«Gizon eta emakumeen arteko bizitza mistoan sinesten dut»
Hezkuntza sailburua zaren aldetik zer iritzi duzu emakumeak gizartean eta lan munduan hartu duen lekuaz?
Egon naizen tokietan eta nire betebeharretan emakume izaten saiatu naiz, emakumeok ditugun balore ezberdinak lotsagabe aurrera eramaten, alegia. Emakumeak eta gizonak ezberdinak gara gai askotan, lan egiteko eran eta harremanetan, esaterako. Emakumeok beste sentimenduak erakusten ditugu gure egitekoetan. Emakumearen izaera aurretik jarri badut ere, ez naiz inoiz ezeren aurka izan, ezeren alde baizik.
Nola baloratzen duzu feminismoa?
Feminismoa emakumearen alde lan egitea bada, honen aldekoa naiz. Ismoek beldurra ematen badute ere, emakumeok gizarte eredu berri bat sortzen ari gara. Gure belaunaldira arte gizonezkoak nahiz emakumezkoak kultura markatu batek heziak izan gara, gure arteko harremanak beste era batez antolatzen ari gara orain. Gizon eta emakumeen arteko bizitza mistoan sinesten dut, kultura misto berri hau biok egin behar dugu modu baketsuan. Eskema berrietara ohitzen eta egokitzen ari gara, eta gizartea pixkanaka aldatuko dugu denok irabazle izateko, elkarbizitza berri honetatik sortzen ari garen esparruetan denok irabazten dugu.
Etorkizunari begira baikor agertzen zara, beraz?
Bai. Baina oraindik ere balore asko lantzeko geratzen zaigu emakumeoi nahiz gizonei. Elkarren ondoan lasai eta normaltasunez bizitzeko oraindik urte batzuk pasa beharko dira. Oso denbora gutxian aldaketa izugarriak izan dira eta egokitze horrek denbora behar du. Emakumeek ama izan nahi dugu, etxetik kanpo lan egin eta bikote bizitza garatu ere bai, eta denak ondo eramatea ez da erraza betiere. Bikotearen lehenengo eredua eta oraingoa ezberdinak dira, bikotea ez da lehenengo bera eta egokitze horrek denok ukituta gaude. Gure belaunaldikook hemezortzi urtera arte ez ginen mutilekin elkartzen, alde bakoitzak bere klixeak zituen. Gauzak pixkanaka aldatzen ari gara eta aldaketa hauen ondorio are nabarmenagoak gure seme-alabek jasoko dituztela desio dugu.
Nolako jarrera agertzen duzu txiste matxista baten aurrean?
Ulertzen ditut egoerak, klixez osaturiko kultura batetik gatozelako. Txiste matxista horiek hortxetan kokatzen ditut, baina ez naiz ernegatzen. Ea eskemak aldatzen diren esaten diot nire buruari. Ez naiz txiste zale, hala ere.
Eusko Jaurlaritzan 3 emakumezko eta 7 gizonezko zarete. Zer moduz moldatzen zarete emakumeak proportzio horretan?
Oso ondo sentitzen eta ulertzen gara. Denetariko elkarrizketak izaten ditugu gure artean, ni oso eroso sentitzen naiz. Belaunaldi berekoak gara eta gizonak berauek aldatu direla sentitzen da, gizonak ikuspegi zabalekoak dira. Gizon eta emakumeen arteko harremanak aldatzen hasi ziren belaunaldi bateko pertsonak gaude Jaurlaritza honetan.
Politikako karguetan emakume eta gizonezkoen arteko kuoten aldeko al zara? Eusko Legebiltzarrean, kasu?
Ez zait dekretu bidezko kuota sistema jartzea gustatzen. Baina alderdietan, esaterako, zaindu beharreko neurria iruditzen zait. Eusko Alkartasunean ez dugu kuota sistema, baina emakumearen presentzia inportantea da. EAko Batzorde Eragilean emakumearen presentzia antzematen da, buruan dugun «neurri» bat da.
Jaurlaritzan zein proportzioan ikusi nahiko zenuke emakume eta gizonen kopurua?
Bost eta bostekoan, adibidez. Europako iparraldearen herrialdeetan proportzio hori izaten da, modu natural batez gainera. Hori iritsiko da, baina ez dekretu legez.
Europako iparraldeko herrialdeak dituzu gustuko, antza.
Bai, herri sozialdemokratak gustatzen zaizkit, herri lasaiak eta demokratikoak; Danimarka, esaterako. Solidaritatea lantzen den gizarteak dira, dimentsioaren aldetik txikiak dira, Euskal Herria baina handixeagoak, baina txikiak. Bertako gizartean gizon eta emakumearen arteko parekotasuna, baita haurren nahiz pertsona helduen zainketan gizarteak hartzen duen ardura gustatzen zait. Euskal Herrian ere gizarte eredu hori lantzea gustatuko litzaidake. Esaterako, haiek guk baino bost aldiz gutxiago gastatzen dute eraikuntzan, pertsonen beharretan gastatzen dute aldiz. Pertsonak hemen ez duen balioa du iparraldeko herrialdeetan. Hemen eraikin erraldoiak eta sendoak behar ditugu, antza. Gizonen klixe bat ez ote den nago, iraun behar duten eraikinak altxatu behar ditugu nonbait, iraupen luzeko eraikinak
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.