Astekaria

 Erreseinak 

LIBURUAK

Irudia


1831. alea
2001-11-25
alde 0    kontra 0

METAMORFO-SIAK

Ovidio

EREIN

196 orrialde

2.050 pezeta

82 libera

JUAN KRUZ IGERABIDE ETA OVIDIOREN METAMORFOSIAK

Ovidio poeta handiak duela bi mila urte inguru idatzi zituen "Metamorfosiak"en euskarazko bertsioa eskaintzen digu Juan Kruz Igerabidek Erein argitaletxeak Gure Klasikoak sailean kaleratu duen liburu honetan. Nork ez ditu entzun Ikaro, Nartziso, Pigmalion eta abarren kontuak? Nola ahantz, Orfeo kantari paregabearen eta Euridizeren arteko maitasuna? Izan ere, Ovidioren "Metamorfosiak" Mendebaleko kulturaren muina da, mundu klasikoaren mitologia eta orduko jendeak munduaz zuen ikuspegia geuregana hurbiltzen duten istorioak. Munduaren sorreratik bere garairaino hedatzen ditu denboran Ovidiok "Metamorfosiak", hau da, munduaren historia osoa hartzen du oinarri gisa bere narrazioak kokatzeko. Batzuetan heroikoak, beste batzuetan idilikoak, edota elegiakoak eta baita didaktikoak ere badiren istorio horiek. Dena den, Ovidioren lanak badu batasunik, itxura aldaketa, amodioa eta jainkoen zigorra edo saria bezalako oinarrizko gai batzuen inguruan eraikia baitago. Juan kruz Igerabidek egin duen bertsioa hamabost liburutan banaturik dago. "Ovidioren itzala" izenburua duen hitzaurrearekin ematen dio hasiera, eta "Mitologia hiztegi laburra"rekin amaitu.

XALBADORREN BARRUA

Joxe Mari Aranalde

AUSPOA

200 orrialde

2.000 pezeta

80 libera

XALBADORREN PENTSAMENDU ETA SENTIMENDUAZ

Ofizioz apaiz eta afizioz euskalzale, idazle eta bertsozalea den Joxe Mari Aranaldek honekin hiru liburu baditu idatziak eta "Odolaren mintzoa"ren egilea eta Urepeleko artzaina zen Fernando Aire "Xalbador" gaitzat harturik: "Xalbador pertsularia" izan zen lehena, non plazarik-plaza zebilen bertsolaria agertzen zuen. Gero, haurrei espreski zuzendua zegoen "Xalbador" hura idatzi zuen. Oraingoak, berriz, "Xalbador pertsularia"ren osagarri izan nahi du. "Xalbadorren barrua" du izenburutzat, eta bertan, Xalbador osokoago bat erakutsi nahi du Joxe Mari Aranaldek. Horretarako, "Odolaren mintzoan" hark egindako adierazpenak gaitzat hartuz eta bere omenaldi egunean betirako joan zitzaigun Xalbador handiaren sentimendu eta pentsamenduen inguruan egiten du gogoeta.

EUSKAL MITO-ERRITOAK ETA EUSKARA

Felix Zubiaga

IBAIZABAL

207 orrialde

FELIX ZUBIAGA, EUSKALDUNON SEKRETUEZ GALDEZKA

Euskarak euskaldunon sekretu guztiak omen dakizki, eta gure hizkuntzari horiexez galdetzera ausartu da Felix Zubiaga, Ibaizabal argitaletxeak plazaratzen duen "Euskal mito-erritoak eta euskara" ikerketan. Bere iritziz, sinboloez jabetu, mitoak ezagutu, erritoak ospatu egiten ditugu; erritoen azala ezaguna da, horretaz, baina haien edukin diren sinboloak eta mitoak ez dira hain ezagunak XXI. mendeko jendearentzat. Euskara ez delako gure etnografia eta antropologiaren bereiztasun soila, euskal gizartea eta antropologia antolatu eta gidatu dituen erritoaren bihotza baizik. Felix Zubiagarentzat, gure mito eta erritoak Sortalde Hurbileko Neolitikoan dute sorrera, eta gure hizkuntzak hangoenekin dauka lehengusutasuna. Ondorioz, euskalduna ez da umezurtza, bere arketipoak orokorrak eta unibertsalak direlako.

