Pilar Iparragirre
Erromako Elizaren ordezkari espainiarrak oso kezkaturik zeuden 1972ko urte hasiera hartan. Hiri eta hirixka urrutienetaraino begiak luzatu, Espainiatik emigratu beharrean aurkitu zirenen bizilekutaraino hain zuzen, eta erabat asaldatu zituen arazoa sumatu zuten: heziketagatik beren hizkuntza galtzera derrigorturik zeuden haien seme-alaba gaixoena! "Zaputz eta kalte izugarria" besterik ezin ekar zezakeen hark, nola ez Eliza Saindua artegatu? ZERUKO ARGIAk ere bat egiten zuen ardura harekin, baina urruneko haurren zorigaiztoak ezezik, gertuago zeuzkan neska-mutikoenak ere guztiz kezkatzen zuela nabarmenduz.
ZAPUTZ ETA KALTE IKARAGARRIA
Horixe zen editorialaren izenburua, "Zaputz eta kalte ikaragarria". Arrazoia? Jarraian zihoana: "Danok dakigunez Tabera kardenala dugu Peninsulatik atzerrira joaten diranen arduradun nagusia, Elizaren aldetik. Kezkaturik daukagu lehendakari agurgarri au, erbestean arkitzen dituzten arazoetaz. Azkeneko urte ontan argitaratu duen eskutitzean ume atzerriratuen eziera-arazo larria aipatu digu. Onela dio beste gauza askoren artean: æBihotz barruan itsatsitako zerbait dugu nork bere izkuntza. Zerbaitegatik artu izan da beti erri baten ezaugarririk jatorrena bezalaÆ.
Eta aurreraxeago-edo: æZaputz eta kalte ikaragarriak sortu besterik ez dezazke egin umearen etxeko izkuntza batbatean moztu eta izkuntza arrotzean irakaskintza jarraitzeakà Bi kulturek erdibitu dute ume atzerriratua. Ez bata eta ez bestea bereganatu ditu behar bezala'".
Argi mintzatua zen Tabera kardenala, eta ondo samar ulertu zion Z. ARGIAk esan nahi zuena. Haatik, bazen hartan guztian erabat konprenitzera iristen ez zen gauzarik ere, antza denez.
"Badauzkate, jakin dugunez, Gobernuak berak ordaindurik, gaztelaniazko eskolak ume atzerriratuentzat Parisen, esate baterako. Zalantzarik ez dago; aurrari lur berrian itsasten lagundu behar zaio. Piskana-piskana egin behar da joan dan tokiko kulturaren jabe. Ez diteke bapatean etxeko girorik moztu. Ori aurra bihurritzea eta erdibitzea da".
NORK BERE HARAGIAN JASANDAKOAK
Horretaraino, konforme. "Baiña au, nork bere aragian jasandakoak daki ondoen. Hamaika ikusiak gaituzue, gure ikastetxeetan, erderarik ez genekianok. Ez genekian izkuntzan irakurri, idatzi, entzun eta ikasi behar. Tamala benetan! Zenbat ikara, zenbat atzerapen, zenbat denbora galtze! Saiatuena ere etsiaraztekoa eta ukaraztekoa zen egiaz jokabide makur ura. Eta onela gizaldiak eta gizaldiak Euskal Erriko seme-alabak, izkuntza eta kultura arrotzean ezi nahiez. Erderaz ondo zekitenen aurrean parregarri, arlote, gizajo eta ezjakin agertuz. Eskerrik, ikastolak sortzeari ekin zioten euskaldun jator batzuek. Eta galdutakoak berpizteari, indartzeari eta zabaltzeari. Baiña oraindik gorago jo behar dugu. Euskal Unibersidaderaiño iritxi behar dugu".
Asmo bezala, ezin hobea, bistan da, baina hutsean gelditzeko arriskuan zegoena ere bai dirudienez... Dena dela, garai hartako euskaldun orok ondotxo ezagutzen zuen egoera gogora ekartzea baino ez zen hura guztia... Baina zer zela-eta aurpegiratu ote zion, hain zuzen, zegoenerako hain keztatua agertzen zen Elizari? Bada, apika segidan azaltzen zuenagatik, hara:
"Eta bitartean? Euskal girorik ez duen ikastetxe gehiegi dago bazterretan. Elizaren erakutsiei jaramonik egiten ez dion ikastetxe asko. Fraille edo mojen ikastetxe gehienak edo denak agian".
Hortxe, beraz, gakoa! Erlijioso eta moja gehienen ikastetxeetan euskarari muzin egiten zitzaiola! Nolanahi ere, horiekin bukatu balitz euskararen aurkakoen zerrenda, gaitz erdi. Gehiago ziren, ordea:
"Eta zer esan delako eskola nazionalei buruz? Noizkorako legeak agintzen duen bi izkuntzetako eziera? Noizkorako eziera-legeak diona? Kondaira-zaleek begiak pozteko altxor bat izan dezaten urteen joanean? Larehunen bat eskola jasotzera omen doaz Gipuzkoan aur txikientzat. Gogoan izango ote arazo au? Kontuan edukiko ote etorkiñen bertakotze au? Eskola ugaritze au ez ote da euskal-eskolak ustutzeko arrisku gertatuko? Gutxienik berriak sortzeko zailtasunak bihurtuko?".
Zekienak, erantzun zezala
Maider Zapirain
Itsas baliabideak agortzen ari diren honetan, bide berriak ireki beharko dira merkatu eskariak mantentzeko. Haztegien bidezko arrain hazkuntzak esate baterako, behar horiek bete ditzake. Itsas produktuen kontsumoa gure lurraldean munduko altuenetakoa da. Urteko eta pertsonako 40 kilo irensten ditugu. Gainera, gure arrantza sektoreak krisi egoera larria bizi du arrantzan aritzeko gunerik gabe geratzen ari baita. Teknologia maila handiagoa izan arren harrapaketa tasak oso baxuak dira.
Euskal Herrian, arrantza produktuen kontsumoak tradizio handia du, eta hau baieztatzeko, geure gastronomiaren errezetei begirada bat botatzea besterik ez dugu. Eta orokorrean arrantza sektoreak jasan duen gainbeheera ikusita, badirudi akuakulturak hartuko duela indarra, jarduera honek merkatu zabala eskain baitezake. Akuakultura, kontrolpean egiten den itsas animalia zein landareen hazkuntza eta ugalkuntza da. Espezie hauek ur geza zein gazitakoak izan daitezkeen arren, gu itsas-espeziei dagozkien kultiboez hitz egingo dugu. Itsas espezie hauen kultibo edo hazkuntzan erabiltzen den metodologia nahikoa zabala da, baina beti ere arrain haztegiak erabiltzen dira, lur finkoan kokatuak edo itsaso irekian kokatutakoak izan daitezkeelarik. Gure kostaldeetan akuakulturaren garapenak muga asko topatzen ditu. Hasteko Kantauri itsasoa oso zakarra da eta jarduera honetan lortu diren aurrerakuntzak lur finkoan izan dira, alegia lurreko arrain haztegietan, adibidez erraboilo haztegiak. Haztegi hauetan zuzenean itsasotik jasotako ura erabiltzen da eta garrantzitsua izaten da beronen kalitatea aztertzea. Akuakulturan, teknologia mailak, ekoizpen bide berri eta eraginkorragoak baimendu ditu, hain zuzen itsasoan kokatutako kaiola flotagarrien bidezkoa. Mediterraneoko kostaldeetan lupien eta urraburuen ekoizpenak etekin handiak eman ditu. Puntako teknologia maila eskaintzen duten instalazioak ere badaude. Hauei «off-shore» plataforma finkoak deitzen zaie. Itsaso irekian kokatu ahal dira, erresistentzia handia agertzen dute korronte edo itsas-ekaitzen aurrean eta gainera ekoizpen maila izugarri altua izaten da. Baina badu arrazoizko eragozpen bat: aurreinbertsio itzelak egin behar dira.
Euskal Herrian interes handia sortu da akuakulturaren inguruan, eta ikerketa bide berriak ireki dira enpresen eskutik. Enpresa hauek gure kostaldeak eskaini ditzakeen posibilitateak aztertzen ari dira. Dena den, lehen ere esan dugu, Kantauri itsasoak bustitzen duen kostaldeak baldintza oso gogorrak eskaintzen ditu eta teknologia berriak ezartzea oso zaila da. Bestetik, enpresa berriak bestelako oztopo administratiboekin topatzen dira aurrez aurre, jabetza publikoaren erabilerari dagozkion baimenak eskuratzerakoan. Honi gehitu behar zaio aurreinbertsiotarako dirulaguntza urrien arazoa. Arazoak arazo, sektore honi hazkuntza potentzial handia iragartzen zaio. Horregatik beharrezkoa ikusi da akuakulturari dagozkion gaietan azterketa zorrotzak egitea. Teknologia berrien ezarpena, dirulaguntzak, ikerketa, espezie berrien sartzapenak... bihurtu dira gai garrantzisuak. Hau guztia biltzen du Espaniar Arrantza eta Nekazal Ministeritzak argitaratzen duen Akuakulturaren Liburu Zuriak.
