Bukatzear da bertso-kopa, eta iristear bertsozaleentzat lau urtero errepikatzen den historia osoko egunik handiena. Hiru hilabetez asteburu osoko plana izan da zirko horretara joatea. Pintxoak jateko elkartu, sartu kotxean eta Epelde eta Larrańagaren lige kontuak entzunaz iritsi gara bertsoak kutsatutako azken muturretara: Garazi «benedikatu»ra, Markina Xemeinera, Aramaiora, Azpeitikitikira... Bertsolariaren kultura ulertzen ez denez gastronomiarik gabe, inguruko jatetxe «jatorrenak» bisitatuz ilustratu gara.
Purua edo porroa ahoan, nork bere bertsolaria bihotzean, eseri gara gradetan. Hooligan basatiena mixino bihurtuko luke, bertso koadrilen orruak eta builak. Animo faltan aitzakiarik ez dute bertsolariek.
Bertsolariak dotore atera dira pasarelara. Txapelketa eskaparatea omen, agian galtza beltzekin «konbinatutako» galtzerdi txurien moda jarriko digute bertsolari batzuek. Nork baino nork jertse «chic»agoak luzitu ditu, eta gazte izandakoek ere diseinu berriko prendak jantziz erantzi nahi izan dituzte urte batzuk. «Elegantzia Frantzia»k beste bide bat markatu du, noski, bertso eskolako nikia eta errealaren txandalari glamourra emanaz.
Igandean lehertuko da festa. Entzuleek pankartez eta esloganez egingo dute bere hautagaiaren aldeko kanpaina. Erraldoia menderaezina omen, baina beste zazpi «On Kixote»ek ere ez dute ezer galtzeko, eta suizidatzea besterik ez die publikoak eskatzen. Jarri dezatela dena jokoan, egin dezatela salto bertsoaren mugen ertzetik, eta astindu ditzatela besoak, ea norbaitek egan egitea lortzen duen
Erotu ere egiten gaitu Txapelketak. Andoni Tolosa «Morau» kitarra eta arpa joleak, horrelaxe dio («Gara», 2001-10-26): «Bertsolarien masokismoaren ingurukoak eztabaidaezinak dira. Nola esan daiteke bestela ćkartzela arte ez nuen batere gozatuĆ? Txapelketa Nagusia abian dela eta hamaika bertsolari dabilela dagoeneko kirioak zut eta arduraz lepo, hara hor masokismoaren adibide nagusienetako bat, txapela soil bat lortzeko, urrezkoa balitz gutxienez». Fredi Paiak ere hala deskribatzen du bere lehen esperientzia: «Azterketa batetik bezala atera nintzen saiotik. Desgaste sikologikoa izugarria da!». Xebastian Lizasok ere bazekien zerbait, izena eman edo ez erabakitzerakoan («Gara», 2001-10-21): «Txapelketak asko ematen du, baina eskatu ere asko egiten du. 1982an hartu nuen parte lehen aldiz, eta harrezkero beti beldurrez joan naiz Belodromora. Badaukat gogoa besteren lana gozatuz entzuteko». Baina Txapelketak badu beste aurpegi bat, Nerea Elustondok erakusten digunez: «Aukera polita izan da, normalean kantatzen ez duzun jendearekin aritzeko, jendea gustura uzteko eta saio batzuk lortzeko». Oihane Enbeitak ere txapelketen oroitzapen bereziak gorde nahi izaten ditu («Euskaldunon Egunkaria», 2001-10-12): «Aurreko txapelketa nagusiko puntuazioak ez dauzkat gogoan. Sentsazioak bai, ordea. Bertso bakoitzean irabaz daiteke txapel txiki bat»
Etxeko lanak fin egin dituzte bertsolariek (hiztegi errimatua ia buruz ikasi, bertsoak idatzi...). Taldeka entrenatzea izan da, berriz, soziedadean afaltzeko aitzakia. Txapelketan zer lan egin beharko duten ikusi eta nork bere akatsak detektatuta prestatzen da entrenamendu-taula. «Kontua ez da bertsotan egitea bakarrik, oholtza gainean egoten ere jakin behar da» zioen Sustrai Colinak («Gara», 2001-10-30). Halaxe da, tik-ak, begirada, nerbio punttua... kontrolatzen ere ikasi egiten da. Kantu klaseak hartzen ere hasi dira bertsolari batzuk. Baina oraindik ez dago aztertuta maila horretatik aurrera nola entrenatu. Bakoitzak bere kasa asmatzen ditu ariketak, eta bada azken hilabetean, bezperan, prestatu denik ere
![]() |
|
||||
1834 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa