Erlantz Urtasun2001-12-16 |
Carlos Sola Ayape egileak sinaturiko "Abasto de pan y política alimentaria de Pamplona (siglos XVI-XX)» liburuan hainbat datu erakargarri plazaratzen da. Iruñeko Udalak mende luze horietan janaria, elikaduraren inguruan buruturiko politika, aztertzen da bertan, zehazki hirian banatzen, apika partitzen zen ogiaz, alegia.
Iruñeko "Vínculo" (1527-1933).
"Vínculo" izeneko erakunde-eraikuntza horren bitartez nafar hiriburuan arrotza ez zen gabezia eta gosearen ondorio latzak, teorian, leuntzen saiatu zen. 1527ko irailaren 2an jaio zen, azken urteotan (konkista oroitaraz dezagun) gose ikaragarria jasaten zelakoan. Oraindik 1766ko amaieran garai garratz horien berria jaso zen: "gosete handiak, behar ezagunak, gerrak eta gari eskasia, eguraldi negargarria, bizilagunen kexa tristean".
Erran bezala, 1527an 10.000 libra sendo, 32.000 erreal bideratu zen ogi banaketa merkea errazteko. 1861ean idatzi zenez, "diru hori ogiaren gaineko betebehar horri loturik gelditu zen betiko. Hain zuzen ere, hortik datorkio izena, lotura (vínculo), ezen ardura horrezaz banantzea arras debekaturik baitzegoen". Beranduago, logikoa denez, behin baino gehiagotan kudeatu ziren diru kopuru handiagoak, arazorik izan ez zedin. "Vínculo"ri zegokion diruarekin, dena den, udalak berak ere abaguneko interesei atxikiriko mogimenduak egin zituen, 1783an kasu, urte hartan "Vínculo"ko 36.000 erreal "Banco Nacional de San Carlos" erakundeko akzio batzuk erosteko desbideratu baitziren, dirua "Vínculo"koa izatetik Udal sosa izaterat igaroz.
Europan nahikoa arrunta izan zen erakunde mota hori, bertzalde, arau idatziz apaindu zen. Hasieran lau arduradun izan zituen, laster bi izateko. Dirua kutxa batean gorde eta hura irekitzeko erabili beharreko giltzak bortz lagunen artean banatzen ziren, inork lapur ez zezan. Zigorrak, edonola ere, aurreikusten ziren, ordainduriko isunen bitartez "Vínculo" aberasteko. Bi liburuetan idatziriko kontuak urtero berpasatzen ziren, zenbait lekukok abuztuaren batean egoera orokorrean akatsik ez zela ziurtatuz. Behar izanez gero, azkenik, gose alarma gorrian erakundea Iruñerrian zen gariaren jabe bihurtzen ahal zen, gosearen aurkako erabaki zorrotzei arraposteko asmoz ogia egiteko ezinbertzekoa zen osagaia bereganatuz.
1665ean erret dekretu batek "Vínculo" sendotu zuen, gutienez 1604tik eskatzen ari zena, alegia. Horri esker, 1665eko irailaren 17an "Vínculo"ko lehendabiziko "Junta" egituratu zen, horren partaideak honako hauek ziren: Pedro Bertiz, Miguel Balanza, Miguel Iribas, Juan San Martin eta Pedro Loperena. Alta, gakoa zen Udalaren borondatearen gainetik zegoen espainiar errege ordeak bizi ohi zituen diru premiek "Vínculo"n zuten eragina ahalik eta gehien ahultzea. Horrek azaltzen du, beharbada, 1862an Pablo Ilarregik salatzen zuena: "1527 eta 1665 artean, "Vínculo"k dirua irabazi ordez, eta dirua nahitaez irabazi behar zuen, zilarrezko 47.000 dukadoko zorra zuen". Zorrak zor urte batzuk lehenago (1833an) bestelako kexua zuen Iruñeko Udalak: "Okin horiek ez dute deus ukatzen haien buruak aberasteko bidean. Zein nahasketak ogi-irinekin! Zein gehiegikeriak pisuekin, ongi zelatatu arren! Zer nolako prezio igoerak garia pixka bat garestitzen bada! Hamaika aldiz ohartu gara honetaz, udalak, hiriak, "Vínculo"ko Juntak okinei berea egiten utzi diegun bakoitzean".
1915. urtean, "Vínculo" eraikuntzako sarrera liburuan norbaitek idatzi zuelarik: "XV. mendetik idatzi den olerkirik onena "Vínculo" da. Bakea eta zintzotasun betea osatzen duen ohitura eta lan ezin hobea baita. Ene irudiz, uste baino hagitzez lehenago sorrarazi zen. Zeruko Maisuak eraiki zuen ondorengoa erraitean: "elkar maita ezazue".
II. Errepublikaren garaian, 1933ko martxoaren 20an Iruñeko Udalak "Vínculo" itxi zuen, bertan zegoena saldu, okindegia alokatu eta gelak erabilera anitzeko udal biltegi bihurtuz. Udalak, haatik, ogiaren prezioa zertan zen menperatzen jarraitu zuen
Euskal Herriko ekialdeko mugetan, Aragoi ibaiaren ertzean kokaturik dagoen Kaseda herrian jaio zen, 1966. urtean. Zaragozako unibertsitatean OHOko irakaskuntzako diploma eskuratu zuen, handik gutirat Filosofia eta Letretan, erran nahi baita Historian, sari berezia irabazteko. Ildo beretik, Nafarroako Unibertsitate Publikoan doktorego tesia epaimahaian aurkeztu eta gainditu zuen. Bertzalde, Hego Amerikako zenbait unibertsitatetan, hala nola Argentinan nahiz Txilen, eskolak eman ditu. Makina bat artikuluren egilea, nafar hau Mexikoko kampusean ari da egun