Astekaria

 Ihesi 

Aizkorri-Urbasa-Entzia Erregeari burua makurrarazi zion tunela

Irudia

Iosu Etxaniz


1835. alea
2001-12-23
alde 0    kontra 0

Aizkorripean

Segura, abiapuntutzat aukeratu dugun herria, Erdi Aroan harresiz inguratua zegoen, Alfontso X.ak 1256an gotorleku izatea agindu zuenetik. Gaur, bere kaleek aintzinako trazadura hori mantentzen dute, Santiagoko eta Gaztela-Frantzia bideak bertatik pasatzeak ekarritako monumentuez gain.
Jasokundeko Andra Mari eliza (XIV-XVI. mendekoa) gotikoak 42 estatuadun erretaula txurrigereskoa eta Bohemiako kristalezko lanpara erakusten ditu. Baita ere, Arrue (arkudun Birpizkundekoa), Gebara eta Lardizabal (udaletxea, barrokoa) jauregiak azpimarratu behar ditugu, beste jauretxe batzuen artean.
Zegamara bidean eskuinera, berehala bertako bizilagunei esker herri-museo modukoa bihurtu den Zerain herritxora ailegatuko gara, herria bizirik eta osasuntsu mantentzeko proiektu benetan polita. Bertaratuz gero, herriko eta nekazal munduko bizimodua erakusten duen etnografia museoa, Jauregia deitu dorretxea, Jasokundeko Andra Mari eliza eta herritik hurbil Larraondoko Zerrategia (XIX. mendea) ikusteko parada izango dugu besteak beste.
Zegamak Gipuzkoa eta Gaztela arteko merkataritza San Adrian tuneletik igarotzen zenean garrantzi ekonomiko nabarmena izan zuen. Horren adibide dira, Artza-Enea edo Aitamaren Zarra jauretxeak edota Zumalakarregi jeneral karlistaren marmolezko hilobia gordetzen duen San Martin Tours eliza (erretaula nagusia, XV. mendeko ate gotikoa eta XVIII. mendeko dorre barrokoa).
Herria zeharkatu eta Aizkorriko gailurreriaren pean, bide polit, arbolatsu baina bihurgunetsuan zehar Otzaurte mendaterantz abiatuko gara. Mendatera 15,5 km.an ailegatzean, eskuineko etxearen osteko harrizko bidea hartu (Altzaniko Atsedenlekura), eta paraje atseginak igaroz bi km.tan aipatu atsedenlekura iritsiko gara. Gatozen moduan, bidea utzi gabe eskuinerantz goaz, eta hortik aurrera beti zuzen segitzen dugu, beste atsedenleku bat eta paraje ederrak pasatuz. Lehen atsedenlekutik 3 km.tara urrunean gure helmuga ikusgai izango dugu, eta bat beranduago, bidegurutze batean dagoen burdinazko langa berde baten aurrean aparka dezakegu, oso hurbil dugun San Adrian tunel (eta galtzada) ikusgarri eta historikora oinez igo asmoz.
Bide beretik Otzaurtera itzuli eta bertan eskuinerantz joz, bide eder batek Nafarroan barneratuko gaitu. Berehala hartuko dugun errepide nagusiak berriz, Altsasuraino zuzen eramango gaitu (37 km.). Oso hiri berria (1907), 1863. urtean trenbidea iritsi zen arte ez zen herri gisa garatzen hasi. Jasokundeko Eliza (XVI. mendea), eta plaza erdiko "totem" harrigarria ikusgai.

