Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-08-28 16:11:48
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2002-01-06 -- 1836.zenb

Lierni Arrieta / Ainhoa Oiartzabal

Neguan sartu garen honetan, paisaia kolorez aldatzen hasten da. Baina zein da kolore aldaketaren arduraduna?

Lehen berde zena, orain gorri bihurtu da, lehen jantzia zegoena, orain biluzik ageri da. Baina zein da paisaia aldaketa hauen arduraduna?
Hotza gainean dugu (dagoeneko okerrena igaro ez badugu behintzat), eguneko argi ordu murritzak hala diosku. Landareen erreinuan iraultza izan da: batzuk, kolore berdea ematen dieten klorofilak birzurgatzen dituzte. Hostoa galtzen dute eta lozorroan sartzen dira. Gogorrenak aldiz, ez diote negu gorriari inongo beldurrik. Hauen hostoek tinko diraute, tenperatura baxuenak ere gainditzeko gai dira. Ahulenak, negua jasan ezin dutenez, hil egiten dira, baina, hil aurretik oinordekoak emango dituzten haziak bertan uzten dituzte.
Betidanik saihestu eta jasan dituzten eraso naturalez gain kalterik bortitzenak eragiten dizkiegu gizon-emakumeok.
Lehenik basoak suntsitu genituen, gero larreak goldatu eta gaur egun errepide eta abiadura handiko tramankuluen artean, merkatal gune eta poligono industrialak eraiki ditugu. Eta non bizi behar du landareen erreinuak?

OINARRIZKO BABES NEURRIAK.

Halako suntsiketaren aurrean begiak itxi ezinik, oinarrizko babes neurri batzuk jarri ditugu geure burua zuritu asmoz. Babesa era desberdinetara eskaintzen diegu; izendapen moten arabera.
Natur parke, biosfera erreserba eta biotopo babestuak: tamaina desberdineko inguruak babesten direnez, bertan dauden landareak babesturik geratzen dira. Horretaz gain, egiten diren landaketetan espezie autoktonoak bultzatzen dira. Baina orain arte, bertoko espezieak izan arren, haziak atzerritik ekartzen ziren. Bertako dibertsitatearen alde lehen pausotxoak ematen hasi gara eta "Aiako Harria" natur parkeko egitasmotan idatzi den bezala: aurrerantzean egingo diren landaketatan erabiltzen diren haziak ingurukoak izango dira.

Mehatxaturiko espezieak.

Landare batzuk beraien kokalekua edo izaera hauskorragatik jasan duten beherakada izugarria da. Eragiten zaien kaltea murrizteko eta hasierako populazioa berreskuratzeko asmotan mehatxatutako espezieen zerrendan sartu ditugu. Zerrenda honen barnean egoera desberdinak deskribatzen dira: interes berezikoak, arraroak, zaurgarriak eta arriskupekoak. Izendapenaren arabera babes neurri desberdinak hartzen dira beti ere, dauden populazioak ugaltzeko helburuarekin.
Egoera larrienean daudenei arriskupekoak deitzen zaie eta guztira bost dira. Horien artean daude Antennaria dioica eta Genista legionensis. Antenariaren kasuan, geratzen den populazio eskasa, mila aldetatik eraso daiteke. Hain ale gutxi egonik, habitataren edozein aldaketak oso sentikor bilakatzen du. Pista edo errepideen eraikuntzak eta basa landaketek eragin kaltegarria sor dezakete. Baina goiko larreetan bizi denez, abeltzaintzaren beherakadak izugarri min dezake.
Interes berezikoen artean, hain ezaguna den gorostia dugu. 1983. urtetik babespean dago. Interes berezikoa bihurtzen du hegazti askorentzat neguko elikagai preziatua delako. Arriskupean ordea, gabonetan apaindura moduan erabiltzeko gehiegikeriak jarri zuen. Izendapen hau oso ezaguna da guztion artean, nolabaiteko mirespena diogulako, zuhaitz txiki honi. Babesak, landarea hartzera debekatzen gaitu, edo bere zatiak, haziak barne, baita moztu edo errotik ateratzera ere.

BAKARKA BABESTUTAKO ZUHAITZAK.

Baina landareen artean gehien liluratzen gaituztenak zuhaitzak dira. Nork ez du zuhaitz baten magalean lo kuluxka bat botatzea amestu bazkal ostean? Edo pagopean mokadutxo bat egin nahi izatea? Artzainak gineneko oroimena ote? Nork daki? Halere, paradisu gune hauek mantentzekotan edo, zuhaitz aleak babesteko figura legal bat ere badugu, «Zuhaitz apartekoa» deritzona, alegia. Zuhaitz hauek beraien ezaugarriak direla eta; tamaina, adina, historia, edertasuna edo kokalekua, bereziki babestea merezi dute.
Zuhaitzak aleka babestearen ideia 1987an jarri zen martxan. Lehiaketa bidez ikastetxeek parte hartu zuten zuhaitzen aukeraketatan eta honetaz gain, teknikari batzuek lurralde osoa aztertu zuten zuhaitz berezi hauen bila. Proposaturiko zuhaitz guztietatik 119 aukeratu ziren eta katalogo batean publikatu. Gaur egun, EAEn 25 zuhaitz daude izendatuta. Gehienak bertako zuhaitzak dira eta sei kanpotik ekarritako haziak. Zuhaitz ikaragarriak dira sekuoia eta douglas izeia, esaterako. Beste 19 zuhaitzak bertakoak dira. Ugarienak, arteak, 6 dira. 5 hagin daude, 3 haritz, lizarra, artelatza ezkia, pagoa eta ametsak dira gainontzekoak.
Kanpoko espezien artean bi sekuoi daude, biak ere parketan kokaturik eta izendaturiko kanpoko zuhaitz gehienen moduan, bere tamaina eta edertasuna direla eta babesten dira. Esate baterako Arrasateko Monterron parkean dauden sekuoiak 45m-ko altuera du. Ez da harritzekoa ordea alboan duenak 40m baititu. Albizturko douglas izeiak aldiz 55m-taraino igotzen ditu goiko adarrak. Bestalde, Bergarako Monzon jauregiko lorategiko magnolioa eta Hernaniko Goiz-eguzki parkeko ginkgoa ere babesturik daude. Bi espezieak klima honetara ondo egokitu dira eta beraien edertasuna dela-eta asko erabili dira lorategietan.
Atzerritik ekarritako zuhaitzak alde batera utzita, zuhaitz babestuak hiru probintziatan barreiaturik daude. Arteak (Quercus ilex) esaterako Gipuzkoan, Bizkaian zein Araban daude. Garain, Bizkaian, Santa Katalina ermitaren inguru lasaian ia 9m-ko altuera eta 20m-ko diametroko kopa duen arte mardul bat dago. Kimaketa modua dela eta, zuhaitz honek hosto dentsitate ikaragarria du eta bertakoek diotenez azpian 360 ardi gorde omen daitezke. Zuhaitz ale soilak bakarrik ez dira babesten figura honekin; hala beharrez gero, zuhaitz multzoak ere babes daitezke. Getariako Garate gainean adibidez, Artelatz (Quercus suber) multzo osoa dago izendatua. Euskal Herriko artelatz multzo handiena da eta horregatik babesten da. Zuhaitz ale hauek ugaltzeko duten arazo nagusia bertako abereak dira, ale berrien garapena oztopatzen baitute. Behin baino gehiagotan eman diete su zuhaitz hauei. Artelatza bere azal lodia dela eta (bertatik ateratzen da kortxoa) suari nahiko erresistentea bada ere, erretzeak ez diete batere laguntzen. Haritzak (Quercus robur) ere izendatu dira, hala nola, Altubeko haritza eta Ondategikoa. Haritza, artelatza, artea, ametza, haritz ilaunduna, haritz kandugabea eta abar ere familia berekoak dira. Beraien arbaso komunak ez daude oso urrun, horregatik gaur egun ere elkarrekin ugaldu eta ale emankorrak hazten dira. Hauetariko bat Artzentalesen dago. Haritz kandudun bat amets batekin gurutzatu eta hibrido eder bat eman dute. 36 m-ko ale zoragarri honen kopaduraren zabala ere izugarria da, 25m-koa. Esateko dago, haritzen artean ezagunena, aparteko zuhaitz izendatu gabea, Gernikako arbola dela. Ez du natura aldetik balore handirik, baina bai balore historikoa.
Hagina ere askotan agertzen zaigun zuhaitza dugu, badira lau izendatuak eta hauetariko bat, Antoñanako hagina dugu, Araban. Bere tamaina eta edertasunarengatik babestu beharrekoa.
Izendapen eta babes neurri hauek guztiak ondo datoz eta baliagarriak dira besterik ez bada ere geure aberastasun zein txirotasuna neurtzeko. Hala ere, ezin ditugu inguruko landare guztiak babestu nahiz eta guztiak diren bizi iturri, plazer iturri eta nola ez diru iturri. Babeste lanetan hasi ordez has gaitezen ez suntsitzen edo suntsitu beharra onartuegia daukagu?

Pilar Iparragirre

Euskararen batasunak euskaldun guztiak bat zitzakeen helburua ematen zuen, guztiek ikusten baitzuten haren beharra. Izan ere, hizkuntza arrotz indartsuz setiaturik, heziketa eta komunikabideetatik ia-ia kanporatuta, euskalkien arteko bereizkuntzetan nahikoa itotaà hil ala biziko egoeran zegoen euskaldunen hizkuntza, eta arazo horiei guztiei aurre egiteko "Euskara bat behar" zen, Iñaki Azkunek 1972ko hasiera hartan ZERUKO ARGIAn aldarrikatzen zuen bezala. Hala ere, horretarako, euskaltzaleen nolabaiteko adostasuna ere lortu beharra zegoen, hain zuzen horixe izaki Euskal Herrian zailena!


KATRAMILAREN GAKOA

Urteak joan, urteak etorri, ez zirudien eztabaida eta haserrea areagotzera baino askoz gehiagora iritsiak zirenik. Iñaki Azkunek horrela azaltzen zuen egoera: "Euskaltzaindia sortu zenetik egon da euskararen batasunaz kezkatua zenbait euskarazale, baina 1964. Abuztuan, Baionan idazle multzo batek egindako bilera ondorenetik darabilgu batez ere gai hau atertu gabe ahotan. Izan ere, gure hizkuntzaren batasuna ez da txantxetako arazoa. æHil edo bizikoaÆ, guztiok esaten dugun bezala. Eta zuzen diogula ohartzeko, ez da irudimen distiratsuaren jabe izan behar. Bi begi edukitzea nahikoa bai da".
Zein ote katramila eta saltsa guztiaren gakoa? Iñaki Azkuneren iritziz, hauxe baino ez: "Zein eratara batu behar dugun edo zer-nolako batasunera jo behar dugun da guretzat korapilorik latzena. Honek nahasten gaitu erabat, sekulako istiluak sortuaz, eta badirudi zenbaiten eginkizuna eta helburua horixe dela soilki".


