPENA.

EAEko merkataritza ganberek eta Confebaskeko patronalak urte honetarako %2,4ko hazkunde ekonomikoa iragarri dute; beste zenbait erakunderen iragarpenekin alderatuz altuagoa da portzentaia hau. 2001eko hazkunde ekonomikoa %2,8an kokatuko da. EAEko merkataritza ganberek eta patronalak diotenez, urteko lehen hiruhilekoa mementoko geldialdiaren eraginpean egongo da, baina urteko bigarren hiruhilekoan dute halako berreskuratze txiki bat egongo den itxaropena. Gauzak horrela, uste dute hemengo hazkundea Espainiako ekonomiarena baino altuagoa (%2a baino zerbait altuagoa), Frantziakoarena baino altuagoa ( %2a baino zerbait altuagoa) eta Europako (%1,4a) batazbestekoa baino altuagoa izango dela.

Testuinguru horretan, nahiz eta euskal ekonomiak lana sortzen jarraituko duen, iazko erritmoa jaitsi egingo da 10.000 lanpostu berri iragarriz eta urte amaierako langabezia %7,9an kokatuz. Euskal Herriko hazkunde ekonomikoa barne eskarian oinarrituko da, atzerriko sektorea munduko ekonomiaren ahultasunak mugatuko baitu

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan