Itsas baliabideak agortzen ari diren honetan, bide berriak ireki beharko dira merkatu eskariak mantentzeko. Haztegien bidezko arrain hazkuntzak esate baterako, behar horiek bete ditzake. Itsas produktuen kontsumoa gure lurraldean munduko altuenetakoa da. Urteko eta pertsonako 40 kilo irensten ditugu. Gainera, gure arrantza sektoreak krisi egoera larria bizi du arrantzan aritzeko gunerik gabe geratzen ari baita. Teknologia maila handiagoa izan arren harrapaketa tasak oso baxuak dira.
Etorkizunean bisigua, legatza, olagarroa eta mihi arraina bezalako espezien kultiboak ahalbidetuko dituzte ikerketa bide berriek. Galizian, adibidez, jada olagarro eta bisiguaren kultibo esperimentalak lortu dituzte. Bereziki ikerketa faktore oso garrantzitsua da akuakulturan, beharrezkoa baita kultibatuko den espezie horren bizi zikloa ezagutzea: zertaz elikatzen diren bizi zikloaren fase bakoitzean, ugalkuntza, tenperatura egokiak... Elikaduraren gaia kontu handiz kontrolatzea garrantzitsua da, ezberdina baita heldu faseko edo larba faseko bisigu baten jan premia. Larba fasean, zooplanktonaz elikatzen dituzte, uretan flotatzen duten animalia txiki horietaz, nagusiki artemiez (Artemia salina). Heldu fasean berriz, pentsuak eta arrain oliozko prestakinak ematen zaizkie.
Kantauriar isurialdean akuakultura lantzen 70eko hamarkadan hasi ziren. Bi enpresa pribatu moluskoen kultiboan murgildu ziren, baina diru galera handiak jasan zituzten. Orduan, sektore honen ezagutza maila eskasa zen. Lehen etekin ekonomikoak 80ko hamarkadan lortu ziren erreboilo kultiboekin.
Gaur egun, Euskal Herriko kostaldean hiru enpresa hauek dihardute itsas-espezien kultiboan. Donostiako Igeldo auzoan dagoen Culmanor enpresak erreboiloak eta lupiak hazten ditu.
Zumaiako Orrue S.A. enpresak ere espezie berdinak hazten ditu eta Plentziako Arrañola S.A. enpresak almejak eta ostrak kultibatzen ditu.
Gaur egun Kantauriar isurialdean kultibatzen diren espezieen zerrenda luzeagoa da eta aurrerantzean askozaz luzeagoa izango dela iragarri dute ikertzaileek. Galizia aldean, muskuiluen kultiboa da nagusi, baina ostrak, almejak eta berberetxoak ere hazten dituzte. Hauek guztiak, itsasoan bertan, marearteko guneetan, egitura finko edo flotagarrietan egoten dira, oholhesietan. Espainia mailan Galizia da muskuilu ekoizle handiena. Lur finkoan, haztegietan, aipatu dugun erreboiloa da nagusi eta baita izokina ere. Guztiak ur hotzeko kultiboak dira. Mediterraneo aldean, bestelako espezie hauek dira nagusi: urraburua eta lupia, itsasoan kaiola bidezko sistemak etekin handiak lortzea ahalbidetu baitu. Beste hainbeste gertatzen da Atlantiar aldean eta Kanariar Irletan. Adibideek erakusten duten moduan, kultibo mota eta sistemak ezberdinak dira, lekuan lekuko ezaugarriak kontuan hartu behar direlako.
Mundu mailan, akuakultura bidezko produktuen ekoizle nagusia Asia da, eta konkretuki Txina. Espaniako akuakulturak mundukoaren %3 hartzen du, baina Europakoaren %25.
Akuakulturaren historiako lehen erreferentziek 4.000 urte baino gehiago dituzte. Hieroglifiko egipziarretan eta Txinako eskuizkribuetan agertu ziren. Erromatarren garaian ere zenbait espezie mantentzen zuten bizirik behar zituztenerako, aingirak eta ostrak, esate baterako. Erdi Aroan Europako monasterioetan karpa kultiboak egiten zituzten. Garai honetan karparen bizi ziklo osoa kontrolatzea lortu zuten, amuarrainarena berriz aurreko mendean lortu zuten. Azken mendeak bizi izan du dudarik gabe garapen handiena teknologia mailan. Teknologia maila aurreratuenek itsas espezieak euren ingurune naturaletan haztea ahalbidetzen dute. Teknika hauei esker, ekoizpen maila oso altuak lortu dira. Beraz, akuakultura bidezko ekoizpen sistemek oparoak dirudite eta arrantza sektorearekin batera, merkatu eskariak asetzeko gaitasuna lortuko dutela dirudi
Badakigu jakin zientzialariak hainbat bizidunen geneekin jolasean ibiltzen direla. Honela produktuen kalitatea emendatzen omen da. Jada tomate edo piper transgenikoak ezagutzen ditugu eta euren itxura "klonikoak" naturaltasunaren mugak gainditzen ote dituen eztabaidatzen ari gara.
Orain berriz arrain transgenikoak merkaturatzeko asmoa azaldu dute, oraindik ikerketan diharduten arren. Akuakultura enpresa handien ikertzaileek azkarrago hazten diren arrainak lortu nahi dituzte, era berean elikagai gutxiago beharko luketenak.
Eta hau dena ez da zientzia fikzioa, errealitatea da. Honelako izokin eta amuarrainak lortu dituzte, giza edo animalien hazkuntza hormonei dagozkien geneen sartzapena dela medio. Beste ikerketa bide bat zenbait gaixotasunei erresistente izango zaizkien aleak lortzean datza edo tenperatura baxuagatiko tolerantzia eskuratzean.
Baina honek guztiak ingurumenean izan dezakeen eragina ikusteke dago oraindik. Badago hainbat ikerketa jasan dezaketen ondorio ezkorrak azpimarratzen dituenak.
Izan ere, honelako arrain populazio bat populazio natural batekin gurutzatuz gero, ugalketan eragin zuzena izango luke. Genetikoki eraldatutako aleak, hautespen horretan tamainagatik aldeztuak izango lirateke, baina gurutzaketaren bideragarritasuna baxuagoa izanik, denboran zehar, espezie horren desagerpena ekar dezake
![]() |
|
||||
1837 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa