Daniel Udalaitz
Ezker Batua Euskal Autonomia Erkidegoko gobernuan sartu ondoren, bertako kontseilari Javier Madrazok hainbat adierazpen ilun antzeko eta interesatu egin ditu abiadura handiko trena (AHT) gerarazi daitekeela esanez, eta lorpen hori beraiek Eusko Jaurlaritzan sartu izanaren ordainez-edo lortu dela sinestarazi nahian; baina, besteak beste, adierazpen horiek jendea lasaitzeko baino gehiago proiektu horren aurkako jarrerak eguneratu eta areagotzeko balio izan dute. Egunez egun gehiago dira proiektu erraldoi horren eragina jasan beharko duten inguruneetan eratzen ari diren plataformak, "AHT gelditu!" lelopean, herritarren ahotsa entzunarazteko. Abenduaren 2az geroztik mobilizazio eta informazio kanpaina indartsuari ekin zaio Donostialdean eta Bidasoa inguruan, eta hilaren 15erako manifestazio bat iragarri da Arrasaten.
Madrazok adierazpen interesatu horiek eginagatik ere, kontua da AHTren proiektu erraldoiak aurrera jarraitzen duela eta ez dela gelditu, proiektua Europako legediarekin bat datorren ala ez egiaztatzeko asmoz Eusko Jaurlaritzako barne azterketa batzuen zain badago ere. Gogoratu besterik ez dago proiektua aurrera eramateko xedez Espainiako Gobernuko Sustapen Ministerioak 600 milioi pezetako (24 milioi libera, 3,60 milioi euro) kopurua esleitu duela 2002. urterako, eta Eusko Jaurlaritzak, berriz, beste 155 milioi pezeta (6,2 milioi libera, 931.568,76 euro). Proiektuak, bere osotasunean, bilioi erditik gorako aurrekontua izango luke. Besterik gabe, Irun-Pasaia-Donostialdea tartea eraikitzeko 84.000 milioi pezeta beharko lirateke, eta horietako 60.000 Behobia-Astigarraga korridore orokorrerako izango lirateke, eta beste 16.900 milioi pezeta merkantzietan espezializatutako Irun eta Pasaia arteko lotunerako.
AHT-REN AURKAKO ARRAZOIAK.
Bat baino gehiago dira abiadura handiko trenaren aurka daudenek darabiltzaten arrazoiak. Hitz gutxitan esanda, beren ustez AHTren proiektua gizartearen eta ekologiaren aurkakoa eta baliabideak xahutzearen aldekoa da, eta horrek guztiak erabat arbuiagarri bihurtzen du. Horregatik, proiektu erraldoi honen aurka dauden herri mugimenduek trenbide publikoa, segurua eta kalitatezkoa eskatzen dute, enpresa pribatuen mozkinen gainetik gizartearen onura jartzen duen kalitatezko zerbitzua ziurtatuko duena.
Joan den udaberrian Trena Defendatzeko Jardunaldiak izan ziren Guadalajaran, azkenaldiko gobernuek bultzatu nahi dituzten abiadura handiko trenbide eredu elitisten aurka dauden plataformek eta elkarteek antolaturik. Jardunaldi hauen emaitza gisa agiri bat sinatu zen AHTrekiko erabateko aurkakotasuna erakutsiz eta horretarako arrazoiak emanez. Han aditzera emandako ondorioak guztiz bat datoz AHTren Aurkako euskal Asanbladak erabiltzen dituenekin. Arrazoi horien guztien artean batzuk nabarmenduko ditugu:
3 Oso ingurumen eragin larria sortzen du. Hain abiadura handian ibiltzeko (orduko 350 km-ra iritsi daiteke) ezinbestekoa da bidea guztiz zuzena izatea, gutxienez 5.000 km-ko okerdura erradioarekin eta, gehienez, %2,5eko maldekin. Horren ondorioz, Euskal Herriko kasuan, AHTren Aurkako Asanbladak dioenaren arabera, duen orografia kontuan izanik, ezin ugariagoak izango dira egin beharko diren tunelak, lur hustuketak, eustormak eta dagozkien makroerrepideak, eta lur kopuru izugarriak mugitu beharko dira, hondakindegiak nonahi ugarituko dira, hidrologi sistemak kaltetuko dira eta lurralde emankorrak eta ekosistema baliotsuak hondatuko dira.
AHTren trazatu zabalak eta abiadura handiak behar dituen segurtasun neurriek erabateko lurralde zatiketa eragiten dute, hesi bihurtzen da eta mugak areagotzen dira, giza ingurunean eta ekosistemetan eragozpen larriak sortuz.
Gainera, Guadalajarako beste ondorio batek dioenez, abiadura handiko trenek izugarri areagotzen dute zarata maila, eta energia kontsumo neurrigabea eragiten dute, ohiko trenarena baino sei aldiz handiagoa. AHTren Aurkako Asanbladak dioenez, abian jartzen ari diren energi proiektu erraldoi eta zentzugabeek zerikusi handia dute AHTren proiektuarekin. Eta jarraitzen dute esanez, gainera, abiadura handiarekin gora egiten dutela istripu arriskuek eta horien ondorioen larritasunak. Energia (gasa, elektrizitatea) garraiatu, sortu edo bideratzeko bestelako hainbat azpiegiturarekiko hurbiltasunak ere arriskuak pilatzearen efektu sinergikoa sortzen du.
3 Lurralde arteko desorekak areagotzen dira. AHTa hiri handiak lotzeko egituraturik dagoen garraiobidea da, hegazkinekin lehian sarturik, tarteko geldialdi oso gutxirekin. Horrela landa lurrak eta hiri ertainak bazterrean utzi, inkomunikatu eta zokoratu egiten ditu, eta biztanleak inguru eta herri horietatik alde egitea eta geroz eta hiri handiago eta bakanagoetan pilatzea bultzatzen da.
AHTren Aurkako euskal Asanbladak dioenez, abiadura handiko trenak, ingurumenean izango duen eraginagatik, herri honetan ondorio kaltegarriak ekarriko ditu nekazaritzan eta landa lurretan, nekazaritzarako lur asko galduko delako, ingurune horretako bizi kalitateak okerrera egingo duelako eta, gainera, hiria-landa lurrak zatiketa areagotuko duelako. AHTren moduko azpiegiturek, udalez gaindiko interes orokorrekotzat izendaturik, egite gauzatuen bidez, udalen erabaki ahalmena menpean hartzen dute nolabaiteko aurrerapen mota baten izenean, hain zuzen ere, udalek beren ekonomia eta gizarte eredua finkatzeko aukera kontuan hartu gabe edo, are gehiago, erabat gutxietsiz eta baztertuz.
3 Kostu ekonomiko izugarria du eta gizartearentzako erabilgarritasun txikia dauka. AHTren kilometro bakoitzak, batez beste, 2.000 milioi pezetako kostua du. Horren ondorioz garraio garestia eta elitista bihurtzen da, gutxi batzuen neurrira egina, eta ez garraio kolektibo orokor gisa. Ohiko trenetarako inbertsioak bereganatzen dituen heinean, haien hobekuntza kaltetzen du eta luzarora haiek hondatu eta baztertzea eragiten du.
AHTren aurkako Batzarraren ustez, gainera, abiadura handiko trenak multinazionalen zerbitzura dauden tresnak dira, beren globalizazio prozesuan sortzen dituzten merkatu erraldoiak (Europa osoko merkatua esaterako) hornitzeko garraio azpiegiturek ere erraldoiak izan behar baitute. Horrez gain, interes eta negozio pribatuen mesedetarako, AHTk gastu publiko neurrigabea eragiten duela diote, lehentasun handiagoko gizarte premiak alde batera utzita.
3 AHTren bideak ez dira batere beharrezkoak, zeren gaur egungo trenbideen sarea hobetu eta berrituz gero 200-220 kilometro orduko abiadurak lor baitaitezke, teknologia pendularra erabiliz (Talgoa).
AHTren Aurkako Asanblada, bestalde, abiaduraren mitoaren aurka agertzen da. Diotenez, inolaz ere ez du merezi hainbesteko dirutzak xahutu eta halako ingurumen ondorio larriak eragiterik minutu batzuk irabaztearen truke, kontuan izanik, gainera, minutu horiek gutxi batzuen mesederako soilik izango direla.
Azkenik, AHTren Aurkako Asanbladaren iritziz, proiektu hau guztiz inposaturik, inolako adostasunik gabe, ezartzen ari da. Informazio gardentasun txikienik gabe bultzatu da, guztiz muzin eginez gizartearen borondateari eta udalen eta hiritarren interesei. Talde eta elkarte ugarik erakutsi dute beren desadostasuna eta proiektuaren aurkako kritika sakonak, alegazioen bidea erabiliz; zehazki esanda, 1.600 alegazio aurkeztu dira, baina guztiak ezetsiak eta baztertuak izan dira horretarako funtsezko arrazoi bat bera ere erabili gabe. Horregatik guztiagatik, Asanbladak herritarrek eta udalek erakusten duten aurkako iritziarekiko begirunea eskatzen du, eta azpiegitura honen eraginpean gertatzen diren udalen beto eskubidea aldarrikatzen dute, proiektu honetan nahiz udal interesak urratzen dituen beste edozein azpiegituretan
Nagore Legarreta
Jose Maria Arizmendiarrieta izena entzun eta Arrasateko Kooperatiba etortzen zaigu burura, bera izan baitzen Arrasateko Kooperatibaren fun- datzailea. Baina Julen Arexolaleiba irakasleak, Arizmendiarrietaren hizkuntza biografian, gogorarazten digu 1940. urte aldera arte, kristautasunarekin batera, euskarari ere eskaini zizkiola ahaleginak. Bizitzan zehar topatu zituen zailtasunen aurrean jokatu zuen moduagatik, gizon pragmatikotzat du askok. Bestalde bizi zen artean kritika ugari jasotako gizona izan zela ikusi dugu.
Giro euskaldun eta kristauarekin egin zuen topo Jose Maria Arizmendiarrietak 1915. urtean Markinako Iturbe baserrian jaio zenean; aita jeltzalea izanik kristautasuna eta abertzaletasuna gazte-gaztetatik ezagutu zituen. Jaio eta lau urtetara eskolatu zenean baserri giroz kanpo komunikatzeko beharrezkoa zuen gaztelera menperatzen ikasi zuen. Hamabi urterekin Arratia-Arteagako apaiztegira joan zen eta orduz geroztik kristautasuna izan zen Arizmendiarrieta abadeak jarraitu zuen bidea.
EUSKALZALETASUNAREN HAZIA ERNE.
Arizmendiarrieta eta inguruko apaizek XIX. mendearen bigarren erditik aurrera gauzatu zen Euskal Pizkundearen garaian izan zuten lehendabizikoz euskal literaturarekin harremana. Aldizkari euskalzaleak, Euskal Jaiak, kultur-elkarte euskalzaleak, Azkueren "Diccionario vasco-español-francés", Eusko Ikaskuntza eta Eukaltzaindia ere garai hartakoak dira. Euskal Pizkunde honek 1926 eta 1936 urteen artean suspertze bat izan zuen; Aitzol eta Lizardi bezalako idazleek, hizkuntza nazio baten oinarria zela defendatu zuten.
On Manuel Lekuona eta On Joxe Migel Barandiaran izan zituen irakasle Jose Maria Arizmendiarrietak 1931. urtean Gasteizeko apaiztegira ikastera joan zenean. Beraz, garaian bizi zuen giroak eta topatu zituen ereduek kontzientzia linguistiko sendoa piztu zuten Arizmendiarrietarengan.
EUSKALGINTZAN BURU-BELARRI.
Arizmendiarrietak inguruan giro euskalduna topatu zuen bere bizitzako lehen urteetan, hortik kanpo euskaraz egiten jarraitu nahi izanez gero euskal komunitateak sortu behar zirela pentsatu zuen. Horregatik ahalegin handia egin zuen giro euskaldun hori sortu eta euskaraz bizitzeko.
Hamasei urterekin euskaraz alfabetatzeko klaseetara joaten zen. Kontzientzia linguistikoaz gain herriarengana hurbiltzeko beharrezkotzat jotzen zuelako egiten zuen On Jose Maria Arizmendiarrietak euskararen alde. Helburu honi lotuta markinarrak eta beste lau apaizek "Kardaberaz Bazkuna" sortu zuten, "apaiz garaian erritarrai kristoren irakatsiak ganoraz azaldu ta irakasteko euskera ikasi ta al-ba-da bestiei irakatsi" esanez azaldu zituen bazkun horren helburuak. Euskararen alde lanean jartzerako orduan Larramendi, Aitzol eta batez ere Kardaberaz hartu zituzten eredutzat. 1934. urtean kardaberaztarrek "Aurrera Beti" agerkaria sortu zuten eta Arizmendiarrieta izendatu zuten bertako zuzendaria.
On Jose Mariak euskara zabaldu eta euskal kulturan sakondu nahi zuen, horregatik "Jakintza-Gayak" direlakoak landu zituen. Filosofia, literatura, geologia, fisika, biologia, antropologia, soziologia, etnologia bezalako gaietarako euskarazko testuak sortu nahi izan zituen. Bestalde oporraldietan baserriz-baserri joaten zen euskal ipuin, musika, kanta eta euskal etnografiarekin zer ikusia zuena jasotzeko asmoarekin eta ondare hauen jabeei ulertarazi nahi izaten zien zeukaten altxorraz harro egon behar zutela.
GERRA ZIBILA ETA ONDORENGOAK.
Gerra Zibila hasi zenean Arizmendiarrieta apaizgai izateari utzi eta Eusko Jeltzaleen euskara hutsezko "Eguna" aldizkarian kazetari lanetan hasi zen. Euskara hutsezko lehenengo egunkaria zen eta euskara gizarte harremanetarako eta komunikabideetarako tresna egokia izan zitekeela frogatzea zuen helburua. Egunkariak iraun zituen sei hilabeteetan Arizmendiarrietak kristautasuna, antifaxismoa, askatasuna eta gai sozialei buruzko artikuluak idatzi zituen.
Frankistak Bilbon sartu zirenean ihes egitea lortu bazuen ere, handik denbora gutxira atxilotu egin zuten. Kazetaritzako bere adiskideek heriotz zigorra jaso zuten bitartean, berak egunkarira atxikita zegoela esan beharrean koartelera atxikita zegoela esan zuenez indultatua atera zen. 1939an Gasteizen bukatu zituen Teologia ikasketak eta Belgikara joateko asmoarekin zebilela, 1941. urtean Arrasatera apaiz lagunkide joateko eskatu zioten.
Hankaz gora aurkitu zuen Arizmendiarrietak Arrasate, 8.000 biztanleko herria 3.000 biztanlerekin topatu zuen. Euskararen egoera ere hala modukoa zen: euskaraz egitea debekatua zegoen eta norberaren etxea zen euskarak zuen eremu bakarra. Egoera honetan euskararen bukaera iritsi zela pentsatu zuen eta beste bide bati ekin zion, herria indartzea eta miseriatik ateratzea zen egin beharrekoa. Harrigarria da bere bizitzaren ardatza izan zen euskalzaletasuna alde batera utzi eta lanari, langile kontzientzia pizteari eta kooperatiben munduari nola eutsi zion ikustea.
GAZTELERA AHOAN.
Arrasaten bizitza gazteleraz egiten zuen On Jose Maria Arizmendiarrietak. Euskara etxekoekin eta gerra aurreko lagunekin izaten zituen harremanetarako uzten zuen. Kooperatiben inguruan egin zuen lan guztian ere euskara alde batera utzi zuen: gerora kooperatibako zuzendariak izango ziren zortzi gazteen formazioaz arduratu zen, liburutegi eta irratia sortu zituen, «Aleluya» aldizkaria... dena gazteleraz egin zuen. Gizon publikoa zela eta begi asko izaten zituen jarraika eta, euskalzaletasunaren inguruko jarrera garbirik agertzen ez zuenez, kritikak jaso zituen bai alde batetik zein bestetik.
Hainbeste presiok eta Francoren heriotza hurbil ikusteak eragina izan zuten On Jose Maria Arizmendiarrietarengan. Euskararen aldeko giroa sendotzen zihoan heinean euskararengana hurbiltzen hasi zen: Lankide Aurrezkiaren bidez diru laguntzak eman zituen, Kooperatiba batzuetako izenak eta estatutuak euskaratu zituen, euskaraz artikulu batzuk idatzi zituen, besteak beste. 1976. urtean hil aurretik idatzi zituen azken hitzak euskaraz idatzi zituen: «Iñor ez iñoren otsein, ez jaun, izan dadn denok denontzako suilletan, eginkizunetan, jokabide barriak onartu bear ditugu. Auxe izango da gure alkartasun gizatsua eta aurrepidetsua-gure erria erriaren indarrez jaso dezakeena»
Pilar Iparragirre
Paseak ziren, dirudienez, intxaurrak neska-mutikoen jostailu ia bakar ziren garaiak. 1971ko Eguberrien atarian, ZERUKO ARGIAk ere bazekien janari-edariak, etxebizitzak eta abar oso garesti egon arren, bere irakurleen gehiena etxeko txikienei zer edo zer oparitzekotan zebilela. Horregatik eskaintzen zion bere lehen orrialdea jostailuaren gaiari. Eta "Aurrari zer jostailu eman?" galdetzen zion Errialdek bere buruari. Dena den, horren erantzuna ere bazuen, horregatik. "Galdera zorrotza. Zorrotza bezain beharrezkoa. Eguberri. Urteberri. Errege eguna. Noizpait behar eta jostailuen garaia! Inoiz ez da saltzen ainbeste jostailu. Urte osoan saltzen den % 80 jostailu, urte aro onetan saltzen da. Denok dakizkigun arrazoiengatik -konsumo gizartea dela kausa- jostailu-erosketa orduan ez dugu gurasook zuzen jokatzen. Noren kaltetan? Aurraren kaltetan".
EROSI AURRETIK, HAUSNARKETA
Guraso bakar batek ere ez ziola bere umeei apropos gaitzik egin nahi emanda, ezer erosten hasi aurretik, honoko galdera hauei erantzutea proposatzen zien Errialdek:
"Jostailu au bai, ori ez, zergatik erosi dut? Zer komeni zaio aurrari? Aurraren onari baino gehiago ez ote nago neure gustoari begira? Jostailu onetaz baliatzeko eta txukun gordetzeko, aurra konpon ote liteke? Jostailuaren beharrik bai ote du nere umeak? Jostailutan onenbeste txanpon botatzea, gisa ote da?".
Izan ere, Errialderen aburuz, gurasoek ez ei zuten jostailu kontuetan oso zentzuz jokatzen. Arrazoiak? Izan, baziren. Hauexek, adibidez:
"Bada zenbait, gehienetan etxetik kanpo bizi direlako eta diruz ondotxo dabiltzalako, beren aurrei jostailu gehiegi ematen dionik. Profesio aldetik pozik bizi denari, au sarri askotan gertatzen zaio: agian aurtzaroan ez zuen jostailu gehiegi eduki, eta orain, frustazio artaz oroiturik, frustazio ori berori aurrak zer-nahi jostailuz inguraturik eta beterik, ase nahi du. Bere aurtzaro triste ura berritu nahi luke, oroitzapenaren tristura momentu alaiez eta zoriontsuez ezabatuz. Bada, aurrei jostailuak emateko orduaren zai dagoenik ere. Ordu orren zai daude... aurraren begitarte pozkariozkoa ikusi nahi dute, eta orretxek eraginik erosiko dituzte jostailuak. Aurraren onari ez baina momentu artan sentituko duten pozari daude".
UTIKAN ARDURAGABEAK!
Adi, beraz, horrelako gurasoak. Gainera, Errialdek zioenez, "jostailu gehiegi kaltegarri da". Haur gutxik onartuko zion axioma hori bota eta gero, beste gogoeta hau luzatzen zien ordurako erabat kezkati behar zuten guraso-erosleei: "Aurraren Gabonak eta opariak eskutik datoz, eta Errialdek jostailuen haritik hausnarketa bat luzatzen zien gurasoei urte amaierako ale hartan:Haurrari zer jostailu eman?
Haurra nolakoa, jostailua halakoa
behar bati erantzun, ori da jostailuen egitekoa eta elburua. Aurraren behar natural bati erantzuten zaiolarik, aurrari azten laguntzen zaio. Demagun jostailuz inguraturik dagoen aur bat. Zaletasuna galdu du, ez da ezertaz arritzen, ez zaio ikasteko gogorik sortzen. Kaltegarri zaizkio, beraz".
Are gehiago. "Jostailua jostailu delako bakarrak ez du aurra zoriontsu egingo. Gustokoak eta egokiak zaizkiolako bai ordea".
Jostailuren bat edo beste onartzeko prest zegoela, antza. Baina "nolako jostailuak?" galdetzen zuen gero. Eta erantzunak bazituen, ez pentsa: "Urte batekoari", kasu, "animalia iledunak" oparitu behar zitzaizkion. Zergatik? Hona arrazoia: "Oraintsu arte gomazkoak bezala, orain iledunak maite ditu. Ez eman burniazko eskeletoa duen jostailurik, are gutxiago erdoitzen denik. Lehenbiziko panpiña edo anderea eskuartean artzeko garaia etorri zaio. Oihalezkoa, ahal delarik".
Urte eta erdikoa izanik, berriz, "abilidade eta maiña piska bat artzen asi zaigu aurra" eta "zuloan sartzeko txotxak, giltzaz irekitzen diren kutxatilak: ari eta oni gauzak lotzeko eta eransteko garaia etorri zaio. Kamioi aundi bat ere egoki etor lekioke. Osorik egon dadila kamioia eta ez puskabanatuta, eta ahal dela material biguñez egina. Orri bakoitz, marrazki edo dibujo bat duen liburuxka edo ipuia ere gustatuko zaio. Soka bati lotu, eta eraginerazi diezaiokeen jostailua ere, berdin".
Bi urtekoen txanda. "Balantzaka ibili ohi diren animaliak ditu maiteenik. Animalia aundi badira, obe, gainera igo baititeke. Ezi-jostailu errazenen garaia da. Besterik gabe zulotan sar ditezkeen txotxak eta puskak, mailu txikiz sar daitezkeenak... eta orrelakoxeak".
Ondoren, "iru urtetik zazpitara gabe denari" oparitu beharrekoak. "Sikologoek iru zatitan banatzen dute aro au. Iru-lau urte dituen aurrari, jostailuak bereak direla, ez beste inorenak iruditzen zaio. Jostailuen nagusi dela konturatzen da, eta ez dizkio inori utziko. Den-denak ezkutatzen, erabiltzen eta ukitzen ditu". Lau-bost urte bete dituenean, ordea, "batetik bestera mugitzeko premia senti du. Lagungoa maite du, besteez arremanetan artzea: itzeginaz, marrazki-dibujoak eginaz, idatziaz, irakurriaz. Ahal dudarik besteak imita". Eta sei-zazpi urtekoentzat "ibiltzen, korri egiten, igotzen, pedalei eragiten lagunduko diotenak" gomendatzen zituen. Zazpi urtetik aurrerakoentzat ere bazituen aukeratuak, baina guri ez zaizkigu kabitzen. Hala ere, esanak esan, bukaeran honoko gomendioa ematen zuen.
"Zerbait erosi baino lehen gurasoek gauza bat egin behar dute: zeri elduko dioten ondo pentsatu. Eta ori dena, gainera, seme-alabei erosi dien jostailua errita-bide gerta ez dakien! Entzutekoak entzuten baitira eta ikustekoak ikusten: Puskatu egingo duzula! Ai ama, puskatu egin duzu! Zaude geldi, ume mukizu! Ixo! Au da otsa eta abarrotsa! Jainko maitea... ume purtzilok! Eta aurrak: Ortarako ez eta zertarako ekarri dizkidazue bada?"
Nagore Irazustabarrena
Espainiako errege Juan Carlos Iak, iazko maiatzean, 2000ko Cervantes sariak banatzeko ekitaldiko diskurtsoan, gaztelera ez dela inoiz inposaketa hizkuntza izan esan zuen. Inguru hauetan erregearen esaldiak tripak nahastu zizkion gehiengoari. Sanzen gobernuaren hizkuntza politika gogoan izatea besterik ez dago erregeak botatako zentzugabekeria agerian uzteko. Baina bereziki mindurik sentitu zirenak Francoren garaiak bizi behar izan zituztenak izan ziren. Ez ziren isilik geratu eta haien testigantzak Sabino Arana Fundaziora ere iritsi ziren. Orduan, aurtengoa Hizkuntzen Urte Europarra dela-eta antolatutako ekintzen artean, euskarak jasandako eraso eta zapalkuntzaren inguruko erakusketa antolatzea erabaki zuten. Urtarrilaren 6a bitarte zabalik izango den erakusketari izen aski esanguratsua ipini diote gainera: «Habla en cristiano». Bertan euskararen aurkako dokumentazio idatzia eta aurikularren bidez entzun daitekeen hainbat ahozko testigantza jaso dute. Bilboko Foru Agiritegiko aretora sartzen denak, ordea, berehala ikusiko du ez dela paper bilketa hutsa egin. Antolatzaileek ederki asmatu dute dokumentuak girotzeko orduan.
Erakusketaren gune nagusira sartu eta berehala elizan dagoela ikusiko du bisitariak. Eta zehazki Gerra Zibil garaiko eliza dela konturatuko da 1937ko abenduaren 17an Gipuzkoako Ordena Publikoko delegatuak Guardia Zibilaren Komandantziaren buruari igorritako agindua irakurtzen duenean: «Ruego a V. se sirva ordenar a las fuerzas a sus ordenes que no toleren al clero de esta provincia el empleo de otro idioma que no sea el español en las platicas y sermones que dirijan a sus feligreses, denunciando a mi Autoridad las infracciones que se observen».
Elizaren ondoan, nola ez, hilerria topatu dugu. Hildakoak ere bakean uzten ez zituztela, honako testua lekuko: «Se requiere a los familiares y propietarios de las tumbas o panteones donde figuran inscripciones en vascuence para que sean retiradas las losas y sustituidas las citadas inscripciones por otras en castellano». Gernika-Lumoko biztanleei egin zitzaien «eskakizun» hau 1949ko azaroan.
Herrixka berezi honetan, tren geltokia hilerriaren ondoan dago, eta bertan jakin dugu Ramon Pagolaren berri. Urolako treneko zuzendaria zen bera, harik eta 1938ko udazkenean, tren txartelak euskarazko testua zutelako, bere kargutik bota zuten arte.
Iritsi gara herriko plazara. Balkoitik zintzilik bandera espainol frankista dago, distiratsu. Fatxadan, aldiz, falangearen ikur geziduna eta horren azpian 1936ko abenduaren Gipuzkoako gobernadorearen agindua: «Se advierte a todos los guipuzcoanos que en un plazo de 48 horas han de suprimirse de los rótulos, carteles o anuncios de k, tx, b etc. con que han violado los nacionalistas el glorioso idioma español, bajo la multa de 500 pesetas por primera sanción».
Ea eskolan uzten diguten euskaraz egiten... bai zera! Eraztun famatuarekin egin dugu topo han: «Que no permita que los niños hablen dentro ni fuera dela escuela otro idioma que el castellano y entregue el anillo para que vaya circulando entre ellos en las faltas en las que incurrieran; y al último que llevare el tal anillo a la escuela le aplique la pena de azotes». Gregorio de Landaribar irakasleari Elgoibarko Udalak eginiko kontratuaren 2. klausula genuen hau. Frankisten kontuak, pentsatuko du batek baino gehiagok. Baina ez bakarrik frankistenak, dagoeneko 1900. urtean Martinez irakasleari gaztelera bakarrik erabiltzea («por ser el único que nos conviene») eskatu baitzioten Iturengo eskolan.
Eskolatik tunel beltzera goaz. Bertan argiune batzuk badaude, urte ilunetan argitaratutako euskarazko aldizkari, liburu eta diskoak agerian uzten dituztenak. Tunel beltza pasa eta oraina eta etorkizuna ditugu parez pare. Erakusketaren azken gelan euskarazko web orriak eta bideo muntaiak ikus baitaitezke, etorkizuneko itxaropenaz iraganeko mamuak uxatzeko nahian-edo. Erakusketan ikusitakoak aurrerantzean erakusketa pieza besterik izan ez daitezen
Erlantz Urtasun
Carlos Sola Ayape egileak sinaturiko "Abasto de pan y política alimentaria de Pamplona (siglos XVI-XX)» liburuan hainbat datu erakargarri plazaratzen da. Iruñeko Udalak mende luze horietan janaria, elikaduraren inguruan buruturiko politika, aztertzen da bertan, zehazki hirian banatzen, apika partitzen zen ogiaz, alegia.
Testuan adierazten denez, oraindik ere XX. mendea aspaldi hasia zelarik Iruñeko Udalak biztanleriak behar zuen ogiaren salmenta "prezio politikoetan" ziurtatu zuen, gosea gehiago hedatuz gero eztanda eginen zuen matxinada herrikoia ekiditeko asmoz, "hiriko lasaitasun publikoa bermatzeko".
Eta ez harritu, zeren eta tesiaren lehendabiziko lerroan irakurtzen ahal den hausnarketa sakona ahuntzaren gauerdiko eztula ez baita: "Mende luzez udala eta ogi banaketa bereizi ezinean elkartu ziren Iruñean". Bertze lerroalde batean ondorioztatzen denez, "bertze era baterat erran dezagun, Iruñeko Udal boterea bertako lagunen elikatzeko sinbolo eta zaindaria zen, ardatz bat bere historian, egin dugun lan honen zergatia, arrazointzen duena, doike".
Hiru zatitan banaturik, lehenak ogi banaketa zertan gauzatzen zen azaltzen du, nola finkatu, garatu edota babesten zen. Hor zegoen "Vínculo" erakundearen aurkezpena, Udalak ogiaren gainean ohi zuen monopolioa irudikatzen zuena, helburua baino tresna, bakea zela medio: Udalaren esku sartze zuzena azoka askeak eragiten zituen gorabeherak gozatzeko.
Bigarren atalean martxan jarririko makinaren, sistemaren funtzionamenduaren nondik norakoak islatzen dira "Vínculo" erakundearen inguruan: gari biltegia, ogi ekoizlea eta saltokia. Laburbil dezagun, "Udal ogiaren ekoizpena". Ogia, baina, ez zen eredu bakarrekoa. Koloreak, zaporeak eta zenbatekoak eztabaidagai, aberatsek zuria eta garestia erosten ahal zuten neurrian, txiroendako beltza eta merkea baitzegoen zain. XIX. mendean, halere, eta garabide luzearen ondorioz, hau guzia partikularren eskuetan gelditu zen hein handi batean, interes anitzek (ekoizleek, uzta biltzaileek) "diru gutien zuten lagunen kalterako" egoera desorekaraziz.
Hondarrean, hirugarren atalean mendetako planteamenduaren oinarri tekniko zein etikoek pairaturiko amaiera bizkorrak egilearen itaundegiari ihardetsi egiten dio, konpetitibitatea, plangintza edota berrikuntza moduko gaiak agerian gelditzeko, eszenatokiaren egoera ekonomikoaren azterketa sakona ere ezin falta.
Iruñeko "Vínculo" (1527-1933).
"Vínculo" izeneko erakunde-eraikuntza horren bitartez nafar hiriburuan arrotza ez zen gabezia eta gosearen ondorio latzak, teorian, leuntzen saiatu zen. 1527ko irailaren 2an jaio zen, azken urteotan (konkista oroitaraz dezagun) gose ikaragarria jasaten zelakoan. Oraindik 1766ko amaieran garai garratz horien berria jaso zen: "gosete handiak, behar ezagunak, gerrak eta gari eskasia, eguraldi negargarria, bizilagunen kexa tristean".
Erran bezala, 1527an 10.000 libra sendo, 32.000 erreal bideratu zen ogi banaketa merkea errazteko. 1861ean idatzi zenez, "diru hori ogiaren gaineko betebehar horri loturik gelditu zen betiko. Hain zuzen ere, hortik datorkio izena, lotura (vínculo), ezen ardura horrezaz banantzea arras debekaturik baitzegoen". Beranduago, logikoa denez, behin baino gehiagotan kudeatu ziren diru kopuru handiagoak, arazorik izan ez zedin. "Vínculo"ri zegokion diruarekin, dena den, udalak berak ere abaguneko interesei atxikiriko mogimenduak egin zituen, 1783an kasu, urte hartan "Vínculo"ko 36.000 erreal "Banco Nacional de San Carlos" erakundeko akzio batzuk erosteko desbideratu baitziren, dirua "Vínculo"koa izatetik Udal sosa izaterat igaroz.
Europan nahikoa arrunta izan zen erakunde mota hori, bertzalde, arau idatziz apaindu zen. Hasieran lau arduradun izan zituen, laster bi izateko. Dirua kutxa batean gorde eta hura irekitzeko erabili beharreko giltzak bortz lagunen artean banatzen ziren, inork lapur ez zezan. Zigorrak, edonola ere, aurreikusten ziren, ordainduriko isunen bitartez "Vínculo" aberasteko. Bi liburuetan idatziriko kontuak urtero berpasatzen ziren, zenbait lekukok abuztuaren batean egoera orokorrean akatsik ez zela ziurtatuz. Behar izanez gero, azkenik, gose alarma gorrian erakundea Iruñerrian zen gariaren jabe bihurtzen ahal zen, gosearen aurkako erabaki zorrotzei arraposteko asmoz ogia egiteko ezinbertzekoa zen osagaia bereganatuz.
1665ean erret dekretu batek "Vínculo" sendotu zuen, gutienez 1604tik eskatzen ari zena, alegia. Horri esker, 1665eko irailaren 17an "Vínculo"ko lehendabiziko "Junta" egituratu zen, horren partaideak honako hauek ziren: Pedro Bertiz, Miguel Balanza, Miguel Iribas, Juan San Martin eta Pedro Loperena. Alta, gakoa zen Udalaren borondatearen gainetik zegoen espainiar errege ordeak bizi ohi zituen diru premiek "Vínculo"n zuten eragina ahalik eta gehien ahultzea. Horrek azaltzen du, beharbada, 1862an Pablo Ilarregik salatzen zuena: "1527 eta 1665 artean, "Vínculo"k dirua irabazi ordez, eta dirua nahitaez irabazi behar zuen, zilarrezko 47.000 dukadoko zorra zuen". Zorrak zor urte batzuk lehenago (1833an) bestelako kexua zuen Iruñeko Udalak: "Okin horiek ez dute deus ukatzen haien buruak aberasteko bidean. Zein nahasketak ogi-irinekin! Zein gehiegikeriak pisuekin, ongi zelatatu arren! Zer nolako prezio igoerak garia pixka bat garestitzen bada! Hamaika aldiz ohartu gara honetaz, udalak, hiriak, "Vínculo"ko Juntak okinei berea egiten utzi diegun bakoitzean".
1915. urtean, "Vínculo" eraikuntzako sarrera liburuan norbaitek idatzi zuelarik: "XV. mendetik idatzi den olerkirik onena "Vínculo" da. Bakea eta zintzotasun betea osatzen duen ohitura eta lan ezin hobea baita. Ene irudiz, uste baino hagitzez lehenago sorrarazi zen. Zeruko Maisuak eraiki zuen ondorengoa erraitean: "elkar maita ezazue".
II. Errepublikaren garaian, 1933ko martxoaren 20an Iruñeko Udalak "Vínculo" itxi zuen, bertan zegoena saldu, okindegia alokatu eta gelak erabilera anitzeko udal biltegi bihurtuz. Udalak, haatik, ogiaren prezioa zertan zen menperatzen jarraitu zuen
Ainara Gurrutxaga
Zenbateraino gara sortzez ezberdinak gizakiak? Bizitako egoerek zein neurritan baldintzatzen dute gure jokaera? Galdera hauen haritik tiraka egoera arras ezberdinak bizi izan dituzten bi pertsonaia aurkezten dizkigu Traspasos talde arabarrak bere azken lanean. «Bata» aktore ospetsua da, noizbait bere arima famaren hatzaparretan amiltzen utzi zuen gizona. «Bestea», aldiz, filma guztietan ahotsa bikoiztu dion gizon anodinoa. Bien arteko tirabirek hainbat egoera komiko sortuko dute, pertsonaia bakoitzaren atzean dagoen drama ezkutatu gabe.
Bizitzari buruzko prisma ezberdinak dituzten bi pertsonaia hauen arteko istorioa Adolfo Fernández aktorearen burutazioa izan zen. Burt Lancaster-en edo Charlton Heston-en ahotsak gaztelerara bikoizten dituen Claudio Rodriguezekin lan egitea egokitu zitzaionean sortu zitzaion ideia bilbotarrari.
Aspalditik Madrilen bizi den Jaime Romo idazle bilbotarra arduratu da istorio guztia elkarrizketen bidez eraikitzeaz. Hasierako ideiatik abiatuta, idatzitako testua erdira murriztu behar izan dute eszenaratu ahal izateko. Zuzendariaren ustez testuaren autorearekin elkarlanean jarduteak onura asko ekarri dizkio azken fruituari: «Oso interesgarria iruditzen zait bizirik dauden autoreekin lan egitea. Hala, euren lanaren gainean eztabaidatu dezakezu, gauzak aldatu eta akordioetara irits zaitezke. Gainera horrela autoreak eta zuzendariak testuak egiten ikasten dute. Arlo honetan dagoen eskasia ikusita ezinbestekoa iruditzen zait sormen hori garatzea».
«El uno y el otro» istorio unibertsala da, edonori munduko edozein txokotan gerta dakiokeena, alegia. Horregatik «bata» eta «bestea» izena dute bi pertsonaiek, ez dute izen propiorik. Antzezlan gehienetan bezala honetan ere pertsonaia bakoitzak hasieran bere xedea du, bere ideia, eta gogor borrokatzen du harengatik. Antzezkizunak aurrera egin ahala, ordea, bi protagonisten arteko kinkek egoera berriak eragiten dituzte. Hasieran urruna zena gertuko bilakatuz doa eta poliki-poliki bi gizonen artean laguntasun hunkigarria sortuko da.
Egia abiaburu.
Traspasosen azken lana luxuzko hotel batean kokatuta dago. Alkohola eta kokaina dira bertan gaua pasako duen aktore ezagunarentzat adiskide bakarrak. Urteko aktore onena izateagatik omenduko dute gau horretan baina bere karreraren azken arnasa bizi duen aktoreak bertara ez azaltzea erabaki du, hurrengo egunean jende guztiaren ahotan egoteko modurik egokiena horixe delakoan.
Traspasosekoen aburuz oholtza gainean marrazten diren pertsonaiak, hein batean, errealitatearen isla dira. «Handikerien mundu hori nik nahiko gertutik ezagutzen dut», dio Adolfo Fernandezek, besteen artean Pedro Almodovarren «Hablé con ella» filman parte hartu berri duen aktoreak. «Badira nire inguruko aktore batzuk euren burua filosofo, arkitekto edo biologo handiekin parekatzen dutenak. Niretzat aktorea simulazioaren artea ezagutzen duen pertsona da, besterik ez».
Tanttakaren «El Florido Pensil»ekin 850 emanaldi inguru egin dituen Rafael Martin Morante madrildarra da «bestea»ren larrutan sartzen dena. Aktore izatea lortu ez eta bizitza guztia bikoizketa gela batean sartuta egon den gizon arrunta da. Bera da gau horretan «bata»ren omenaldia aurkeztuko duen pertsona. Ahotsik gabeko izarrari esker, izarrik gabeko ahotsak itzaletik argipera jauzi egiteko aukera izango du, komunikabide guztien mira bilakatuko baita instant batez. «æBesteaÆk æbataÆren bizitza amestu izan du bere bizi guztian zehar. æBataÆk laztandu dituen emakumeak musukatu ditu, filmetan bizitako abenturetako protagonista izan da... nolabaiteko eskizofrenia zoragarri horretan murgilduta bizi izan da».
«El uno y el otro» sentimenduetan barna eginiko bidaia bat da. Jose Ibarrolak diseinatutako eszenategi hotzean bi izaeren arteko sugarrek ematen diote beroa eszenari. Emozioen karrusel honetan, beraz, Traspasosek egiazkotasunean jarri behar izan ditu indar guztiak. Sinesgarritasunaren ertz finean mugitzen dira, beraz, bi aktoreak ikuskizun guztian zehar. Eta Alfonso Fernandezen aburuz egiaren bidez soilik defenda daiteke muntaia hau: «Pertsonaia bere egia guztiarekin irteten ez bada kontatzen ari garena zerbait ridikulua bilaka daiteke. Aktoreontzat horrela lan egitea nekagarria bezain kilikagarria da».
«El uno y el otro» denbora errealean jazotzen den istorio bat da, ez du etenik. Errealismo handiagoa lortu nahian aktoreek ez dute oinarrizko makilajerik ere erabiltzen: «Aktoreak batzutan ez dira orraztu ere egiten. Hau guztia oso interesgarria zait, azken finean oholtza gainean dauden horiek bi gizaki baitira. Antzerkia artifiziorik gabe egin behar dela uste dut», dio Mikel Gomezek.
Identifikazioaren bidetik.
Hasieran zuri edo beltz zirudien guztia gris aukera zabalean bilakatzen da ikuskizunak aurrera egin ahala. Ikuslea hasieratik pertsonaia batekin identifikatzen bada ere gertaeren poderioz bigarren pertsonaiaren hainbat ezaugarri ere gertuko zaiola konturatzen da. Mikel Gomezek zera dio: «Niretzat antzerkia elementu sozial bat da. Antzerkiak, eta batez ere identifikatzera bultzatzen zaituen ikuskizun mota honek, ikuslea emankizunaren parte aktibo bilakatzen du. Gure helburua da, beraz, ikuslea ohartzea hasieran antagonikotzat zuen pertsonaia hori ez duela hain urrunekoa eta finean, pittin bat ezagututa, uste baino gauza gehiago izan ditzaketela komunean».
Adolfo Fernandez aktoreak ere garbi du antzerkiak ikuslearengan nolabaiteko eragina izan behar duela: «Ramon Irigoien poeta nafarrak esan zuen moduan, poema bat ez bada kaskezurrean emandako harrikada bat, poema hutsala da. Nire ustez oso garrantzitsua da kaskezurretan harrikadak etengabe ematea, publikoaren erraiak eta arima mugiaraztea». Mezu garbiarekin datorkigu, beraz, talde arabarra: bizitza, askatasuna, errespetua eta elkarrizketa defendatu beharreko lau printzipio nagusiak direla.
Aurreko lanetan egin duen moduan Traspasosek elkarlanaren aldeko apustua egin du azken lan honetan ere. Kasu honetan Madrilgo zine ekoizle den K Audiovisualekin banatu dute «El uno y el otro»ren produkzio lana. Garrantzitsua omen da sektore ezberdinek antzerkia babestea eta honetan sinestea. Traspasosekoek mestizaiaren aldeko aldarria egin nahi dute. Egungo egoeran sektore ezberdinen inplikazioak antzerkia zabaltzeko eta laguntzeko balio baitu, euren aburuz.
Aurrerantzean eskainiko dituzten emanaldiak zehazteke badaude ere «Pepe el Romano»rekin izandako arrakasta errepikatzea espero dute taldekideek. Espainian zehar bira egitea ere aurreikusita dago