EUSKAL ALFABETOA IRUDITAN

Lontxo Yriarte

GATUZAIN

30 orrialde

1.700 pezeta

70 libera

ETXEKO TXIKIENAK LETRAK ALAI IKAS DITZATEN

Edozein idazlanaren mamiaz jabetzeko, irakurtzen jakin beharra dago derrigor. Eta horretarako, aurretik idazlanaren alfabetoko zeinu eta letrak ondo bereizten ikasi beharra. Bada eginkizun hori joko alaia bilakatuko duen liburua plazaratu du oraingoan Gatuzain argitaletxeak, "Euskal alfabetoa iruditan" izenburua duen ipuin moduko hau. Lontxo Yriartek egindako marrazki politez horniturik agertzen dira letra guzti-guztiak. Adibidez, "A" letra ikasteko, astoa, hark daramatzan abarkak eta astotxo horren kopetako ile luzea mozteko aproposak diren aixturrak (alegia guraizeak edota artaziak) erakusten ditu. "B" ikasteko, basajauna, basurdea eta basoa. "D" larriaz jabetzeko, dinosaurioak, ditareak eta danborrada izango dituzte haurrek lagun, eta "d" arrunta nolakoa den sumatzeko Andde, Maddi eta onddo eder potolo bat...

EMAKUMEAK EUSKAL HERRIAN (ERRESISTEN-TZIAK ETA HAUSTURAK)

Teresa del Valle

GAIAK

140 orrialde

1.900 pzta./76 lib.

TERESA DEL VALLE EGUNGO EMAKUMEA AZTERTZEN

Bost kapitulutan banatu du Teresa del Vallek Gaiak argitaletxearen eskutik kaleratu duen "Emakumeak Euskal Herrian. (Erresistentziak eta hausturak)" izenburua duen bere lan hau. Antropologia ikuspegitik egina dago, eta laburbilduz, lehenengo kapituluan, iraganeko oztopo eta mugak gaindituz emakumearentzat egon diren aldaketen zertzeladak azaltzen dira. Bigarrengoan, lehen ia-ia debekatuak zituzten ofizio, lanbide eta erakundeetan emakumeak sartu ondoren egon diren aldaketak aztertzen ditu. Hirugarrengoan, emakumeak elkartzeak dituen onuraz dihardu Teresa del Valle. Laugarrengoan, mugimendu feministaren ezaugarriez eta Euskal Herrian hark izan duen bilakaeraz. Bosgarrengoan, emakumeak eta boterea ditu aztergai. Eta amaitzeko, guztiaren inguruko gogoeta orokorra eskaintzen du.

GURE JAKINTZAREN MUGAK

Roman Garmendia

DAKIT

76 orrialde

650 pezeta

26 libera

ROMAN GARMENDIA FILOSOFIAZALEAREN GOGOETAK

Filosofiazalea omen da Roman Garmendia, Dakit argitaletxearen bidez "Gure jakintzaren mugak" gogoeta idazlana plazaratu duen medikuntzan lizentziatutako soraluztarra. Eta liburua osatzen buru-belarri iragan duen denboran, estoikoen modura ibili dela dio, bere gogoetak ahalik eta askatasun handienaz adierazten, irakurleek nola har ditzaketen kontuan izan gabe. Izan ere, Roman Garmendiaren helburua bere filosofia, hau da, mundu honetaz duen ikuspegia poliki-poliki azaltzea da, horretarako aspaldiko gai bat jorratu duelarik: ea posible den mundu materialaz zientziarik egitea. Berak posible ikusten du, baina ezinezko deritzo hori unibertsal bihurtzea. Horregatik, unibertsal ez den kultura klasikoa (eta horren barnean sortzen den gerraren fenomenoa) ikertu eta gainditzeko aukera irekitzen saiatzen da bere lanean.

THAILANDIAKO NOODLE

IZUGARRIAK

Javi Cillero

ALBERDANIA

69 orrialde

1.600 pezeta

64 libera

ITSAS ABENTURA BAT BILBON BARRENA

Irakurle gaztetxoei zuzendurik dago Javi Cillerok Alberdania argitaletxearen bidez aurkezten duen "Thailandiako noodle izugarriak". Noodle delakoak, Thailandian oso estimatuak dira, fideo eta espagetien arteko neurria duen pasta-edo izanik. Ipuineko protagonista Bilbon bizi den neskato thailandiarra da. Noodleak egiteko gogoz dago, eta nahiz amatxok errepikaturik dion horiek prestatzeko oraindik gaztetxoegia dela, hark gorderik duen errezeta bat gaizki erabili eta uholde berezia sortuko du Bizkaiko hiriburuan: kale guztiak noodlez gainezka utziko ditu. Estu eta larri dugu neskatoa horren aurrean, jakina. Eskerrak lagunik ez zaion faltako, dena bere onera ekartzeko orduan! Javi Cilleroren liburuak badu beste berezitasun atsegingarririk ere, narrazioan Thailandiako sukaldaritzako errezetak tartekatzen baitira.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
azala  
azala1830
 
azala1829

1831 zenbakia.
2001ko azaroaren 25a


   

Babeslea

Irizarren webgunera joan
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza