- Richard Irazusta, ABko bozeramaileak «Egunkarian»: «Berez, ETAren mezua, su-etena hautsiz geroztik, abertzaleen arteko batasunari dion atxikimendua baieztazea da, batasun hori nola gauzatu behar den eta noraino joan behar duen diktatuz. Metodo hori jusfikaezina da. Abertzaleen arteko batasunaren printzipioa bera, Euskal Herriaren eraikuntzak hainbertze behar duena, hauxe da: inor ere ez bortxatzea nahi duena baino urrunago edo berea ez den erritmoan joatera».
- Alberto Catalan, UPNko idazkari nagusiak «Gara»n: «Autodeterminazioa dela eta, gu ez gara Konstituzioa norabide horretan aldatzearen aldeko, edozein eratan, begi-bistakoa da Senatuak eta Kongresuak nahiko balute hori egiteko arazorik ez legokeela. Jakina, eta begi-bistakoa da, gaur egun ez da halakorik gertatzeko inongo aukerarik».
- Nicolas Redondo Terreros, PSE-EEko idazkari nagusiak ćAvuiĆ egunkarian: «EAJ ez dabil kontsentsuen bila, bere tesi nazionalista inposatzen baizik, eta niri nazka ematen dit nazionalismoaren usaina duen edozerk».
Ramon Zallo EHUko irakasleak «Euskal Herritarren herria. Ermuko gertaeretatik Ibarretxeren bigarren agintaldira» liburua egin du bost urtetan euskal gizartean izandako gertaera politikoei buruz hausnarketa eginez.
Julen Gimon Alianza Popularreko (PPren aurretikoa) idazkari nagusi izan zena zendu zen hilaren 9an. Gimon Ajuria Eneko Itunaren sinatzaileetakoa izan zen 1988an. 1989an idazkaritza nagusia utzi eta magistratu lanetan hasi zen GasteizkoLurralde Auzitegian.
Maria San Gil Donostiako alkateordeak Mikel Gotzon udaltzainburuari espedientea ireki nahi dio Batasunako bulegoko balkoitik zintzilik dagoen «Euskal presoak Euskal Herrira» dioen afitxa kentzeko agindua eman ziolako eta honek bete ez zuelako. Odon Elorza alkatea Donostiatik aldentzen den bakoitzean antzerako ekimenak gauzatzen ditu PPko buruzagi donostiarrak.
Jakoba Errekondo
Landarezale berexientzako moduko lanetaz idatzi dut azkenaldian baina udazkeneko gau luzeenen garai honetan ezin ditugu deskuidatu udaberrira begirako ohiko lanak. Lurra prantatzea izango da garrantzitsuena. Konturatzerako Eguberrietako txoroaldiaren sasian sartuko gara eta eguna gauari minutuak lapurtzen hasten denean babak, ilarrak, tipulak eta abar erein eta landatzeko sailak pronto izan behar ditugu. Lurra simaurtu eta buztintsua bada karetuz gero geroko lanen erdia baino gehiago aurreratua izango dugu.
Baratxuria edo berakatza ereiteko, hobeto esanda landatzeko sasoia da orria erortze eta garia ereite garai hau. Ezki eta astigarren horiari, zumar, intxaurrondo, pago eta sagarrondoen laranjari, likidanbar, zuhandor, gereziondo eta udareondoen gorriari baba darizula so konturatzerako alde egin badizu azaroak, abendua eta eguraldiak lagunduz gero urtarrila ere ez da beranduegi baratzuri begiak lurreratzeko. Lan hau marrubidi edo mailukitegia txukundu eta berritzearekin batera egiten dela ez ahaztu.
Eguberri txoroak aipatu ditut lehen. Ohikoak dira urte garai honetan azalea eta pazko lorearen emana. Kontuz erosterakoan. Txoro-punttu gorenean zaudenean behintzat ez erosi. Batetik zein bestetik lore deigarriak erdi itxirik dituena aukeratu eta berotik urrun eduki. Luzeago elkar gozatuko zarete
Jabier Agirre
Aurreko ale batean iragarri bezala (ikus ARGIA, 1823. zenbakia), duela hilabete SEMFYC elkarteak, alegia Familia eta Komunitate Medikuntzako Espainiako Elkarteak, Donostian XXI. Kongresua antolatu zuen. Eta nota onarekin gainera, antolatu ere. Aurrez egindako aurreikuspen guztiak gaindituz, azaroaren 15, 16 eta 17an 4.500 biltzarkide agertu ziren Kursaaleko Jauregira, hainbat taldetan gai ezberdinak jorratzera.
Tamaina horretako biltzar batek ezinbestean sortzen dituen jende-pilaketak eroso gaindituz, eta aurrez prestatutako egitarauari zintzo eutsiz, Donostiako talde antolatzaileak bere gaitasuna eta gauzak egoki eta ongi egiteko ahalmena erakutsi zuen, maila zientifikoari bezala, baita bertara hurbildu ziren biltzarkideen erosotasunari ere begiratuz.
Eduki zientifikoari erreparatzen badiogu, eta kontsultaren antolamenduaren inguruan prestatutako atalean, Andoaingo Osasun Zentroko medikua den Juanjo Bilbao adiskideak dioenez, "esan daiteke etxekoak ongi edo oso ongi egon zirela, eta Donostiak ondotxo erakutsi duela horrelako batzarrak aurrera eramateko duen prestutasuna". Mahai horretan era guztietako ikuspegiek eduki zuten bere lekua: hasi "10 minutuko Plataforma" izenarekin ezagutzen direnak, kontsultan gaixoari atentzioa eman ahal izateko gutxieneko denbora hori eskatzen dutelako, eta klausurako hitzaldian beren protesta erakutsi zutenetaraino, indarrean dagoen dekretuaren eraginez mediku interinoak finko bihurtzen baititu, Familia eta Komunitateko Medikuntzan espezialista direnen eskubideak zapuztu eta gutxituz
UDALBILTZAREN BATZAR NAZIONALA MIARRITZEN
EZKER ABERTZALEAK kudeatzen duen Udalbiltzak datorren larunbatean egingo du bere biltzar nazionala. Bi zeregin jorratuko dira nagusiki: batetik, Udalbiltzak datorren urtearen amaiera aldera antolatuko duen Estatu Gabeko Nazioen Kongresua; bestetik, Euskal herritarren Oinarrizko Eskubideen Karta, datorren urterako amaitu nahiko litzatekeena. Aurten proiektu ugari lagundu dute ekonomomikoki eta hurrengo urtean ere hala egitea espero dute. Udalbiltza honekin bat datozen udaletxeek aurrekontuen %1 eman zuten erakundea finantzatzeko, eta datorren urterako 2,404 milioi euroko (400 milioi pta eta 15,76 milioi libera) aurrekontua aurreikusten dute.
AURREKONTUEN AZKEN SAIOAK
AURREKONTUEN dantza honetan luzapen usaina ari da barreiatzen Nafarroan, ez baitirudi UPNk eta CDNk adostutako aurrekontuek hilaren bukaerako osoko bilkura gainditzea lortuko dutenik. EAEn ere, hiruko gobernuak ez du panorama hobeagorik eta PSE-EE, PP eta Batasunak ezezkoa ematen badiete aurrekontuei, berriz luzatu beharko dira. Taldeen ezezkoez gain, dena den, aurrekontuei egindako osoko emendakinak bozkatzerakoan, prozedura kontu bategatik atera daiteke aurrera Jaurlaritzaren aurrekontua: hiru osoko emendakinak batera aurkezten badira, aurrekontuak ez dira onartuko; bakarka onartzen badira bai, Batasunak ez baitie sostengurik emango PP eta PSEri, eta alderantziz. Bizkaia eta Gipuzkoako diputazioetan, ordea, badirudi azkenean sozialisten baimenarekin aurrera egingo dutela aurrekontuok, nahiz eta ikusi beharko den Legebiltzarreko bozketak nola eragiten duen besteetan.
FRANTZIAKO SEGURTASUN INDARRAK ETA-REN AURKA
OKZITANIAKO Auche herrian izandako tiroketak eta hiru etakiren atxiloketak ćohiko kontrolakĆ baino gehiago ere badagoela adierazten dute, nahiz eta Frantziako segurtasun indarren aldetik bestelakoa saldu nahi den. Iragan asteburuan beste jendarme baten ondasunen aurka izandako erasoak, bestalde, egoneza areagotu du polizi indarren artean. Testuinguru horretan, ikusi behar horrek guztiak nola eragiten dion Juan Mari Olano AABko koordinatzailearen estradizio eskaerari.
BATASUNA DELA ETA, PP-REN PORROTA EUROPAN
PP-K ez du lortu Batasuna Europako talde terroristen zerrenda ospetsuan sartu ahal izatea. Aurreikustekoa zen, baina PPk urrats bat eman du Europan Batasuna ETArekin nahastu dadin eta bat dela pentsa dadin. Espainiari dagokionez, Batasunaren aurka har daitezkeen neurriak legitimatzeko beste urrats bat eman du.
EKAITZA ASTEKARIAREN AURKAKO EPAIKETA
URTARRILAREN 8an ezagutuko da ćEkaitzaĆ aldizkariko Allande Socarros zuzendari ohia eta Denis Leroy, ćGuezmerĆ marrazkilariaren aurka Baionako lurralde auzitegiak emango duen epaia. Dorre Bikien aurkako erasoari buruzko marrazki bategatik 1.524 euro (10.000 libera, 253.000 pezeta) eskatzen zaio bakoitzari.
BIZI MAILA HANDIA
EAE eta Nafarroako Foru Erkidegoa dira Estatu espainiarrean maila ekonomiko handiena duten lurraldeak Espainiako INEk (Estatistika Institutu Nazionala) argitara emandako datuen arabera. Hegoaldeko biztanleak dira, datuen esanetan, Estatuko gastu eta aurrezpen ahalmen handiena dutenak. EAEren per capita errenta erabilgarria 1,93 milioi pezetakoa da (11.599 euro, 76.087 libera) eta Nafarroakoa 1,91 milioi pezetakoa; ondoren dator Madril 1,88 milioi pezetarekin. Estatu osoko media, ordea, 1,56 milioi pezetakoa da. Datu esanguratsuak dira, eta orain agertu izanaren arrazoirako interpretazio posibleak ere ugariak izan daitezke.