Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-10-07 16:31:31
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2001-11-25 -- 1831.zenb


EUSKALDUNTZEA AUZITEGIAN

Espainiako Ministro Kontseiluak zera erabaki du: EAEko Justizia Administrazioko langileak euskalduntzeko plangintzaren inguruko eztabaida Auzitegi Konstituzionalera eramatea. Arrazoia? Eusko Jaurlaritzak Espainiako Gobernuaren eskuduntzak urratzen omen dituela plan horrekin.


SOZIOLOGIA INSTITUTUA GERTUAGO

EHUk, UEUk, NUPek, Mondragon Unibertsitateak, NUETSek ( Nafarroako Udal Euskara Teknikarien Sarea) eta SEI elkarteak antolatuta eta Ezagutzaren Klusterrak eta EHUko Euskara Errektoreordetzak lagunduta, Soziolinguistika Institutua Klusterra sortzeari ekin diote duela gutxi. Institutua bultzatzeko lankidetza akordioa sinatu dute guztiek eta klusterraren izaera juridikoa emateko asmoa agertu dute; izan ere, erakunde oso ezberdinak biltzeko aukera ematen du eta parte hartzea zabaltzen du, unibertsitate bati lotua ez egotean. Hurrengo pausoa, jada hasi badira ere, beste erakundeekin zubiak eraikitzea izango da.


GURASOEN %56 EUSKARAZKO ESKOLEN ALDE

CSA etxeak galdeketa bat egin du Baiona-Angelu-Miarritzeko (BAM) 501 gurasoren artean, eskolan euskara irakastearen alde daudenentz jakiteko. Emaitzak honakoak dira: gurasoen %56 eskolan euskara irakastearen aldekoak dira eta euskararen irakaskuntza ama eskolan edo lehen mailan hastea nahi lukete %52k. Hiriaren arabera aldaketak daude, ordea: Baionan %63 dira aldekoak, Angelun %55 eta Miarritzen %52.


IKASTOLEN ELKARTEKO IV. BATZARRA

Ikastolen Elkarteko 100 ikastolak bost urtez oinarri izandako pedagogia plana nola garatu den aztergai izan zuten azaroaren 10eko batzarrean. Eztabaidatutako 20 ponentzien artean, kurrikuluma eta ikastola ereduaren ingurukoek izan zuten pisu gehien. Batzarraren 2. zatia urtarrilaren 26an egingo dute.


ESKOLA LITERARIOAK

Matematika, natur-zientziak, gizartea... eta baita literatura ere. Horiexek dira ikastetxeetan eskaini ohi diren eskoletako batzuk. Literaturan ordea, eta 15.600.000 pezetako aurrekontuari esker, obren egileek eurek ematen dituzte eskolak batzuetan «Idazleak ikastetxeetan» programari esker. Guztira, 75 idazlek parte hartzen dute eta 290 bisitaldi egingo dituzte aurten, azken bost urteetan baino %26 gehiago. Hala ere, 151 ikastetxe programatik kanpo geratuko dira. Bisita horietarako idazleen liburuak irakurri behar dituzte haurrek edo nerabeek. Gero hark egindako galderei erantzuteko. Metodo honekin idazleen mitoa eskoletara, eta bide batez ikasleetara hurbiltzen da.


ESZENATEGIAK ETA JANTZIAK

ESZENOGRAFIA eta jantziei buruzko tailer bat jarri du martxan Iruńeko Gaiarre Antzokiko Fundazioak. Izan ere, arte ikasketetan dagoen hutsunea dela-eta honelako ikastaroak antolatzea otu zaio Fundazioari. Hau izango da lehenengoa eta hiru hilabetetan zehar eskainiko da. Hiru ataletan dago banatua: lehenengoan, ikasleek prestatu beharko duten antzez obra ezagutuko dute; bigarrengoan, eszenategiaren eta jantzien diseinua egingo dute; eta hirugarrenean, ideia guztiak burutu beharko dituzte. Honela, hogei ikaslek antzerki obra bat eszenategira nola eramaten den ikasiko dute.


INPRESIOAK ETA EMAKUMEAK

OTSAILAREN 4a arte izango da ikusgai ireki berria den Bilboko Arte Ederretako Museoan «Emakume inpresionistak. Beste begirada bat» izeneko erakusketa. Marie Bracquemond, Mary Cassatt, Eva Gonzales eta Berthe Morisot dira bertan paratu diren 70 koadroen lau egileak. Guztiak ere garai eta toki berean bizitakoak izan arren, hauxe da euren lanak batera erakutsi diren lehen aldia. Gaien arabera antolatu dituzte hain zuzen emakumezko inpresionista hauen lanak. Lehenengo eta behin eurek beste emakume batzuei eginiko erretratuak daude ikusgai, ondoren komuneko eszenak, familiko uneen pinturak, opera eta antzokietako koadroak eta aire librean eginikoak.


EUSKAL KULTURA KATALUNIAN

EUSKAL kultura Katalunian ezagun egiteko xedez aurten ere Bartzelonan laugarren Euskal Herria al CAT jaialdia burutzen ari dira. Azaroaren lehen asteetatik Mikel Urdangarin, Pomada, Juan Mari Beltran eta beste hainbatek jo du Bartzelonan. Azaroaren 22an berriz, Morauk eta Mikel Telleriak joko dute, 29an Oreka TX-ek, 30ean Gozategik eta abenduaren 10ean Kepa Junkerak. Kontzertuez gain aipatzekoa da aurten Iparraldeari leku berezia eskaini zaiola, izan ere, azaroaren 23an «Nit de Iparralde» egingo da. Ekitaldi guztiak irratia.com webgunetik eskaintzen ari dira.


ANTZERKI AMATEURRA

EUSKAL Antzerki Talde Amateurren Elkarteak Euskal Antzerki Amateurraren IV. Topaldia antolatu du. Jaialdiko ekitaldiak joan den astean hasi eta hilaren 24an amaituko dira. Aurten Mutrikuko Goizeko Izarra antzerki taldea da antolakuntzaren arduradun. Talde horrez gain, Elgoibarko Ekekei taldeak, Debako Goaz-ek, Deustuko Gilkitxarok eta Errenteriko Ereintzak hartu dute parte ekitaldian. Gainera, 160 mutrikutarrek «Markesaren alaba» obra antzeztu zuten topaketetan.


RAVEL EOS-EN ESKUTIK

MAURICE Ravel konpositore ziburuarraren hiru obra bildu ditu Euskadiko Orkestra Sinfonikoak argitaratu berri duen diskoan. «Piano eta Orkestrarako Kontzertua Sol Maiorrean», «Alborada del gracioso» eta «Ezker eskurako idatzitako kontzertua» dira hain zuzen jasotako hiru lanak. Diskoa Joaquin Atxukarro piano jolearekin grabatu du EOSek.

- Alejandro Zabala Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegiko zuzendariaren iritzia da hau: «Jendea museoetara gauza berriak ikustera joaten den bezala, musika entzutera joatea ahalbidetu behar dugu. (...) Politika kultural bat behar da musika eguneratzeko».
- Manuel Monterok «Gara»n: «Ez dut unibertsitate nazionaletan sinesten ezta unibertsitate popularretan ere. Estatuaren baitako barruti bat ez da kaltegarria, onuragarria baizik lehiak hobetzera behartzen duen neurrian».
- Patxi Perez dantzariaren aburuz, «mutxikoek anitz egin dute euskal kulturaren irudi onerako. Jauzietan sentitzen da Euskal Herria hor dagoela. Jauziek ate handi bat ireki dute kanpotarrak euskal kulturan sartzeko».

- Harkaitz Canok honela zioen «Euskaldunon Egunkaria»n: «Ordenagailu batean irakurtzen denaren sinesgarritasuna, memorian arrastoa uzteko aukera eta xuxurlatzeko ahalmena, urrun daude liburua den objektuaren potentzialitatetik. Liburua teknologikoki perfektua da».

Aurten Olentzerok Nafarroako Gobernuari utziko dio urtean pilatutako ikatz guztia, ez baita batere txintxoa izan. Egin dituen azken gaiztakeriak: aurrekontuen proiektuan euskararako partidak gutxitu, «Egunkaria»ko «Nafarkaria» gehigarriari laguntza kendu, Expolinguan ez du standa Jaurlaritzarekin partekatuko...

Juan Ramon Madariaga poeta bilbotarrak «Física» izeneko poema liburua argitaratu du gaztelaniaz Bassarai argitaletxearen eskutik.
Pantxoa Bergarai «Xalbatx»ek hirugarren diskoa plazaratu du Agorilaren eskutik. «Gau erdi pasa eta» izenburupean hamaika kantu bildu ditu Jimi Arrabit, Natxo de Felipe eta beste hainbaten laguntzarekin.
Putz aldizkariaren hurrengo alearekin batera hainbat idazleren irakurraldiak jasotzen dituen CD bat kaleratuko da. Besteak beste, Pako Aristi, Gari Berasaluze edota Juanbau Erauskinek parte hartzen dute bertan.
Jotakie taldeak bere ibilbideko hamasei kantu aukeratu eta «Jotakie barrenetik, 1981-1990» izeneko CDan jaso ditu. Diskoa Oihukak plazaratu du.
Traspasos taldeak «El uno y el otro» lana estreinatu du Donostian. Talde arabarraren obra hau Mikel Gomez de Segurak zuzentzen du.

Urtzi Urrutikoetxeak honakoa idatzi zuen «Jakin»en:
«Ni ere ados nago zinemagintzak bere mintzaira propioa daukala, hainbat arteren batuketa batetik baina era berean narrazio mota guztiz autonomoa baitauka. Eta pertsonaiek darabiltzaten hizkuntzak, gidoilariak erabilitakoak edo zuzendariarenak ez dute zertan bat eta bera izan, errodatzerakoan laugarren bat aukeratu daiteke... baina geure alde ere egon liteke hori. Zertan horrenbeste diru xahutu filmak bikoizten, azken urteotan kontua hobetu arren, espainiarrek sistematikoki mila bider hobeto egingo dutela jakinik, egingo dutenez? Gurea baino hiztun gehiagoko hizkuntzek (...) betidanik azpitituluak erabili dituzte. Gurean aitzakia, ohitura falta da, baina ohiturak sortu egiten dira. Ala norbait ohituta dago filmak euskaraz ikustera? (...)
Euskaraz zinema entzuteko euskaldunek egindakoa izango da, horri euskal zinema deitu ala euskarazko. (...) Eta jendea ez da falta. (:..) Baina ezin lehiatu. Lehia, betiko lehia! Eta dirua behar da, eta interesa, eta horretan sinestea (:..). Helburua zirkuitu komertzialaren lehian ibiltzea bada, ondo, espainierara jo dezagun, ingeleserako zubi. Baina europar zinemaren beste sare hori ere, bere minoritarioan, hor dago, eta Irango zinemaren edo Emir Kusturicaren arrakastak zerbait erakusten du, hizkuntzen gainetik. Hollywooden filma espainieraz, serbokroazieraz edo euskaraz egon antzera epaituko dute eta».

Joan den astean Lasarteko Ttakun kultur elkarteak hamar urte bete zituen. Lasarteko herriak asko zor dio aipatu elkarteari; izan ere, euskara herrian suspertzeko lan handia egin du eta horren adibide dira Bertso eskola, Txintxarri «astekaria», Kuku-Miku aisialdi taldea ea Jalgi kafe antzokia.

hemeroteka

1830. zenbakia | 2001-11-18
1829. zenbakia | 2001-11-11

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan