Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-10-07 16:31:31
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2002-01-13 -- 1837.zenb


DEMOEN URTEBERRIKO EKINTZA

Ekintza andana egin dituzte demoek azken hilabeteetan euskararen koofizialtasuna aldarrikatzeko. Azkena, Baionan egindakoa: bertan, frantsesezko harrera mezuen ondoan «2002, Baiona, urte berri on» zioen pankarta ezarri zuten Olentzero gisa jantzitako hiru demok. Horrekin Ipar Euskal Herriko hiri eta herri gehienetan harrera mezuak frantses hutsez zeudela salatu nahi izan zuten.


ONCE-N EUSKARA AREAGOTZEKO

ONCE itsuen elkarteak eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak lankidetza hitzarmena sinatu dute elkartean euskararen erabilera areagotzeko eta itsuei zerbitzu elebidunak eskaintzeko. Eusko Jaurlaritzak 30.120 euro inguru emango dizkio ONCE elkarteari, hark ikusmen arazoak dituztenen ordenagailuetan idazkiak ahots bilakatzeko gai den bihurgailu informatiko eleanitza jar dezan. Bestalde, ONCE Hizkuntz Politikako Sailburuordetzak enpresatan euskararen erabilera areagotzeko sustatzen duen planaren partaide da 2000. urtetik.


EUSKARA ELKARTEEN
JARDUNALDIAK

Euskara elkarteen federazio den Topaguneak euskara elkarteen kudeaketari buruzko jardunaldiak antolatu ditu urtarrilaren 18 eta 19rako, Gernikan. Izan, ere euskara elkarteetan diharduten pertsonak boluntarioak zein soldatapekoak izaki, aldaketa asko izaten da beraietan. Gainera arlo ugaritan jardun behar izaten dute bertako beharginek: dinamizazioa, finantza... Hala, hutsune horiek betetze aldera antolatu ditu aipatu jardunaldiak Topaguneak.



NOLA DEKLINATU EUROA EUSKARAZ?

Moneta berria kalean da jada, baina sarri ez dakigu nola deklinatu behar dugun hitz berria. Euskaltzaindiako Gramatika batzordearen arabera, «zenbat eurotan erosi duzu?» esan behar da, dena den, «euroetan» aukera ez du txartzat ematen. Erantzuterakoan ere, «100 eurotan» edo «50 zentimotan» aukera hobesten du.


ARRASTOAK

Otsailaren 26an beteko dira aurten berrehun urte Victor Hugo idazlea jaio zela. Frantziako Besan`con-en, jaioterrian, hamaika ekitaldi egingo dute urtemuga gogoratzeko. «Les Miserables», «Chansons des rues et des bois» edota «Marie Tudor» bezalako lanen egilea ordea, Miarritzen, Baionan, Donostian, Pasaian, Lezon eta Iruñean barrena ibili zen. Eta Euskal Herrian eginiko bigarren egonaldian Pasai Donibanen, Gipuzkoan, bizi izan zen; Donibane kaleko 63. zenbakian. Bertan egingo dira aurten erakusketak, hitzaldiak eta bestelakoak, Euskal Herrian utzi zuen arrastoa gogoratzeko. Bide batez, Euskal Herriak beregan eta bere obran lagatakoa oroitzeko. Oroimenean geratu baitira adibidez, berak idatzitako hitzok: «Euskaldun jaio, euskaraz hitz egin, euskaraz bizi eta euskaraz hiltzen da hemen. Euskara aberri bat da, kasik erlijio bat».


BBVA ETA ARTE EDERRAK

BBVA Bilboko Arte Ederretako MuseoarenFundazioko kide izango da aurrerantzean. Urtea amaitu baino lehen Fundazioko Patronatuak eta banketxeak sinatutako akordioaren bidez, 6.010.121 eurotako fondoa izango du museoak obrak eskuratzeko. Bilboko Arte Ederretako Museoa Eusko Jaurlaritzak, Bilboko Udalak eta Bizkaiko Diputazioak zuzentzen dute. Baina Museoaren Fundazioaren Patronatuan enpresa pribatuek ere parte hartzen dute.


MUSIKA ERLIJIOSO BERRIA

EHUko abesbatzak obra erlijiosoekin osaturiko hiru disko plazaratu berri ditu. Disko hauen ezaugarririk garrantzitsuena zera da, obra hauek ez direla inoiz aurrez grabatu. Hain zuzen, XIX. eta XX. mende hasierako hiru musikoren lanak grabatu dituzte: Felipe Gorriti, Hilarión Eslava eta Vicente Goikoetxearenak.


GUGGENHEIMEN ALDI BATERAKO

DAGOENEKO Guggenheim Bilbao Museoak urte honetan bertan ikusi ahal izango diren aldi baterako hiru erakusketak ezagutzera eman ditu. Lehenik eta behin, Frank Gehryri eskainitakoa luzatzea erabaki du Museoak. Maiatzaren 26a arte izango da ikusgai. Amaitu baino pixka bat lehenago erakusketa berri bati emango zaio hasiera. «Paris: arteen hiriburua, 1900-1968» izenekoari. Maiatza eta ekainean zehar, erakusketa honek XX. mende hasieratik 68. urtera arte Parisen bizi izandako epeari jarriko dio arreta, garai hartako mugimendu eta gaiak laburbilduz. Ekaina, uztaila eta abuztuan zehar «Brasil: gorputza eta arima» izeneko erakusketak zabalduko ditu ateak. Brasileko kultura plastikoa laburbilduko da bertan instalazio, argazki, pintura eta eskulturen bidez. Azkenik, urritik urte amaiera arte, Manolo Valdés artista valentziarrari egingo dio lekua pinakotekak.


ZIUDADELAN EGIN DAITEKEENA

IRUÑEAN arte garaikideko zentroa sortzeko Nafarroako Administrazioak, Iruñeko Udalak eta Beaumont Fundazioak hitzarmena sinatu ostean, Nafarroako Gobernuak Espainiako Arte Ederretako Zuzendaritzari eskatu dio zentroa ziudadelan koka daitekeen aztertzeko. Espainiako erakunde horrek ziudadelan azken 50 urteotan egin diren lanak arakatuko ditu eta monumentuaren egoera zein den ezagutzera emango du. Ondorioz erabakiko da arte garaikideko zentroa bertan egitea bideragarria den, nahiz eta zentroa sortzeko hitzarmena sinatu zenean, ziudadela zehazten zen honen kokaleku gisa.


IPUIN KONTALARIAK TREBATZEN

IPUIN kontalariak hezi eta sortzeko xedez Koldo Ameztoik Uztaritzen sortu du kontalari tailerra. Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako herritarrei zuzendua da ekimena, hain zuzen ere, ipuin kontalarien desagerpena dela-eta. Oraingoz bost lagun elkartzen dira bertan ipuinak errezitatzeko, ikuskizun berriei buruzko informazioa trukatzeko...

- Inmaculada Saratxaga orkestra zuzendariak «Gara»n: «Orkestra zuzendariak sentimenduen transmititzaileak gara (...) benetan axola duena publikoa emozionatua ateratzea da».
- Ricardo Ugarte eskultoreak honela zioen euskal arteari buruz egunkari berean: «Guggenheima daukagu McDonaldÆs-a dugun bezala, baina ez dago euskal arte garaikidea erakusten duen museorik. Eskultore eta plastikoen artean, metro koadroko sortzaile portzentai altuena dugu eta gure gobernuak ez du jakin aprobetxatzen. Oraindik ez dugu euskal artearen museo handi bat eta negargurea ematen du».
- Espido Freire idazleak «El Pais»en: «Benetako idazlea mundu honetan hain sartua dago ate imaginario bat sortzeko beharra duela errealitatearen gordintasuna jasateko».
- Aitor Aranak Bernardo Atxagak eginiko hitzaldiari honela erantzun zion «Euskaldunon Egunkaria»n: «Ez da inola ere ahaztu behar euskara, hilzoriko egiazko egoeran egon ondoren, egun susperraldi itxaropentsu bati loturik dagoela (...). Euskara indartzen eta normalizatzen den neurrian indartuko eta normalizatuko dira æeuskalÆ adjektibodun izen guztiak».

Proyeccion.tv Internet bidezko telebista sortu da duela bi hilabete eskas. www.proyeccion.tv helbidean sartu gara, eta nahiz eta Euskal Herrian jaiotako ekimena izan, informazio guztia gaztelania hutsean dago. Bilbo, Bizkaia eta Euskal Herriko bideoak daude esaterako, baina bertako hizkuntzaren arrastorik ez.

Andolin Eguzkitzaren poema antologia elebiduna plazaratu du Kataluniako Brtosquil argitaletxeak. «Quan plou en les entranyes/ Erraietan barrena euria egiten duenean» lanak Eguzkitzaren «Orhiko mendirantz urratsez urrats» eta «Mila urte igaro eta ura bere bidean» liburuetako poemak bildu ditu. Katalanezko itzulpena Eguzkitzak eta Manel Alonsok egin dute.
«Entzun!» musika aldizkariak 25 urte bete ditu amaitu berri den urtean. Aldizkaria 1996ko ekainean plazaratu zen lehenengoz.
Arantza Arzamendi izango da aurrerantzean EAEko Kultura Ondarearen zuzendaria, Eduardo Estraderen lekua betez.
Antonio Zabalak «Andanzas de un quinto del 42» eta «Del fusil al arado» liburuak plazaratu ditu Narrativa Popular bildumaren baitan.
Maskaradak «Kontenedore baten istorioak» lana estreinatuko du hilaren 16an Basaurin.

Helena Pimenta antzerki zuzendariak honela zioen «El Cultural»en:
«Egun zaila da antzerki konpainia egonkor eta independente bat mantentzea. Ur Teatroa horrelakoa dela pentsatzea gustatzen zait. (...) Konpainia bat produkzio-etxe batetatik bereizten duena egiten duen lana da, bere buruari jarritako helburua. Ur-en, agertokitik kontatzeko modu berri bat garatzen duen eta gure ibilbidearekin koherentea den proiektu artistikoarekin tematuta jarraitzen dugu. Gure helburua ez da errentagarritasun ekonomikoa, baizik eta hizkuntza eszeniko berriak ikertuko dituen antzerkia egitea. (...) Lan formula honek zergatik ez duen funtzionatzen edo zergatik gutxi entseatzen den aztertzen saiatzen naizenean, (...) bi zergati bururatzen zaizkit. Ezin da merkatuaren presioa saihestu (...). Baina aktorearen ogibideaz dagoen irudia da konpainia egonkorren krisiaren arrazoietako bat. Antzezlearen ikuspegi erromantikoa dago, apartekoa, ohiz kanpokoa, hain da horrela non eskoletatik atera berritan antzezle dela esatea kostatzen zaion askori. Gure aktoreek lanerako hiru irtenbide topatzen dituzte soilik: zentro publikoak, produkzio-etxe pribatuak edo konpainia independenteak. Azken hauek babestu beharreko gizarte ondasun moduan ulertu beharrean, abenturatzat hartzen dira, proiektu bitxitzat. Horrela egin ezean euren etorkizun hipotekatuarekin jarraituko dute».

Bizkai euskal folklore elkartearen web gunean (www.bizkai-elkartea.net) izan gara eta harritu egin gaitu bertan aurkitutakoak. Euskal Herriko dantza mota ugariren bideoak biltzen ditu: besteak beste, Leitzako Ingurutxoa eta Berrizko Dantzari Dantza. Euskaraz eskaintzen du informazio guztia, gainera.

hemeroteka

1836. zenbakia | 2002-01-06
1835. zenbakia | 2001-12-23

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan