Malores Etxeberria
Duela bost urte antolatu zuen Kataluniako Soziolinguistika Institutuak 1. Kongresua, orduan Bartzelonan, eta azaroaren 14tik 16ra egin den bigarren hau Andorran antolatu du, Kataluniako Generalitatea, Andorrako Gobernua eta Balear Irletako Gobernuaren laguntzarekin. Herrialde Kataluniarren osagai baten falta nabarmena izan da. Valentziako gobernua ez da antolakuntzako partaide izan eta lurralde horretatik aurkeztu diren komunikazioek agerian utzi dute Valentziako Gobernuak bideratzen duen hizkuntza plangintzak, kontraplangintza euren esanetan, gaztelaniaren normalizazioa duela helburu.
Andorra estatu txikia da, lurraldez bezala biztanlez ere. 468 km koadro ditu eta 66.000 biztanle. Horietatik mordoxka bat espainolak, frantsesak eta portugaldarrak. Andorrako hizkuntza ofiziala katalana da, eta, ofizialtasunik gabe, baina erabilera indartsuarekin, beste bi hizkuntza ditu nagusiki alboan, ondoko estatuetako hizkuntza ofizialak, espainola eta frantsesa, alegia. Egoera bitxiak dira hauek, hizkuntza ofizialtzat hizkuntza minorizatu bat dutenak eta minoritario gisa hizkuntza indartsuren bat edo batzuk dituztenak. Antzeko egoeran badaude Europan beste kasu batzuk ere, Lituaniakoa esaterako (lituaniera eta errusiera). Andorran biztanleen %70ak ezagutzen du katalana baina erabilera ez da hain altua eta zenbait esparrutan, lan munduan esaterako, gaztelaniaz funtzionatzen dute.
Andorran hizkuntza ofiziala normalizatze aldera, katalanaren aldeko hizkuntz politika jarria dute abian eta, ondorioz, gazteen artean ezagutza maila ia erabatekoa lortu dute, baina arazo handiak dituzte motibazioan eta, ondorioz, baita erabileran ere.
Egoera bitxi honen aurrean eta, beste hainbat kezkaren artean, Europako Ituna ere kezka-iturri dute. Izan ere, zer babestuko du itun honek, lurralde honetan egoera minoritarioan dauden espainola eta frantsesa?
Andorrakoaz gain, herrialde askotako egoerak eta esperientziak ezagutzeko aukera eman du kongresuak, katalanek antolaketarako duten abilezia agerian utziz berriro ere. Hiru egun intentso izan dira. Goizean eta arratsaldean ordu bete inguruko ponentzia hasieran, ordu erdiko komunikazioak, ondoren, gai oso desberdinez osatuak, nork bere aukera egiteko moduan, eta eguna amaitzeko mahai ingurua. Europako herrialde askotako ordezkariak izan dira bertan, Suedia, Alemania, Letonia, Gales... eta Estatu Espainiarrekoak izan dira nagusi, galiziarrak, euskaldunak eta katalanak (batez ere).
Euskaldunen artetik ordezkaritza zabala izan da kongresuan. Batetik, erakunde autonomikoetako ordezkari politikoak eta teknikoak, Eusko Jaurlaritzakoak eta Nafarroako Gobernukoak, Foru Aldundiko ordezkari politikorik ere bazen, eta herri administrazioetako ordezkari teknikoak. Hauez gain, unibertsitateko irakasleak eta gizarte erakundeetako nahiz kultur elkarteetako ordezkariak ere izan dira. Bost komunikazio aurkeztu dituzte euskaldunek eta mahai inguru batean parte hartu ere bai. Guztira 25 bat euskaldun izan da kongresu honetan, parte-hartzaile guztien %10.
Aipatu dugun moduan, gai ugari eta desberdinak jorratu dira kongresuan, baina, Hizkuntzen Urte Europarra den 2001 honetan, gai bat nagusitu da nabarmen hiru egunotan, Europa. Europaren legedia, Europaren hizkuntz politika, hizkuntz aniztasuna Europaren aberastasun ezaugarria, Europaren egituratzeak eragingo dituen hizkuntzazko ondorioak...
EUROPAN 11 HIZKUNTZA OFIZIAL.
Europako Batasuna, gaur egun, hamabost estatuk osatzen dute eta hamaika dira hizkuntza ofizialak. Hizkuntza hauetan guztietan egiten da lan eta erakunde horietatik sortzen den dokumentazio guztia hamaika hizkuntza horietan argitaratzen da. Europako Batasunean sartzeko eskaera, berriz, beste hamabi estatuk egina dute, eta guztiak sartuko dira datozen urteotan. Sartze berri hauen ondorioz beste hamaika hizkuntza ofizial gehiago izango dira Europako Batasunean. Guztira, beraz, 22 hizkuntza. Hogeita bi hizkuntzatan egingo al da lana aurrerantzean ere ala beste irizpide batzuk hartu beharko ote dira funtzionaltasunaren izenean, eta, hala bada, zein tratamendu emango zaie gainerako hizkuntza ofizialei eta minorizatuei?
Eta egoera berri honen atarian katalanak ari dira beren argumentazioa prestatzen katalanak sarbidea izan dezan. Kongresuaren hasieran banatu ziguten dokumentazioaren barnean zetorren Kataluniako Generalitateak eta Balear Irletako gobernuak prestatutako liburuxka bat, "El Catalá, llengua d`Europa" izenekoa. Liburuxka honetan, katalanaren historiari buruzko errepaso bat egiten dute eta katalana Europako hizkuntzatzat hartua izateko argudio ugari ematen dute.
Kongresua amaituta, Euskal Herrirako bueltan burutazio hainbat datozkigu gogora. Orain bost urteko kongresuak utzi zigun lilura hura ez digu utzi oraingoak, besteak beste, azken urteotan Euskal Herrian ere lan andana egin delako eta esperientzia anitz jarri delako martxan, baina egin den lan hori guztia ezagutarazten al dugu behar adina? Ezagutzen al gaituzte behar adina? Badugu, beraz, zer irakatsia. Bestalde, berriz, geure egunerokotasunean murgilduta, susmoa dugu Europa, mundua, urruti samar sentitzen dugula. Eta zentzu honetan, badugu zer ikasia eta zer landua
Onintza Irureta
Urriaren 20a. Aurtengoa joan da, baina 2002.ari begira gaude dagoeneko. Igande horretan Ebro ibaiaren ondoko Tutera ko Argia ikastola izango da protagonista Nafarroa Oinez eguna antolatuko baitu. Lodosa eta Sartagudako Nafarroa Oinezen hotsak apaldu gabe daude oraindik, baina urriaren 20a segituan helduko da. Joan den astean bertan, azaroaren 22an, Nafarroa Oinez 2002ko logotipoa aurkeztu du Argia ikastolak.
Logoaren kolorerik gabe, baina ARGIAren egutegiari eta aldizkariari esker koloretsu, azaroaren 6an lehen aurkezpen bat izan zen Fontellas herrian, (herri honetan du eraikina Argia ikastolak). Han elkartu ziren Argia ikastolako irakasleak, gurasoak eta ikasleak eta ARGIA aldizkariko ordezkariak. Ez gaitu halabeharrak elkartu. Batetik, begi bistakoa da izen bera elkarbanatzen dugula, batak astekariari ematen dio izena eta besteak ikastolari. Eta bestetik, helburua elkarbanatzen dugu: euskara sustatzea. 1985ean sortu zen ikastola hazi eta hazi ari da ordea, eta Fontellaseko ikastola txikiegia egin zaie. 2002ko Nafarroa Oinez horretarako izango da, 240-250 ikasleek eta 20 irakasleek erakusteko zein ikasteko espazio nahikoa izan dezaten. ARGIA aldizkariak urtero moduan datorren urteko egutegia kalean du eta 365 orritxoko takoak zuzenean lagunduko dio Argia ikastolari. Egutegi tako bakoitzeko 100 pezeta izango dira Tuterako ikastolarentzat.
Baina zertarako behar du dirua Tuteratik 4 kilometrora dagoen Argia ikastolak? Kontxi Blanco gurasoen ordezkariak ez du asko pentsatu behar galdera horri erantzuteko.
Fontellaseko ikastolak jolas ordurako toki gutxi dauka eta kiroletarako gune berezirik ez dute. Kirolerako eta jolaserako tokia falta da, baina hemendik aurrera egoera ez da hobetuko. Zorionekoak Argia ikastolakoak espazio arazoa bada konpondu beharrekoa, ikasle kopurua gorantz doanaren seinale baita. 18 hilabeteko haurrak dituzte ikastolan eta 16 urtekoak dira zaharrenak. Azken mailetan 6-7-8 ikasletako gelak dituzte, baina maila baxuenetan 20 bat haur dute gela bakoitzean. Duela 16 urte Tuterako lagun elkarte bateko geletan ikastola hasi zenean bost ikasle zituzten. 1995ean Nafarroa Oinez antolatu behar izan zuten 100 ikasle inguruk eta 60 familiak ikastola sustengatzen zuelako eta behitegia izandako eraikinak ez zieten balio jada. 1995ean lortutako diruarekin orain Fontellas herrian duten ikastola eraiki zuten.
Argia ikastolako ikasleak ez dira Tuterakoak soilik, Erriberako inguruko herri ia guztietatik datoz: Cascante, Ablitas, Murchante, Fontellas, Cortes, Cintruenigo, Corella, Arguedas, Buñuel... Erriberatik ezezik Errioxako Alfaro herritik ere etortzen dira haurrak. Nafar hauei erakusteko 20 irakasle dituzte. Nafarroakoak badira (Iruñea, Tutera, Etxarri, Lakuntza) baina baita Laudio, Gasteiz, Mendaro, Azkoitia, Oñati eta Azpeitiakoak ere.
Luis Larrañaga ikastolako zuzendari azkoitiarrak esan digunez, laster erabaki beharko dute ikastolak espazio gehiago izan dezan zer egingo duten. Bitartean, 2002ko urriaren 20an Nafarroa Oinez Tuterako Argia ikastolak antolatuko duela inork ahaztu ez dezan, kosk egin 2002ko egutegi takoari
Daniel Udalaitz
Duela egun gutxi bukatu da Qatar-en izan den OMCren azken bilera, eta munduko merkataritza liberalizatzeko zortzigarren deia egin du. Horixe zen, hain zuzen ere, duela urte gutxi Seattlen izandako porrotaren ondoren, herrialde aberatsek (Iparra) lortu nahi zutena. Horrela, berriro ere, OMCk munduko ezberdintasunak eta gosea areagotzea besterik ez du egin. Orain arte erakundea osatzen zuten 142 herrialdeek aho batez hartu behar dituzte erabakiak, baina gauza jakina da modu asko daudela herrialde txiroenak (Hegoa) estutu eta presionatzeko eta bere interesen aurka doazen erabakiak harrarazteko. Besteak beste, ezin da ahaztu herrialde txiro horiek herrialde aberatsekiko duten kanpo-zor beldurgarrien zama. Bestalde, OMCren erabaki horiek, neurri handi batean, multinazional erraldoien interesen menera hartzen dira.
Oraingo honetan, esan bezala, bilera Qatar-en egin da, hau da, Seattle eta Genoan globalizazioaren aurka gertatu ziren gizarte borrokaldiak gertatzeko arriskuetatik urrun dagoen emirerri arabiarrean. Bilera horretan hainbat erabaki garrantzitsu hartu da, munduko merkataritza liberalizatzeko zortzigarren txandari ekiteaz gain. Batetik, nekazaritza esparrurako liberalizazioa ireki da, eta herrialde aberatsek biziki txalotu dute erabakia. Bestetik, erakundean beste bi kide sartu dira: Txina eta Taiwan. Beraz, aurrerantzean 144 kide izango dira. Bestalde, herrialde aberatsentzat hain onuragarria gertatzen den nekazaritza esparruko liberalizazio horren truke, zerbait eman behar izan diote herrialde txiroei ere, apur batzuk bada ere: medikuntzako patenteei buruzko akordioa. Horixe izan da lortu duten gauza bakarra, nahiz eta, gutxi izanik ere, hori oso garrantzitsua den beraientzat; izan ere, orain arte ukatu egin baitzaie. Erabaki horren bidez, herrialde txiroek botikak kostu txikiagoekin egin edo inportatu ahal izango dituzte, hiesa, paludismoa, tuberkulosia eta antzeko izurrite larrien garaian osasun publikoa ziurtatu ahal izateko, herrialde txiro horietan ehunka milioi pertsonak jasaten baitituzte horrelako gaitzak.
FAMILIA MAILAKO NEKAZARITZAREN OZTOPATZEA.
OMCk lortu duen nekazaritzaren inguruko akordioaren arabera ministroek elkarren arteko negoziazioak gauzatzeko konpromisoa hartu zuten. Merkatuetan sartzeko zeuden baldintzak hobetzeko eta haiek desitxuratzen dituzten laguntzak murrizteko neurriak hartzea izango da negoziaketa horien helburua. Eztabaidarik gogorrena Europako Batasunaren eta nekazaritzako gaien esportatzailerik handienak biltzen dituen Cairns-eko Taldearen artekoa izan zen. Europako Batasuna prest zegoen esportaziorako ematen ziren laguntzak murrizteko, baina besteek laguntza horien epe jakin batzuetan desagerraraztea zen eskatzen zutena. Adostu den bidearen arabera, negoziaketaren emaitza baldintzatu gabe, esportaziorako laguntza mota guztiak murriztuko dira, betiere pixkanaka ezabatzeko asmoarekin. Horrela, bistan da, munduko merkatari handienen eskakizunari ematen zaio amore.
Horregatik Nekazari eta Abeltzainen Elkarteen Koordinakundea (COAG) -bertako kide da Euskal Herriko EHNE sindikatua- beste sindikatu batzuekin batera Jose Bove lider frantziarrak ordezkaturik zegoen Qatarren, eta Goi Bileraren adierazpenen aurka azaldu da. Koordinakunde horren iritziz, nekazaritzaren gaineko adierazpen eta erabaki horiek "bidegabea eta elkartasunaren aurkakoa den liberalizazioari bidea zabaldu besterik ez dute egiten". Erabaki horiek familia esparruko nekazaritzaren aurkakoak dira, zeren bilera horretan bultzatzen den ereduak "insumo handiak (beste ondasun batzuk ekoizteko erabiltzen diren ondasunak) dituzten industri ereduak bultzatzen ditu, erabat esportaziora begira".
Sindikatuen koordinakunde honen ustetan, nekazaritzaren arloa beste inor baino kaltetuago gertatzen da bilera honetan, zeren, erabaki horien arabera, nekazariak geroz eta ordain gutxiago jasoko baitu bere lanaren truke, eta multinazionalek, aldiz, geroz eta baliabide gehiago biltzen dituzte. Diotenez, OMCren dinamikak munduko ezberdintasunak eta gosea areagotzea besterik ez du eragiten, eta hori guztia beste inon baino mingarriago gertatzen da landa-lurretan bizi direnen artean, gosearen hatzaparretan daudenen %70 esparru horretan bizi baitira.
TXINA ETA TAIWAN OMC-KO KIDE.
Qatarreko bileran ofizialki egin dira kide elkarren arteko aurkakotasunean dauden Txina eta Taiwan. Lehenik Txina sartu zen, beraz, Txina 143. herrialdea izango da, eta gero Taiwan, 144. kidea. Txinak nahiko gogoz kontra onartu behar izan du Taiwanen sarrera, nahiz eta horrek ez duen esanahi Txinak Taiwan herrialde independentetzat onartzen duenik. Izan ere, OMCn estatu burujabeak eta aduana-aldeak sar daitezke, eta Taiwan bigarren horien multzoan sartu da, aurrez Hong Kong, 1986an, eta Macao, 1991ean, sartu ziren bezalaxe.
Hamabost urte iraun duten negoziaketen ondoren sartu da Txina; Maoren iraultzak Tarifa eta Merkataritzari buruzko Akordioa (GATT) hautsi zuenetik 51 urte igaro ondoren. Esan beharra dago Maoren iraultzak hautsi zuen akordio horren eratzailea izan zela Txina, 1948an, beste 22 herrialderekin batera. Merkataritzako nazioarteko klub handi honetan sartu izanak langabezia arazo handiak eragingo ditu Txinan, baina, bestalde, 1.300 milioi biztanleren merkatu hori bereganatu nahian sartuko diren atzerriko enpresek langabezi hori murrizten lagunduko duten itxaropena ere badute txinatarrek.
Horrela, Txinak %8,5ra murriztuko ditu nekazaritzaren aldeko laguntzak, garatze bidean dauden herrialdeei baimendutako %10ren azpitik. Horren ondorioz, OMCn sartu ahal izateko Txinak egindako lagapenen eraginez, 10 milioi nekazari inguru bazterturik geratuko dira. Automobilen sektoreak ere gogor ordaindu beharko du urrats berri hau, eta beste 10 milioi langilek galduko dute lanpostua. Baina, arlo honetan ere, urte batzuen buruan, orain langabezian gera daitezkeen horiek atzerriko inbertsioarekin sortuko diren enpresa pribatu berrietan laneratzeko aukera izango dutela espero du Txinak.
Nolanahi ere, Txina OMCn sartzeak beste herrialdeei kezka sorrarazi die. Une honetan, Japoniakoa bezala, munduko ekonomia nagusiak atzeraldi batean daudenean, barne produktu gordina goraka doa Txinan urtean %7 baino gehiago haziz, eta munduko gainerako herrialdeetan, berriz, aurreikusten den hazkundea %2koa da. Txina munduko zortzigarren herrialdea da BPGari dagokionez, nahiz eta per capita errentaren alorrean 140. lekuan egon. 2000. urtean zazpigarren esportatzaile handiena izan zen, eta zortzigarren inportatzailea.
HEGO AMERIKA ETA ASIAKO HERRIALDE TXIROAK BELDUR.
Hego Amerikako edo Asiako herrialde txiroak Txinaren sarrera honen beldur dira, zeren, duen ekoizpen gaitasun handiaren ondorioz, erabat suntsitu baititzake haien ekonomia ahulak. Gobernu txinatarraren azterketa batek oso hedatze handia aurreikusten dio eskuz egiten diren produktuen industriari, batez ere ehungintzan, jostailuetan, erremintetan eta berehalako eta iraupen laburreko beste milaka produktutan. Bestalde, hazkunde handia izango du baita ere nekazaritza intentsiboak. Ulertzekoa denez, lehen aipatu ditugun inguruetako herrialde txiroek, Txinaren produktu mota hori bera egitetik bizi diren heinean, epe motzean etorkizun latza ikusten diote beren ekonomiari DANIEL UDALAITZ
Pilar Iparragirre
Arma bidezko borrokarik ez zen bazterretan falta 1971 urte amaiera hartan ere, eta gerrak zekartzan kalteak ondo ezagunak ziren, jakina, bereziki jasan behar zituen herri xeheraren baitan. Baina eraso horiek martxan jarri zituzten estatuek ere ondo asko zekiten eragiten ari ziren heriotzaren lazgarriaz, eta hiritargoak triskantza haietatik berarentzat onuragarri jo zezakeen bakarra aldarrikatzen zuten behin eta berriz, alegia gerra beharrezkoa zela, aurrerantzean denok bake ederrean bizitzekotan. Eta hain zuzen horixe salatzen zuen ZERUKO ARGIAren "Pakeagatik pakea galdu" editorialak.
>HUTSEAN GELDITZEN DIREN ASMO ONAK
"Nabarmena da gaurko gizonak soma ohi duen senidetasun, berdintasun, egia, zuzenbide, askatasun, maitasun eta pake egarria", aitortzen zuen editorialgileak, hasiera batean. Eta are gehiago ere onartzeko prest zegoen, antza: "Egarri ori asetzeko ametsetan eta irrikaz bizi da gizona edonor dela ere. Bai zuria eta bai beltza, bai gaztea eta bai zaharra, bai siñestuna eta bai siñesgabea, nahiz iritzi batekoa nahiz bestekoa". Asmo ona ez zitzaiola inori falta, behintzat, eta hori oso egokitzat jo beharra zegoen, jakina, zalantzetan burua nekatzen ibili gabe. Baina, tamalez, desioen paradisu hartan ere suge maltzur baten arrastoa antzemana zuen hark, eta hain zuzen huraxe salatzeko asmotan ekina zion bere egitekoari:
"Amets bakarrik ez du egiten, ordea. Pakearen billa dabil. Pakeagatik kezkatzen da eta borrokatzen. Pakeagatik galtzen du pakea. Pakeagatik egiten bait ditu armak. Gero-ta gehiago, gero-ta indartsuagoak, gero-ta gaiztoagoak". Hara hor, beraz, guztia honda zezakeen pozoia!
Zergatik? Irakurleari jaurtikitzen zizkion galderen erantzunetan ezkuta zitekeen kontraesanagatik, ziur aski:
"Ba al diteke pakerik armekin? Egia al da erromatarren esaera: 'Gertutu guda pakea nahi baduzu'? Eta bide ortatik pakerik ez badator, uko egin al dezaioke gaurko gizonak armak egiteari?".
ARMAK BERTAN BEHERA UZTEAREN ONURAK
Nork daki zer erantzungo zuten irakurleek. Bederen armagintzan buru-belarri zebiltzanen ezezkoa segurtzat jo daitekeelakoan nago. Eta antzeko susmo txikia pizturik izan behar zuen editorialgileak ere, ze jarrian, badaezpada-edo, garai hartako komunikabideetan oso ohikoak ez ziren baieztapen sutsu batzuk egiten hasten zen-eta:
"Armen bidez zukutzen dituzte Erri indartsuek Erri txikiak. Dirudunek behartsuak. Erri aberatsak aberatsago eta behartsuak behartsuago bihurtzeko bide dira armak". Eta aurrekoa gutxi balitz, adierazitakoaren egia finka zezaketen frogak eskaintzeari ekiten zion: "Zazpirehun milloi dolar irabazi ditu Nixon-en Gobernuak æErri behartsueiÆ laguntzeko pillatutako diru-altxorretik egindako armak atzerrietara salduz. Ipar-Amerikako armen bidez eusten zaie Ego-Amerikako eta beste toki batzuetako diktadurei. Ipar-Amerikako armei eskerrak zaitzen dituzte toki oietako dirudunek beren lurrak eta ondasunak".
Nolanahi ere, bazen gehiagorik. "Irurogeita amar milloi dolar irabazi zituen Samuel Cummings armagilleak 1969'ngo urtean. Lau milloi eta erdiek lan egiten dute Ipar-Amerikan armagintzan. Ehun eta ogei milla milloi dolar txautzen dira urtero armamenduetan mundu zabalean. Zazpi milla dolar eralgitzen dira munduan soldadu bakoitzerako. Ehun dolar bakarrik ume bakoitza eskolatzeko".
OSO KONTUAN HARTZEKAK
Behin irakurlegoaren barrena aztoratu zuen datu hori emanda, belaunaldi berrien heziketan bataz beste inberti zitekeen diru eskas horren banaketa munduan nola egiten zen azaldu zezakeen baita ere, baina dirudienez nahiago zuen hark gehiegi ez barreiatzea eta bila zebilen jomugara lehenbailehen iristea. Beraz, horrela jarraitzen zuen: "Ikus, adibidez, jabetu gaitezen, zer egin ditekean æB-52Æ dalako Bonbardero batekin. Bi milla eta bostehun irakasleei urteko soldatak ordaindu. Milla ikaslekiko iru Unibersidade jaso. Berrogeita amar milla traktore erosi. Milla eta berrehun etxebizitza egin". Eta ondoren, gogoeta:
"Zer dirutza elkarri bildurra sartzeko, elkar menderatzeko, elkar iltzeko! Ai ori guzia gizadiaren premiak estaltzeko eta zuzentzeko erabilliko balitz! Baiña bai zera! Ez dago ortarako itxurarik ere".
Ezkor zen, bai, eta bazuen horretarako arrazoirik. "Pakea! Pakea otsegiten dugu guziok. Baiña zer gerta ere, ortzetaraiño armatzen gera. Badirudi atera ezin ditekean zurrunbilloan sartu dela gizadia. Nola iritxi egiazko pakea? Noizkorako?". Hogeita hamar urte beranduago, erantzunik jaso gabe dirauten galderak...