Astekaria

 Erreseinak 

LIBURUAK

Irudia


1834. alea
2001-12-16
alde 0    kontra 0

XX.MENDEAREN ARGI-ITZALAK

PELLO SALABURU

ALBERDANIA

205 ORRIALDE

2.400 PZTA./96 LIB.

14,42 euro

PELLO SALABURU MENDE PARADOXIKO BAT AZTERTUZ

Alberdania argitaletxearen Saiakera sailean plazaratu du Pello Salaburuk "XX. mendearen argi-itzalak. Ehun urte historiarako" izenburua duen idazlana, non ahitu berria dugun mendearen argi-itzalei zuzentzen dien bere begirada, mendeko gertaera garrantzitsuenak gogora ekarriz, baina historiaren protagonista ez direnen aztarna jasotzea ahaztu gabe. Paradoxikotzat jotzen du Pello Salaburuk informazioaren arora ekarri gintuen mendea. Izan ere, historia osoan baino jakitate zientifiko gehiago lortu zen hartan, askapenerako aukerak emanaz gizarteari, arrisku berriak ere sortu ziren gu guztiontzat. Eta aberastasunaren gehitze izugarriarekin batera, pobreziarena ere eman zen joan berri zaigun mendean, aberastasun hori inoiz ez zelako orain bezain gaizki banatu. Gainera, pasa den mendeko bi mundu gerrak 35 milioi pertsona hil zituzten, baina hori gogorra izanik, okerragoak izan dira ekintza genozidak, zehazki eta sistematikoki eginiko plangintza bidez buruturiko populazio garbiketak. Paradoxikoak dira ere gerra modernoak, biktimak populazio zibilaren artean egiten baitituzte. Eta globalizazioan ere aurkitzen ditu argiak eta itzalak Pello Salaburuk.

DIOSALAK

ESPIRITUEN GAZTELUTIK

Thomas Brezina

DESCLÉE DE BROUWER

170 orrialde

1.601 pzta./64 lib.

9,62 euro

MUNSTRO JATORRAK, 10 URTETIK AURRERAKOENTZAT

Xabier Mendiguren Bereziartuk euskaratutako idazlan hau Thomas Brezina alemaniarrak idatzi eta Bernhard Förthek marraztutako «Nire munstro guztiak» bildumakoa da, eta irakurle gaztetxoei zuzendurik dago. Hamar urteko mutiko nahiko bakarti bat du protagonistatzat. Koldarra zela pentsatu eta bizitza nahikoa aspergarria zeraman, harik eta azken munstroak ezagutu zituen arte. Baina Luzilla, Hankatxo, Zerbi, Frankesteintxo, Boris Dardarizo, Monbo Momia eta beste munstroen lagun mina egitea lortu zuenetik, ez du aspertzeko betarik: edo barre algaraka dabil, munstro maitagarri horiei bururatzen zaizkien txantxekin, edota erabat izuturik, bere adiskideak nola salba ditzakeen ezin asmaturik. Izan ere, munstroak arrisku larrian bizi dira, bikote maltzur batek harrapatu nahi dituelako, munstro-zirko bat osatzeko asmoz.

EUSKALDUNEN INGURUGIROAN (ESPAZIOA ETA DENBORA)

Txomin Peillen

DAKIT

127 orrialde

950 pzta./ 38 lib.

5,71 euro

EUSKALDUNOK ETA ESPAZIOA ETA DENBORA

Dakit argitaletxeak plazaratu duen liburu txiki bezain mamitsu honek Txomin Peillen Karrikaburu idazle, euskaltzain eta Paue Aturriko unibertsitateko irakasle emeritu denaren «Euskaldunen ingurugiroan (espazioa eta denbora)» saiakera eskaintzen digu. Bi atal nagusitan banatu du egileak bere lana. Lehenengoan, espazioari eta denborari dagokienez euskarak duen hiztegi aberats eta oparoa aztertzen du, gure arbasoek erabiltzen zituzten kontzeptuak ere gogora ekarriz. «Adigaiak euskal pentsaeran» izenburua duen atalean, berriz, espazioaz eta denboraz euskaldun zaharrek zituzten sineste eta usteak errepasatzen ditu, jarraian olerkari, idazle eta filosofoen pentsaeran eta sinbologian nola izan diren jasoak azaltzeko. Eta horrekin guztiarekin Peillenek ateratzen dituen ondorioak, zer pentsa emateko modukoak dira...

MANTXUT MANTXUT?

Zazpiak Batman

ARGIA

64 orrialde

1.200 pezeta

48 libera

7,21 euro

HIZKUNTZA BIZIA DASTATZEKO ARIKETA DIURETIKOA

Hiztunek bere hizkuntzarekin jolas egitera ausartzen direnean hizkuntza hori bizi-bizia dagoenaren seinale nabaria dela-eta, «Mantxut Mantxut?» plazaratu dute Zazpiak Batman kolektibokoek. Webgunea eta guzti duen «Mantxut Mantxut?» hau, Asisko Urmeneta komikilaria eta Jon Alonso idazlea buru dituen Zazpiak Batman kolektiboak iaz kaleratu zuten «Mantxut?» jostagarri haren jarraipena da, alegia marrazki adierazgarriak lagun dituzten euskal esapide esanguratsuen bilduma dibertigarria. Ariketa diuretiko hau osatzeko orduan, hiru iturritik edan dute egileek: tradiziotik, esapide horiek «klasikoei kenduak» direlarik; baina lehendik ere hori egina zegoenez, kalera irten eta entzun dituzten esaldi xelebreenak ere jaso dituzte; eta azkenik, beraien «baratzekoak» sartu dituzte, alegia beraiek propio asmatutakoak.

JAKIN

Batzuen artean

JAKIN


117 orrialde

1.000 pezeta

40 libera

6,01 euro

«JAKIN»EN 2001EKO BOSGARREN ZENBAKIA KALEAN

Hiru gai nagusi jorratzen ditu «Jakin» aldizkariak bere azkenengo zenbaki honetan. Koldo Izagirrek, «Uraren bidea» deritzan lanean, Susa argitaletxearen XX. Mendeko Poesia Kaierak bildumaren hirugarren emanaldiari buruz dihardu, Lauaxeta, Bitoriano Gandiaga, Jose Angel Irigaray, Amaia Lasa, Joxe Austin Arrieta, Joxean Muñoz, Omar Nabarro, Felipe Juaristi eta Pako Aristi dituelarik hizpide. Gero, Iban Zalduak euskal kritikaren zailtasun eta ezintasunaz egindako hausnarketa dator. Eta ondoren, Xabier Erize eta Pilar Marinek Quebecen cree herriak bizi duen egoeraren inguruan egindako lana. Horiez gain, Joxerra Garzia idazleak Antonio Zavala idazle, bertso-biltzaile eta aztertzaileari egindako elkarrizketa eta Joseba Balerdi, Urtzi Urrutikoetxea, Iñaki Martinez de Luna eta Amatiñoren lanak irakur daitezke.

KOLDO MITXELENA GURE ARTEAN/ ENTRE NOSOTROS

Koldo Mitxelena

ALBERDANIA


443/ 509 orrialde

4.000 /4.000 pezeta

160 /160 libera

24,04/ 24,04 euro

MITXELENAREN IDAZLANAK, BAITA GAZTELERAZ ERE

Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzaz eta Anjel Lertxundik zuzendurik kaleratu du Alberdania argitaletxeak euskara batuaren sortzaile izan zen Koldo Mitxelena hizkuntzalari eta pentsalari handiaren idazlanen bilduma hautatu hau. Bi liburukiz osaturik dago: bata euskaraz, bestea gazteleraz, Jorge Jimenez Bech-ek egindako itzulpena bide. Nolanahi ere, irakurle euskaldunak zein gaztelera nahiago duenak bertan aurkituko dituen gogoeten artean, ez daude bakarrik Koldo Mitxelenak euskara eta euskal literaturaren inguruan egin zituenak, gizona bere osotasunean agertu nahi izan dutelako, Mitxelenak pertsona eta zientzialari bezala beste alor ezberdin askoren inguruan egin zituen hausnarketak ere jasoz. Eta Mitxelenarentzat gizakiaren kezka intelektual oro zen jakingarri, ez zegoen zientzia arloko deus hura epel utziko zuenik.

EUSKAL KARMA

Jon Alonso

SUSA


150 orrialde

1.900 pezeta

76 libera

11,42 euro



MARTETAR EUSKALDUNA ARANTZAZUN

Ironia dario Jon Alonsok Susa argitaletxearen eskutik kaleratu duen «Euskal karma» nobelari, non martetar euskaldun baten bisita jasotzen duten Euskaltzalgintza Orokorraren Batzar Nagusiko partaideek, doi-doi beraien arteko onena erretreta hartu eta Amazonia aldera bizitzera joan zaienean. Martetar horren bisitak mila bider sumatutakoa egiaztatzen du, alegia euskara dela hiperespazioan erabili ohi den hizkuntza, martetarrak euskara batua bezain ongi menperatzen baititu euskalki guztiak. Bere osasun linguistikoaz txunditurik, hizkuntza salbatuko duen bitartekoa eskatzen diote besteek, eta hark, abiapuntu gisa, literatur kanon bat edukitzea gomendatzen die. Kanon hori eduki zezakeen pertsona bakarra, ordea, Amazonian dago, eta harantz abiatzen da nobelako protagonista, hamaika abentura biziz bere ahaleginean.


Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
azala  
azala1833
 
azala1832

1834 zenbakia.
2001ko abenduaren 16a


   

Babeslea

Irizarren webgunera joan
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza