- Iratxe Sorzabal, tortura jasan zuen atxilotuak «Euskaldunon Egunkarian»: «Nik ez nuen hiltzeko beldurrik ; gogoa neukan. Ezin duzu, baina ahal izanez gero... Hori iruditzen zaizu momentu horretan. Gero, denborarekin, neure buruarekin beldurtu naiz pentsatuz hiltzeko gogoa izan dudala. Inoiz ez dut hiltzeko gogorik izan. Baina momentu hartan bai, lasaitasun bat bezala edo, gutxienez, hori bukatzeko zerbait bezala. (...) Eusko Jaurlaritzaren jarrera epela izan da. Gezurra dirudi. Gainera, beraiek ondo dakite hemen torturatzen dela, beren poliziak ere torturatzen duela. Gero konparatzen duzu beste istorio batzuekin: edozein personagatik susmo txiki bat egiten dute, eta segidan, atxiloketak eta sarekadak gertatzen dira... Eta gero, tortura kasu bat aurpegiratzen diezunean, æikusi behar dugu frogak nolakoak diren...Æ. Eta hori nahiz eta argazkiak eta auzitegiko medikuaren agiriak izan. Eta ez dute zertan egon, oso gutxitan ateratzen dira. Nire kasuan badirudi pribilegiatu bat naizela. Badirudi Euskal Herrian Iratxe Sorzabal bakarrik torturatu dutela, eta horrek amorrua ematen dit».
Bill Clintonek euskal auzia konpontzen lagunduko duela jakinarazi zion Xabier Arzalluz EAJko EBBko lehendakariari. EEBBetako lehendakari ohiak Londresen emandako hitzaldi baten ostean zenbait minutuz izan ziren biak eta orduan luzatu zion laguntza eskaera buruzagi jeltzaleak.
Josetxo Arizkuren da Frantziatik Espainiara aldi baterako estradizio prozedura jasan duen lehen euskal presoa. Lau hilabeterako izango da Espainiako espetxeetan, Entzutegi Nazionalak epaitu egingo du eta berriz Frantziaratuko dute han duen gartzela zigorra bete dezan. Arizkuren gose greban da Espainiaratu duten lehen egunetik eta jarrera hori mantentzeko asmoa du Espainian dagoen bitartean.
Cristobal Montoro Espainiako ogasun ministroak jakinarazi duenez, Kontzertuaren inguruan hilaren 20rako akordiorik ez badago, diputazioekin bakarkako negoziaketari ekingo dio.
Jabier Agirre
Itxura horixka eta opakoa duen isurkari bat da, zaurietan, abszesuetan eta ultzera infektatu edo handitu gaiztotuetan agertzen den likido-modukoa. Euskaraz baditu beste izen batzuk ere, materia edo hiroa ere esaten baitzaio euskalki desberdinetan. Eta zerk osatzen du zornea? Edo bestela esanda, zein da bere osagaia? Esan daiteke zornea odol-sueroz, sistema immunologikoko zelula hil eta biziz, eta zorne-jario edo supurazioaren erantzuleak diren bakterioez dagoela osatua.
Zehazkiago esateko, zornea ez da kanpotik gure gorputzari erasotzen dion agente patogeno baten eta linfozito edo globulu zurien arteko borroka gogorraren ondorio edo emaitza besterik. Gure defentsa-sistemak (horri immunitatea esaten zaio) gorputzean arrotza edo kanpokoa den zerbait atzematen duenean, esaterako bakterio bat edo birus bat, zelula immunologikoen armada kontraerasorako prestatzen da. Eta bataila edo guduaren lekura agertzen diren linfozitoen artean neutrofiloak eta makrofagoak aipatu behar dira batik bat, horiek erasotzailearen kontra zuzenean aritzen direlako. Eta kontraeraso horri nola ekiten diote? Bada, agente patogenoa irensten dute. Borroka horren ondorioz defentsako zelularik gehienak hil egiten direnez, handik egun batzuetara "hilotz" edo "gorpuak", ehun nekrotikoak eta baita likido ugari biltzen dituen ehun-hantura edo inflamazioa agertzen da, erdian zulo edo hutsune batekin. Infekzioa desagertzearekin batera, zornea autosuntsitu egiten da
Jakoba Errekondo
Landare den edonork, gu bezalaxe edozein animaliaak jateko emango du fruitua. Animalion urdailaren uxuala garratza eta hesteetako simaurraren gozoari esker fruitu barruko haziak ernetu eta iraun ahalko baitira. Eta landarea ugaldu. Gu nora, hara zabalduko da. Etekin ederra fruituarena.
Fruitua etekina da, baita Errioxan ere, eta bertakoak mahatsondoaren mahatsa estutzen iaio askoak. Arte humanista eder baten milaka urtetako bilakaerari trabesa egiten diote oraindik, egunero, hangotarrek; lurra, txertoak, kimika, alkimia eta abarren garrantzia zientzia gero eta zehatzago batera itzuli eta gastronomoen arerio amorratua den Vazquez Montalbanek «ahosabaiaren geografia»-tzat jotzen duen ardoaren textura, ia-ia digitalki topografiatzeraino.
Fruitua bezalaxe etekina estutu behar: mahatsondoari egurra! Artista finetan finak, baina txorrotxoak! Eta bihotzeraino egurra ematen dionak, zer ez die egingo gainontzekoei? Itzal handiegia edo... egingo duten beldurrez, ederki jipoituz muarrotzen dituzte mahastiak inguruetako plaza eta kaleetako zuhaitzak, mahatsondoak bailira... Humanismoa, espezie zapaltzailearen artea. Artea edo jolasa?
FRANTZIAKO POLIZIAREN AURKA EZ DUELA JOKO DIO ETA-K
ESAMESAK eta susmoak bazterreratzeko argitara emandako komunikatuan, Frantziako segurtasun indarren aurkako bere estrategia ez dela aldatu jakinarazi du ETAk, eta izandako tiroketak segurtasun indarrek beraien aurka jo ondoren gertatu direla. Jende askok pentsatu izan du, besteak beste eta adibide gisa, ea zergatik jendarmeen aurka ez eta ertzainen aurka bai, Frantziako segurtasun indarrek Ertzaintzak baino askoz etakide gehiago atxilotu dutenean.
UDALBILTZAK BAKE EKIMENA BULTZATUKO DU 2002. URTERAKO
MIARRITZEN egin zuen bere bigarren batzar nagusia Batasunak kudeatzen duen Udalbiltzak eta bertan bildu zituen 445 udal hautetsi. 2002rako 2,386 milioi euroko urrekontua (397 milioi pezeta, 15,6 milioi libera) eta barne araudi berria onartu ziren eta 2001ean egindakoaren berri eman zen. 2003rako ekimen garrantzitsuena «gatazkaren irtenbidebide politiko eta elkarrizketatua bultzatuko duen ekimen bat gizarteratzea» izango da, eta horretarako sintesi mailako proposamen bat landuko da. Udalbiltzak bitan banatua jarraitzen du gaur egun: batetik Batasunak eta zenbait zinegotzi eta alkate independetek bultzatutakoa, eta bestetik, EAJ eta EAk osatzen duten Udalbiltzako Batzorde Eragilea.
ORDEZKARITZA AUTONOMIKORIK EZ DA IZANGO BRUSELAN
AURREIKUSI bezala Espainiak ateak itxi dizkio Espainiako erkideko autonomikoek Europan ordezkaritza izateari. Iñaki Gerenabarrena Jaurlaritzako Nekazaritza sailburuak salatu duenez, Jose Maria Aznarren jokaera «koldarra eta faxista» izan da gai honetan Moncloak egin ei dituen amarrukeriengatik. Laekenen, bestalde, euroagindua ontzat eman zuten Europako Batasunako (EB) estatuburuek, azkenean Italiaren baiezkoa jaso ondoren. Espainiako Gobernua, beraz, pozik da urtarrilaren 1ean EBren lehendakaritzari ekiteko.
ASKATASUNA ERAKUNDEA JAIO DA AMNISTIAREN ALDE
AMNISTIAREN Aldeko Batzordeak eta Koordinaketak bat egin zuten duela urte bete eta ekimen horretatik erakunde berri bat jaioko zela iragarri zuten: hori da orain sortu den Askatasuna erakundea, bere sortzaileen helburu berberak dituena, baina Euskal Herri osoan jardungo duena. Testuinguru berezian jaio da erakundea, AABko zuzendaritzaren hamabi kide espetxean direlako: hamaika Espainiako espetxeetan eta bat -Juan Mari Olano- Frantzian.
PRESO BATEN FAMILIAREN AURKAKO ERASOA
ANGELUKO Xabier Gimonen familiaren aurkako eraso bat izan zen hil honen 13an. Erasotzaileek hiru molotov koktel jaurti zituzten etxearen aurka, senitarteko batzuk barruan zeudela. Xabier Gimon ETAren laguntzailea izateagatik preso izandakoa da, eta gaur egun, Patxiku Gimon bere semea espetxean dago. Eraso hau, Ipar Euskal Herriko hainbat polizien aurkako antzeko erasoak gertatu ondoren etorri da. Familia honek lehendik ere eraso txiki batzuk jasan dituen arren (autoaren gurpil zulaketak edota autoa pinturaz zikintzea), tamaina honelakorik ez. Gertaera, guztiz berria izan gabe, presoen familiaren aurkako beldurrezko erasoen tamaina handitzera dator. Izan ere, orain zenbait urte, Iparretarrak (IK) erakundearen presoen familiek ekintza larderiatsuak ere jasan zituzten.
BAKE KONFERENTZIA ONDO DOALA DIO ELKARRIK
BERE bederatzigarren urteurrena ospatzeko Iruñean egindako bazkari ekitaldian Elkarriko buruzagiek adierazi izan zutenez, Bake Konferentziaren emaitzak egokiak dira orain artean. Gizarte mailako ekimenenetan hitzaldi eta mahainguruak han eta hemen gauzatzen ari dira eta, aurreikusi bezala, ez da albisterik alderdien arteko gutxieneko edukiei buruz kontzentzuatu nahi den idazkiaren inguruan talde moderatzailea egiten ari denaz. Hori martxoa edo apirila aldera ezagutuko da.
BLOKEOA
Bakoitzak dituen tresnak erabiltzen ditu politikan, unean uneko interesen arabera, eta tresnon erabileratik dator, halaber, bakoitzak atzera edo aurrera egitea. Eusko Legebiltzarreko blokeo egoeratik aurrekontuen luzapena aterako da, baina abenduaren 31ra arte falta diren egunetan zalaparta entzutetsua biziko da, eta hor ikusiko da nork gal dezakeen eta nork irabazi egoera berezi bezain korapilotsu honetatik. Luzapena izatekotan -1999an EHrekin adostutako aurrekontuak dira- oposizioa higatuz izan dadila erabaki dute Jaurlaritzako alderdiek, eta hor PSE eta Batasuna izan daitezke kaltetuenak, PP ezin erosoago baitago.egoera honetan.