Etorkizunean bisigua, legatza, olagarroa eta mihi arraina bezalako espezien kultiboak ahalbidetuko dituzte ikerketa bide berriek. Galizian, adibidez, jada olagarro eta bisiguaren kultibo esperimentalak lortu dituzte. Bereziki ikerketa faktore oso garrantzitsua da akuakulturan, beharrezkoa baita kultibatuko den espezie horren bizi zikloa ezagutzea: zertaz elikatzen diren bizi zikloaren fase bakoitzean, ugalkuntza, tenperatura egokiak... Elikaduraren gaia kontu handiz kontrolatzea garrantzitsua da, ezberdina baita heldu faseko edo larba faseko bisigu baten jan premia. Larba fasean, zooplanktonaz elikatzen dituzte, uretan flotatzen duten animalia txiki horietaz, nagusiki artemiez (Artemia salina). Heldu fasean berriz, pentsuak eta arrain oliozko prestakinak ematen zaizkie.
Kantauriar isurialdean akuakultura lantzen 70eko hamarkadan hasi ziren. Bi enpresa pribatu moluskoen kultiboan murgildu ziren, baina diru galera handiak jasan zituzten. Orduan, sektore honen ezagutza maila eskasa zen. Lehen etekin ekonomikoak 80ko hamarkadan lortu ziren erreboilo kultiboekin.
Gaur egun, Euskal Herriko kostaldean hiru enpresa hauek dihardute itsas-espezien kultiboan. Donostiako Igeldo auzoan dagoen Culmanor enpresak erreboiloak eta lupiak hazten ditu.
Zumaiako Orrue S.A. enpresak ere espezie berdinak hazten ditu eta Plentziako Arrañola S.A. enpresak almejak eta ostrak kultibatzen ditu.
Gaur egun Kantauriar isurialdean kultibatzen diren espezieen zerrenda luzeagoa da eta aurrerantzean askozaz luzeagoa izango dela iragarri dute ikertzaileek. Galizia aldean, muskuiluen kultiboa da nagusi, baina ostrak, almejak eta berberetxoak ere hazten dituzte. Hauek guztiak, itsasoan bertan, marearteko guneetan, egitura finko edo flotagarrietan egoten dira, oholhesietan. Espainia mailan Galizia da muskuilu ekoizle handiena. Lur finkoan, haztegietan, aipatu dugun erreboiloa da nagusi eta baita izokina ere. Guztiak ur hotzeko kultiboak dira. Mediterraneo aldean, bestelako espezie hauek dira nagusi: urraburua eta lupia, itsasoan kaiola bidezko sistemak etekin handiak lortzea ahalbidetu baitu. Beste hainbeste gertatzen da Atlantiar aldean eta Kanariar Irletan. Adibideek erakusten duten moduan, kultibo mota eta sistemak ezberdinak dira, lekuan lekuko ezaugarriak kontuan hartu behar direlako.
Mundu mailan, akuakultura bidezko produktuen ekoizle nagusia Asia da, eta konkretuki Txina. Espaniako akuakulturak mundukoaren %3 hartzen du, baina Europakoaren %25.
Akuakulturaren historiako lehen erreferentziek 4.000 urte baino gehiago dituzte. Hieroglifiko egipziarretan eta Txinako eskuizkribuetan agertu ziren. Erromatarren garaian ere zenbait espezie mantentzen zuten bizirik behar zituztenerako, aingirak eta ostrak, esate baterako. Erdi Aroan Europako monasterioetan karpa kultiboak egiten zituzten. Garai honetan karparen bizi ziklo osoa kontrolatzea lortu zuten, amuarrainarena berriz aurreko mendean lortu zuten. Azken mendeak bizi izan du dudarik gabe garapen handiena teknologia mailan. Teknologia maila aurreratuenek itsas espezieak euren ingurune naturaletan haztea ahalbidetzen dute. Teknika hauei esker, ekoizpen maila oso altuak lortu dira. Beraz, akuakultura bidezko ekoizpen sistemek oparoak dirudite eta arrantza sektorearekin batera, merkatu eskariak asetzeko gaitasuna lortuko dutela dirudi
Nagore Irazustabarrena
Bere sorreratik, Bilboko Arte Ederretako museoa museo historikoa izan da, iraganeko adierazpen artistikoak erakutsi dituena. Azken hiru urtetan jasan dituen berritze lanek ez dute, hala ere, bere itxura soilik aldatu. Berritze lanak edukietara ere iritsi dira eta horren lekuko da «Gaur, hemen, orain» erakusketa. Bertan Guadalupe Echeverria eta Bartomeu Marí komisarioek aukeratutako 22 euskal artista garaikideren 30 bat lan bildu dituzte.
Artelanok, bildu baino gehiago, zabaldu egin dituztela esan beharko genuke hala ere, erakusketari areto berezi bat eskaini beharrean, artelanak museo osoan zehar barreiatu baitituzte. Modu honetan Arte Ederretakoa bezalako museo orain arte «tradizional» batek bere erakusketa politika birplanteatzen du.
Bisitariak ere bere jarrera aldatu behar du ezinbestez, lanik berrienak pieza klasikoen aldamenean ikustera behartuta baitago. Modu horretan, areto batera sartu eta mende askotako lanak izango ditu batera begien aurrean. Arraroa geratzen da, eta zaila agian, ikuslea eskema honetara ez dagoelako ohituta.
Erakusketaren tituluari erreparatuz (1966ko «Orain, Gaur, Hemen» berritzailean oinarrituta dago, hitzen ordena aldatuta ere) galdera bat datorkigu gogora. Artelanak oraingoak direla zalantzarik ez dago. Gizartearen gaurkotasunarekin ere lotura estua dute lan hauetako askok. Baina hemengoak al dira? Erakusketako 22 artistak Euskal Herrian jaioak dira, baina euskal artea egiten al dute? Ukaezina da nazioarteko eraginek euren sormenean eragin handia duela. Guadalupe Echevarria komisarioetako baten esanetan, kanpoko eragin hori da hautatutako artisten lanen oinarrietako bat. Eta hala ere Euskal Herriko egoera politikoa eta soziala beste oinarrietako bat dela dio.
Baina bisitariarentzat ezaugarririk nabarmenena erabilitako euskarri berriena izango da seguruenik. Artea desmaterializatzen ari den honetan, euskal artistek ekoizpen prozesu berriak erabili dituzte. Horrela Jon Mikel Euba, Itziar Okariz edo Sergio Pregok, esaterako, bideoa erabili dute euren artelanen euskarri gisa. Argazkiei dagokienez ere denetik ikus daiteke: Mikel Eskuariazak argazkia era konbentzionalenean erabiltzen duen bitartean, Dario Urzayk euskarri digitalak erabiltzen ditu bere argazkiak manipulatzeko; Gema Intxaustik, berriz, sinpletasunera jo eta fotomatoi soil bat erabili du bere lanerako. Beste batzuek euskarri desberdinak nahasten dituzte obra batean. Ana Laura Alaezek, adibidez, irudiak eta musika nahasten ditu bere DVDetan eta Txomin Badiolak egitura material erreal baten barruan bideoa eta soinua sartu ditu.
Museo tradizionalaren kontzeptua aldatzen laguntzen duten lanak daude erakusketan, museoaren eraikina bera gainditzen dutenak. Jose Luis Moraza gasteiztarrak, «Fanal» izenburupean, hainbat farola kokatu ditu museoaren inguruan, eta oraindik ere beste batzuk falta zaizkio jartzeko, erakusketak irauten duen denbora tartean garatzen joango den lana baita. Pello Irazuk aldiz museoko lorategi sinple eta serioan kolore biziz betetako banku bat ezarri eta «Sweet dream» izena ipini dio.
Museotik irtetean, bisitari batek «Gaur, Hemen, Orain» erakusketa zein aretotan dagoen galdetu dio sarrerak hartzen dituen gizonari. «Museo osoan zehar sakabanatuta» erantzun dio museoko langileak. «Orduan, museo osoa ikusi beharko dut, ezta?». Ez dirudi bisitaria oso pozik dagoenik. Erakusketa berritzailea baita edukiz eta egituraz eta horrek bere arriskuak ditu
Nagore Irazustabarrena
Goierri 2005 Ideia Berritzaileen V. Lehiaketa Goierri Telebistaren proiektuak irabazi zuen joan den abenduan. Goiekik emandako saria euskara hutsezko telebista hau abian jartzeko azken bultzada izan da eta apurka apurka programazioa gauzatzen joango da.
guztia irakurri