Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-10-07 16:31:31
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2001-12-02 -- 1832.zenb


«ESTILO LIBURUA» KALEAN

«Euskaldunon Egunkaria»k «Estilo Liburua»ren hirugarren bertsioa kaleratu du. Liburuak kazetarientzako edo norbanakoentzako hizkuntza egokia eta argia erabiltzeko aholkuak ematen ditu. «Euskaldunon Egunkaria»n idazteko arauak finkatzeaz gain, gramatika hutsen zuzenketak, 2.684 udalerriren izenak eta 600 mendiren izenak agertzen dira besteak beste. Patxi Petrirenak landu du «Estilo Liburua» «Euskaldunon Egunkaria»ko euskara taldearen laguntzarekin.


BAI EUSKARARI ZIURTAGIRIAK HIRU MAILA

Pasa den astean Bai Euskarari Akordioaren Jarraipen Batzordeak bilera egin zuen Bilbon eta Bai Euskarari Ziurtagiriak datorren urtetik aurrera hiru maila izango dituela erabaki zuen. Lehena, «Bidean», euskararen aldeko neurriak aplikatzen dituzten eragileentzat izango da; bigarrena, «Guk zerbitzua euskaraz», aipatu neurriak aplikatzeaz gaiz zerbitzua euskaraz ematen duten eragileentzat; eta hirugarrena, «Guk lana eta zerbitzua euskaraz», lana ere euskaraz egiten dutenentzat. Bestalde, Sakanako Plan Estrategikoa aurkeztu zuten joan den astean.


OSASUNGINTZA EUSKALDUNTZEKO KANPAINA ABIAN

UEMAk, ELA eta LAB sindikatuen eta Osasuna Euskalduntzeko Erakundeak (OEE) «Osasunak euskaraz baleki» kanpaina hasi dute Hego Euskal Herriko osasun zerbitzuei euskalduntzeko planak eskatzeko. Lau taldeek gutxieneko baldintzak jarri dizkiete plan horiei: lehen arreta zerbitzuei lehentasuna ematea, langileen adostasuna erdiestea eta herri euskaldunenetan premiazko neurriak hartzea esaterako.


EUSKARAREN ASTEA GETXON

Pasa den igandean hasi zen Getxoko Euskararen Astea. Euskararen Eguna, abenduak 3, ardatz duten jardunaldian egiten diren hirugarren aldia da. Ekitaldi ugari izango dira abenduaren 6a bitarte, Koldo Ameztoiren ipuin kontaketa, Kasketa Kabaretaren «Neskapolitan» emanaldia, Poxpolo eta Mokolo pailazoen saioa...


AITZAKIARIK EZ

Hemendik aurrera ez dago aitzakiarik. Izan ere, bertso saio bat zer den edota bat-bateko bertsolaritza zertan datzan jakin edo azaldu nahi duenak liburu bat izango du eskuragai. Bertsozale Elkarteak prestatu du, eta Joxerra Garziak, Jon Sarasuak eta Andoni Egañak parte hartu dute bertan. Hiru ataletan dago banatua. Lehenengoan, bertsolariei inguru sozio-kulturalak nola eragiten dien aztertzen da; bigarrengoan, bertsolariek bertsoa nola sortzen duten arakatzen da; eta hirugarrenik, bat-bateko bertsolaritza ikertzen lagunduko duen teoria bat aurkezten da. Ingelesez, frantsesez, euskaraz eta gaztelaniaz kaleratuko da liburua. Eta beraz, aitzakiarik ez da izango.


ZINEMAREN KIMUAK

LEHEN aldiz urtean bertan ekoiztutako hamaika film labur biltzen ditu Eusko Jaurlaritzak 1998tik urtero abian jartzen duen Kimuak programak. Euskal Herrian eginiko hamaika film horietatik, bat euskaraz, beste bat ingelesez eta gainontzekoak gaztelaniaz daude eginak. «Aizea, ciudad del viento», «Buenas noches papa», «El cepo», «Despedida», «Hombre sin hombre», «Hora cero», «El metodo», «Primera persona», «La primera vez», «Ultimo cuento eta «Ya no puedo caminar» dira hain zuzen programan dauden filmak. Kimuak egitasmoa Espainiako sei ekitaldietara eta nazioarteko 15era bidali dute dagoeneko. Eta erantzunak ere iristen hasi dira.


NAFARROAKO ARTE GAZTEA

IRUÑEKO Ziudadelako Mistoen Aretoan daude ikusgai Artista Gazteak lehiaketako irabazleen eta lehiaketan parte hartu zutenen obrak. Nafarroako arte gaztearen erakusgai, Gonzalo Nicuesa irabazlearen «Pequeña abstraccion geometrica» eta Luis Ramosen bigarren saria eskuratu zuen «Dejame en paz» obra daude bertan, besteak beste.


TAKOLO, PIRRITX ETA PORROTXEN LAN BERRIA

IKUSKIZUN berria estreinatuko dute Takolo, Pirritx eta Porrotx pailazoek abenduaren 1ean Eskoriatzan. «Aupa Kintxo!» izenburupean, Nikaraguako eskola bat laguntzeko proiektu baten barruan dago kokatua. Izan ere, Kintxo, obraren protagonista den haurra, lan egitera behartua dagoen haurra da. Obran gainera, Nikaraguako dantzak, musikak eta jolasak daude.


EREIN NARRATIBA SARIA

HOGEITA bost urte bete dituela ospatzeko, Erein argitaletxeak Erein Narratiba Saria sortu du. Bi urtez behin emango den saria izango da eta Udaberriko Liburu Egunean emango da. Saria bi milioi pezetakoa (80.000 libera) izango da eta horrez gain, akzesit bat ere emango dute bigarren sari moduan. Saridun suertatzen den lana argitaletxeak berak plazaratuko du. Beraz, bi hilabete barru zabalduko da deialdia eta lehenengo aldiz saria 2003ko udaberrian emango dute. Berri hau Ereinek sortu zenetik 25 urte pasa direla ospatzeko Kursaalean eginiko jaialdian eman zen ezagutzera.


ARTIUM-EN ESTREINALDIA

GASTEIZKO Arte Garaikideko Artium Museoko lanak abenduan amaituko dira, eta ateak datorren udan zabalduko ditu. Hala ere, joan den astean gonbidatu berezi bat hartu zuen bere eraikinean. Izan ere, lehen aldiz egin baita Madrildik kanpo, datorren otsailean burutuko den ARCO azokako aurkezpena. Guztira, 256 galeriak hartuko dute parte azokan, horietatik zortzi Hego Euskal Herrikoak.

- Arantxa Iturbek honela zioen «Aizu!» aldizkarian: «Gure lana ona dela esaten denean gustatuko litzaidake hori esatea benetan ona delako, eta ez emakumezkoen lanen artean onena delako edo emakume baten liburua delako».
- Jose Angel Irigaraik honako adierazpenok egin zituen Maiatz elkartearen solasaldietan: «Euskara Hizkuntza sinboliko bat bilakatzen ari da, egunerokotasunez eskasten ari dena. Euskara hizkuntza ofiziala bada ere, ez da kultur komunikaziorako erabilia».
- Jose Luis Rebordinos Donostia Kulturako zine arduradunaren ustez, «euskal zinea entelekia bat da. Euskal Herrian egiten dena, edo kanpoan euskaldunek egiten dutena da niretzat euskal zinea. Ez du, nire ustez, berezko ezaugarririk, Euskadi jada oso mestizoa baita. Dena den, azken urteetan bada mugimendu interesgarri bat, gauzak egiten dituzten jende gazte pila bat ari baita irteten (...)». Hitzok «Lau Haizetara» aldizkarian esan zituen.

- Ruper Ordorikak «Deia» egunkarian: «Kantua oinarrizkoa da kultura guztietan eta ekarpenik egiten dudala pentsatzea gustatuko litzaidake».

Garbigailuentzako xaboia egiten duen Bilore enpresak Zaldibian dauka fabrika. Haren web orrialdeari bisita egin diogu eta produktaren gaineko informaizo ugari topatu dugu. Informazio guztia, ordea, gaztelaniaz eta ingelesez dago. Hori ikusita arraroa iruditu zaigu azken atalaren izenburua: «Bilore con la sociedad».

Txema Garcia-Viana donostiarrak «Sei lore» izeneko liburua plazaratu berri du Susa argitaletxearen eskutik.
Gabriel Erkoreka bilbotarrak irabazi du VIII. Konposizioko Saria. Sari hau Espainiako Arte Eszenikoen eta Musikaren Institutu Nazionalak eta Parisko Espainiako Ikasteetxeak ematen dute. Erkoreka Espainiako Gazte Orkestra Nazionaleko konpositore egoiliarra da.
Juanito Garate «Maltzeta» trikitilariak «Negarrez abesten dut» izeneko diskoa kaleratu berri du Elkarlaneanen eskutik. Bertan bere alabak ere hartu du parte.
Anjel Lertxundik «Koldo Mitxelena gure artean» izeneko lana burutu du. Alberdaniaren eskutik eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin erdaraz zein euskaraz plazaratu da liburua.
Mikel Laboa datorren urtean argitaratuko duen diskoa prestatzen ari da.

Andoni Egañaren hitzak dira honakoak «Euskaldunon Egunkaria»n jasoak:
«Ni behintzat ez nintzateke ausartuko Txapelketa Nagusia heldu dela esatera. Nagusia eta heldu hitzek dituzten adiera askotarikoek zahartu egingo lukete partehartzaileen batez besteko adina. Txapelketa Handia iritsi dela esan beharko dugu aurtengoan.
Urteak dira bertsogintzaren teknifikazioaz mintzo direla. Gero eta teknikoagoak omen dira bertsolari samalda berriak. Teknifikazioa ez ezik, tenisfikazioa ere iritsi da ordea: gero eta gazteago ailegatzen da bertsolaria gailurrera. Hogei urte egin aurretik izartzen da eta goi mailako bihurtzen.
Pozgarri da hori alde batera, pizgarri, puzgarri. Badu, baina, bere ifrentzua: oso gazterik zahar izango diren bertsolariak sortzearen arriskua. Duela urte batzuk arte bertsolariaren sasoi beteko aroa berrogei urtetik berrogeita hamar bitarte horretan kokatzen zen. Begi bistakoa da gauzak izugarri aldatu direla. Berrogeikoak zahar gara txapelketari begira bederen. Gizartearen aldakuntzak abiada hartzearekin etorri da bertsolari belaunaldien errelebo bizkorragoa. Gizartea nekezago aldatzen zen garaietan bertsolariak ez zuen aparteko ahaleginik egin behar aldaketak bereganatu eta haietara egokitzeko. Informazioaren gizarte honetan, aldiz, non imput-en uholdea handia den, gaztea behar du garunak, gaztea gogoak eta gaztea mintzoak».

Iruñeko Karrikiri elkarteak «Truke Sarea» egitasmoa jarri du martxan. Helburua ezagutza zein abilezia euskaldunen artean doan trukatzea da. Parte hartzeko baldintza bakarra euskaraz komunikatzeko gutxieneko gaitasuna izatea da. Hala, parte hartzaileak ikasle eta irakasle izango dira aldi berean.

hemeroteka

1831. zenbakia | 2001-11-25
1830. zenbakia | 2001-11-18

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan