ARGIAKO EGUTEGIA ARGIAKO IKASLEENTZAT
Onintza Irureta
Urriaren 20a. Aurtengoa joan da, baina 2002.ari begira gaude dagoeneko. Igande horretan Ebro ibaiaren ondoko Tutera ko Argia ikastola izango da protagonista Nafarroa Oinez eguna antolatuko baitu. Lodosa eta Sartagudako Nafarroa Oinezen hotsak apaldu gabe daude oraindik, baina urriaren 20a segituan helduko da. Joan den astean bertan, azaroaren 22an, Nafarroa Oinez 2002ko logotipoa aurkeztu du Argia ikastolak.
Logoaren kolorerik gabe, baina ARGIAren egutegiari eta aldizkariari esker koloretsu, azaroaren 6an lehen aurkezpen bat izan zen Fontellas herrian, (herri honetan du eraikina Argia ikastolak). Han elkartu ziren Argia ikastolako irakasleak, gurasoak eta ikasleak eta ARGIA aldizkariko ordezkariak. Ez gaitu halabeharrak elkartu. Batetik, begi bistakoa da izen bera elkarbanatzen dugula, batak astekariari ematen dio izena eta besteak ikastolari. Eta bestetik, helburua elkarbanatzen dugu: euskara sustatzea. 1985ean sortu zen ikastola hazi eta hazi ari da ordea, eta Fontellaseko ikastola txikiegia egin zaie. 2002ko Nafarroa Oinez horretarako izango da, 240-250 ikasleek eta 20 irakasleek erakusteko zein ikasteko espazio nahikoa izan dezaten. ARGIA aldizkariak urtero moduan datorren urteko egutegia kalean du eta 365 orritxoko takoak zuzenean lagunduko dio Argia ikastolari. Egutegi tako bakoitzeko 100 pezeta izango dira Tuterako ikastolarentzat.
Baina zertarako behar du dirua Tuteratik 4 kilometrora dagoen Argia ikastolak? Kontxi Blanco gurasoen ordezkariak ez du asko pentsatu behar galdera horri erantzuteko.
Fontellaseko ikastolak jolas ordurako toki gutxi dauka eta kiroletarako gune berezirik ez dute. Kirolerako eta jolaserako tokia falta da, baina hemendik aurrera egoera ez da hobetuko. Zorionekoak Argia ikastolakoak espazio arazoa bada konpondu beharrekoa, ikasle kopurua gorantz doanaren seinale baita. 18 hilabeteko haurrak dituzte ikastolan eta 16 urtekoak dira zaharrenak. Azken mailetan 6-7-8 ikasletako gelak dituzte, baina maila baxuenetan 20 bat haur dute gela bakoitzean. Duela 16 urte Tuterako lagun elkarte bateko geletan ikastola hasi zenean bost ikasle zituzten. 1995ean Nafarroa Oinez antolatu behar izan zuten 100 ikasle inguruk eta 60 familiak ikastola sustengatzen zuelako eta behitegia izandako eraikinak ez zieten balio jada. 1995ean lortutako diruarekin orain Fontellas herrian duten ikastola eraiki zuten.
Argia ikastolako ikasleak ez dira Tuterakoak soilik, Erriberako inguruko herri ia guztietatik datoz: Cascante, Ablitas, Murchante, Fontellas, Cortes, Cintruenigo, Corella, Arguedas, Buņuel... Erriberatik ezezik Errioxako Alfaro herritik ere etortzen dira haurrak. Nafar hauei erakusteko 20 irakasle dituzte. Nafarroakoak badira (Iruņea, Tutera, Etxarri, Lakuntza) baina baita Laudio, Gasteiz, Mendaro, Azkoitia, Oņati eta Azpeitiakoak ere.
Luis Larraņaga ikastolako zuzendari azkoitiarrak esan digunez, laster erabaki beharko dute ikastolak espazio gehiago izan dezan zer egingo duten. Bitartean, 2002ko urriaren 20an Nafarroa Oinez Tuterako Argia ikastolak antolatuko duela inork ahaztu ez dezan, kosk egin 2002ko egutegi takoari
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.