AIZKORRI MENDIZERRA

Aizkorriko Parke Naturalak Gipuzkoako hego-ekialdea eta Arabako ipar-mendebaldea lotzen ditu 18.000 hektareatan zehar, Nafarroa ondoan. 1.000 eta 1.551 m. arteko mendiz osatutako talaia natural honetatik, eguraldi ona eginez gero, Urduñan hasi eta Pirinioetako mendiak ere ikusteko parada izan dezakegu.
Parkeak beste atal batzuetan jorratu ditugun lekuak ere biltzen ditu (Oñati, Arantzazu, Zalduondo...). Horregatik, hemen parke osoaren azalpena egin beharrean, leku berezienetako biren inguruan arituko gara.
Sandratiko Kobazuloa

Zegama eta Altsasu lotzen dituen bigarren mailako errepidea hartu, Otzaurteko gainean eskumara egin, atsedenleku bi atzean utzi eta ezkerrerako bihurgune baten alboko langa berde batean aparkatu ostean (ikus ibilbidea), oinezko ibilbidea hasiko dugu.

Burdinazko langa horren atzean bidetxo bat hasten da, tuneletik oso gertu. 50 metrora bidegurutze bat dugu eta guk ezkerreko bidezidorra hartuz, gorantza egiten duena, 15-20 minututan zuzenean San Adrianetik igarotzen den galtzadara iritsiko gara, ikusgai dugun sarreratik 50 metrora (1.030 m.).
Sandratiko kobazulo edo San Adrian tunel hau Gipuzkoa eta Araba lotzen dituen pasabide naturala da, eta bertatik Flandria eta Gaztela lotzen zituen galtzada zaharra igarotzen da, batzuentzat erromatar garaikoa, besteentzat Erdi Arokoa.
Bertatik edonolako bidaiariak pasatu dira, errege-erreginak, erromesak, gudalosteak... euskal geografiaren pasabide ospetsu eta mitikoa bihurtuz. Bestalde, parajea bi aldetan eder-ederra da. Tamalez, barruan duen ermitaren hondakinak besterik ez dira geratzen.

Aizkorri Gaina

Tunelaren bestaldean, galtzadaren eskumalderantz bidezidor bat hasten da, lizardi baten ondotik doana. Gero, itzelezko pagadi baten erditik "Kalbarioko aldapa" igoko dugu eta azkenik, zabalune batera iritsi eta maldan gora eginez tontorrera iritsiko gara (1.528 m.). Tontorreko baselizatik sekulako panoramika zabalaz goza dezakegu.

Informazio Praktikoa


ZERAIN



Turismo Bulegoa: Herriko Plaza. 943- 80 15 05 / 17 05.

Jan eta lo egiteko:

Tellerine Nekazal Etxea- Aizpea. 943- 58 20 31. Logela bikoitza 4.500 pzta.





ZEGAMA-OTZAURTE



Lo egiteko:

Arrieta Haundi Nekazal Etxea- Arrieta auzoa. 943- 80 18 90. Logela bikoi-tza 4.000 pzta.

San Adrian Aterpetxea- Otzaurte.

% 943- 58 20 76.





ALTSASU



Udaletxea: 948- 56 21 61.

Larrialdiak: 948- 56 35 03.

Jatorduan:

Aitzgorri Jatetxea- Madril-Irun bidea, 402. km.

Akelarre Jatetxea- Pedroko Bidea 14.

Basamutur Erretegia- Pedroko Bide z/g.

Gure-Kabia Jatetxea- Zelai 59.

Jan eta lo egiteko:

***Hotel Alaska- Madril-Irun errepidea, 403. km. 948- 56 28 02. Logela 6.550-7.100 pzta.

*Hotel Ulayar- Madril-Irun errepidea, 398. km. 948- 56 28 03. Logela bikoitza 6.000 pzta.

*Pensión Mendia- Estación 11. 948- 56 20 07. Logela bikoitza 4.000-5.500.

*Pensión Zubi-Ondo- G. Ximenez 45. 948- 46 79 01. Log. bikoitza 3.000.

Santo Cristo de Otadia Aterpetxea- Texeria aldapa. 948- 46 75 84.


Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
azala  
azala1834
 
azala1833

1835 zenbakia.
2001ko abenduaren 23a


   

Babeslea

Irizarren webgunera joan
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza