EUSKARAREN TELEFONOA ABIAN
Kontseiluaren baitako Hizkuntza Eskubideen Behatokiak Euskararen Telefonoa sortu du, hizkuntz eskubideen urraketei aurre egiteko asmoz. Behatokiak kexak bildu eta kasuaren dokumentazioa jasoko du, eta, hilabete igarotakoan, salatzaileari kexa nola bideratu adieraziko dio. 902 194 332 zenbakiak euskararen jarrera eredugarriak txalotzeko aukera ere emango du.
UZTARGI ZERRENDA BERRIA
EuskaraZ zerrendan duela lau bat hilabete hainbat arazo izan ondoren, Udako Euskal Unibertsitateak zerrenda kudeatzeari utziko ziola adierazi zuen. Uztargi zerrenda moderatu berria sortu du orain UEUk, euskarari buruzko eztabaida piztea helburu izanik. Nahiz eta UEUk EuskaraZ utzi, EuskaraZ zerrendak aurrera egin du, Kaixo! atariaren arduradun Aitor Lopez de Aberasturik hartuko du bere gain, eta Interneten euskaraz eztabaidatzeko zerrenda moderatu gabea izango da.
MANIFESTAZIO JENDETSUA IRUÑEAN
Oinarriak elkarguneak eta Nafarroako 640 hautetsik elkarretaratzea deitu zuten Iruñean abenduaren 22rako, hizkuntz eskubideen alde. «Euskara, eskubidea lege eta Stop euskararen aurkako erasoak» lelopean, 15.000 pertsona izan ziren bertan. Antolatzaileek ezustekoa hartu zuten, Udalak ez zielako megafonia erabiltzeko baimenik eman, nahiz eta aurretik eskatua izan.
2001eko ANTON ABBADIA SARIA BANATUTA
Dionisio Amundarain hizkuntzalari eta irakasleak irabazi du Gipuzkoako Foru Aldundiak euskararen zabalpen eta normalizazioaren aldeko lanagatik urtero banatu ohi duen Anton Abaddia saria. Amundarain, besteak beste, Goierriko euskalduntze eta alfabetatzeko eskolen sortzaile dugu.
ARTISTAREN ALDE
Artistari laguntzeko arte galerien mugimendu paralelo moduan sortu da Estudio Arte erakusketa aretoa. Donostian kokatu dute, Intxaurrondo auzoko Casa del Este etxean.
Lehenengo erakusketa gune horren xedearen lekuko da. «Solsticio de invierno» izenburupean, 38 artisten lanak bildu dituzte. Horien artean oso ezagunak diren batzuk, gutxiago ezagutzen direnak, eta ezezagunak daude. Esaterako: Zumeta, Tápies, Oteiza, Javier Urquijo, Dora Salazar, Mari Angeles Soroa, Carlos Inda...
Eskulturak, olioak, grabatuak, litografiak eta collageak daude ikusgai bertan urtarrilaren 13a arte. Eta norbaitek lan horiek erosiz gero, aretoak ez du portzentaiarik gordetzen. Dirua bere osotasunean artistari ematen zaio. Horregatik egiten du lan, hain zuzen, artistaren alde.
ZARAUZKO AURKIKUNTZAK
AZKEN hogei urteotan Gipuzkoan aurkitu diren erromatarren garaiko eta Erdi Aroko aztarna garrantzitsuenak topatu dira Zarauzko Andre Mariaren Zeruratzearen parrokian, Aranzadi Zientzia Elkarteak dioenez. Bertan, III. mendetik hasi eta XVII. mendea bitarteko aztarnak atzeman dira. Honek zera frogatzen du: erromatarren garaitik gaur egunera arte, etenik gabe, kostaldean gizakiak bizi izan direla. Erdi Aroko aztarnez gain, erromatarrenak ere topatu dira. Eta honek erromatarrekin bertako biztanleek egiten zuten merkataritza frogatzen du.
PLANETARIO DIGITALA
ABENDUAREN amaieran jarri zuten martxan Donostiako Miramongo Zientziaren Kutxagunean planetario digital berria. Planetarioa 880 metro kubikoko esfera erdia da, aluminiozko kono alderantzikatu baten barruan kokatua dago eta bi sistema digital ditu proiekziorako. Hain zuzen, «Elkano: primus circumdedistime» izeneko proiekzioa da eskaini duten lehenengoa. 25 minututan zehar Elkanok munduan zehar eginiko bidaia du oinarri eta astronomia eta XVI. mendeko nabigazio metodoak erakutsi nahi ditu.
PRINCIPAL EUSKAL SAREAN
GASTEIZKO Principal Antzokia Euskal Antzokien Sarean izatea erabaki du bertako Udalak, Batasunak aurkeztutako mozio bat dela medio. Antzoki hori orain artean Espainiako Ikuskizunen Sarearen baitan egon da, eta Euskal Antzokien Sarean sartzeak bietan batera egoteko aukera ematen dio. Ikusleei eskaintza anitzago bat emateko aukera izango du Antzokiak.
ONDAREAREN GUNERAKO BIDEAN
BAIONAKO Herriko Etxeak, Kontseilu Orokorrak, Hautetsien Kontseiluak eta EKEk «Ondarearen gunea» deituko denaren aitzin elkartea jarri zuten martxan Baionan joan den hilabetearen bukaeran. Sortuko den gune horren xede nagusia Ipar Euskal Herriko ondarearen aberastasuna nabarmentzea izango da. Aitzin elkartearen bidez, hiru alor nagusi jorratuko dira. Batetik, Baionako Euskal museoan eta Irizarriko dokumentazio zentroan dauden dokumento eta artxiboak erabiliz Iparralde guztira joango den erakusketa ibiltaria antzolatzea. Bestetik, ondareari buruzko hezkuntza antolatzeko helburuz haurrekin ekintzak antolatzea. Azkenik, dokumentazioaren gestioa lantzea.
AXULAR ZABALIK
GASTEIZKO Axular liburu dendak bere ateak zabaldu ditu berriro, oraingoan Madrilgo Casa del Libro-Liburu Etxea taldeko kide gisa. Orain hamar hilabete itxi zen liburu denda. Axularrek lehen zuen filosofia berari jarraituko dio, eta gainera, eskaintza zabalduko du. Guztira, 100.000 ale eskaintzen ditu gutxi gorabehera, 850 metro koadro ditu eta bi solairu.
UNTZI MUSEOAREN URTEURRENA
DONOSTIAKO Untzi Museoak hamar urte bete dituela-eta, «Itsas memoria lantzen» izeneko erakusketa paratu dute urtarrilaren 31 arte. Erakusketaren lehen atalak museoaren eraikinaren historia laburbiltzen du; bigarrenak hamar urteotan Museoak antolatutako erakusketetako zenbait material biltzen ditu; eta hirugarrenak heziketarako hainbat jarduera jasotzen ditu.
- Antonio Altarriba idazlearen hitzak dira hauek, «El Pais»en bilduak: «Beti pentsatu izan da literatura serioa eta komikia bateraezinak direla. (...) Komikiek ordea, irakurtzeko zaletasuna sustatzen dute».
- Juan Luis Zabalak «Euskaldunon Egunkaria»n: «Egungo bertsolaritzari gehien miresten diodana protagonista nagusien arteko elkartasuna da; bertsolari zein bertsozaleek beren arteari dioten fedea; elkarlanerako ageri duten isuri berezkoa, minik gabea; hitz errazetatik haratagoko haurridetasun dinamiko eta pizgarria».
- Gabriel Villota Toyosek honakoa zioen «Gara»n: «Museoetako zuzendarien figurak futbol entrenatzailearen gero eta antz handiagoa du: kirol klubetan gertatzen den moduan, museoek orain euren krisiak taloitegi bidez konpontzea erabaki dutela dirudi (...)».
- Iñigo Muguruzak euskal musikari buruz: «Spice Girls bezalako muntaiak osatzen hasi behar badugu, euskal musika salbatzeko, gureak egin du. Agian kultur sendoagoa izango genuke, baina protesikoagoa ere bai».
Osasuna futbol taldearen web gune ofizialean sartu gara eta informazio pila aurkitu dugu bertan: klubaren historia, partiden egutegia, plantillako kideak... Hori guztia, ordea, gaztelaniaz dator. Euskaraz aurkitu dugun hitz bakarra Osasuna bera izan da, hitzaren gaztelaniazko baliokidearekin, badaezpada ere.
Juan Kruz Igerabidek «Mintzo naiz isilik...» izeneko liburua argitaratu du. Bertan, 7-8 urtetik gorako haurrei eskainitako 150 igarkizun paratu ditu, Lorena Martinez Oronozen irudiak lagundurik. Lana Elkarlanean argitaletxeko «Dona-dona» saileko bigarrena da.
Ana Diez zuzendari nafarrak «Algunas chicas doblan las piernas cuando hablan» filma estreinatu zuen joan den astean. Filma Iruñean errodatua dago ia bere osotasunean. Eta Angel Amigok ekoiztu du.
Nafarroako Antzerki Eskolak «Alici.com» izeneko lana estreinatu berri du. Maria J. Sagües da lan honen zuzendaria.
UKproiektÆ01 izena darama «Uk» aldizkariak ekoiztu eta argitaratu duen diskoak. CDa Uribe Kostako egile onenen musika elektronikoaren bilduma da.
Ainhoa Arteta sopranoak Egile eta Editoreen Elkarte Nagusiak ematen duen Federico Romero saria jaso du.
Bernardo Atxagak Bilbon emaniko hitzaldi batean euskal kulturaren inguruko honako hausnarketa egin zuen:
«Idazle bezala, oso kezkaturik nago. Nire garaikoak eta ni neuk egindako kultur bidearen adarra agortzen ari dela etengabe ikusten dudalako. (...)
Euskara eta euskal kulturaren etorkizuna, benetan egoera oso kaskarrean dago, eta aurrerantzean gerta daitekeen ondorioetariko batzuen artean, euskararen desagerpena ere izan daiteke horietako bat. Horrekin batera, euskal komunitatearen desagertzea horri lotuta egongo litzateke, inolako ezbairik gabe. (...)
Durangoko azoka euskal kulturaren panazea dela esaten du batek baino gehiagok, eta dena ondo doala uste dute. Baina, nire ustez, azokan saltzen diren euskarazko liburuen, diskoen edo bestelako produktuen kopurua aztertzen baldin badugu, oso kopuru txikia da. (...)
Euskarak gramatikoki aldaketa gehiegi izan ditu, eta horren ondorioz, jendea galduta bezala sentitzen da euskararen aurrean. (...) Norberaren euskara ere ona izan daiteke, nahiz eta Euskaltzaindiarentzat gramatika arauen arabera ez izan. Euskaltzaindiak gura duen euskarak ez du bakarrik zuzen izan beharko, pertsona bakoitzaren euskara ere oso aberatsa izan daiteke».
Zigor Kodearen gaztelaniazko eta euskarazko argitalpen elebiduna kaleratu berri dute. Deustuko Unibertsitateak, Euskal Herriko Unibertsitateak eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak osatutako lana Espainiako zigor legediaren euskarazko lehen itzulpena da.