EUSKARA IKASI BEHARRA

Egoera hark bere horretan jarraituz gero, akabo euskara batu eta bizi baten jabe izateko itxaropena ere. Baina nola konpon zitekeen arazoa? Iñaki Azkunek bazuen proposatzeko biderik: "Elkar joka lan hau bukatzeko ordea, gure jokabidea aldatu beharrean garela deritzat. Orain artekoa, neure ingurua aztertu-ta dakidanez, geure aburuak esatea izan da batik bat, euskara ikastea baztertuaz. Dozenaka euskaldun analfabeto sumatu dut euskal ortografiaz mintzatzen, eta alfabetatzeko era egokia izan dutenean, æez dut astirikÆ (honek, ez dut gogorik esan nahi du ia beti) ziotela. Edonork hitzegingo du izena, ortografia edo aditzari buruz, eta mundu honetan oso gutxi dira gai hauek behar den mailan dakitzitenak. Guk, beraz, euskara batuan idatzi nahi badugu, jakintsuek erakutsitako bidetatik jarraitu beharrean gara, eta ez dendari batek bezala, alboko adiskideek eskaintzen dizkigutenetik".
Jakintsu horiek, baina, ez zeuden berritsukeriatan hasteko gogo handiarekin, antza: "Arazo hauetan erabakiak hartzeko gai denak ordea (Euskaltzaindia noski), ez digu oraindik bide jakinik azaldu. Zertxobait bakarrik mintzatu zaigu ortografia eta izenaren jokoari buruz, 1968. Urrian, Arantzazun egindako agirian dakusgunez. Hala ere, Euskaltzaindia isilik dagoen bitartean (eta mututasunak luzaro iraungo diola dirudi), besoak tolestatu-ta nor geure euskalkian orain arte bezala ezin gindezke ari".


KOLDO MITXELENAREN ATERABIDEA

Irtenbidea, beraz, beste nonbaiten bilatu beharrean ziren. "Zorionez, badugu gaurgoz bidea erakusteko lain den maisu bat. Gure Herriak sortua eta gure hizkuntza inork ez bezala ezagutzen duena. Beraz, aparteko euskaltzain honen eritziaz jabetzea eta araberan idaztea, egoki izango zaigu euskara idatziaren batasuna lortzeko".
Koldo Mitxelenaz ari zela sumatzeko ez du batek Rappel eta gisakoengana dirua xahutzera joan beharrik. Koldo Mitxelenari kasu egitea zen, bada, Iñaki Azkunerentzat euskara batua nolakoa behar zuen jakiteko biderik egokiena. Nolanahi ere, bide horrek bazuen oraindik putzu sakonik, artikulu haren egileak ere ezagutzen zuen bezala: "Arantzazuko batzar ondorenean, æIrakur SailÆek argitaratu zuen æBatasunaÆn ikus genezake ortografia, hiztegi, morfolojia eta joskeraz duen eritzia. Aditzaren arazoa, beste baterako uzten da. Geroztik, bai æPro domoÆ idazlanean eta bai Donostian, 1970. Irailean egin zituen hitzaldietan, zenbait gauza jakingarri jaso ahal izan genion", eta horri esker "idazle asko eta asko da ortografia eta deklinabidea erabakitzat jotzen dutenak, eta lanean eten gabe dihardutenak batasuna iristearren". Hala ere, zioen Iñaki Azkunek, "batasun osoa beharrezkoa dugunez, aditzaren arazoa ere argitzea nahi genduke".
Eta aditzaren arazoa konpontzeko ordura arte emandako urratsak zekartzan kontura. Eta honela amaitzen zuen: "Urte ta erdiko epea bukatu delarik (guztiok bidali ahal izan dizkiote beren eritziak epe honetan), hitzegin dezala eskatzen diogu maisuari eta bere ustez euskara idatziak nola behar lukean agertu dezaigula. Mintza dadila arren, eta erakutsitako bidetik jarrai dezagula guk aspertzeke lanean. Era horretan batasuna lortuko dugulakoan, itxaropenez beterik zai gauzka"

Daniel Udalaitz

Aurreikusi baino hiru hilabete lehenago, BBVAren lehendakaritza pertsona bakarraren eskuetan geratu da: Francisco Gonzalez, orain arte Emilio Ybarrarekin lehendakari kidea zena. Izan ere, Ybarrak uko egin dio, bat-egitea gauzatzerakoan hartutako akordioen arabera, martxoa bitartean bete behar zuen karguari. Ybarrak erretiroa hartzeko data aurreratu du, bat-egitea finkatua zegoela iritzita eta presidente bakar berriari 2002ko eta etorkizuneko erronkei taldearen berrantolaketa batekin aurre egiten uzteko. Ybarraz gain, kontseilari ordezkari Pedro Luis Uriartek ere kargua utziko du. Uriarte Ybarrak alboan izandako konfiantzazko pertsona izan da eta bera izan zen BBV eta Argentariaren bat-egitearen eta aurretik, Bilboko Bankuaren eta Bizkaiko Bankuaren fusioaren egile garrantzitsuenetarikoa. Ybarra eta Uriarterekin batera, hauei lotutako zuzendaritzako beste hainbat goi karguk utzi du bankua: besteak beste, Javier Echenique, Mario Fernandez eta Antonio Fernandezek. Beraz, presidente bakar berriak eskuak libre izango ditu bere konfiantzazko pertsonak zuzendaritzako organigraman jartzeko.

Ybarrak eta Uriartek kargua uzteko emandako arrazoi ofiziala, ziklo bat bete dela alegia, egia izan daiteke, baina ez egia osoa.Uriarte eta Gonzalezen harremanak ez dira oso onak izan eta euren banku estrategiak oso ezberdinak dira. Gauzak horrela, Ybarrak kargua uztearekin Uriartek logikoki ez zuen bankua uztea beste aukerarik, lau urtez jarraitzea aurreikusia zegoen arren. Javier Goirigolzarrik ordezkatuko du Uriarte. Berau Bilboko Bankutik dator, baita Uriartek sustatutako taldetik ere. Baliteke Uriarte izatea etorkizun hurbilean EAEko aurrezki kutxen fusioa egiteko aukeratutako pertsona. Uneon ezer ofiziala ez dagoen arren, batzuek BBKren presidentziara jo dezakeela diote, aurreikusitakoa baino lehen erretiroa har lezakeen Berroetaren ordez.


FG-REN KARRERALASTERRA.

Finantza ingurunean "efege", FG, izenez ezaguna den Francisco Gonzalez izango da lehendakari berria. Esan ohi denez, hutsetik sortua, baina Espainiako Gobernuko lehendakariordearen eta lehendakariaren, hau da, hurrenez hurren, Rato eta Aznarren laguna. Lehenik Argentariako lehendakari izan zen, Aznarrek izendaturik, eta gero BBVAko lehendakari kide Ybarrarekin batera. Aurrerantzean bera izango da lehendakari bakarra ehun mila langiletik gora dituen BBVA taldean, munduan zehar sakabanaturiko 8.700 sukurtsal ingururekin munduko frankiziarik handienaren buru. Finantza erakunde honek bi bilioi pezetatik gorako fondo propioak ditu, 2.408.763 milioi pezeta (14.477 milioi euro, 94.963 milioi libera), eta 50 bilioi pezetatik gorako aktiboa guztira (300.506 milioi euro); 302.000 milioi pezetatik gorako etekinak (1.816 milioi euro), zergak ordaindu ondoren. Horiek 2001. urteko lehen bederatzi hilabeteei dagozkien zifra ofizialak dira, eta, beraz, 2001eko urtearen amaierakoak, laster ezagutuko direnak, nabarmen handiagoak izango dira.

Bilboko Bankuaren eta Bizkaiko Bankuaren bat-egitetik sortutako eta, orain arte behintzat, egoitza Bilbon duen euskal finantza erakunde honen historian lehen aldiz gertatu da lehendakaritzan dagoen pertsona Euskal Herritik kanpokoa izatea. Duela ehun urte baino gehiago sortutako finantza erakunde horietan, azken hogeita hamar urteetako lehendakariak Galindez eta Toledo izan dira Bizkaiko Bankuan, eta Sanchez Asiain eta Ybarra Bilboko Bankuan. Nola ote dabiltza Neguriko familia handiak? Lasai ote daude urrats garrantzitsu honen ondoren? Garai bateko botere borrokak berrituko ote dira? Denborak hitz egingo du. Bat-egitean hitzarturik dagoenaren arabera, gutxienez 2007. urtera bitartean FG izango da BBVAren lehendakari bakarra. Egoera hori baliteke aldatzea beste bat-egiteren bat gauzatuko balitz -ezin esan ezinezkoa denik-, eta, gainera, beste bat-egiteren bat izatekotan, ziurrenik, nazioarte mailakoa izango litzateke.
Francisco Gonzalez Rodriguez, FG, Chantadan, Galiziako herri txiroenetako batean, jaio zen 1945ean. Beraz, 57 urte ditu gaur egun. Ekonomia Zientziak ikasi zituen Madrilen, eta 1970ean lizentziatu zen. Informatikako hainbat enpresatan aritu zen lanean, eta 1983an Truke eta Burtsako agente izateko oposaketa gainditu zuen.
1987an 751.265 euro biltzea lortu zuen, eta azterketa elkarte bat eratu zuen. Handik gutxira, 1989an, Gonzalezek F&G Inversiones Bursatiles enpresa sortu zuen, eta Espainiako Estatuko agentzia garrantzitsuenetako bat bihurtu zuen. 1996an Merry Linch-i saltzea erabaki zuen. Eragiketa horrekin mozkin oso esanguratsuak bereganatu zituen: 96 milioi euro inguru. Esan ohi da oso bere erakoa eta itxia dela eta bere langileetako bat berak ere ez zuela eragiketaren inolako berririk izan. Berehala, 1996ko maiatzaren 16an, Argentariako lehendakari izendatu zuten, garai hartan Espainiako Gobernuko lehendakari izendatu berria zen Jose Maria Aznarren eskutik. Aznarren gobernuak egindako lehen izendapena izan zen, boterea 1996ko maiatzaren 5ean lortu ondoren. Geroagokoak dira beste izendapen esanguratsu batzuk: Villalonga Telefonicako lehendakari, edo Alfonso Cortina Repsolekoa.
Argentariako lehendakari izendatua izan ondoren, FGk Ramon Bustamante, Ratoren senitartekoa, izendatu zuen bere taldeko bigarren buru. Hala ere, FGk, bere egoera fisikoa zaintzen asko ahalegintzen den, erre eta edan egiten ez duen eta kafea txurroekin gosaltzen duen gizon honek, ez zuen inolako zalantzarik izan eta, bankua ondo ez zebilela ikusi zuenean, hura kendu eta Francisco Gomez Roldan jarri zuen haren tokian. Hiru urtetan zehar, BBVrekin bat egin zuen arte, FGk eraldaketa lan handia egin zuen Argentarian. Horrela, erakunde bakar batean bildu zituen Banco Exterior, Caja Postal eta Banco Hipotecario, eta horien langileria berregituratu eta teknologia berrietan inbertsio handiak egin zituen. 1999an FGk, BBV bazkide bat aurkitzeko gogoz zebilela jakitun, bere bankuarekin eta Ybarrarenarekin bat egin eta BBVA sortzea negoziatu zuen haiekin. Batzuk diotenez Aznarren Gobernuak, edo Ratok (FGren babeslea) berak, jakinarazi zion FGri euskal finantza erakundea bazkide bat aurkitzeko asmoz zebilela.
FG oso gizon langilea dela esan ohi da, den guztia bere buruari zor diola, baina ez dela inorekin fidatzen, galiziar on bezala. Eta Aznar bezala, zeinak, Gescarteraren gorabeherak zirela-eta, zipriztindu aurretik babestearren, bere buruaz beste inorretaz ez zela fidatzen esan zuen, badaezpada ere.

RATO, BERE BABESLE NAGUSIA.

Nola iritsi da FG honeraino, ia hutsetik abiaturik? FGren historia ezagutzen dutenek ziurtzat ematen dute Rodrigo Rato izan dela haren babesle nagusia. FGk 1993an ezagutu zuen gaur egungo Rato ministroa. Garai hartan FG 1989an sortutako F&G Inversiones Bursatiles elkarteko lehendakaria zen. Enpresen eta politikaren inguruneetan ezagun egiteko asmoz, urtean bi mintegi antolatu ohi zituen FGk. Errenta Finkoari buruzko 1993ko Nazioarteko mintegira Rodrigo Rato politikaria gonbidatu zuen, une hartan PPren bozeramaile zena Kongresuan.
Ratoren jardunaldi horretako ekitaldia prestatzeko, kronista batzuek diotenez, biek elkarrekin bazkaltzea erabaki zuten. Hor hasi zen gerora jarraitu duen harremana. Gaur egun lagunak dira. Horrela hobeto ulertzen da Aznarren Gobernuak Argentariaren lehendakaritzarako egindako lehen izendapena FGrentzat izatea.

KOMUNIKAZIO TALDE PROPIOA.

Enpresa guztiek, bereziki handiek, eta oso bereziki finantza arlokoek, izugarri zaintzen dute beren irudi ona, eta irudi on hori ematen saiatzeko ez dute inolako zalantzarik egiten diru eta laguntzaile kopuru handiak erabiltzeko. Horregatik, hain zuzen ere, ez da batere harritzekoa finantza erakunde handietako Komunikazio eta Irudi Saila lehendakaritzatik guztiz hurbil egotea eta zuzen-zuzenean haren meneko izatea. Sail horren arduradun nagusia, gehienetan, zuzendaritza nagusi baten jabe izaten da, komunikaziokoarena edo lehendakaritzari erantsiarena. Bere lana finantza erakundearen irudia eta komunikazioa indartu eta zaintzea da, eta horretarako ezinbestekoa da komunikabideekin etengabeko harreman onak izatea.
Orain artean BBVAk komunikazio eta irudi onaren maila handia lortu du prentsan. Ez da kasualitate hutsa komunikazio enpresek noizbehinka antolatu ohi dituzten komunikazio eta gardentasun arloko sariak behin eta berriz jaso izana. Azken hogeita hamar urte hauetan, lehenik Sanchez Asiainekin BBn, gero BBVn, eta azkenik Ybarrarekin BBVAn, Antonio Fernandez izan da euskal finantza erakundearen komunikazio taldeko buru. Orain, Ybarrak alde egitean, BBVAren komunikazio eta irudi arduraduna ere joan egin da, aurretiko erretiroa harrarazita. Eta Argentariatik datorren beste pertsona bat igo da BBVAren komunikazio gailurrera, Javier Ayuso; horixe zen hain zuzen ere FGrekin eginkizun horretan aritzen zena, Argentariako lehendakari zen garaian. Honekin batera, BBVrekin bat egin ondoren, pertsona ugari zuen sail hartako beste langile batzuk ere sartu ziren BBVAn. FGk, bai lehen eta bai orain, oso kontuan hartzen du bere irudia zaintzeko arloa. Horregatik, erabat bere konfiantzazko pertsona bat izango du sailaren arduradun, hau da, Argentariako garaian zuen berbera.

SOZIETATEAREN EGOITZAK BILBON JARRAITUKO AL DU?

Behin baino gehiagotan hitz egin izan da BBVAren egoitza aldatu eta Bilbotik Madrilera eramateko arriskuaz. Hitz hutsak baino gehiago entzun izan dira, eta abertzaletasunaren aurkako sektoreek, zenbait une politiko gatazkatsutan, zorrotz eskatu izan dute aldaketa hori egin dadin. Orain arte, nagusiki Neguriko pertsonek kontrolatzen zituzten lehendakaritza eta administrazio kontseiluek egoitza hori Bilbon jarraitzearen alde egin dute, hiri horretatik zetozelako gaur egungo BBVA eratu zuten Bilboko Bankua nahiz Bizkaiko Bankua. Baina, hori egia izanik ere, ezin da ukatu azken urte hauetan erakundearen eragiketarako makineria Madrilen egon dela nagusiki.
Orain, lehendakaritza bakarraren buru FG izanik, ikusi egin beharko da zer-nolako mugimendua sortzen den zentzu horretan. Gaur egun administrazio kontseilua hiru multzotan banaturik dago: Neguriko antzinako familiak; Argentariatik etorritako kontseilari multzo bat, gehienak taldeko oso akzio gutxirekin; eta akzio ugari dituen hainbat familia: Entrecanales, Alicia Koplowitz, Alfonso Cortina edo Placido Arango. Egia da BBVAko administrazio kontseiluan, abertzaletasunetik hurbil zegoen Uriarte joaterakoan, kontseilariak ez direla abertzaleak. Beraz, egoitza Bilbon mantentzeko gogoaren oinarrian ez dago inolako jarrera abertzalerik. Neguriko familien tradizioaren indarra dago, zeren, abertzaleak ez izan arren, bilbotarrak edo neguriarrak baitira, eta orain artean behintzat ez dute egoitza aldatzerik nahi izan. Baina, gaur egun horietako inor ez dago lehendakaritzan, eta indar handia du lehendakaritzak. Eta, gainera, bestalde, gerta liteke aurrerantzean nazioarte mailako bat-egite bat iristea, eta horrelakoren bat gauzatuz gero, egoitzaren aldaketarako arrazoi eta abagune benetan indartsua gerta liteke hori. Denborak eta, batez ere, "egoera politikoak" izango du azken hitza

Pilar Iparragirre

Irakurlearen arreta pizten ez duen komunikabideak jai du. Eta hori lortzeko, argitasuna da giltza. Hara zergatik eskaintzen duen "Euskaldunon Egunkaria"k bere hirugarren "Estilo Liburua", euskaraz behar bezala idazteko arauak biltzen dituen liburua, etxeko kazetarientzat ez ezik, euskaraz argi idatzi nahi duen edonorentzat hizkuntza egokia erabiltzeko aholkuak ematen dituena. Patxi Petrirena, Jaione Alberdi, Jose Luis Aranguren, Irene Arrarats, Arkaitz Goikoetxea eta Beatriz Zabalondoren ahaleginen emaitza da 2001eko "Estilo Liburua". Guk, hura egiterakoan izan dituzten buruhausteen berri jakin nahi-eta, "Euskaldunon Egunkaria"ko euskara zuzentzaileen talde hori koordinatu duen Patxi Petrirenarekin hitz egin dugu.


LEHEN URRATSAK.

"Euskaldunon Egunkaria" kaleratzen hasi zenerako, bazuten oinarrizko arauak biltzen zituen orri sorta bat. Izan ere, hasi aurretik, ikastaro bat egin zen kazetariekin, idazterakoan sortzen diren oinarrizko arazoak eta idazten eskarmenturik ez duenak gauzak itzultzean egiten dituen huts tipikoak egokitu eta arrasto batzuk emateko. Dena dela, behin egunkaria martxan, hasierako paper sorta gehituz joan zen, oharrekin, erabakiekin eta gainerakoekin. Eta halako batean, hura guztia landu eta liburu moduan argitaratzeko mementoa iritsi zitzaiela erabaki zuten, interesgarri izan zitekeelakoan, bai "Euskaldunon Egunkaria"n erabiltzeko, bai kanpora begira ere. "Halaxe sortu zen gure lehen æEstilo LiburuaÆ, 1992an. Funtsean, oinarrizko irizpideak ziren. Hizkuntza aldetik, gramatikako huts tipiko batzuen azterketa, zalantza hiztegi bat, izendegia, sigla zerrenda eta beste. 'Hiztegia' atalean, guk hartutako erabaki mordoxka agertzen zen, kalean zeuden hiztegiek eskaintzen zituzten aukeretatik bat hartuta. Izan ere, forma bat baino gehiagotan agertzen ziren hitzak, æEuskaldunon EgunkariaÆn behintzat modu berean agertzeko asmoa genuen, eta gure arrisku eta guzti, æHiztegi BatuaÆren aurrekaria-edo egin genuen".

BIGARREN ESTILO LIBURUA.

Hiru urte beranduago, bigarren «Estilo Liburua» kaleratu zuten: "Oker ez banago, Euskaltzaindiaren arau berri mordoska bat sartu zen: munduko izendegia, gramatikako beste arau mordoska bat ere baià", esan digu Petrirenak. Horrez gain, hiztegian ere ordurako ba omen zen Euskaltzaindiak emandako zerrendaren bat, eta hori ere nabaritu omen zen beraienean. Nolanahi ere, "Euskaldunon Egunkaria"ren hiztegiak ez zituen bakarrik hitzen formetako zalantzak argitzen, erabilera txar askoren ordezko proposamenak ere egiten zituen. "Hasiera batetik, informazio asko agertu da gure hiztegian. Irakurtzen baldin bada goitik beheraà Beno, badakigu inork ez duela hori egiten, baina kontsulta askoren erantzuna aurki daiteke bertan".


HIRUGARRENAK, IDAZKUNTZA ATALA EKARPEN.

Eta bide bertsua jarraitu omen dute hirugarren "Estilo Liburua" egiterakoan ere. "Sei urte hauetan gehien landu duguna sintaxia izan da, erraztasuna eta argitasuna bilatu nahian. æEgunkariaÆn bada 6-8 pertsonak osatutako talde bat, egunero testuak orrazten dituena. Lan handia egiten da hor. Beti ari gara esaldiak egokitzen, argitasuna bilatzen. Eta zuzenketa lan horretatik ere atera ditugu ondorio batzuk".

Beste teorialari batzuetatik ere jaso dituzte ekarriak. Esnal eta Zubimendik idazkerari buruz egindako lanetik, kasu; edo Juan Garziaren "Joskera lantegi", Ibon Sarasolaren "Euskara batuaren ajeak" edota Koldo Zuazoren "Euskararen sendabelarrak" liburuetatik. Zera adierazi digu Patxi Petrirenak: "Kanpoko teoria liburuetan agertzen zena, gure eguneroko praktikan egiaztatu dugu. Lan horiek guztiak oso ongi etorri zaizkigu, eta gure lanean frogatu ahal izan dugu haien balioa, gainera".
Ahalegin horren guztiaren ondorioa, Idazkuntza deitu atalean islatua dago, non idaztean ulermena errazten duten egiturak eta joskerak sartu dituzten. "Hori da, ziur aski, liburu honek duen ekarpenik handiena", dio Patxi Petrirenak.
Atal horretan, puntuazioa ere landu dute, oro har, gutxi puntuatzeko joera dagoela sumatu dutelako. "Eta gainera zenbaitek dio hainbeste puntuatzeak etena eta traba dakarrela. Hori ez da horrela. Zeinu guztiak erabiltzeak ez du irakurketa trabatzen, kontrakoa egiten du, irakurleak ez duelako egin behar izaten idazleak egin ez duen lana", gaineratu du liburuaren egileak.



AKATS OHIKOENAK.

Idazketaz ari garela, zeintzuk ote dira kazetariok egiten ditugun akats ohikoenak? Bada, itzulpen txarretatik omen datoz gehienak, inguruan dauzkagun erdaren oihartzun asko irensten dugulako konturatu gabe, eta zenbait topiko txarren kalko gordin-gordinak idatzi: adibidez, æalderdi ezberdinen arteko bilera batÆ, æalderdien arteko bilera batÆ esateko orduan; edo æzelaia baldintza onetan dagoÆ, æzelaia ongi dagoÆ jarri beharreanà Gainera, gauzak esateko moduan ere egiten ei ditugu akatsak. "Eta horren guztiaren ondorioz, esaldi ordenamendu nahiko arraroak sortzen dira, nekez ulertzen direnak bukaerara ailegatu arte, eta irakurlea behartzen dutenak, ulertzekotan, puntu jakin batera ailegatu eta berriz atzera buelta egiteraà", diosku Petrirenak. Bada, hutsune horiek guztiak saihesteko adina adibide dago "Estilo Liburua"n.


IZENDEGIAK ETA TOPONIMIA.

Izendegiari eta toponimiari dagozkion atalak ere eguneratu dituzte. Petrirenak dioenez, "Euskal Herrikoak lan handia eman du, baina mundukoa baino errazagoa izan da: azkeneko urtean berrituak izan diren izendegiak hartu ditugu -EAEkoa, Nafarroakoa, eta Euskaltzaindiak emandako Zuberoako eta Lapurdiko izendegi berritua-, guztiak batu eta ahalik eta informazio gehiena eman dugu. Badauka zer osatu oraindik ere, baina pozik gaude".

Munduko izendegiari dagokionean, berriz, asko ei dago egiteke oraindik. Herrialdeen eta hiri nagusien izenak erabakita daude, hainbat uharte eta mendirenak ere bai, baina herrialde bakoitzeko hirietan sartuz gero, gorabehera gehixeago omen dago: "Guk Elhuyar-en lana hartu dugu oinarri, baina hala ere gelditzen dira zalantzak".


ERANTZUNIK EZ.

Lana egiten duenak espero du saririk, eta "Euskaldunon Egunkaria"koak ere irrikaz daude "Estilo Liburua"k nolako harrera izan duen jakiteko. "Oraindik ez dugu ezer jaso, ordea. Agian ikusteko denborarik izan ez dutelako, edo gauza berririk ez dela egongo pentsatu dutelako. Baina horrela balitz, oker daude, aski berritua eta osatua dago. Gu iritzien esperoan gaude, eta jakiteko gogoz gainera"

Urtzi Urrutikoetxea

Hileko lehen asteazkenak bereziak dira Bilboko Zazpikalen euskal literatura zuzenean entzun gura dutenentzat. Iazko urtarriletik, poesia eta jazz zaleek txoko bat egin diote agendetan Kalderapeko tabernan egiten diren errezitaldiei. Urtea amaitu berri dela, literatura irakurri ez eze entzutea maite dutenek ezin hobeto erantzun diote hileroko erronkari.

Alde Zaharreko Euskal Txokoa eta Lizardi euskaltegia daude Literatur Jazza ekimenaren atzetik. Euren eskutik izan dira Perro kaleko Kalderapeko txokoan, besteak beste, Andolin Eguzkitza, Igor Estankona, Harkaitz Cano edo Iñigo Aranbarri, eta jendearen harrera beroa izan da hilerik hile.
Lutxo Egia idazlea da antolatzaileetako bat eta gogoratzen du aurretiaz ere literaturaren inguruko hainbat ekitaldi egin izan dutela. "Poetak tabernaz taberna eraman genituen, musika eta literatura batuz eta oso ondo irten zuen hark, baina orain zerbait finkoagoa nahi genuen, ez zedila egun bakarreko kontua, aurkezpen edo erakusketa hutsa izan".
Gaiaren inguruan berbetan hasi eta gauzak zehazten joateko, 2000ko Durangoko azokaren ostean Bilbo inguruko zenbait idazle eta literatur zalerekin ere batu ziren, ideiak elkarbanatzeko eta horrela irten zuen musika zehaztapenak, "jazza egokia izan zitekeela pentsatu genuen, kontu ugari direla-eta. Musika mota bera hasteko, oso egokia da azpitik jotzeko, poemak entzuten diren bitartean; eta gero musikariak daude, ezaguna baita jazzlariek inprobisaziorako daukaten gaitasuna".

Libitum taldea.

Egindako ideia aurrera eroateak jazz taldea aurkitu beharra zekarren ordea. Euskal Txokokoak hurbilen zutenetik hasi ziren bila, "gure inguruan hasi ginen galdetzen, ea musikaririk ote zegoen. Euskaldunak nahi genituen, hori ziur, idazlearekin hitz egiteko, ados jartzeko eta ikuskizuna alde biek presta zezaten".
Inguruan bila hasi eta ez ei zuten luzaroegi bilatu Libitum taldearekin topo egiteko, Lutxo Egiaren hitzetan, "auzokide batek esan zidan ezagutzen zituela musikari batzuk, gainera nire auzokoak ere baziren eta hortik aurrera gaur arte ederto joan da kontua". Izan ere, idazlea aldatu arren, musikarien taldea finkoa da, eta hasieratik ezin hobeto girotu dituzte Bilbora joan diren idazleen hitzak. "Guretzat garrantzitsua zen taldea finkoa izatea, ezagutzea, ze badakizu horrela ez dizula hutsik egingo". Aitortzen du ikuskizunari begira, agian, hobe litzatekela idazleak bezala aldatzea musika taldeak ere, baina Libitumekin oso esperientzia ona izan dute.
Esanguratsua da gainera, musikak berak ikuskizunean daukan garrantzia. Egia da errezitatzen diren poemen lagungarri ere badirela, eman gura den giroa sortzeko, baina bestalde autonomoa ere bada kontua, alde literarioaren menpe egon barik, sarritan ohi denez. Jazzak leku duina dauka inondik ere, laguntza hutsetik haratago, eta zabalak dira poeta isildu eta Kalderapeko jazz doinuz janzten diren tarteak. Perro kaleko tabernaraino doazenen artean antzematen da, literatur zaleen artean, batez ere jazza maite dutenak. Minoritario samarrak diren mundu bi elkartzen dira-eta.

Harrera bikaina.

Bilbo, poesia, euskaraz eta jazzaz lagunduta. Zenbaitentzat sobera erakargarria baina hotzean pentsatuz beldurra ere ematen du ilusioz abiatutako ekimena ilusio hutsean ez ote den geldituko, jendearen erantzuna espero bestekoa ez bada. Egiak ere aitor du hasierako zalantzak hor zeudela, "beldurra beti dago, baina hori baino lehenago poetak tabernaz taberna eroan genituen ostiral batez eta ekimenak oso erantzun ona izan zuen. Bilbon literaturak beti izan du harrera ona, euskaraz ere bai, hara oraintsu Gabriel Arestiren omenaldia".
Lokalaren garrantzia ere ezin da ahaztu, Kalderapeko txikia da, hirurogei bat lagun badatoz, gainezka dagoela ematen omen du. Eta neguko asteazken hotzetan berotasun berezia pilatzen da, urtebete eskasean bilbotar eta Bilbon bizi diren -ikasle jende asko ere ikusten baita emanaldietan- literatur zaleentzat erreferente bihurtu den gunean.
Edozer hastea nekeza eta gogorra bada, zer esanik ez horri eustea. "Hori da gure asmoa eta nahi duguna, hilean behin honekin jarraitzea eta erreferentzia izatea. Asmo handiegirik ere ez dugu, beti nolabaiteko ghettoan, baina horren baitan erreferente". Bide ona hartu dute behintzat.
Iazko urtarrilean Andolin Eguzkitzak hasi zuen literatur jazza, eta antolatzaileek promozio kontuari ere ondo erreparatu zioten. Zazpikaleko bazterretan eta euskal guneetan kartelak jarriz eta Bilbo inguruko hainbat pertsonari gutuna ere bidaliz, hastear zen ekimenaren berri emanez. Eta erantzuna egindako lanaren parekoa izan zen, egun hotza eta Athleticen Kopako partida lehiakide izanagatik. Hortik aurrera, idazle eta musikariak gonbidatzeko begirunea ez eze, ikuslearekiko alderdi hori ere ondo zainduz, bere bidea hartu duela ematen du, jendeak lekua egin baitio hileko lehen eguazten horri bere egitekoetan.

Musikaren garrantzia.

Oro har giroa berotzeko eta idazlea bera gustura sentiarazteko taldea finkoa osatu da, ia hutsik egin gabe poesia errezitaldietara joaten dena. Horiekin batera, tarteka hurbiltzen direnak eta idazle baten edo bestearen zaletasunak erakarritakoak, "azpimarratzekoak gazteen saioak dira oro har, Harkaitz Cano lasartearrarena batez ere". Apirilean izan zen Bilbon Cano, eta ekainean Iñigo Aranbarrik ikasturteko azken emanaldia egin ostean, azaroan eman zitzaion hasiera berriz. Susa argitaletxearen eskutik «Aingurak erreketan» lehen poema liburua argitara eman berri duen Jon Benito zarauztarrak ere jende asko bildu zuen, kostako herritik bertatik etorriak tartean.
Urtea amaitzeko Kirmen Uriberen txanda izan zen Kalderapekon. Abenduaren hamabostean izan zen ondarrutarra Bilbon, ohiko lehen asteazkenean beharrean bigarrenean, Durangoko Azoka eta jai zubia luzea baitzegoen aurretik. Hain zuzen ere, aurtengo liburu azokan arrakasta handia izan du Uriberen lehen poema liburuak, «Bitartean heldu eskutik» izenekoak, eta Susa argitaletxeko standeko lanik salduena izan da. Ondarrutarra baina ez da hasi berria euskal literaturan, eta literatur zaleentzat aski ezaguna izaki, asko ziren liburuaren zain zituenak. Ez du alferrik hainbat argitalpen eta txoko literariotan parte hartu, Mikel Urdangarin eta Bingen Mendizabalek musikatutako «Bar Puerto» egitasmoa ere berak abiarazi zuen, eta Sautrela programako gidoilari da.
Jende asko bildu zuen Uribek Kalderapekora -kasualitatea ere bada, berriz ere Athleticen Kopako partida izanagatik- eta ondarrutarrak berak aitortzen du lehenengo aldia zuela literatur jazzeko emanaldi batean. Jendearen harreragatik poztuta ere, zenbait zalantza ez ditu ostentzen Uribek: "Musikarekin oso ondo egon nintzen, baina nik nahiago dut musika planoagoa, gitarra edo teklatu hutsa, edo jazza ere bai, baina planoagoa". Tarteka ahotsa musikaren azpitik doan irudipena izan baitzuen, eta «Bar Puerto» arrakastatsuan hitza, musika eta ikusentzunezkoak nahastu bazituen, beste muturrera ere joan nahi luke Kirmen Uribek: "Ahalik eta gauza biluziena egin nahi dut, ahotsaren indarra aldarrikatzeko. Berbak badu berez indarra eta musika batzutan ona bada ere, inoiz nahastu ere egin dezake, edo zentzua aldatu. Biluztasun hori probatu nahi dut, berba biluziaren indarra agertu, besterik gabe. Baina edozelan, Kalderapekon dena oso ondo joan zen, gero! Lekua bete-beteta eta musikariekin ere ederto".
Iazkoak beraz, Kirmen Uriberen poemekin eman du berea. Alde Zaharreko Euskal Txokokoek eta Bilboko literatur zaleek oro har, Eguberri bueltan jarraituko dute literatur jazzarekin. Orduantxe lehen urteurrena beteko du Kalderapekon abiarazitako esperientziak, eta urtebetetze osasuntsua ematen du, jendearen harrerari erreparatuz gero. Urtarrilerako Jose Luis Otamendi azpeitiarraren poemez eta errezitatzeko dohain eta ahots bereziaz gozatu ahalko dutela entzuleek, antolatzaileek iragarri dutenez. Otamendiren atzetik, uda bitartean beste dozena erdi poetak hartu beharko lukete Kalderapekoko oholtza

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan