Astekaria

 Erreseinak 

LIBURUAK

Irudia


1833. alea
2001-12-09
alde 0    kontra 0

EL MUNDO DE LOS PIRINEOS

Batzuen artean

SUA EDIZIOAK

130 orrialde

750 pezeta

30 libera

PIRINIOTAN ZEHAR OSPATZEN DIREN USADIOZKO JAIAK

Ohiko argazki zoragarriz horniturik dator «El mundo de los Pirineos» aldizkariaren azken zenbakia, Piriniotan zehar ospatzen diren tradiziozko jaiak agertuz. Auskalo noiztik ospatzen diren era guztietako izurriteei edota espiritu gaiztoei aurre egitea helburu zuten jai hauek, baina poz-pozik egon gintezke, zorionez, gure garaietara ere heldu direlako Zuberoako Maskaradak eta Pastorala, Otsagabiako «Bobo», Ituren eta Zubietako Joaldunak, Lantz, Prats de Molló i Encamp, Bielsa, Solsona, Pabe eta Limouxeko Inauteriak, Luzaideko Bolantak, Bergako La Patum, Bagŕ-ko Fia Faia eta beste hainbat jai liluragarri. Bada, horien guztien berri ematen du aldizkariak, eta baita bakoitzaren esanahia eta ospatzerakoan partehartzaileek erabili ohi dituzten jantzi, musika tresna, kapelu, mozorro eta abarren xehetasunak ere.

HERIOAREKIN BORROKAN. HIESDUN

BATEN LEKUKOA


Juan Jose Uranga Unanue

UTRISQUE VASCONIAE

206 orrialde

2.000 pzta./ 80 lib.

HIESAK JOTAKO GAZTE TALDE BATEN BORROKA ETSIA

Hiesa duenak, zoritxarrez, ez du nahikoa heriotzaren aurka borrokatzearekin bakarrik. Ahal duen eran, giza duintasunari ere eutsi egin behar izaten dio derrigor, gizarteak orohar hiesdunarekiko duen mesprezio jarrerari aurpegi eman nahi badio. Eta aurrera egiteko ahalegin horren berri ematen digu Juan Jose Uranga Unanuek «Herioarekin borrokan. Hiesdun baten lekukoa» idazlanean. Apaiza dugu egilea, eta bere autobiografiaren zenbait zertzelada ere ematen du liburuaren hasieran. Eliz bokazioa, konpromiso sozio-politikoa edota autogarapena bezalako idealetan nola sinetsi zuen, harik eta 90eko hamarkadan ideal guztien porrota bizitzea egokitu zitzaion arte. Orduantxe joan zen Madrilera, eta hiesaren atzaparretan zegoen gazte taldea ezagutu. Eta haien borroka duin bezain etsia da liburuan agertzen duena.

ASTRONOMIA

Manu Arregi Biziola

GAIAK

237 orrialde

3.000 pezeta

120 libera

ASTRONOMIAREN OINARRIAK ERA ERRAZEAN

Astronomiaren alor guztiak gainbegiratzen ditu Manu Arregi Biziolak -Alfontso Mtz. Lizarduikoa eta Juan Ignazio Abrisketa mintegikide laguntzaile dituela- ikasleentzat osatu duen Astronomiari buruzko liburu honetan. Hiru atal nagusitan banaturik dago. Lehenengoan, gai teorikoak azaltzen dira, Posiziozko Astronomia, Eguzki-sistema, galaxiak eta abarri buruzko argitasunak emanaz. Bigarrengoan, gaueko zerua aztertzen da, urtaro bakoitzean ikus daitezkeen konstelazioak deskribatuz. Hirugarrengoan, berriz, ikasturtean zehar egin beharreko jarduerak daude, gure meridianoa lortzea, Astronomia ikerketak egiteko tresna zaharrena nola osatu eta erabili, edota ilargiaren faseei jarraipena egitea bezalakoak. Liburuaren bukaeran, konstelazioak eta zeruko mapak eskaintzen dira baita ere, eranskin gisa.

ZARAITZUKO HIZTEGIA

AITOR ARANA

NAFARROAKO GOBERNUA


405 ORRIALDE

3.500 PEZETA

140 LIBERA

NAFAR EUSKALKIEN HIZKUNTZA MAPA OSATUZ

Euskararen Legeak Nafarroako euskalkiak errespetatuak izango direla eta babes berezia izango dutela adierazten duenez, bertako euskalkiei buruzko hiru hiztegi kaleratuak ditu dagoeneko Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza eta Kultura Departamentuak: Mariano Izetaren «Baztango Hiztegia», Bernardo Estornes Lasaren «Erronkariko Uskeraren Hiztegia» eta, oraintsu, Aitor Aranak landu duen «Zaraitzuko Hiztegia. Zaraitzuera-Euskara Batua, Euskara Batua-Zaraitzuera». Aitor Aranak, bere lana egiterakoan, zaraitzuerari buruz zegoen bibliografia sakon aztertzeaz gainera, osatu zuen hitz zerrenda guztia egiaztatuz joan zen zaraitzueraz gaur egun mintzo den bakarrenetako batekin, hain zuzen Antonia Gartzia Loperena andrearekin. Eta horrela berreskuratu ditu Zaraitzuko euskararen esamoldeak eta hitzen esanahiak.

EL LIBRO NEGRO DE INTXAURRONDO

Batzuen artean

MIATZEN SARL/ TXALAPARTA


119 orrialde

600 pezeta

24 libera



ADIERAZPEN ASKATASUNAREN ZAPALTZAILEEI AURRE

Jende askoren artean osatu da «El libro negro de Intxaurrondo», adierazpen askatasunaren alde eta Euskal Herriak aske izateko duen eskubidea zapaltzen dutenen zigorgabetasunaren aurka eginiko idazlana. Txalaparta argitaletxeak jasaten duen egoera bereziari aurre egitea du helburu zeren Espainiako Auzitegi Gorenaren sententzia baten ondorioz, Galindo jeneralari bost milioi pezeta ordaintzera beharturik dago argitaletxea, Pepe Reik idatzitako «La red Galindo» kaleratzean, Auzitegi horren iritziz, Galindo jeneralaren «ohorea zikindu» egin bide duelako. Oraingoz Txalapartak lortu duen bakarra, Galindori ordaindu behar zizkion bost milioiak zuzenean Lasa eta Zabalaren senideek eskuratzea izan da, jeneral horrek ez baitizkie oraindik hauei ordaindu kalte-ordain gisa epaitegien arabera zor dizkienak.

ETORKIZUNIK EZ

Marilar Aleixandre

ELKARLANEAN


167 orrialde

1.460 pezeta

58 libera

ETORKIZUNIK EZ DUTENEN BANDAKO KIDEA

Unai Elorriagak euskaratua da Marilar Aleixandrek galizieraz idatzi zuen «A banda sen futuro», gazteenei zuzendutako nobela hunkigarria. Hamasei urteko neskato gazte bat du protagonista. Gurasoen lana dela-eta, bizilekuz aldatzera beharturik ikusten du bere burua, justu erabat nahigabeturik aurkitzen den unean. Izan ere, gaixotasun bat dela medio, kaskamotz utzi behar izan dute eta horrek, kezkatzeaz gainera, lotsatu egiten du neskatoa. Hala ere, gaixotasuna ez dela larria eta, institutu berrira joatera behartuko dute gurasoek, asko kezkatu gabe hango ikaskide ezezagunen aldetik jasan ditzakeen trufa edo irainez, txanoaz burua estalirik daramalako. Gauzak horrela, Etorkizunik Ez Dutenen Bandako kide sentituko da neskatila, hil berria den Derribos Arias talde donostiarreko Poch kantaria bezala.

JOSTORRATZA ETA HARIA

Yolanda Arrieta

ALBERDANIA


157 orrialde

1.900 pezeta

76 libera

YOLANDA ARRIETAK BERJOSITAKO IDAZLANA

Yolanda Arrietak Alberdania argitaletxearen eskutik plazaratu duen "Jostorratza eta haria" narrazioak, 1997an Irun Hiria literatur sariketa irabazi zuen. Geroztik, ordea, egileak berridatzi egin du ama batek jaiotzear dagoen bere alabarentzat josten/idazten duen istorio hau. Historiaurreko garaietatik hasi eta gaur eguneraino iristen den idazlan honek Historiako zenbait pasarte jasotzen du, baina batez ere fantasiazko pertsonaiez eta uneez osaturik dago. Bihotza gazte duen edozein irakurleri zuzendurik dago, eta pertsona ororen bizitzan oso garrantzitsuak diren galderei eman nahi die erantzun, alegia, zer ote gara? Jaiotzean berez gurekin datorrena baino ez ala bizitzan zehar egiten goazena? Bien nahasketa, beharbada? Batez ere haur eta gazte literaturan aritua da Yolanda Arrieta, eta ipuin kontalari iaioa dugu, idazketa lantegietako arduradun eta telesailetako gidoilari izateaz gainera. Antzerki munduan ere murgildu izan ohi da. Bereak dira, besteak beste, «Begigorritarren erlojua», «Denboraren kantu-kontuak», «Hegaldiak», «Noiz baina!», «Nola bizi, zazpi bizi», «Lekurik bai?», poesia eta antzerkia elkar lotzen dituen «Bihozkadak» eta «Badago ala ez dago?» idazlanak.


Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
azala  
azala1832
 
azala1831

1833 zenbakia.
2001ko abenduaren 09a


   

Babeslea

Irizarren webgunera joan
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza