EUSKARA-ARMENIERA HIZTEGIA
20.000 hitzeko euskara-armeniera hiztegia kaleratu berri dute. Hiztegia Euskal-Armeniar Ikasketa Zentroaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren hamar urteko elkarlanaren fruitua da. 500 ale argitaratu dira guztira. Aurretik, 2000 urtean elkarrizketa gida bat eta gramatika bat kaleratu ziren. Kointzidentzia ugari dago, esaterako, Armeniako ibai nagusia Arax da eta Nafarroan Araxed ibaia dago.
NORTASUN AGIRIA EUSKARAZ ERE BAI
Abenduaren 3tik Espainiako nortasun agiria euskaraz ere idatzita azaltzen da EAEn. Derrigorrez berritu behar dutenek edo lehen aldiz jasoko dutenek izango dute ele biko agiria jasotzeko aukera. Ez ordea agiria euskaraz ere izate aldera berritu nahi dutenek. Nafarroan, berriz, ezingo da agiri elebiduna eskuratu. Martxoaren 13an egin zuen Espainiako Kongresuak NA elebiduna izateko eskaera.
EUSKARA BIZIBERRITZEKO PLANA 34 HERRITAN AURKI
Joan den alean esan bezala, Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia Azpeitian aplikatzeari ekin dio Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak. Beste 33 herrik ere egin dute plana garatzeko eskaera, besteak beste, Tolosak, Irunek, Arrasatek, Larrabetzuk eta Otxandiok. Lehen fasean, 5.000 biztanletik gorako eta %70etik gorako euskaldun kopuruko herrietan jarriko da martxan. EAEko 160 herrik betetzen dituzte baldintzok.
ONDARE LINGUISTIKOAREN KATEDRA
Hizkuntz Ondare Unibertsalaren Katedra sortu dute Euskal Herriko Unibertsitatean. Ondare linguistiko unibertsala ezagutzea eta babestea du helburu katedrak eta EHUko irakasle Patxi Juaristi arituko da koordinazio lanetan. Munduko hizkuntzei eta bereziki hilzorian daudenei buruzko ikerketa egin eta bultzatuko da bertan.
IZAERA MAGIKOAK
Herensuge, Gentil, Basajaun... Zenbat aldiz entzun dugu haiei buruz hitz egiten? Baina nolakoak dira zehazki? Zein da benetako haien itxura? Euskal pertsonaia magikoei buruzko makina bat istorio izan dira idatziak. Eta hauetan hainbat deskribapen eginak. Horregatik hain zuzen, eta gure mitologiaren errepaso bat egin nahian, Astiberri argitaletxeak «Mitologika» izeneko liburua plazaratu du. Gure mitologiaren 40 izaera magiko marraztu eta kontatu dituzte bertan Aritza Bergara idazleak eta Raquel Alzate eta Ricardo del Rio marrazkilariek. Horretarako Joxemiel Barandiaranek edota Julio Caro Barojak esanikoak bildu eta gehien errepikatzen ziren ezaugarriak harturik, guztira 70 marrazki egin dituzte. Horrela jakingo dugu ea zein den izaera magikoko pertsonaia hauen itxura magikoa.
ULISESEN AHOTIK
POESIA jende gaztearengana hurbiltzeko xedez «Ulises come» izeneko aldizkari literarioa argitaratu dute Nafarroako zazpi poeta eta idazle gaztek. Zero alea kalean da dagoeneko eta honen zazpiehun ale atera dituzte. Oraingoz, ez dago aldizkariaren maiztasuna finkaturik.
UGARTEREN BURNIAK
RICARDO Ugarte eskultore pasaitarraren erakusketa antologikoa hartuko du abenduaren 14tik Tolosako Aranburu Jauregiak. Bertan, bere hasieretan sortutako lehenengo obretatik egungoetara arte, lagin garrantzitsu bat ikus ahal izango da. Burnia izan da nagusi Ugarteren lanetan. Aipatzekoak dira adibidez, Nafarroako Unibertsitate Publikoan dagoen «La proa de la poesia» lana, Donostian dagoen «Estela» edota Tolosako «Oroimenaren Gaztelua». «Burnizkoa, Paperezkoa, Ugarte» erakusketa urtarrilaren 12a arte izango da Tolosan eta ondoren, Iruńeko Ziutatelan zabalduko da urtarrilaren 25ean.
ZIENTZIA ETA PROSA
PROSA zientifikoa, horixe da Euskal Idazleen Elkarteak eta Elhuyarrek antolatu berri duten Biltzarraren muina. Abenduaren 13an hasi eta 15a bitarte, Eibarko Markeskoa Jauregian burutuko da ekitaldia. Zientziaz idaztean literatura egiten al da? Badago euskal prosa zientifikoaren historiarik? Horrelako galderen erantzunen bila abiatuko dira bertan bilduko diren adituak. Biltzarraren izarra Stephen Jay Gould estatubatuarra izango da. Baina horrez gain, Euskal Herriko hamasei adituk euren txostenak azalduko dituzte: Joxerra Etxebaria, Joseba Tobar, Luis Mari Bandres, Ińaki Irazabalbeitia, Jakes Goikoetxea, Pili Kaltzada, Fernando Plazaola, Eustakio Arrojeria, Alfontso Martinez Lizarduikoa, Kepa Altonaga, Jesua Ugalde, Ińaki Ugarteburu, Iban Zaldua, Andoni Sagarna eta Arturo Elosegi.
MUSIKAREN GOGOETAK
ELKARRIZKETA formatoa baliatu dute Mikel Lizarraldek, Jon Eskisabelek, Imanol Ubedak, Gotzon Hermosillak, Joseina Etxeberriak eta Fermin Etxegoienek «Aho bete doinu» izeneko liburua burutzerakoan. Musikaren alorrean hainbat lan egindako pertsonak elkarrizketatu dituzte hain zuzen. Ruper Ordorika, Niko Etxart, Anje Duhalde, Pablo Cabeza, Anari, Forki, Kaki Arkarazo... Eragin diseinu eta komunikazio etxeak plazaratu duen lan honen bitartez euskal musikari buruzko gogoeta egin nahi izan dute.
INTERNETEKO PROIEKZIOAK
KOMUNIKABIDEEK lan egiteko behar dituzten ikus-entzunezko materialak eskainiko ditu www.proyeccion.tv webguneak. Izan ere, eta doan, egunero Euskal Herrian jazotzen diren berriak bilduko dituzte bertan, hala nola, prentsaurrekoak, hitzaldiak, mahainguruak... eta hauek guztiak osorik emango dituzte. Webgunea Bizkaiko Aldundia eta Bilboko Udalari esker jarri du martxan Proyeccion enpresak.
- Mikel Valverdek honela zioen «Goienkaria»n: «Ez dago alde handirik ume edo gazte bati zein heldu bati zuzendutako ilustrazioaren artean: ilustrazioa ona edo txarra da. Ona izan dadin, oreka, proportzioa... behar ditu».
- Asisko Urmenetaren iritzia da honakoa «Euskaldunon Egunkaria»n eginiko elkarrizketa batean adierazia: «Euskaraz karrikako hizkuntza hori falta zaigu. Gurean, Jean Haritxelhar euskaltzainak eta okupa batek berdin hitz egiten dute».
- Xabier Letek egunkari berean: «Ni indibidualista samarra naizelako izango da, baina niri figura bakarti eta indibidualistak ere gustatzen zaizkit, eta bertsolaritzan gaur egun antolaketak eta taldearen eraginak asko baldintzatzen du bertsolarien ariketa praktikoa».
- Ana Urkiza honela mintzo zen Durangoko Azokari buruz «Gara»n: «Urtero izaten dira merkatu legearen kontrako ateraldiak. Gaia kritika merketan erretzen dugula iruditzen zait, ordea, eta benetan gutxik botatzen duela harria behar den lekura. (...) Euskal kulturaren gunea sortu nahi zen eta egitasmoaren merkaturatzea ez da kulturala izan».
ONCEk (Espainiako Itsuen Erakundea) euro-pezeta bihurgailu bat banatzen du loteria salmenta puntuetan. Bihurgailuak testu bat du atzealdean, berau gaztelania hutsez agertzen da. Katalunian, ordea, katalanezko testua dute bihurgailuek, gure irakurle batek esan digunez. Hemen ordea ez dugu euskarakorik aurkitu.
Eugenio Ibarzabalek bi liburu plazaratu berri ditu Erein argitaletxearen eskutik. «Koldo Mitxelena» du izena lehenak eta bertan, honen sentimenduei buruz mintzo da. «Manuel de Irujo» bigarrenean, Ibarzabalek Irujori eginiko elkarrizketa bildu du.
Joseba Tapiak bere bakarkako hirugarren lana plazaratu du. «Agur Intxorta maite»n 1936ko Gerra Zibileko kantutegia jaso du.
UEUk «Azken aldiko euskal narratiba» izeneko lana plazaratu berri du. Itxaro Borda, Ur Apalategi, Arantxa Urretabizkaia edota Arantxa Iturberen lanak biltzen ditu liburuak, Kirmen Uriberen hitzaurreaz gain. Liburuak euskal literaturari buruzko gogoeta egiten du.
Juan Garmendia Larrańaga etnografoak jaso du Eusko Ikaskuntza-Euskadiko Kutxa saria.
Etsaiak taldeak «Kaos» izeneko zazpigarren diskoa argitaratu du Metak diskoetxearen eskutik.
Aingeru Epaltzak «Gara»n idatzitakoa da honakoa Nafarroan euskarak bizi duen egoerari buruz:
«Lehen orrialdeetara ailegatu gabe ere, egunero hartzen dira hemen euskara de facto baztertzen duten erabakiak, dela irakaskuntzan, dela administrazioan, dela kultur munduan, dela elizan, dela
-hain gutitan aipatzen dena-eremu pribatuan ere bai. Amorragarria da Nafarroako administrazioan sartzeko deialdietan euskararen balorazioa desagertzea edo hutsaren pare gelditzea. Alabaina, hagitzez marka txarragoa da, guretako, lan eske dabiltzan nafar gazte euskaldunak euskaraz dakitenik aipatzen ez hastea han-hemen dantzatzen dituzten beren curriculumetatik: betidanik aldarrikatu dugun ez bezala, euskara balio erantsia gabe, kentzailea dugu, nonbait, nafar enpresetan. (...) Ametsak arras politak dira, baina errealitateak zartako sobera eman dizkigu jadanik. Nahi genukeenetik posible denera egin beharko dugu, noizbait ere, bidaia. Eta lehentasunak finkatu. Gure lehentasuna ez baitaiteke izan gure ahalmenetik kanpo dagoen deus. Arazo bat dugu orain, arazo handia, eta arazo horrek, gaur egun, UPN du izena. UPNk boterean dirauen artean, maldan beheiti segituko dugu, gure ghetto geografiko eta sozialean gero eta amilduagoak. Beraz, UPN boteretik bidaltzea eta horretarako lan egitea lehentasun estrategikoa izan behar litzateke Nafarroako euskaltzaleendako».
Joana Albret Bibliotekonomia Mintegia liburutegi eta mediateketan euskaraz aritu ahal izateko gogor ari da lanean. Horren adibide euskaraz katalogatu ahal izateko osatu duen «Katalogatzeko Oinarrizko Terminologia» liburua. Liburua udan atera zen, baina orain Interneten paratu dute.